Pizza izoztuak: osagaietan dago sekretua
Pizza ia mundu guztiari gustatzen zaio. Hori gertatzen da, segur aski, oso erakargarriak dituen ezaugarri batzuk izaten dituelako: zapore nahasketa oso berezia dauka (azidoa, gozoa, gazia, umamia), lurrin oso erakargarria (ogi txigortua, oreganoa…) eta ñabarduraz beteriko testura (kurruskatsua, harroa, elastikoa). Eta hori guztia oinarrizko hiru osagai hauekin: irina, tomatea eta gazta.
Jendeak pizza asko maite duela esaten denean, hala ere, ez gara ari zehaztasun handiko baieztapena egiten, era askotako pizzak daude eta. Oinarrizko hiru osagai horiekin konbinazioak eginez, esate baterako, hainbat eratakoak lortuko genituzke: orea (kurruskatsua, harroa, fina, lodia…), tomatea (azidoa, gozoa, pure erakoa, saltsan…), eta gazta (mota bat edo bestea, ontze puntua…). Eta zer esan gainerako osagaiei buruz; aniztasuna berebizikoa da, eta izan daitezke klasikoagoak, urdaiazpiko egosia edo atuna daramatenak, edo aukera ez hain ohikoak, adibidez zainzuriekin, kinoarekin edo ananarekin eginak. Esan liteke pizza bat dagoela pertsona bakoitzarentzat.
Aukeratzeko, bila ezazu etiketan
Pizzaren osagaiek baldintzatzen dituzte haren ezaugarri organoleptikoak (zaporea, lurrina eta testura), eta beste alderdi batzuetan ere zeresan handia dute, adibidez prezioan eta nutrizio osaeran. Hain zuzen ere, alde izugarriak daude pizza marka eta mota batzuetatik besteetara, eta, horregatik, ongi aukeratu nahi izanez gero, bereziki garrantzitsua da etiketak arretaz irakurtzea.
Hori bai, etiketa irakurtzea ez da beti erraza, besteak beste denbora eskatzen duelako eta, sarritan, kosta egiten delako interpretatzen. Beste zenbaitetan, berriz, iruditzen zaigu ez dela beharrezkoa, eta ez diogu kasurik egiten. Hori gerta daiteke, hain zuzen, pizzarekin, ontziaren aurreko aldean produktuaren irudia eta izena ikusten denez eta bi edo hiru osagai “nagusiak” ere bai, pentsa dezakegu informazio hori aski dela nolako ezaugarriak dituen jakiteko. Baina egiaz ez da hala.
Zeri begiratu behar genioke?
Lehenik eta behin, produktuaren izena bilatu behar genuke, eta hori osagai zerrendaren ondoan agertzen da normalean. Horrela jakin ahalko dugu, gutxi gorabehera, nolako ezaugarriak dituen. Pizzarentzat ez dago ez maila komertzialik eta ez legezko definiziorik, beste elikagai batzuetan ez bezala; urdaiazpiko egosiak eta gaztak, esaterako, izaten dute. Ezaugarrien deskribapen labur bat aurkituko dugu (adibidez, “ore finez egindako pizza, Edam, Mozzarella, Emmental eta gazta urdinez estalia”), eta eman dioten tratamenduaren aipamen bat (honako hauetan, “produktu ultraizoztua” jarriko du).
Baina, zalantzarik gabe, osagai zerrenda da etiketako alderdirik garrantzitsuena, hor esaten baita egiaz nolako ezaugarriak dituen produktuak. Badakigu hor ageri direla elikagaiaren zati diren elementuak eta gehien duenetik gutxien duenera zerrendatuta egoten direla. Ez da harritzekoa, beraz, pizza guztietan lehen lekuan ageri den osagaia gari irina izatea, hori baita ugariena. Tomatearekin eta gaztarekin ere ez da ezusteko handirik izaten, eta irinaren ondotik agertzen dira guk aztertu ditugun pizza gehienetan, bigarren eta hirugarren lekuan, salbu eta Garden Gourmet Veggie Lovers delakoan, zeinak ez baitarama gaztarik.
Erosketa gida hau egiteko, pizzak hautatu ditugu, merkatuan puntapuntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Gatz kantitateak, gantzek eta kaloriek bereziki baldintzatzen dute balorazioa.
