Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Internet bidezko dietak: 10 webgunek eskaintzen dituzten dietak aztertu ditugu, ezaugarri jakinak dituzten lau pertsona motarentzat eginak : Argaltzeko web-orriak: ez seguruak, ez fidagarriak

Hamar webgunetatik hirutan engainatu egin dute dietekin, eta gehienetan, ez dute gainditu EROSKI CONSUMERen elikadura-azterketa

Dieta engainagarriak

/imgs/20120201/tema2.jpg
Bi ahoko labana da Internet: laguntza ona eman dezake, informazio egokia non bilatu jakinez gero, baina, aldi berean, arriskutsua ere izan liteke esperientziarik eta prestakuntzarik gabeko jendearengana iritsiz gero. Horixe gertatzen da argaltzeko webguneekin ere. Gure ikerketak erakutsi duenez, aztertu ditugun dieten % 30 engainagarriak izan dira; hau da, informazio engainagarria saltzen dute, eta, beraz, bezeroak ez du fidatu behar, ez baitira ez seguruak eta ez eraginkorrak ere. Dieta horiek zigortu egin ditugu gure azterketan, engainagarriak direla adierazten dugu, eta notarik txarrena jarri diegu: “oso txarra”. Ondorioz, webgune horrek sinesgarritasunik ez duela nabarmendu dugu, eta ez duela eskaintzen dieta-tratamendu erreal, seguru eta eraginkorra.

Engainatu egiten duten dieta horiek identifikatzeko, Ameriketako Dietetika-Elkarteak (ADA, American Dietetic Association) ezartzen dituen irizpideak erabili ditugu, Dietisten-Nutrizionisten Espainiako Elkarteak (AEDN) bere egin dituenak. Honako hauek dira irizpide horiek: berehalako emaitzak agintzea; emaitza harrigarri eta/edo miragarriak iragartzea; elikagai jakin bat edo talde bat galaraztea; elikagai ‘onak’ edo ‘txarrak’ zerrendatzea; mantenugai baten errealitate zientifikoa gehiegi nabarmentzea edo distortsionatzea; ohiz kanpoko ezaugarriak omen dituzten produktu dietetikoak aholkatzea (askotan, tratamendua eskaintzen duenak saltzen ditu); testigantzak, istorioak edo kontakizunak txertatzea sinesgarritasun gehiago emateko; eta komunitate zientifikoaren adierazpenekin bat ez datozen baieztapenak egitea. AEDNk ohartarazten du, dieta edo metodo dietetiko batek ezaugarri horietako bat edo batzuk baldin badauzka, ez dela harekin fidatu behar. Eta sail horretan sartu ditugu dietamedica.es, lediet.es eta dietadukan.es guneak, ez fidatzekoen artean, alegia. Hiruretan ageri dira testigantzak, istorioak edo kontakizunak sinesgarritasun gehiago emateko. Horrez gain, dietamedica.es eta dietadukan.es orriek galarazi egiten duten elikagai bat edo talde bat, eta dietadukan.es delakoak, gainera, gehiegi nabarmentzen du mantenugai baten errealitate zientifikoa, zerrendatu egiten ditu elikagai onak eta txarrak, eta produktu dietetiko jakin batzuk gomendatzen ditu ohiz kanpoko ezaugarriak dituztelakoan.

Webguneak ez badu eskaintzen sortzaileei buruzko informazioa, haiekin harremanetan jartzeko bidea eta bezeroei erantzuteko telefonoa, orduan ere ez da komeni fidatzerik. Eta web homologatu bat ere ez bada, hau da, erakunde baimendu batek haren edukiak bermatzen ez baditu, kontuz ibili behar da. Azken baldintza hori ongi bete dute aztertu ditugun bost atarik.

Pertsonalizatu gabe

Internet bidez aurkeztu dituzten dieten % 80 ez zaizkie egokitzen bezeroak dituen behar eta ezaugarriei, eta oso deigarria da hori. Webgune horiek, tratamendua eskaini aurretik, ez dute egiten bezeroari buruzko diagnostiko osatu bat; ez dute ebaluaziorik egiten pertsona bakoitzaren elikadura-egoera zein den jakiteko, zer bizimodu egiten duen, zer-nolako elikadura-ohiturak dauzkan… eta horrexegatik eskaintzen dituzte dieta orotarikoak, eta ez berariaz norberarentzat prestatuak. Bezero bati dieta egoki bat agintzeko, haren aurrekarien berri eduki behar da aurretik, sendagairik hartzen ari den edo ez jakin behar da, zer-nolako bizi-eta elikadura-ohiturak dituen, zer elikatze-eredu erabiltzen duen, eta abar. Hori guztia ezinbestekoa da zerbitzu dietetikoa pertsonalizatua izan dadin.

Dieten % 80a ez zaio egokitzen bezeroaren behar zehatzei

Gure azterketan baieztatu dugu bost kontsultatatik bitan ez dutela inolako galderarik egin bezeroaren elikatze-ereduari buruz (zer janari mota jaten duen, zer atsegin duen eta zer ez, non egiten dituen otorduak eta zer-nolako maiztasunarekin jaten duen), eta informazio egokirik ere ez diote eman haren pisuaren inguruan (pisu gutxi duen, normopisua, pisu gehiegia edo gizentasuna) edo haren egoera jakinari dagokion pisu osasungarriaren inguruan. Argaldu beharrik ez duen emakume gaztearentzat, adibidez, dietadukan.es eta lediet.es izan dira tratamendurik eskaini ez duten bakarrak, nahiz eta pisu egokia duen gizonezko gazteari, aldiz, jarri dioten.

Ez fidatu, baldin eta...

/imgs/20120201/tema3.jpg
Informazioaren aroan bizi gara, argi dago. Kontsumitzaileek inoiz baino informazio gehiago daukate, gehiegi ere bai batzuetan. Dietisten-Nutrizionisten Espainiako Elkartearen iritziz (AEDN), Internet ez da ez lekurik egokiena argaltzearen inguruko informazioa bilatzeko, baina horretan hasiz gero, kontuan hartu behar da dieta miragarri eta engainagarria badirela Sarean, eta horiek identifikatzea komeni dela. Web-orria ez da fidagarria izango, baldin eta:

  • Berehalako emaitzak agintzen baditu.
  • Emaitza harrigarri eta/edo miragarriak iragartzen baditu.
  • Elikagai jakin bat edo talde bat galarazten badu.
  • Elikagai ‘onak’ batetik eta ‘txarrak’ bestetik zerrendatzen baditu.
  • Mantenugai baten errealitate zientifikoa gehiegi nabarmentzen edo distortsionatu egiten badu.
  • Ohiz kanpoko ezaugarriak omen dituzten produktu dietetikoak erabiltzen baditu edo horietan oinarritzen bada (askotan, tratamendua eskaintzen duenak saltzen ditu).
  • Produktu dietetikoek eta antzekoek agintzen dituzten emaitzak lortzea dezente garestiagoa bada ohiko jakien bidez lortzea baino.
  • Testigantzak, istorioak edo kontakizunak txertatzen baditu sinesgarritasun gehiago emateko.
  • Komunitate zientifikoaren adierazpenekin bat ez datozen baieztapenak egiten baditu.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak