Petrolioak mundu ekonomian duen eragina

Alternatiba errentagarriago eta poluzio gutxiagokoak lehenbailehen sortzea, ezinbesteko

Herrialde guztiek ekoitz ditzaketen energien erabilera sustatu behar da, bide batez monopolioak suntsitzeko
1 azaroa de 2002

Alternatiba errentagarriago eta poluzio gutxiagokoak lehenbailehen sortzea, ezinbesteko

Toki batetik bestera joateko automobil, hegazkin eta kamioiek baliatzen duten erregaia, kalefakzioa elikatzen duen gasolioa, errepide eta autobideak estaltzen dituen asfaltoa, ordenagailu, etxeko tresna, jostailu, ontzi eta bestelakoen fabrikazioan erabiltzen diren plastikoak, etab. Petroliotik zuzen edo zeharka gorpuzten diren produktu ugarietako bakan batzuk dira hauek. Beraz, egun, urre beltz hori gabe bizitzerik badagoela pentsatzerik ez dago.

Petrolioaz ari direla, gizateriaren historian energi baliabiderik garrantzitsuena dela diote adituek. Ezin berriztatuzko baliabide natural horri zor zaio munduan kontsumitzen den energia osoaren %40. Espainiako Petrolio-Produktuen Erreserba Estrategikoen Korporazioak emaniko datuen arabera, herrialde horretan bakarrik 2001 urtean 68,9 tona petrolio-produktu kontsumitu ziren; aurreko urtean baino %4 gehiago, alegia.

Ekoizten ez duten herrialdeek kontsumitzen dute petrolio gehien. AEB eta Mendebaldeko Europara mundu osoko petrolioaren ia erdia bideratzen da baina, halaz ere, Pertsiar Golkoko herrialdeek (mundu osoko kontsumoaren %4,5 baizik ez dutela ere), esportatzaile behinenak dira (ekoizpenaren %26 dago horien eskuetan). Horrenbestez, Mendebaldeko herrialdeak inportazioaren morroi dira, adiera honetan, ezin aurreikusizko oszilazioez higitzen den merkatuak ezarriko dizkien prezioak ordaindu behar izango dituzte eta. Esan gabe doa merkatu horren aldaketek mundu osoko ekonomian sekulako ondorio larriak izan ditzaketela: kontsumoa jaustea, inflazioa areagotzea, interes-tasak garestitzea…

Panorama hori izaki, horrelako morrontzan bizi diren herrialdeak petrolioaren alternatiben bila hasiak dira aspaldian, herrialde guztiek ekoizteko moduko prezio eta poluzio txikiko energiak erdiestera begira, era horretan, bide batez, monopolioak suntsitzeko. Erregai den aldetik, petrolioaren balizko ordezkoa hidrogenoa da, baina gas hori lortzea oraindik garestiegia denez, urte dezente igaroko omen dira hidrogenoak urre beltzaren tokia okupatu arte.

Sentsibilitate eta eragin handiko merkatua

/imgs/20021101/informe02.jpg
Mundu osoko petrolioaren eskakizuna iaz 76 milioi tonara (eguneko) iritsi zen eta, aurreikuspenen arabera, 2030 urtea baino lehenago kontsumo hori %60 handiago izango da. Datu hauek argi eta garbi erakusten digute Mendebaldeko ekonomiak urre beltzarekin duen morrontza. Petrolio gordinaren prezioan gertatzen diren aldaketa guztiek -gogoan izan dezagun hauxe dela ekonomia osoaren atalik aldakor eta eroenetako bat- katearen gainontzeko begietan domino-efektua eragiten dute, kontsumoaren jaitsiera eta inflazioaren areagotzea ondorioztatuz.

Petrolioaren prezioa igotzeak lehengaiaren eskakizunean dituen eraginak gorabehera, energi iturrien prezioek kontsumorako prezioen indizean (KPI) duten eragina da alderdi alarmagarriena, indize hori baita herrialde garatuetako banku zentralek zorrozkien begiratzen duten adierazleetako bat. Petrolioaren garestitzea prezioen gehikuntza jeneralizatuan islatzen den araberakoa izango da banku zentralen erreakzioa: horrela altxatuko dituzte interes-tasak, ekonomiaren hedapenaren kaltetan.

Petrolio upelaren prezioak gora egiten badu, erregaien, kalefakzioko gasolioen eta errekin industrialen (garraio, nekazaritza, arrantza, hegazkinak, etab.) prezioa igo, garraio publiko eta pribatuaren kostua garestitu eta, areago, enpresen ekoizpen-kostuek ere gora egiten dute.

Petrolioaren gorabeherak erosketa-otarreak ere nozitzen ditu, hein handi batean. Espainiako nekazaritza sektoreak 1999 urtean 190.000 tona plastiko kontsumitu zituenez, ekoizpenaren amaierako kostua ere igo egin zen. Urte hartan ehungintzak eta zapatagintzak 133.000 tona petrolio-deribatu baliatu zuten janzkiak eta oinetakoak fabrikatzeko. Elikagai eta edarientzako ontziak dira urtero-urtero petroliotik erdietsitako milioi eta erdi tona plastikoren helmuga.

OPEP erakundearen betekizuna

Petrolio gordinaren prezioa, hein handian, Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Elkarteko kideek baldintzaturik dago eta elkarte horrek merkatuan jartzen dituen upelen kopuruaren arabera xedatzen da: zenbat eta upel gutxiago, orduan eta handiagoa izango da petrolioaren (eta, ondorioz, bere deribatu guztien) prezioa. Alderantziz, LPEE elkarteak ekoizpena ugaltzea erabakitzen duenean (lurralde ekoizleak dibisen premian daudelako edo prezioa garestiegi gertatzen delako) upelaren prezioak behera egiten du.