- Osagaiak. Produktuaren kalitate komertziala nolako den jakiteko erreparatu diegu, batez ere izenean nabarmenduta ageri direnei, baita tomate kantitateari ere.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Tomate gehiago edo gutxiago
Ontzian osagairen bat nabarmenduta agertzen denean, irudi bidez edo hitzekin, esan egin behar du zehazki zenbat daukan. Adibidez, pizzetan esan egiten da zenbat tomate duten, osagai hori aipatu egiten delako salmenta izenean. Horrela jakin dezakegu desberdintasun handiak daudela aztertu ditugun produktuetan, batzuek tomate kopuru bikotza baitute beste batzuekin alderatuta. Dr. Oetker Ristorante Prosciutto delakoak %27 dauka (gehien duena) eta Eroski Seleqtia Provolone eta Boletus pizzak %12,6. Pizzaren kalitatea ez da horren araberakoa, baina tomate asko duenean, gerta daiteke osagairik estimatuenak, hau da, produktuari izena ematen diotenak, adibidez urdaiazpiko egosia eta berdurak, gutxi izatea. Horixe gertatzen da, hain zuzen, Dr. Oekter etxekoarekin.
Osagai “izarrak”
Ontzietan osagaiaren bat nabarmenduta ageri denean –adibidez izenean eta ontziaren aurrealdeko irudian–, osagai hori zenbateko proportzioan duen ere esaten da, eta horrek argibide handia ematen digu produktuak nolako ezaugarriak dituen jakiteko.
Garden Gourmet Veggie Lovers izenekoan begetalak nabarmentzen dira, eta portzentajea %36,7koa da, eta Dr. Oetker Ristorante Prosciutto delakoan urdaiazpiko egosia ageri da, eta %14 dauka. Nolanahi ere, ia denek betetzen dute agindutakoa. Hau da, nabarmentzen diren osagaiak kopuru aipagarrietan ageri dira, eta horiek izaten dira nagusi irinaren, tomatearen eta, batzuetan, gaztaren ondotik. Horrela, Garden Gourmet Veggie Lovers pizzak ditu kopururik handienetan osagai “noble” horiek. Haren ondotik datoz beste hauek: Buitoni American Style XtraCheese, zeinak %24,7 duen gazta; Buitoni Ore Fina urdaiazpiko egosiz eta gaztaz egina, non %15 den mozzarella eta %9 urdaiazpiko egosia; Buitoni Bella Napoli Berdurak, zeinetan %23,5 diren berdurak. Aipatzeko moduko kontu bakarra zera da: Garden Gourmet Veggie Lovers pizzan kinoa nabarmentzen da, baina %0,7 baino ez dauka egiaz.
Olioak axola al du?
Hiru osagai nagusiak eta produktuari izena ematen diotenak ez ezik, beste batzuk ere erabiltzen dira pizzak egiteko, adibidez olioa, orea ez dadin gelditu ez lehor eta ez hauskor ere. Aztertu ditugun produktuetan, oliba olioa erabiltzen da, nabina olioa, ekilore olioa eta palma ere bai. Nutrizioaren ikuspegitik lehenbiziko biak dira estimatuenak: olibarena (Eroski Seleqtiar Provolone eta Boletus eta Buitoni Bella Napoli Berdurak) eta nabinarena (koltza olioa izendatzeko erabiltzen da, eta Buitoni Ore Fina urdaiazpiko egosiz eta gaztaz eginak eta Buitoni American Style XtraCheese delakoak daukate). Ekilore olioari buruz, esan liteke eragin neutroa duela gure osasunean, eta horixe darabilte Garden Gourmet Veggie Lovers pizzan. Palma olioa, aldiz, ez da hain egokia eta estimatua, eta horixe ageri da Dr. Oekter Casa di Mamma 4 gaztakoan.
