Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Izatezko senar-emazte eta bestelako bikoteak : Aldeak murriztuz doaz

Alor ekonomikoan (pentsioak, herentziak, etab.) diraute oraino alderik larrienek

Ezkondutako senar-emazteak eta izatezko bikoteak: aldeak

Hainbat gaitan (haurren zaintza, elikadura-pentsioa, bisita erregimena, ezkontideen etxebizitzaren erabilera, etab) ezkondu gabeko bikoteetan gertatzen diren arazoei buruzko epaiak emateko unean epaitegiek analogia aplikatu izan dute. Beste hainbatetan, aldiz (konpentsazio pentsioa, elkarrekin bizi izateagatiko indemnizazioa edo, bi kideak elkarrekin bizi zirela eskuratutako ondasunen kitapena, adibidez), bestelako irizpideak erakutsi dituzte. Estatu espainiarreko Epaitegi Gorenak jokamolde hori bidezkotzat jo zuen: “Ezkontzeko aukera izanik izatez bakarrik elkartu zirenek, ezkontza-diziplinatik at geratzeko jardun ziren horrela” -argudiatzen du Espainiako organo horrek-. Beraz, ezkontza bidez osatutako familia bezain babesgarria bada ere, izatezko bikoteen egoera ez da legezko matrimonioaren baliokide edo pareko.” Horrela bada, hausturaren ondorioz hartutako neurri ekonomikoek eragin ditzaketen balizko liskarrak banan-banan aztertzen dira, ganantzialen elkartea badenik gogoan izateke. Horrenbestez, horrelako arazoei aplika dakiekeen teoria juridikoa jeneralizatzea ez da kontu samurra.

Herentziak

  • Testamenturik ez denean:

    • Izatezko bikoteetan alargunak ez du herentziarik. Ezkontza bidezko bikoteetan, alargundu den ezkontideak portzentajea heredatzen du: ondasun guztien herenetik erdia bitartera, legezko beste ondorengorik izatearen arabera (zendutakoaren gurasoak edo seme-alabak, adibidez).
    • Seme-alabarik baldin bada: izatezko bikoteetan, seme-alabek herentzia osoa heredatzen dute; matrimonioetako seme-alabek heredatzen dutena, berriz, ondasun osoa ken herentziaren heren baten usufruktua da, zati hori alargundu den kidearentzat geratzen baita.
    • Seme-alabarik ez denean: izatezko bikoteetan, seme-alabarik ez baina guraso edo arbasorik baldin bada, ondasun osoa gurasoek heredatzen dute. Ohiko etxebizitza bikotearen ondasun komuna denean, zendutakoaren gurasoek etxebizitza horren jabetzaren erdia heredatuko dute. Etxebizitzaren jabea zendutakoa bakarrik denean, bere gurasoak izango dira aurrerantzean horren jabeak. Matrimonioetan, seme-alabarik ez baina guraso edo arbasorik baldin bada, gurasoek jasoko dute herentzia, alargundutako ezkontideari ondasunen erdiaren usufruktuaz gozatzeko eskubidea errespetatuz.
    • Arbaso zein ondorengorik ez denean, izatezko bikoteen kasuan anai-arrebek eta ilobek heredatzen dute; matrimonioetan, berriz, ezkontideak heredatzen du dena.
  • Testamentua egina dagoenean:

    • Seme-alabarik baldin bada: izatezko bikoteetan, zendu den seme-alaba baten ordezkaritzan seme-alaba edo lobarik baldin bada, zenduaren bikote-kideak ondasun guztien herena heredatzeko eskubidea du, testamentuan berariaz horrela agertzen bada. Gainerako bi herenak, legez, seme-alabentzat dira. Matrimonioetan, zendu den seme-alaba baten ordezkaritzan seme-alaba edo lobarik baldin bada, testamentuan berariaz horrela agertzen denean, zenduaren bikote-kideak ondasun guztien herena gehi beste herenaren usufruktua hereda dezake. Gainerakoa, legez, seme-alabentzako da.
    • Seme-alabarik ez denean: zendutakoaren gurasoek ondasunen erdia jasotzeko eskubidea dute; eskubide hau, testamentua egiten bada ere, errespetatu beharra dago. Beste erdia libre xedatzekoa denez, zendutakoaren bikotekidearentzat izan daiteke. Matrimonioetan, gurasorik bai baina seme-alabarik ez denean, guraso horiek herentziaren herena jasotzeko eskubidea dute. Ezkontidea, gainontzeko bi herenen heredero izendatua izan daiteke.
    • Izatezko bikoteetan, testamentu-egileak bere izatezko ezkontidea izenda dezake ondasun guztien heredero, baldin eta ondorengorik eta arbasorik (espainiar legeak aiton-amonak sartzen ditu hor) ez bada. Matrimonioetan, ondorengorik eta arbasorik (hemen ere, espainiar legearen arabera aiton-amonak sartzen dira) ez denean, testamentu-egileak askatasun osoa du ezkontidea ondasun guztien heredero izendatzeko.

Izatezko bikoteen kideei, beraz, testamentua egitea komeni zaie. Beste aukera bat: bizitzan emakida egitea, legezko herederoen eta hartzekodunen eskubideak errespetatuz.

Erretiro-pentsioa

Ezkondutako pertsonak, ezkontidea bere kargura baldin badu, kobratzeko gutxienekoa areagotu egin dezake. Izatezko bikoteetan ez da horrelakorik.