Petrolio-merkatuaren funtzionamendu konplexuak ez dio LPEE erakundeari lana errazten. Prezioen igoera handiak mesede egiten die epe laburrean lurralde ekoizleei baina, luzera, bestelako energien ikerkuntza eta garapena sustatzen duenez, prezioak jaitsi egingo dira berriro.

Aitzitik, upelak tarifa merkeegia izateak mundu-merkatuan petrolioaren fluxuari eusteko premiazkoak diren azpiegituren inbertsioak gutxitzea ekarriko luke. Beraz, osoko eskakizunak gora segituko balu ere, ez legoke bera asetzeko adina petrolio izango eta horrek ere prezioen igoera ondorioztatuko luke.

Prezioen gorakadaren zergatiak

Urte hasieratik uztailera bitartean Brent (Ipar Itsasoko petrolioen nahastea, europar merkatuan erreferentzia gisa erabili ohi dena) upelaren prezioa 24-25 dolarretan mantendu da. Abuztuan, berriz, 26 dolarrera igo eta irailean 28,3 dolar kostatzen zen batez beste. Urriaren hasieran 28,65 dolarretan kokatu zen eta hilaren amaieran 26,35 dolarretara jaitsi da.

Nazioarteko kezka politikoek sekulako eragina dute petrolio gordinaren prezioan. Esku hartze militar baten balizko ondorioek edo Estatu Batuek Iraki eraso ahal izateak gorako eragina izaten dute. Gerra-gehigarri horrek ez du islatzen Iraken produkzioaren (egunean pare bat milioi upel, hor nonbait) galeragatiko beldurrik, petrolioa ekoizten duten gainerako lurraldeek -Saudi Arabiak, zehazkiago, berak bakarrik LPE Elkartearen horniduraren %30 produzitzeaz gainera, petrolio ekoizpena ugaldu eta herrialde inportatzaileen eskakizuna asetzeko eskumen handienekoa baita- har ditzaketen neurrien aurreko ikara baizik. Golkoko Gerran izaniko eskarmentuak ez du balio egungo egoeran deus ikasteko.

Petrolioaren eskakizun eta eskaintzaren arteko erlazioak, mundu zabalaz ari garela, petrolioaren prezioarekin lotura handia du. Mundu-eskakizunari dagokionez, oraingo aurreikuspenek ere ahuldadea igartzen dute eta beherako arriskua, datorren urterako hazkuntza-itxaropenak suntsitu diren honetan. Mundu-eskakizuna %1,1 igoko dela espero dute adituek.

Zergen garrantzia

Joan den urtean Brent petrolio gordinaren prezioa 24,4 dolarrekoa izan zen, upeleko. Upel bakoitzak 159 litro petrolio daukanez, litroa 13’71 zentimo kostatu zen. Petrolioa findu beharra dago erregai izango bada, eta ondoren kontsumituko duten herrialdeetaraino garraiatu behar da: eragiketa horiek petrolioaren azken kostua altxatzen dute. Prezio horri BEZ eta Hidrokarburoen gaineko Zerga Berezia erantsi behar zaizkio. Herri batetik bestera erregaietan alde izugarriak izatearen arrazoia zergen ezarpenean datza, neurri handi batean, lehengaia eta fintze prozesuaren kostuak antzekoak baitira nonahi.

2001 urtean, berunik gabeko gasolinaren Espainiako batez besteko prezioaren ia %60 zerga hutsak izan ziren; Europako Ekonomi Elkartean zerga horien batenaz bestekoa prezioaren %65,3raino iritsi ziren.

Ibilgailuentzako gasolioaren Espainiako prezioan zergak %52,4ra heltzen dira eta Europar Batasunean, aldiz, %59,1, batenaz beste.

Espainian berunik gabeko gasolinaren batez besteko prezioa 80,61 zentimo zelarik (hots, Europar Batasunean baino 17,7 zentimo gutxiago), 4829 zentimo zergak ziren eta 32,32 zentimo erregaiaren balioa. Gasolioaz ari garela, zerga txikiagoa izan zen: 36,63 zentimo litroko; beraz, azken prezioa ere txikiagoa izan zen: 69,87 zentimo litroko, hau da, Europar Batasuneko batez bestekoa baino 10,3 zentimo merkeago.

Petrolioaren deribatu eta erabilera zenbait
  • Motoreko gasolina, arrunt eta apartekoa: ibilgailuen erabili ohi dutena.
  • Hegazkineko gasolina: barne-errekuntzako hegazkinentzakoa.
  • ACPM edo diesela: kamioiek eta autobusek darabilte.
  • Kerosenoa: etxe-estufa eta industri ekipoentzakoa.
  • Gas naturala: etxe eta industri erabileretarako eta energia termoelektrikoa sortaraztekoa. Industri alorrean, petrokimikako lehengaia da. Gas naturaletik, besteak beste, polietilenoa (plastikoen lehengaia, alegia) erdiesten da.
  • Gas propanoa (GLP): etxe eta industri erabileretarakoa.
  • Asfaltoak: zolak estaltzeko eta, etxegintzan, isolatzaile gisa.
  • Ezko parafinazkoak: kandelak eta antzekoak (zoruak distiratsu bihurtzeko, pospoloak edo paper parafinatua egiteko, etab) fabrikatzeko lehengaia.
  • Polietilenoa: plastiko-industriarako lehengaia.