Nolanahi ere, zenbait ñabardura eduki behar dugu kontuan. Batetik, produktu batek olio mota bat baino gehiago izaten duela normalean: adibidez, Dr. Oetker Tradizionale Speciale delakoak nabina olioa eta oliba olio birjina estra daramatza. Eta bestetik (eta alderdi hau askoz garrantzitsuagoa da), produktu mota hori hautatzeko garaian ezaugarri orokorretan jarri behar genukeela arreta eta ez hainbeste olioan eta bestelako xehetasun batzuetan, jakinik gainera nahiko kopuru apaletan izaten dituztela. Beste modu batez esanda, nutrizioaren ikuspegitik, hobe da osagai osasungarriak nagusi diren pizza bat erostea, nahiz eta ekilore olioarekin egina egon, adibidez Garden Gourmet Veggie Lovers bezala, eta ez osagai osasungaitzak dituen bat hautatzea, nahiz eta oliba olio birjina estra eta nabina olioa eduki, adibidez Dr. Oetker Tradizionale Speciale, zeinak salamia eta urdaiazpiko egosia dituen.
Pertsona batzuk ez dira fidatzen produktu mota horrekin, uste izaten dutelako tratamendu arraroak ematen dizkietela edo osagai arriskutsuak dituztela. Inola ere ez! Egiaz, etxean egindako pizza bat bezala egiten dute ultraizoztu bat: irinarekin, urarekin eta gatzarekin orea egiten dute, eta gehienetan olioa eta legamia ere eransten diote. Hartzitzen uzten dute (behar denean), forma eman eta tomatezko oinarri batekin estaltzen dute, eta gainean norberak nahi dituen osagaiak jartzen zaizkio. Ondoren, izozteko tunel batean sartzen dute eta -40 ºC-ko tenperatura hartzen du, eta gero izoztuta gordetzen dute -20 ºCan jateko unea arte.
Zer esan mantenugaiei buruz?
Etiketaren atalean alderdi garrantzitsua izaten da nutrizio arloko informazioa ere. Gehienean hori baino ez dugu irakurtzen, batez ere kalorien eta gantzen inguruko informazioa, baina hori bakarrik kontuan hartzea beti ez da aski izaten, eta gaizki ulertuak ere eragin ditzake. Garden Gourmet Veggie Lovers eta Buitoni American Style XtraCheese pizzek karbohidrato kopuru berdina dute gutxi gorabehera (%25 inguru), baina lehenengoan berdurek eta barazkiek emana da zati handi bat (hortaz, karbohidrato konplexuak dira, gomendagarrienak). Bigarrenean, berriz, gari irinak emanak dira, eta almidoia dute nagusiki; karbohidrato horiek, beraz, sinpleak dira eta ez hain gomendagarriak. Hau da, nutrizio arloko informazioa interpretatzeko, osagaien zerrendarekin osatu beharra dago.
Oro har, pizzek karbohidrato asko izaten dute, %26 inguru guk aztertu ditugunetan. Harritzekoa ere ez da, kontuan hartuta irina eta tomatea direla osagai nagusiak. Gantzak ere dezente dituzte gehienek, %7 inguru, nahiz eta alde handiak dauden gazta asko daukatenen eta ez daukatenen artean. Buitoni American Style XtraCheese delakoak %11 du gantza, eta Garden Gourmet Veggie Lovers izenekoak, berriz (ez dauka gaztarik), %4. Gainerako osagai nagusien araberakoa izaten da mantenugaien arteko desberdintasuna; zuntza, esaterako, kopuru handiagoetan ageri da berdurekin eginda daudenetan, eta proteinak, berriz, ugariagoak dira osagai proteinadunak dituzten pizzetan, adibidez Eroskiren atunezkoan, Buitoni American Style XtraCheese delakoan eta Buitoni Forno di Pietra Barbakoa izenekoan, non %11 eta %12 artean dabiltzan.
Zenbat kaloria hartzen da?
Osagai jakin batzuk kopuru aipagarrietan dituzten pizzek kaloria gehiago ematen dute, adibidez gazta daukatenek, gantzaren eraginez. Horren adibide dira Buitoni American Style XtraCheese (255 kcal/100 g) eta Dr. Oekter Casa di Mamma 4 gaztakoa (224 kcal/100 g). Kaloria gutxiko osagaiak dituzten pizzek kopuru txikiagoetan ematen dituzte kaloriak, adibidez berdurak daramatzatenek: Garden Gourmet Veggie Lovers (169 kcal/100 g) eta Buitoni Bella Napoli Berdurak (177 kcal/100 g). Erreferentzia bat izate aldera, sagar batek 50 kcal inguru ematen du; txahal eskalope batek 150 kcal inguru, eta txokolatezko donut batek 265 kcal. Kaloria guztiak ez dira berdinak, gauza jakina da hori; osasungarriagoa da intxaur eskutada bat tarta zati bat baino, nahiz eta lehenbizikoek kaloria gehiago eman. Pizzen kasuan, ordea, kontuan hartzeko alderdi bat da, produktu horiek kaloria dezente ematen dute eta.
