Etxez etxeko laguntza

Adinekoen zerbitzutarako profesionalak

Zaharren zaintzaileen %80 kontraturik gabe ari dira lanean eta ez daude lanbidean behar bezala jantzirik
1 otsaila de 2008

Adinekoen zerbitzutarako profesionalak

“Inon baino hobeto, etxean”: horra hor zahar askoren lema. Horixe egia bihurtzen ahalegintzen dira etxez etxeko laguntza eta tele-artapen zerbitzuak. Adituak bat datoz: zaharra egoitza batean sartzeak sustraigabetze emozional latza ondoriozta dezakeenez, betiko etxebizitza utz ez dezan (edo bertan ahalik eta luzaroen bizi dadin) komeni izaten da. Betiko habian zahartu nahi dute gure aitona-amonek, betidanik inguruan izan dituzten pertsona eta gauzekin.

Pertsona zaharrez arduratu dena senide bat izan da tradizioz, emakumea gehienbat. Orain, etxetik kanpoko lanean sartu denez, panorama bestelakoa da eta horrek errealitatea aldarazi du: zahar asko egun osoan kasik bakarrik daude beren etxean edo bakardadean bizi dira: kezka-iturri da hori, bai zaharrarentzat, bai ahaideentzat ere. Zaharrak ondo bizi daitezen arduratze horrek esan nahi du familiak edo beste norbaitek planifikatu eta giza baliabideez gainera, bitarteko sozial, ekonomiko eta afektibo asko ere dantzan jarri behar direla.

Espainian 1.700.000 pertsona zahar mendeko omen daude: horietatik milioi batek laguntzaren premia dute, astean behin gutxienez; milioi erdiak egunero eta laurdenak inguru egunean hiru orduz, bederen. Espainiako Edad y Vida Institutuak egin duen “Zaharrek non eta nola bizi nahi duten” ikerlanaren arabera, 55 urtetik gorakoen %78k, mendekotasunik nozitzekotan, ohiko etxebizitzan etxez etxeko artapen-zerbitzuak jasotzea nahiago luke. Hori dela eta, etxez etxeko zerbitzuek autonomiarik galdu duen pertsona laguntzen ahalegintzen dira, bai osasun alorretik, baita galdutako gaitasun edo premiak aldatzeko ere. Ematen diren zerbitzuak arlo eta era guztietakoak dira: higiene pertsonala egiteko laguntza, mugitzeko eta elikatzekoa, etxea garbitzekoa, janaria prestatzekoa, etxetik kanpo gestioak egiteko artapena, laguntza, etc. Ordutegi eta egutegiak ere, neurri-neurrirakoak: astean pare bat orduz, gutxienez eta, behar izanez gero, egunero 24 orduz. Prezioak ere aldatzen dira baina zerbitzu horren balio behinena, beharra duenari ematen zaion laguntza pertsonal, psikologiko eta sozio-sanitarioa da.

Etxez etxeko laguntzaren helburuak
  • Autonomiaz aritzeko eragozpenak dituzten pertsonei eta senitartekoei beharrezko laguntza ematen die.
  • Endekapen pertsonal eta sozialeko egoerak prebenitzen ditu.
  • Autonomia-galera prebenitu eta orekatzen du, eguneroko jarduerak egiteko edo ingurunea bizigarritasun-baldintza egokietan mantentzeko laguntza emanez.
  • Eguneroko bizimoduan autonomia handiagoarekin bizitzea ahalbidetzen duten trebeziak eskuratzea errazten du.
  • Ohiko elkarbizitza-ingurunean integratzea ahalbidetzen du.
  • Isolamendu eta bakardade-egoerak saihesten ditu.
  • Artapen-sare naturala osatzen duten pertsonentzat ere lagungarria da.
  • Zaharrak egoitzan sartzea geroratzen edo saihesten du.
  • Bestelako zerbitzu batzuen esku-hartzea beharrezkoa izan daitekeela ohartarazten du.