Alarguntasun-pentsioa

Alargun ezkonduak jaso ditzake. Izatezko bikoteetan, kide bat hiltzen denean, besteak ez du deus kobratzen. Salbuespen bat, halaz ere: dibortzio legerik ez zela, ezkontzeko aukerarik ez zuelako izatezko bikotekide gisa bizi izan zen pertsonaren eskubidea.

Zergak

Matrimonioetan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena kide bakoitzak bere aldetik edo biek batera egin dezakete. Horrelako aukerarik ez zaie ematen izatezko bikoteei: hauetako kide bakoitzak bere aldetik egin beharko du beti. Zerga jakinen batean beherapenik erdiesteko unean ere, izatezko bikotea ez du legeak aintzat hartzen. Nolanahi ere, izatezko bikoteek eta matrimonioek kenketa berberak izaten dituzte beren kargura dauzkaten seme-alabengatik; horrelakoetan, bikoteko kide bakoitzak, bereiz aplikatu beharko dio kenketaren erdia bere aitorpenari.

Osasun asistentzia

Espainiako Gizarte Segurantzaren Idazkaritza Nagusiak 1984an eman zuen ebazpenaren indarrez, ezkontide izan gabe ere, eskubidearen titularrarekin bizi den pertsonari eta honen seme-alabei osasun-asistentzia bermatu zitzaien, baldin eta, legez onuradun izan aurreko urte osoan gutxienez eta etenik gabe, haren lepotik bizi izan direla frogatzen badute.

Banantzea

Haustura gertatzen denean hainbat arazo berezi jazotzen dira. Horietako bat, arrunt samarra, etxebizitzaren erabileraz gozatzen bi kideetako bakarrak segitu ahal izatea da. Matrimonioen kasuan, egoera gehien-gehienetan hartu beharreko neurriak zehazki mugatuak ditu legeak. Ezkondu gabeko bikoteei dagokienez, ez da beste horrenbeste gertatzen. Izatezko bikoteen hausturak Estatu osorako legeria bakarra ez duenez, balizko liskarrei konponbidea ematea benetan kontu zaila bihurtzen da.

Konpentsazio pentsioa. Bikotea osatzen duten bi kideetako batek, etxe-giroaren eta seme-alaben mesedetarako, bere lanbidea bertan behera uzten badu, harremana amaitzean horren ahalegina ez da inola ere konpentsatuko: legeak, izan ere, ez du aurreikusia beste kasu zenbaitetan indarrean dagoen konpentsazio pentsioaren parekorik (adibidez, dibortzioa gertatzean, bi ezkontideen artean desoreka ekonomikoa denean).

Etxebizitza. Matrimonioei dagokiela, babesaren premiarik larriena duen alderdiaren eskuetan uzten du legeak etxebizitza. Estatuko legerian, izatezko bikotekide biak akordio batera ez iristekotan, printzipioz jabeak (bakarra baldin bada) izango du lehentasuna. Jabeak bi kideak badira ez dute zatiezintasun hori mantentzeko obligaziorik eta, hortaz, titulartasun komunaren amaiera eskatu ahal izango dute judizialki.

Kide homosexualek osatutako bikoteak

Oraingoz behintzat, espainiar Estatuan eta ingurune kultural honetako herrialde gehienetan, homosexualek osaturiko bikoteek ez dute matrimonioa sortzeko eskubiderik. Espainiako Konstituzioak emakumeari eta gizonezkoari ezkontzeko eskubidea aitortzen dien arren, indarreko legeriak sexu bereko bi pertsonei elkarrekin ezkontzerik ez die baimentzen. Matrimonioa galarazten duena ez da orientazio sexuala, izaera sexuala baizik: sexu bereko bi pertsonek ezin sor dezakete matrimonioa. Askatasuna, berdintasuna, nortasuna askatasunez garatzeko eskubidea eta intimitatea bermatzeko funtsezko eskubidea espainolen printzipio konstituzionalak dira eta, halakotzat, sexualitatearen alorra babesten dutenez, orientazio sexualagatiko diskriminazioa galarazi egin beharko lukete. Baina jurista gehienen iritzia ez da hori. Tratu desberdina jasotzea zuritzen omen duen arrazoietako bat, seme-alabak ekartzeko ezintasuna da. Halaz ere, Estatu espainolaren ordenamenduaren arabera, matrimonioa osatzeko eragozpenen artean dagoeneko ez dago ezkongaien inpotentzia, ezta sexu-organorik ez edukitzea ere.

Bikote homosexualen aitorpen juridikoak lehen pausoak eman berri ditu, poliki-poliki Espainian, baina funtsezko eztabaida ez da ezkontzeko eskubidea nork duen, oinarrizko beste bat baizik: homosexualen bikoteak izatezko bikoteen parekotzat aitortuak izatea eta, horrenbestez, familia babesgarriaren status horretaz gozatzea. Hiriko Ondasunen Alokairuaren Legea da biak baliokidetzat hartu dituen aurrena, etxebizitzen alokairuetan mortis causa subrogatzeko eskubidea aintzat hartu baitzuen. Printzipio horren arabera, errentamendu-kontratuaren titular zen izatezko bikote bateko kidea hildakoan, kontratuaren indarraldiak iraun dezake beste kidearen izenean, sexu orientazioak gorabehera. Erkidegoetan, Nafarroa da homosexualek osaturiko izatezko bikoteei adin txikikoak adoptatzeko eskubidea aitortu dien lehena.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak