Ilar finak kontserban

Akatsak eta, tamainan, irregulartasunak

Latan kontserbatutako ilar "finen" bost lagin aztertu dira: Bonduelle, Conservas Martínez, Hero, Rombo d'Oro eta Molinera
1 apirila de 1999

Akatsak eta, tamainan, irregulartasunak

/imgs/19990401/analisisb01.jpg
Herok eta Rombo d’Orok Estra kategorikoak direla dioten arren, Conservas Martínez eta Molinerakoak Lehen kategoriakoak dira. Bonduellek, arauak zer xedatzen duen ez bailekien, ez du kategoriarik aipatzen. Garestienak Molinera eta Rombo d’Oro dira: 547 eta 460 pezeta kilo garbiko; gainontzekoak 233 (Martínez, merkeenak) eta 389 pezeta artean dabiltza.

Ilarren kalitatea dela eta, hainbat irregulartasun atzeman ditu azterketak, bost laginetatik hirutan: lehen-lehenik, Herok eta Rombo d’Orok bere burua Estratzat iragartzen duten arren, akastun ilarren (kolorea, gogortasuna, azala, patsa, orbanak eta ale hautsi, zanpatu nahiz azalgabetuak) kopurua, Estra ilarrei onartzen zaiena baino handiagoa zen. Heroren benetako kategoria Lehena da eta Rombo d’Ororena (okerragoa berau), berriz, Bigarrena. Beste irregulartasun bat: etiketen arabera, denak ere ilar “finak” dira baina azterketak zehazki frogatu du Hero markako ilarren egiazko tamaina “ertaina” dela eta Molinerakoa “handia”, hau da, biak ere “fina” baino handiagoak.

Ekosari hau oso elikagai gomendagarria da: gantzik ez du, kaloria gutxi aportatzen du eta zuntz-, bitamina- eta mineral-iturri oparoa da; proteinak (%6) eta karbohidratoak ere ugari ditu. Kontserbako ilarren gatza %0,7 (Martínez) eta %0,2 (Rombo d’Oro) bitartean dago. Laginetan berun-aztarnarik ez da hauteman eta kobrearen agerpena, berriz, baimendutakoa baino dezente txikiagoa da.

Dastatzaileei gehien gustatu zitzaizkien markek (Bonduelle eta Rombo d’Orok) ilarrik txikienak eskaintzen dituzte. Ilar handienak zeuzkan lata (Molinera), aldiz, dastatzaileei gutxien gustatu zaiena da. Kalitate-prezio erlaziorik hoberena Conservas Martínezek (merkeena bera) eskaintzen du. Dastaketan aprobatu du eta, gainera, etiketan adierazitako kategoria eta kalibrea egiazkoak dira. Bonduelle da beste aukera interesgarri bat. Merkeak dira hauek, aitorturiko kalibrea egiazkoa da eta dastatzaileei gehien gustatu zitzaizkienen artean agertzen dira.

Nutrizio aldetik, aberatsak

Ekosari edo lekale berdea da ilarra, baba edo leka (baina) bezalaxe; ur asko du (%75) eta balio energetiko urria: 80 kaloria baizik ez 100 gramoko. Beste abantaila bat: ilarraren gantz-edukia hutsaren paretsukoa denez (%0,5), kolesterolik ez du aportatzen. Karbohidratoen iturri oparoa da ilarra (%13), almidoietan gorpuzturik batik bat eta, zuntz ugariari (%6) esker, ohiko dietan kontuan izateko modukoak dira. Proteina ugari ere badauka ilarrak (%6 ingurukoa), barazkiek baino askozaz ere gehiago.

Gogora dezagun berriro ilarra ez dela barazkia, esan ohi den eran, lekale edo ekosaria baizik. Ilarraren proteinak, dena den, kalitate ertainekoak dira, organismoak ezinbestekoak dituen aminoazido sufratsutan (metionina eta zisteina) txiro-txiroak direlako. Halaz ere, ilarra arroz edo orearekin hartzen bada, aminoazidoen ekarpen egokia egitea erdietsiko da.

B taldeko bitamina hidrosolubleak aportatzen dituzte: niazina, tiamina edota B1 bitamina, riboflabina, B2 bitamina eta azido folikoa. Hauez gainera, b-karoteno eta C bitamina ere eskaintzen dizkigu ilarrak.

