Gazta txikiak: askaria atalez atal

Gazta txikiak edo gaztatxoak esaten zaien horiek beti ez dira itxuraz diruditenak. Ez osagaiei dagokienez eta ez nutrizio arloko propietateei dagokienez ere. Ikus dezagun zer dagoen bilgarriaren barrenean.
1 urria de 2020
Eroski quesitos

Gazta txikiak: askaria atalez atal

Gazta txikiak (gaztatxoak edo gazta atalak ere esaten zaie) aspalditik dira ohikoak haurren hamaiketako eta askari garaian. Zapore eta testura atsegina izaten dute gehienentzat, eta jendearen irudipena da produktu elikagarriak, merkeak eta erosoak direla batetik bestera eramateko eta jateko. Baina beti ez dira guk uste bezalakoak. Begiratu batean, pentsa liteke gazta txiki guztiak berdinak direla, baina badira aldeak batzuen eta besteen artean, aski handiak ere bai zenbaitetan. Egiaz zer jaten ari garen jakiteko, lehenik eta behin etiketa irakurri behar genuke eta, zehazkiago, legezko salmenta izena, zeina osagaien ondoan agertzen baita. Horrek erakutsiko digu produktu horiek guztiak ez direla benetan gaztak. Baina ez dago iruzurrik. Kontua da elikagai mota horretan bi sail handi daudela (1113/2006 Errege Dekretua): gazta eta gazta urtua.

Gazta. Esnea mamituz lortzen da, eta gazta bera freskoa edo ondua izan daiteke, solidoa edo erdisolidoa. Esneki mota bat baino gehiago erabil daiteke gazta egiteko, adibidez esne gaingabetua (osoki edo partzialki), esne gaina, gurin gazura edo produktu horien guztien nahasketa. Ohikoena izaten da esnearekin egitea gazta eta ondoren esne hartzitzaileak eta gatzagia eranstea mamitu dadin. Gatza botatzen zaio gero, eta denbora tarte bat uzten da hezetasun baldintza eta tenperatura kontrolatuetan, nahi den neurrian ondu dadi.n Aztertu ditugun produktuen artean, bi bakarrik dira gaztak: Mini Babybel eta Cheestrings.

Gazta urtua. Gazta mota batekin edo gehiagorekin egiten da, eta beste osagai batzuk ere erantsi daitezke, adibidez esnea, esnekiak eta antzeko beste elikagai batzuk. Horregatik izaten dute antzeko itxura gaztak eta gazta urtuak, hainbesterainokoa ezen batzuetan nahasi egiten baititugu. Produktu desberdinak dira, ordea, eta lehenbizikoari maila komertzial eta gastronomiko hobea aitortzen zaio. Desberdintasun handiena izaten da, gazta urtua lortzeko, birrindu egiten dutela abiapuntuko gazta, ondoren gatz urtzaileak eransten dizkiote eta nahastura berotu egiten da eragiteari utzi gabe. Horrela apurtzen da gaztari egitura solidoa ematen dion proteina sarea, eta gantz eta ur emultsio bat lortzen da, hau da, nahastura bat. Modu horretan lortzen da gazta urtuak ezaugarri jakinak eduki ditzan, erabili diren osagaien eta elaborazio prozesuan ezartzen zaizkion parametroen araberakoa. Adibidez, lor daiteke gazta urtu horrek jokaera egokia izatea berotzen denean, adibidez pizzak eta pasta egiteko erabiltzen ditugunak, non erre gabe urtzen diren eta gantza eta gainerako osagaiak elkarrengandik bereizi gabe. Gazta urtu guriak ere lor daitezke edo ogitan zabalduta jartzekoak, gida honetan aztertu ditugun asko bezalakoak.

Sail honetan sartuko lirateke gainerako produktu guztiak (Mini Babybel eta Cheestrings ez beste guztiak). Baina gazta urtu bat izen horrekin saldu ahal izateko, legeak dio gutxienez %35 eduki behar duela estraktu lehorra. Gazta bati ur guztia kentzean gelditzen den horixe da estraktu lehorra, hau da, nagusiki gantza, proteinak, karbohidratoak eta mineralak. Gutxi gorabeherako kalkulu bat egin dezakegu nutrizio arloko informaziotik abiatuta (etiketan ageri da). Eragiketa hori banan-banan eginda, hauxe litzateke gazta urtuen estraktu lehorra: Kiri (%42), El Caserío (%38) eta La vaca que ríe (%35).