Erne gatzarekin
Arreta berezia jarri behar diogu gantz kantitateari. Horretan ere alde handiak daude: Garden Gourmet delakoak %0,6 dauka eta Buitoni American Style izenekoak %1,4. Gehienak %1,2 inguruan dabiltza, eta hori dezente da: elikagai batek gatz asko duela esaten da %1,25etik gora duenean. Aztertu ditugunetan, Garden Gourmet-ekin batean, honako hauek bakarrik dabiltza %1,2aren azpitik: Buitoni Ore Fina (%1,15) eta Buitoni Bella Napoli Berdurak (%1). Gantz kantitatea da, hain zuzen, eragin gehien duen alderdietako bat Nutri-Score sistemarekin sailkatzeko garaian, nahiz eta beste alderdi batzuek ere pisu nabarmena duten, adibidez gantz eta kaloria kantitateak. Mantenugai horietan desberdintasunak dituztenez, puntuazioan ere denetarik aurki daiteke aztertu ditugun produktuetan: Garden Gourmet Veggie Lovers delakoak A letra ageri du, eta Dr. Oekter Casa du Mamma 4 gaztakoak eta Buitoni American Style XtraCheese delakoak, berriz, D letra.
- Buitoni American Style XtraCheese: %1,4
- Eroski atunezkoa: %1,3
- Eroski Seleqtia Provolone eta Boletus: %1,3
- Dr. Oetker Tradizionale Speciale: %1,3
- Dr. Oetker Prosciutto: %1,3
- Dr. Oetker Casa di Mamma 4 gaztakoa: %1,2
- Buitoni Ore Fina urdaiazpiko egosia eta gazta: %1,15
- Buitoni Forno de Pietra Barbakoa: %1,12
- Buitoni Bella Napoli Berdurak: %1
- Garden Gourmet Veggie Lovers: %0,61
Osasunaren Mundu Erakundeak dio produktu batek gatz asko duela %1,25 baino gehiago duenean.
Alde nabarmenak prezioan
Desberdintasun handiak daude aztertu ditugun pizzen prezioetan. Alderaketa egiten badugu (100 gramoko errazioa hartuta), Garden Gourmet Veggie Lovers (1,20 €) eta Dr. Oetker Tradizionale Speciale (1,12 €) dira garestienak. Merkeenak, berriz, Eroski atunez egina (0,54 €) eta Eroski Seleqtia Provolone eta Boletus pizza dira (0,70 €). Osagaiek eraginak al dira desberdintasun horiek? Ez. Berdura duten bi produktuak alderatuta, Garden Gourmet Veggie Lovers izenekoa %22,45 garestiagoa da Buitoni Bella Napoli Berdurak izenekoa baino, eta azken horrek oliba olioa darama gainera. Hori dela eta, erosketa egiteko garaian, ongi begiratu behar zaio produktu bakoitzaren prezioari, badira-eta aukera merkeagoak osagai gomendagarrienekin. Osagaien aukerak produktua garestiago egiten ez duelako beste adibide bat Eroskiren Atunezko pizza da. Guztietan merkeena da, eta “nobletzat” jotzen den osagai batekin egina dago.
Prezioa zaintzeko, komeni izaten da, halaber, arreta jartzea “elaborazio tradizionalari” loturiko mezuak dakartzaten produktuei; halakoak dira, adibidez, Buitoni Forno di Pietra Barbakoa eta Dr. Oekter Casa di Mamma 4 gaztakoa. Mezu horiek berez ez dute esanahirik, ez dute hobetzen produktuaren kalitatea, baina garestitu egiten ditu.