Zerbitzu-hornitzaileak

Etxez etxeko laguntza herri administrazioen eskuduntzakoa izanik (udalena, eskuarki), erakunde horiek beraien zerbitzuen bitartez edo itundutakoekin dihardute lanean. Bigarren kasuan, hitzarmenak enpresa pribatuekin, lan elkartuko kooperatibekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin (Caritas, Gurutze Goria, etab.) sinatzen dira. Zerbitzu hori eskatzeko, normalean interesatua bizi den herriko udalera jo behar da; bertan, zerbitzua jasotzeko nolako baldintzak bete behar diren eta nola ematen den azaltzen zaio eskatzaileari. Baldintza horiek aldatu egiten dira egoera ekonomikoaren, autonomiaren, laguntza eman dezaken senitartekorik izatearen eta beste hainbaten arabera. Zenbaitetan zerbitzua doan ematen da eta bestetan onuradunak diru-kopuru bat ordaindu behar izaten du, pentsioaren eta egoera ekonomikoaren arabera. Enpresa pribatura jotzen duenak, berriz, laguntza-orduko tarifa finko bat ordaintzen du.

Zerbitzu hau, beraz, erakunde pribatuek eta publikoek ematen dute. Pribatuek ematen dutenean, adineko pertsonentzako zerbitzua izatearren, dagokion autonomi erkidegoak emaniko baimen administratiboa eduki behar dute.

Zerbitzua arautua eta kontrolatua dagoen arren, aurrezkirik egiteko asmoz jende askotxok pertsona partikularren zerbitzuak kontratatzen dituzte baina laguntzaile horiek ezezagunak dira, gehienetan. Pertsona hauek, etxez etxeko laguntzaren itxura eginez, zaharra zaindu eta laguntzeko eskaini ohi dute beren burua. Datuek ez dute duda-izpirik uzten: zaharren zaintzaileen %80 inguru kontraturik gabe eta lanbide-prestakizunik gabe ari dira lanean

Etengabe hazten ari den sektorea

Etxez etxeko artapen-zerbitzuen merkatua izugarri handitu da aspaldi honetan, mendekoak diren pertsona zaharren ugaltzearekin bat eta, esan gabe doa, etxez etxeko laguntza eta tele-artapen zerbitzuen estaldura-maila areagotzeko herri administrazioek erakusten duten interesaren arabera.

Sektorez sektoreko eta lehiari buruzko azterketetan espezializatutako DBK enpresak 2006an egin zuen “Servicios Asistenciales a Domicilio” azterlanaren arabera, etxez etxeko artapen-zerbitzuen merkatuko balioa 740 milioi euro izan zen, hau da, aurreko urtekoa baino %16 handiagoa, erabiltzaileen kopurua ere hazi egin baitzen. Zerbitzu-moten arabera, etxez etxekoa %16 handitu zenez, 655 milioi euroraino iritsi zen. Segmentu hauxe izan zen garrantzitsuena, merkatu osoaren %88ko partaidetza bete baitzuen; gainerako %12 tele-artapenak hartu zuen (85 milioi euro 2006 urtean). Segmentu honek, berriz, dinamismo bizkortasun handiagoa erakutsi zuenez, %21eko gehikuntza izan zuen.

2006 urtearen kondarrean sektore honetan sei mila enpresak ziharduten: herrian herrikoak edo, gehienez ere, lurraldean aritzen ziren tamaina txikikoak ziren gehienak eta gainerakoak irabazi asmorik gabeko organismoak. Fakturazio-alorretik lehen bostek -Cruz Roja, Eulen Servicios Sociosanitarios, Mapfre Quavitae, Clece eta ASISPA- merkatuaren %33 bildu zuten.

2008 urtean erabiltzaileen kopurua %16-17 inguru ugalduko dela aurreikusten da; horrela, etxez etxeko artapen-zerbitzuen erabiltzaileak 985.000 izango dira.