Beste bitan %35etik beherakoa da estraktu lehorra, El Caserío light (%32) eta La vaca que ríe light gazta urdinarekin (%30), baina horiei onartzen zaie “zabaltzeko gazta urtua” izena hartzea (“queso fundido para untar”) estraktu lehorra %30ekoa edo handiagoa delako. Kasu horretan legeak uzten du estraktu lehor gutxiago eduki dezaten, edo bestela esanda, ur gehiago eduki dezaten, baldintza hori beharrezkoa baita ogian zabaltzeko modukoa izan dadin. Salmenta izen hori ageri du La vaca que ríe light gazta urdinarekin izenekoak, baina El Caserío lightek beste izen bat dakar, “gazta urtua elikadura zuntzarekin”, eta, beraz, badirudi izenak ez duela legea betetzen (1113/2006 Errege Dekretua), baina hori ere analisi kimikoekin baieztatu behar litzateke. Bestalde, Eroski Sanniak %27 dauka estraktu lehorra, eta ez da iristen gutxienekora; hortaz, ez daiteke saldu “gazta urtu” gisa, eta horregatik ageri du beste izen hau: “gazta urtuzko espezialitatea”.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, gazta txikiak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Proteinak, gantzak eta gatza hartu dira kontuan balorazioa egiteko.
  • Osagaiak. Arreta berezia jarri zaio esne kantitateari.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Zerekin eginak daude?

Hurrengo pausoa osagaien zerrendari begiratu bat ematea da. Mini Babybel eta Cheestrings etxekoetan ez dago ezusteko handirik, esnea, gatza, esne hartzitzaileak eta gatzagia dituzte. Cheestringsek D bitamina erantsia ere badu, baina ez du esaten zenbat, eta ez dezakegu jakin kopuru aipagarria den edo ez. Aztertu ditugun gazta urtuetan hauek dira osagai nagusiak: esnea, gazta, esnearen materia gantzatsu bat (esne gaina edo gurina), esnearen proteinak edo esne gazura eta gatz urtzaileak.

Esnea. Produktu horien osagai nagusia da, eta formatu batean baino gehiagotan erabiltzen da:

  • Esne gaingabetu kontzentratua: esnea da, uraren zati bat kenduta. Horixe darabilte El Caserío produktuek.
  • Esne hauts gaingabetua: esnea da, ura kenduta. Era horretan, ekoizleak hobeto garraiatu eta gorde dezake, leku gutxiago hartzen duelako, pisu gutxiago duelako eta luzaroago irauten duelako. Arazoa da zaporea aldatu egin dakiokeela zertxobait, eta “kartoi” lurrina har dezakeela, nahiz eta zaila den gaztan antzematea. Esne hori darabilte La vaca que ríe produktuek. Etiketan ikus daiteke ura dela osagai nagusia, erantsi egiten baitiote esne hauts gaingabetu hori esne bihurtzeko. Hau da, osagai nagusia esne gaingabetua da funtsean, nahiz eta etiketako informazioarekin ez dezakegun jakin ur proportzioa zenbatekoa den, abiapuntuko esnearen parekoa edo handiagoa.
  • Esne gaingabetu berregina: esne hautsa da, ura erantsi diotena berriz hidratatzeko produktua egiten hasi aurretik. Hau da, aurreko kasuan gertatzen denaren antzeko zerbait da, baina oraingoan nahasketa lehenago egiten dute, eta esneak hasieran zeukan proportzioan. Horixe darabil Eroski Sanniak.
  • Esne fresko pasteurizatua: aurrekoak ez bezala, Kiri etxeko gazta urtua ez dago esne hautsez egina, esnez baizik. Alderi hori nabarmendu nahian, ontzian esan egiten da esne freskoa daramala, eta esne gordinarekin nahasi ez dezagun (arrisku mikrobiologikoak eragingo bailituzke), azpimarratu egiten da pasteurizazio prozesu bat eman diotela. Esne fresko pasteurizatuak badu abantaila bat aurrekoen aldean: ezaugarri organoleptiko hobeak ditu (lurrina, zaporea) eta horrek ñabardura hobeak utz ditzake azken produktuan.

Gazta. Bigarren osagai garrantzitsuena da, nahiz eta aztertu ditugun produktuetan bakar batek ere ez duen zehazten zein motatakoa den; beraz, pentsatzekoa da ez zutela erabiliko gazta ospetsurik. La vaca que ríe light gazta urdinarekin izenekoak %13 baino ez dauka gazta mota hori. Kiri etxekoa ere nabarmentzekoa da, gazta fresko urtua daramalako eta zuzenean esnekiekin eta esnearen hartzitzaileekin egina dagoelako, gaztarik erabili gabe.