Mineralei goazkiela, zinka, magnesioa eta kaltzioa dauzkate. Burdina asko daukatenez, gure hesteek ezin irentsi dezakete: beraz, lekale hau haragi edo C bitaminarekin batera kontsumitzea prozesu fisiologiko horren mesedegarri gertatuko da. Laginetan ez da berunen (metal toxikoa) zantzurik ere atzeman; kobrearen agerpena, aldiz, 0,1 eta 0,3 zati milioiko izan da, hots, ilar-kontserbei onartzen zaienetik (20 zati milioiko) askozaz ere beherago.

Latak, ilar eta uraz gainera, gatza ere badu osagai: konposatu honek produktua kontserbatzen laguntzen du eta ilarraren zaporea hobetzen du. Gatz-kopurua %0,7 (Martínez, “gaziak” dastaketan) eta %0,6 bitartean dabiltza; Rombo d’Oro markakoek, berriz, gatz gutxi dute: %0,2 baino ez.

Pisuz ongi, kalibrez gaizki

Pisu garbian (ilarrak gehi ura) alde handiak daude: Bonduellek eta Martínezek 400 eta 390 gramoko eduki garbia adierazten dituzte, hurrenez hurren, Herok eta Rombo d’Orok 185 eta 150 gramo, eta Molinerak 80 gramo, hiru lata indibidualetan. Eduki garbia neurturik, egiazkoa aitorturikoa baino handiagoa dela egiaztatu da. Baina garrantzi handiko balioa pisu xukatua da, ura kenduz gero geratzen dena alegia. Honetan ere, neurturiko edukiak fabrikatzaileek adierazitakoak baino handiagoak izan ziren. Hortaz, pisuei dagokiela, dena ongi. Ezin beste horrenbeste esan ilarren kalibre edo tamainaz, ordea. Lagin guztietan ilar “finak” agertzen da, hau da, aleak 8,2 eta 8,8 mm tartean ibili behar duela. Halaz ere, hamaikatxo tamainatako ilarrak ikusi ziren, horietako batzuk desegokiak. Rombo d’Orok, esate baterako, bere laginean, %65 ilar fin, %33 oso fin eta %2 ertainak erakutsi zituen.

Martínezek, bere aldetik, %53 fin, %46 oso fin eta gainontzeko %1, estrafin eta ertainak. Bonduellek %26 fin, %70 oso fin eta %4 estrafin. Herok, %41 fin, %57 ertain eta %2 oso finak. Molinerak, azkenik, %8 fin bakarrik dauzka, gehientsuak ertainak (%64) eta handiak (%25) izaki. Ilarraren tamaina zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta kalitate hobekoa dela kontuan izaki, adierazitako tamaina baino ilar txikiagoak agertzen dituzten laginak (Martínez, Bonduelle eta Rombo d’Oro) zuzenak dira. Herok eta Molinerak, ordea, kalibrearen iragarpena zuzendu behar dute.

Adierazitako kalibreko aleak %10 baino gehiago ditu Herok (baimendurik dago tarte hori); beraz, lagin horri dagokion kalibrea “ertaina” da. Molinerako kalibrea “handia” da, honi dagokion portzentaia %10 baino handiagoa delako. Molinera, ilarrik handienak zituena, dastaketan gutxien gustatu zen marka izan zen bitartean, Bonduellek eta Rombo d’Orok, ilarrik txikienekin, puntuaziorik hoberenak lortu zituzten.

Bestelako akatsak: laginetako bi, adierazitako kategoriara iritsi ez

Kalibreari dagozkion akatsez gain, bestelakoak ere aurkitu dira, kolore, ukitu, pats, orban edota ale hautsi, txikitu nahiz azalgabetuei dagokiela. Estra kategorian produktu akastunaren %5eraino onartzen da, kalibre-hutsuneak kontuan izateke; Lehen kategorian %10eraino eta Bigarrenean, azkenik, produktuaren itxura edo jangarritasuna larriki kaltetzen ez duten akats baztertzaileen pairamena %15ekoa da. Martínezek (%5,2), Molinerak (%7) eta Bonduellek (%8,4) akats ugari dutenez, marka hauen kategoria komertziala Lehena da, hau da, Martínezek eta Molinerak aitortzen dutena.

Bonduellek ez du kategoriarik adierazten etiketan. Rombo d’Orok eta Herok -biak ere Estra kategoriakotzat agertzen badira ere- %5 baino akats gehiago erakutsi dituzte: aurrenekoak, ale txikitu, zanpatu edo azalgabetuak eta ukitze-alorreko hutsuneak, eta bigarren markak, kolore, ukitze, pats, eta ale txikitu, zanpatu eta azalgabetuak zituelako. Hero, aleen %8 akastun dituelarik, ez da Estra kategoriakoa, Lehenekoa baizik. Rombo d’Oro, %13,7 ale akastun dituela, Bigarren kategoriakoa da. Ukitze-alorreko akatsak eta ale txikitu, zanpatu eta azalgabetuei dagokiela, bigarren marka horrek Estra kategoriako ilarrentzat xedaturiko tolerantzia indibiduala gainditu egiten du.

Etiketak, erdipurditik gora ez

Aztertu diren lagin guztiek derrigorrez ipini beharreko datuak jarri dituzte: izena (“ilarrak”), kalibrea (“finak”), osagaien zerrenda, pisu garbia eta pisu xukatua (Rombo d’Orok, honetan, pisu xukatuari dagokionez, okerreko izena darabil, “P.N. esc.” agertzen duelako), kontsumitzeko data eta fabrikazio-lotea (beharrezkoa denean) eta fabrikatzailearen izena eta helbidea. Produktuaren kategoria komertziala ere derrigorrez adierazi behar da, baina Bonduellek ez du horrela egin.

Marka honek, Herok, Molinerak eta Rombo d’Orok bezala, nahitaezkoa ez den nutrizio-alorreko informazioa eskaintzen du. Heroko ontzian izan ezik, beste guztietan “berezko eran” agertzen da, gaztelaniaz agertu ere. Esakune honekin esan nahi dute ilarrak uretan daudela, gatza erantsita eta, kasuren batean, usainki eta azukreak ere badituztela. “Ilarrak berezko eran” izena, hortaz, zuzena da. Kalibreari dagozkion etiketako akatsak, hutsuneak eta abar goian zehaztu dira.

Dastaketan, lagin batek huts egin

Laginen itxura, zaporea eta aho-ukitua baloratu dute dastatzaileek, kolore berde biziko ilar guri ez oso zaporetsuen alde agertuz. Bonduellek eta Rombo d’Orok, biek ere seina punturekin, bereganatu zuten osoko puntuazio hoberena, ondotik Hero eta Martínez zetozela, biak 5 puntuz. Rombo d’Orok lortu zuen puntuazio hoberena, azterturiko parametro denetan. Bertako ilarrek berde kolore erakargarria dute, ukitu samurra eta intentsitate ertaineko zapore atsegina. Bonduelleko ilarrak berde kolore ez biziegia du, asetzeko moduko zapore eta ukituez osatua dagoela. Heroko ilarraren berdetasunarekin batera, zaporea eta ukitu guria nabarmendu ziren. Martínez markakoetan kolorea eta zapore bizi eta gazia dira azpimarratzeko modukoak, ukitze-alorrean erdiparetik gora igo ez diren arren. Gutxien gustatu den lagina, askozaz ere, Molinera izan da: puntu bakar bat baizik ez, bertako ilarren zapore ahulak “ekosari gordina” gogorarazten baitzuen. Aleen gogortasunak ere balorazio txarra eraman zuen.