Laguntzarik egokiena kontratatzeko aholkuak
  • Kontsulta ezazu hainbat enpresatan, konparazioak egin eta zerbitzurik egokiena aukeratu ahal izateko.
  • Egin iezaiezu bidezko deritzozun galdera oro.
  • Joan zaitez gizarte eta zahartzaro alorretako espezialistengana, aholku egokia eman diezazuten eta etxez etxeko laguntza-gaietan (erakunde pribatu eta publikoetan) dituzun aukerez informa zaitzaten. Eska iezaiozu aholkua zeure barruti edo osasun-zentroko gizarte-langileari erregistroetan agertzen diren etxez etxeko laguntzan diharduten enpresez.
  • Kontuan izan etxez etxeko laguntza ez dela etxeko zerbitzua: horren eginkizun behinena zaharra artatzea da. Enpresa batzuek, hala ere, bi aukerak ematen dituzte. Galde ezazu xehetasun guztiei buruz, nolako zerbitzua behar duzun argi eta garbi jakin dezazun.
  • Ziurta ezazu pertsonala kualifikatua dagoela eta adineko pertsona artatzeko behar den eskarmentua daukala. Laguntzaile horren profesionaltasunaz zalantzarik baduzu, eska iezaiozu trebatze-titulua.
  • Egiazta ezazu zerbitzua emango duen enpresa autonomi erkidego horretako gizarte-zerbitzuen kontseilaritzaren baimena daukala.
  • Mesfida zaitez helbidea edota telefono finkoa ematen ez duten enpresez.
  • Irakurri arretaz kontratua, gerora arazorik sor ez dadin. Begira ezazu zein prestazio sartzen diren zerbitzuan eta zein ez. Eska ezazu (behin eta berriz, beharrezkoa bada) eman beharreko zerbitzuak idatziz azal diezazkizuten, bere ordutegi, aurrekontu eta guzti.
  • Eska ezazu faktura, zenbakia eta enpresaren IFK eta helbide soziala agerian dituena.
  • Mesfida zaitez, etxez etxeko laguntzaile itxurak eginez, pertsona zaharrarekin bizitzeko, laguntzeko eta artatzeko bere burua eskaintzen duten partikularrez. Kontuan izan etxez etxeko laguntza hori emateko pertsonak prestakuntza profesionala eduki behar duela, zerbitzu hori ezin da edonoren eskuetan utzi, adineko pertsonak bere etxean gustura eta ongi babestua egon behar baitu.
  • Kontuan izan: etxez etxeko laguntzaileak ezin dezake injekziorik jarri, sendaketarik egin, zundarik maneiatu.

Tele-artapena, etxez etxeko bestelako laguntza

Tele-artapenari esker adin handiko pertsonari eguneko 24 orduetan laguntza eman dakioke: eskuturrean edo lepotik zintzilik daukan mikrofono baten bitartez pertsona zaharrak premia duen horretan laguntza emango dion sorospen-telefono batekin komunikatu ahal izango du. Horrela, larrialdirik -erorikoa, ezbeharra, etab.- gertatzekotan, laguntza berehala emango zaio behar duenari. Zahar askok informazioa eskatzeko edota, bakarrik sentitzen direnean, berriketan aritzeko sakatzen dute botoia. Enpresek, bere aldetik, kortesiazko deiak egiten dituzte tarteka eta agendaz gogoratzeko zerbitzua ematen diote premia duenari, botika hartzeaz edo senidea urteurrenagatik zoriontzeaz oroit dadin. Sistema hau onuragarria da, bakarrik bizitzea deliberatu duen adineko pertsonari segurtasuna ematen diolako. Espero gabeko krisialdirik egokitzekotan, beti da hor laguntzeko pronto dagoen norbait.

Tele-artapen zerbitzua bi bidetatik eska daiteke: publikotik eta pribatutik. Lehen kasuan udaleko gizarte-zerbitzuetara jo behar da. IMSERSO-ren azken datuen arabera, 2006 urtean tele-artapena 150.000 pertsona inguruk erabili zuten: horien erdiak 80 urtetik gorakoak ziren eta hiru laurdenak, emakumezkoak. Aurten, tele-artapen zerbitzua finantzatzeko antolatu den aurrekontua 38,5 milioi euro da, hots, 2007an baino %32 handiagoa; horrekin, ia-ia 200.000 erabiltzaileri laguntza eman ahal izango zaie.

Zerbitzu honen kostua autonomi erkidego batetik bestera aldatu egiten da baina batez bestekoa 21 euro da, hilean. Tele-artapen pribatua jasotzeko hilean 40 euro ordaindu behar dira eta, horri, aparatuaren kostua (350 euro, batez beste) erantsi behar zaio.