Materia gantzatsua. Gurina erabiltzen da La vaca que ríe eta Eroski Sannia produktuetan (azken horrek oso gutxi dauka), eta Kiri eta El Caserío etxekoek esne gaina darabilte. Desberdintasun handiena zaporean dago, zeren nutrizioaren ikuspegitik gauza bera baita. Materia gantzatsu erantsirik ez duen produktu bakarra El Caserío light izenekoa da, non gaztak emandako gantza baino ez duen.

Esnearen proteinak. Produktu hauetan, estraktu lehorra ugaritzeko eta nahi den testura lortzeko erabiltzen dira esnearen proteinak (Kiri eta Palitos La vaca que ríe), eta berdin esnearen beste eratorri batzuk ere, adibidez laktogazura (El Caserío light) eta kontzentratu laktikoa (La vaca que ríe light gazta urdinarekin). Baita produktua merkatzeko ere.

Gatz urtzaileak. Produktu horiek egiteko garaian, hainbat eratako gatz urtzaileak erabil daitezke, adibidez fosfatoak eta zitratoak, batzuetan horiek bakarrik (La vaca que ríe produktuetan adibidez) eta besteetan konbinatuta (El Caserío); formulazioan darabiltzaten osagaien eta azken produktuar eman nahi zaizkion ezaugarrien araberakoa da hori. Era horretan, trinkotasun handiagoa edo txikiagoa edukiko du, koipetsuagoa izango da edo koipe gutxiagokoa eta elastikotasun handiago edo txikiagoa izango du. Alderdi horretan deigarria da Kiri markako produktua, formulazioan ez baitituzte erabili gatz urtzaileak, nahiz eta gazta urtua izan. Horrek esan nahi du metodo fisikoekin bakarrik lortu dutela, hau da, prozesuan osagaiak nahasiz, berotuz eta astinduz.

Beste osagai batzuk. Aztertu ditugun produktuetan badira beste osagai batzuk ere, adibidez lodigarriak (Eroski Sannia), testura hobetzeko erabiltzen direnak, edo kontserbagarriak (El Caserío, Eroski Sannia), hobeto kontserbatu daitezen.

Proteinak, gantza... eta ura

Gaztarik gehienek kopuru handietan izaten dituzte proteinak eta gantza. Eta horixe gertatzen zaie, hain justu, Mini Babybel eta Cheestrings markakoei. Beste guztiek baino proteina gehiago (%23) eta gantz gehiago daukate (%24 eta %22,5 hurrenez hurren). Eta estraktu lehorra ere horrexegatik dute besteek baino gehiago (%50 eta %51). Hiru dimentsioko proteina sare batek osatzen du gazta, eta sare horren barrenean ura eta gantza gelditzen dira harrapatuta; gazta urtua, berriz, gantz eta ur emultsio bat da, hau da, bi substantzia horien nahasketa homogeneoa. Produktu bat gantz gutxirekin egiten denean, adibidez light erakoak ((La vaca que ríe light gazta urdinarekin [%9], El Caserío [%7,5] eta Eroski Sannia [%3]), beharrezkoa da proteina gehiago eranstea nahastura hori egonkorra izan dadin eta ez dezan urik galdu.

Aipatu berri ditugun horiek horrexegatik daukate proteina gehiago (%13 inguru) Kiri etxekoak baino (%9), gantza gehiago baitu azken horrek (%29). Produktu horietan estraktu lehorra (batez ere gantzez eta proteinaz eratua) ez den zatia urez osatua egoten da nagusiki. Faktore hori horregatik dago askotan prezioari lotua zuzenean, eta estraktu lehor gehien duten produktu batzuk horrexegatik dira garestiagoak, adibidez Cheestrings, Mini Babybel eta Kiri, eta alderantziz, estraktu lehor gutxien dutenak dira merkeenak, adibidez Eroski Sannia eta El Caserío light.

Gatz gehiegi

Beste ezaugarri ohiko bat ere badute gaztek eta gazta urtuek: gatz asko izaten dute. Elikagai batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25etik gora dabilenean, eta zifra hori gainditu egiten dute guk aztertu ditugun guztiek, nahiz eta kontuan hartu behar den gazta atal hauek txikiak direla (20 g ingurukoak), eta, beraz, bakoitzak ez du gatz asko ematen (0,4 g inguru). Beste guztien gainetik nabarmentzen diraht El Caserío (%2,95) eta El Caserío gaingabetua (%2,55), eta baita La vaca que ríe, La vaca que ríe lig gazta urdinarekin eta Eroski Sannia ere, %2arekin. Gatz gutxien dutenak, berriz, beste hauek dira: Kiri (%1,5) eta Mini Babybel (%1,8), baina horiek ere gehiegi daukate. Hainbeste gatz edukitzeko arrazoia zera da: osagai hori ez dela erabiltzen zaporea indartzeko bakarrik, baita egitura eratu (erraztu egiten du proteinen arteko lotura) eta hobeto kontserbatzeko ere.