Laginik garestiena da Molinera: 547 pezeta kilo garbiko, hiru latako multzotan salgai dagoena. Hurrena Rombo d’Oro datorkio (460 pezeta kilo garbiko): dastaketan gehien gustatu zirenetako bat izaki, akatsen ugaria medio, Bigarren kategoriakotzat jo beharra dago. Gainontzekoak kiloko 400 pezetaz behetik dabiltza, denetan Martínez delarik merkeena (233 pezeta kiloko). Kalitate-prezio erlaziorik hoberena ere marka honek eskaintzen du. Bonduelle, garestixeago bada ere, aukera interesgarria da.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Latan kontserbatutako ilar “finen” bost lagin aztertu dira, pisu desberdinetakoak: Bonduelle, Conservas Martínez, Hero, Rombo d’Oro eta Molinera. Herok eta Rombo d’Orok. Garestienak Molinera eta Rombo d’Oro dira: 547 eta 460 pezeta kilo garbiko; gainontzekoak 233 (Martínez, merkeenak) eta 389 pezeta artean dabiltza.
  • Hero eta Rombo d’Oro Estra kalitatekotzat agertzen diren arren, bertako ilar akastunen (kolorez, ukituz, patsez, orbanez edota ale txikitu, zanpatu nahiz azalgabetuak) kopurua medio, Heroren egiazko kategoria Lehena da eta Rombo d’Oro markakoarena, okerrago oraindik, Bigarrena.
  • Bonduellek ez du bere kategoriaren (Lehena) aipamenik egiten, nahiz datu hau derrigorrez adierazi behar den. Martínez eta Molinera ere Lehen kategoriakoak dira, eta horrelaxe adierazten dute.
  • Beste irregulartasun bat: etiketaren arabera, lagin guztietako ilarra “finak” dira, onenak. Baina egiazko kalibreak egiaztatu duen bezala, Herokoak “ertainak” dira eta Molinerakoak, “handiak”.
  • Ekosari edo lekale hau (ilarra ez baita barazkia) elikagai interesgarria da: ez du gantzik, ez kolesterolik ere, kaloria gutxi aportatzen du eta zuntz-, bitamina- eta mineral-iturri oparoa da, proteina eta karbohidrato ugari dauzkalarik.
  • Dastaketan gehien gustatu direnak, Bonduelle eta Rombo d’Oro, ilarrik txikienak dira. Kalitate-prezio erlazio hoberena Martínez dugu: ilarrik merkeenak izaki, dastaketan aprobatu dute eta bere kategoria eta kalibrea bat datoz etiketan agertzen denarekin. Bonduelle ere aukera interesgarria da.

Bannan-bannan

Latako ilar-markak, banan-banan

Conservas Martínez

  • Pisu garbia: 390 gramo. Pisu xukatua: 250 gramo.
  • 233 pezeta kilo garbiko eta 364 pta. kilo xukatuko. Kalitate-prezio erlaziorik onena.
  • Kalitatean irregulartasunik ez. Lehen kategoriakoak. Kalibrea: finak. Gatza, %0,7.
  • Dastaketan, 5 puntu: “berde kolorekoak, zapore bizi eta gazia, ukitu ertaina”.

Bonduelle

  • Pisu garbia: 400 gramo. Pisu xukatua: 280 gramo.
  • 300 pezeta kilo garbiko eta 428 pezeta kilo xukatuko. Aukera interesgarria. Lehen kategoriakoak dira baina, derrigorrezkoa den arren, ez du adierazten etiketan horrelakorik.
  • Kalibrea: finak. Gatza: %0,6. Dastaketan, 6 puntu: “berde kolore ez oso bizia, gustuko zaporea, ukitu samurra”.

Rombo d'Oro

  • Pisu garbia: 390 gramo. Pisu xukatua: 250 gramo. 460 pezeta kilo garbiko eta 726 pezeta kilo xukatuko.
  • Irregulartasun bat: Estra kategoriakotzat agertzen delarik, Bigarrenekoa da.
  • Kalibrea: finak. Gatza %0,2, gutxien dutenak.
  • Dastaketan, 6 puntu: “berde kolore erakargarria, gustu oneko eta erdipareko intentsitateko zaporea, ukitu samurra”.

Hero

  • Pisu garbia: 185 gramo. Pisu xukatua: 120 gramo.
  • 389 pezeta kilo garbiko eta 600 pezeta kilo xukatuko. Bi irregulartasun: Estra kategoriakotzat agertu baina Lehenekoak dira; kalibrez “finak” direla adierazten du, baina “ertainak” dira.
  • Gatza: %0,6. Dastaketan, 5 puntu: berde kolore bizi-bizia, zapore bizia, ukitu samurra”.

Molinera

  • Hiru latako lotea. Bakoitzaren pisu garbia: 80 gramo. Pisu xukatua: 60 gramo. 547 pezeta kilo garbiko eta 729 pezeta kilo xukatuko.
  • Aukera okerrena. Kategoria: Lehena. Irregulartasun bat: kalibrez “finak” direla adierazten badu ere, “handiak” dira aleak.
  • Gatza: %0,6. Dastaketan, oso gaizki, puntu bakar bat: “zapore urria, oso gogorrak”.