Prezioak alderatzeko garaian, kontuan hartu behar dugu, gainera, pizza asko formatu desberdinetan merkaturatzen direla. Adibidez, Buitoni Bella Napoli Berdurak izenekoak 470 gramo pisatzen du, eta Buitoni Ore Fina urdaiazpiko egosiz eta gaztaz eginak 320 gramo baino ez. Horregatik, komeni izaten da produktu kantitate berdina hartzea balorazioak egiteko, adibidez 100 gramoko errazioa.
Ondorioak
Aztertu ditugun ia pizza guztiek oinarrizko hiru osagai dituzte, eta horiek dira, gainera, elikagai mota honen bereizgarriak: gari irina, tomatea eta gazta, baina olioa eta gatza ahaztu gabe. Hori dela eta, kaloria dezente ematen dute: batez beste, kcal gramo bakoitzeko. Gatza ere asko samar dute (%1,2 inguru gehienek) eta gantza ere bai, %7 inguru.
Nolanahi ere, alde nabarmenak daude batzuetatik besteetara; adibidez, tomate kantitateari dagokionez (Dr. Oetker Ristorante Prosciutto delakoak du gehien, %27 inguru) edo osagai “nobleei” dagokienez. Azken horiei begiratuz, hauek dira pizzarik aipagarrienak: Garden Gourmet Veggie Lovers, zeinak %36,7 dituen begetalak, eta Buitoni American Style XtraCheese, non %24,7 den gazta.
Nutrizio arloko alderdiei bakarrik begiratuz gero, pizzarik gomendagarrienak Garden Gourmet Veggie Lovers eta Buitoni Bella Napoli Berdurak izango lirateke, baina nahiko garestiak dira biak, bereziki lehenbizikoa, zeina aztertu ditugun guztietan garestiena den (1,20 € errazioak). Kalitate-prezioak kontuan hartuta, Eroski atunezkoa eta Eroski Seleqtia Provolone eta Boletus pizza izango lirateke gomendagarrienak, batez ere besteak baino askoz merkeagoak direlako eta badutelako beste gauza on bat: etiketa osatua, argia eta irakurterraza.
Pizza bat izan daiteke osasungarria
Elikagai osasungaitzak izateko ospea dute pizzek, bereziki bertsio komertzialez ari garenean. Egia da askotan hala direla, bereziki ugari ematen dituztelako kaloriak, gatz asko dutelako eta nutrizio kalitate txarreko gantzak. Hori gertatzen da sarri askotan osasungarritik gutxi duten osagaiekin eginak egoten direlako, adibidez urdaiazpiko egosiarekin, hirugiharrarekin, irin finduekin… Dena den, badira ezaugarri hobeak dituzten bertsioak ere, eta horiek leku bat eduki dezakete dieta osasungarri baten barnean. Adibidez, osagai osasungaitz horiek gabe eginak dauden pizza motak hauta ditzakegu edo, gutxienez, halakorik kopuru handietan ez daukatenak eta osasungarriak diren beste batzuk dezente dituztenak: berdurak, barazkiak, fruitu lehorrak…
Erosteko gomendioak
Erosteko orduan, arreta jarri behar genioke zenbait alderdiri:
- Osagai gomendagarrienak. Nutrizioaren ikuspegitik, egokiena da begetal ugari izatea, bai berdurak eta bai barazkiak.
- Gatza eta kaloriak. Nutrizio arloko informazioari dagokionez, garrantzitsuena da gatz gutxien dutenak eta kaloria gutxi ematen dutenak bilatzea.
- Prezioa. Ez egin kasurik “harrizko labea”, “artisau erakoa” eta gisako mezuei. Ez dute esanahirik eta garestitu egiten dute prezioa.
- Eroski atunezkoa: 104 €
- Eroski Seleqtia Provolone eta Boletus: 145 €
- Buitoni Ore Fina urdaiazpiko egosia eta gazta: 148 €
- Buitoni Forno de Pietra Barbakoa: 171 €
- Dr. Oetker Prosciutto: 181 €
- Buitoni American Style XtraCheese: 192 €
- Dr. Oetker Tradizionale Speciale: 200 €
- Dr. Oetker Casa di Mamma 4 gaztakoa: 203 €
- Buitoni Bella Napoli Berdurak: 239 €
- Garden Gourmet Veggie Lovers: 268 €
Kalkuluak egiteko, oinarritzat hartu da familiak astean behin jaten duela pizza urte osoan.