Kontuz gatz kopuruarekin*

GEHIEN DUENETIK GUTXIEN DUENERA

  • El Caserío: %2,95
  • El Caserío ‘light’ %2,55
  • La vaca que ríe: %2
  • La vaca que ríe gazta urdinarekin: %2
  • EROSKI Sannia: %2
  • Cheestring: %1,9
  • Mini Babybel: %1,8
  • Kiri esne gaina: %1,5
  • Palitos La vaca que ríe: %1,5

*Gatz portzentajea. OMEk dio %1,25etik gorakoa dela gehiegizko gatz kantitatea %(1,25 gramo gatz 100 gramo bakoitzeko).

Osasungarriak al dira?

Bai gaztak eta bai gazta urtuak kaloria asko ematen dute gehienean, ugari samar izaten dituzte gantz saturatuak eta gatza, ia ez dute zuntzik izaten (salbu eta El Caserío markakoek, horiek badute eta), eta ez daukate landare jatorriko osagairik. Horrek guztiak azaltzen du Nutri-Score puntuazioan C maila lortu izana batzuek (gantz gutxien dutenek) eta D maila gainerakoek. Azken batean, ez daiteke esan osasungarriak direnik.

Bestalde, kontuan hartu behar da produktu horiek jaten direnean, ia inoiz ez direla 100 gramo hartzen aldi bakarrean, 20 g inguruko zatiak baizik. Kopuru horietan, ez dira hainbestekoak izaten energia, gantz saturatu eta gatz kopuruak Energia gehien ematen dutenek, adibidez, 60 kcal dituzte (azukre gabeko jogurt batek edo sagar batek adina) eta 0,4 g gatz. Baina, nolanahi ere, osasunean eragin nabarmena eduki dezake aldian gaztatxo bat baino gehiago janez gero edo maiz jateko ohitura izanez gero, batez ere gatz asko daukatelako. Horregatik, ez lirateke egunero jan behar. Produktu horietan, gantz kantitatearen araberakoa izaten da energia ekarpena.

Eta horregatik, Mini Babybel, Cheestrings eta Kiri markakoek ematen dute kaloria gehien, 60 kcal inguru gaztatxo bakoitzak, 125 gramoko jogurt batek edo Maria erako hiru gailetak adina. Light erakoek dute kaloria gutxien: La vaca que ríe light gazta urdinarekin (24 kcal gazta txiki bakoitzak), El Caserío gaingabetua (24 kcal) eta Eroski Sannia (18 kcal), hau da, azukre koskor batek edo mandarina txiki batek adina. Esnekiek emandako gantzei buruz ari gara guztietan, eta horrek esan nahi du ugari dituztela gantz saturatuak ere. Nahiz eta ospe txarra eduki, elikagaietan dauden gantz saturatu guztiak ez dira berdinak, denek ez baitute osaera berdina gantz azidoetan. Esneari dagokionez, haren gantza ez da baztergarria. Palitos La vaca que ríe izenekoek aipu berezia behar dute. Gazta urtua da, eta ogi luze batzuk dakartza ontzian bertan lagungarri gisa. Etiketan zehaztu egiten da bakoitzak zer-nolako osagaiak dituen, baina nutrizio arloko informazioan ez da egiten bereizketa hori, eta ez dago jakiterik bakoitzak zenbat ematen duen mantenugai bakoitzetik. Adibidez, karbohidratoak %24,5 dituela esaten da, baina ez da zehazten zenbat dagokion ogiari eta zenbat gazta urtuari. Nolanahi ere, ogi hori ez daiteke osasungarritzat jo, irin finduekin egina baita. Eta gauza bera esan daiteke produktua bere osoan hartuta. Nutri-Score sailkapenean, izan ere, D mailan dago.

Askaritarako?

Gazta txikiak, oro har, haurren hamaiketakoa eta askaria egiteko izaten dira. Horregatik, horietako batzuek berariaz aipatzen dute alderdi hori, adibidez Cheestrings eta La vaca que ríe markek. Produktu horiek, hala ere, noizbehinka jateko utzi behar lirateke.