Mendekoentzako laguntzak 2008an

Espainiako Gobernuak 2008an 900 milioi euro bideratuko ditu Mendekotasunaren Legea aplika dadin; diru-kopuru hori 2007koa baino %118 gehiago da, Estatuaren Aurrekontu Orokorren Lege Proiektuan agertzen den bezala.

2007an (legea iaz aplikatu zen estreinakoz), mendekotasun handia nozitzen zuten pertsona guztiak legezko onuradunak izan ziren. 2008tik aurrera eskubide unibertsal hori 2. mailako mendekotasun larria nozitzen dutenengana ere hedatuko da. Egoera horretan dauden herritarrek tele-artapena eta etxez etxeko laguntza jasoko dituzte, besteak beste. Zerbitzu horien eta bestelakoen eskaintza publikorik ez izatekotan, baliteke aipatu mendekotasun horiek nozitzen dituzten pertsonek ordezko prestazio ekonomikoak jasotzea.

Zerbitzua merkatu pribatuan hartzeko hileko laguntza ekonomikoa
Mendekotasun handia Mendekotasun larria
2. maila 811,98 euro 450 euro
1. maila 608,98 euro
Familia ingurunean zaintza hartzeko hileko laguntza
Mendekotasun handia Mendekotasun larria
2. maila 506,96* euro 328,36* euro
1. maila 405,99* euro

*Diru-kopuru horiei 153,93 euro erantsi behar zaizkie; hori da Estatu espainiarrak bere egiten duena, Gizarte Segurantza eta Prestakuntzarako eginiko kotizazio modura.

Horretarako familia eta gainerako alorretako baldintza egokiak betetzen direnean eta salbuespen gisa, onuradunak aukeratu ahal izango du bere famili ingurunean artatua izatea; horrelakoetan, zaintzaileak konpentsazioa dirutan jasoko du. Laguntza hori jaso ahal izateko, zaintzaileak Gizarte Segurantzan alta eman beharko du.

Enpresa espezializatuak Partikularrak Erakunde ofizialak
(Udal, diputazio, etab.)
10 – 14 euro orduko 7 – 10 euro orduko 0 – 13 euro orduko Elkarbizitza-unitatearen “per capita” errentaren arabera
EMATEN DIREN ZERBITZUAK

  • Pertsonalak
    • Higienea, garbitzea, janztea
    • Etxe barnean mugitzen laguntzea
    • Elikadura eta botiken jarraipena
    • Elikagaia hartzen laguntzea.
  • Zaintza bereziak
    • Mugikortasuna eta postura-aldaketak (eskarak prebenitzea).
    • Ohea egitea, gaixoa bertan datzala.
    • Higienea, fardelen eta bestelako materialen maneiua.
    • Kolektore eta poltsak aldatzea.
    • Mugitu ezin daitezkeen gaixo oheratuen higiene pertsonala
    • Elikadura berezia.
    • Botiken zaintza.
    • Sendagilearen azterketa eta hitzorduak kudeatzea.
  • Etxe barnekoak
    • Etxebizitza eta egunero erabiltzen diren gauzak garbitu eta antolatzea
    • Arropa ikuzi eta lisatzea.
    • Elikagaiak erosi eta prestatzea.
    • Erosketak egitea.
    • Etxetresnak eta kalefakzio-sistemak baliatzea.
  • Pertsona-artekoak
    • Etxetik kanpo kudeaketak egitera laguntzea edo, beharrezkoa bada, laguntzaileak egitea.
    • Etxetik kanpo mugitzen laguntzea (paseoak), adineko pertsona ohiko ingurunean integratzea bermatzeko.
    • Komunitateko jardueretan eta familia edo gizartearekiko harremana errazteko laguntza.
    • Prentsa irakurtzea.

Interesik duen edonork zaharren zaintzaren gaineko informazioa zabaldu nahi badu CONSUMER EROSKI-ren “Cómo atender mejor a nuestros mayores” gida praktikoa eskura du www.mayores.consumer.es helbidean.