Kaltzioa eta beste mezu batzuk

Aztertu ditugun produktuen alderdi onak aipatzen hasita, kaltzio kopurua nabarmendu dezakegu, batzuek asko samar ematen dute eta. Honako hauek adibidez: Palitos La vaca que ríe (Eguneko Kopuru Gomendatuaren %25), Cheestrings (EGKren %20), El Caserío (EKGren %19) eta Mini Babybel (EGKren %18). Nolanahi ere, mantenugai hori edukitzeak ez ditu orekatzen beste alderdi kaltegarri batzuk, adibidez gatz kantitate handia. Ez dugu ahaztu behar badaudela kaltzioa hartzeko beste iturri osasungarriago batzuk, adibidez berdurak, fruitu lehorrak (almendrak eta hurrak) eta baita esnekiak ere (esnea, jogurt natural azukre gabea edo gatz gutxiko gazta freskoa).

Produktu batzuek nabarmendu egiten dute kaltzioa daramatela, adibidez El Caserío, La vaca que ríek eta Eroski Sanniak. Nutrizio arloko beste aipu batzuk ere ageri dira beste batzuetan, adibidez “proteina iturri” direla (La vaca que ríe eta Eroski Sannia), eta aipu hori egin ahal izateko, mantenugai horrek energia guztiaren %12 eman behar du (baldintza hori egoki betetzen da guztietan). Beste produktu batzuetan gantzari buruzko aipuak daude, “gantz kopuru murriztua” dutela edo “light” erakoak direla esaten dute, adibidez marka hauek: Eroski Sannia, El Caserío light eta La vaca que ríe light gazta urdinarekin. Aipu hori egin ahal izateko, mantenugai hori %30 murriztua eduki behar du antzeko beste produktu batzuen aldean. Kasu guztietan betetzen da baldintza hori.

Hautatzeko gakoak 

  1. Produktuaren izena irakurtzea, gazta den edo gazta urtua den jakiteko.
  2. Osagaiak. Egokiena litzateke gaztek osagai hauek bakarrik edukitzea: esnea, gatzagia, hartzitzaileak eta gatza. Gazta urtuek, berriz, gatz urtzaileak eta esnez egindako osagaiak behar lituzkete, bereziki gazta, esnea eta esne gaina edo gurina.
  3. Proteinak eta gantza. Horien proportzioa oso txikia denean, esan nahi du gainerako guztia ura dela gehienbat.
  4. Gatza. Hobe 1,25 gramo baino gutxiago izatea 100 gramo bakoitzeko..
  5. Prezioa. Oro har, zenbat eta estraktu lehor gehiago eduki (proteinen eta gantzen batura izaten da nagusiki), orduan eta garestiagoa.

Ondorioak

Produktu sail honetan bi motatakoak daude, gaztak eta gazta urtuak, baina begiratu batean beti ez dira bereizten; hori dela eta, etiketari begiratu behar zaio produktuaren izena zein den jakiteko. Bi horietaz gain, zabaltzeko gazta urtua ere badago, normalean estraktu lehor gutxiago izaten duena aurrekoek baino, eta baita gazta urtuaren “espezialitateak” eta “ordezkoak” ere, are estraktu lehor gutxiagorekin. Alderdi horrek, estraktu lehorrak alegia, baldintzatzen du gehien prezioa. Horregatik dira garestienak Mini Babybel, Cheestrings eta Kiri markakoak, eta merkeenak, berriz, Eroski Sannia eta El Caserío light. Nolanahi ere, beti da merkeagoa eta jasangarriagoa ohiko neurria duen gazta erostea eta ez gazta txiki hauek.

Produktu hauek kaltzioa ematen dute, nahiz eta, gaztatxoak banaka hartuta, batzuek baino ez izan kopuru aipagarria (Palitos La vaca que ríe, Cheestrings, El Caserío eta Minibabybel). Alderdi horrek ez ditu berdintzen beste alderdi kaltegarri batzuk, eta alderdi horiek kontuan hartuta hain zuzen, ez daitezke produktu osasungarritzat jo: energia asko ematen dute (light erakoek izan ezik), gatza ere asko dute eta beste mantenugai batzuk, aldiz, gutxi, adibidez begetalak eta zuntza. Ongi aztertu behar genuke ea merezi duen produktu horiek erostea. Badira kaltzioa eta proteinak hartzeko modu osasungarriagoak, merkeagoak eta jasangarriagoak, adibidez berdurak, fruitu lehorrak (birrinduta eman behar zaizkie 5 urtetik beherakoei, ez daitezen ito), eta baita beste esneki batzuk ere, adibidez esnea, azukre gabeko jogurt naturala eta gatz gutxiko gazta freskoa.

Adi gazta motari, gatzari eta osaerari

Guia quesitos EUS scaled