Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

^

EGUZKITAKO BETAURREKO GUZTIEK EZ ZAITUZTE BABESTEN

KARRATUAK, HEGAZKINLARI BESOEKIN. BIRIBILAK EDO ANGELUZUZENAK. AZETATOZ EGINAK EDO RETRO ERAKOAK. MONTURA EDO ARMAZOIA BEKAINEN LERROAN BAKARRIK DAUKATENAK (BROWLINE ESATEN ZAIENAK) EDO BATERE GABEAK. EGUZKITAKO BETAURREKOEK DISEINU ERAKARGARRIAK IZATEN DITUZTE BEREN BERTSIO UGARIETAN. BAINA BEGIEN OSASUNA ARRISKUAN JAR DEZAKE EGOKIAK EZ DIRENAK HAUTATZEAK EDO ITSAS PASEALEKUAN HOMOLOGATUTA EZ DAUDEN BATZUK EROSTEAK. ADITUEK OHARRA EGITEN DUTE: EGUN LAINOTU EDO EURITSUETAN ERE, EGUZKIAREN ARGIAK KALTE HANDIA EGIN DIEZAIEKE BEGIEI.

 

Gure begiek kezka sortzen digute eta datuetan ere ikusten da hori: Espainiako Estatuko herritarren %66 oftalmologoarengana joaten dira urtean behin gutxienez, halaxe dio Begi Osasunaren Liburu Zuria 2019 izeneko dokumentuak. Zazpitik batek, gainera, are maiztasun handiagoarekin aztertzen ditu begiak, sei hilean behin, eta herritarren %5 bakarrik joaten da kontsultara arazoren bat sumatzen duenean bakarrik. Batzuetan, ordea, ez gara jabetzen argiak zer-nolako kaltea egin diezaiokeen gure ikusmenari. Espainian saltzen diren eguzkitako hiru betaurrekotatik batek ez ditu gainditzen beharrezko kontrolak, eta ez daude homologatuta. Bazarretan erosten ditu jendeak, azoketan... Ez saltoki ofizialetan edo optiketan, beti egin behar genukeen bezala.

Eguzki ordu asko izaten ditugu gure inguruan (urtean 1.600 eta 2.000 artean direla dio Espainiako Geografia Institutuak), eta larruazala ez ezik, begiak ere babestu egin behar dira: egin ezean, arazoak ager daitezke. "Epe luzera, zuzeneko argia arrisku faktore bat da kataratak ager daitezen, baina baditu berehalakoagoak diren eragin kaltegarriak, adibidez korneari erasaten dion konjuntibitisa (karatitisa) eta begietako gorritasuna", ohartarazi du Gema Yuntak, Optikari-Optometristen Espainiako Elkargoko bozeramaileak (CNOO). Betaurrekoak ez dira jolaserako osagarriak edo itxura hobea edo kaskarragoa ematen digutenak. Eta denak ez direnez egokiak, aztertu egingo dugu zeri begiratu behar zaion eguzkitarako leiar on batzuk aukeratzeko kalitate berme guztiekin.

ADI IZPI ULTRAMOREEKIN (UV).

Leiarrek xurgatu egin behar dute argia eta saihestu egin behar dute begiak itsutzea, baina horretaz gain, iragazi eta desagerrarazi egin behar dute eguzkiaren erradiazio ultramorea, zeina espektro ez-ikusgarrian erortzen den. Kolore batekoak edo bestekoak izan, leiar on batzuek blokeatu egin behar dute UVA eta UVB izpi guztien sarrera (400 nanometrotik beherako uhin luzera daukaten uhinena). Ezaugarri horri UV400 iragazkia esaten zaio, eta betaurreko homologatu gehienek izaten dute. Hori bai, informazioa ez da egoten armazoian edo leiarretan grabatua: eranskailu batean edo betaurrekoek dakarten eskuorrian joan ohi da.

ILUNA IZATEAK EZ DU ESAN NAHI BABESTEN DUENIK.

Jende batek uste izaten du beira beltz edo opakuak hobeak direla argiak baino, baina leiarraren koloreak ez du eraginik babes mailan: "Babestu iragazkiak egiten du, ez koloreak edo tinduak", ohartarazi du Yuntak. Hain zuzen, badira UV izpien aurkako iragazki gardena duten betaurreko graduatuak. Hartu kontuan azoka batean betaurreko ilunak erosita arrisku gehigarri bat hartzen duzula: hobeto ikusi nahian, zure begi ninia gehiago dilatatuko da eta argi gehiago sartuko da begietan (eta UV izpi gehiago); horren ondorioz, hanpatu egin daitezke konjuntiba eta kornea. "Betaurreko txar batzuk kalterako izaten dira: hobe da batere ez eramatea homologatu gabe daudenak hautatzea baino", aholkatu du optometristak.

NESKA-MUTIKOEN BEGIRADA.

Haurretan are beharrezkoagoa da eguzkitako betaurreko homologatuak erabiltzea, haien begiak garapen betean daudelako eta kristalinoa guztiz eratu gabe daukatelako (berezko babes gisa jokatzen du). "Haurrek hondartzan erabili behar dute, mendian edo parkean denbora asko eman behar dutenean; baina neurrian hori ere, zeren modu jarraituan erabiliz gero, gerta baitaiteke fotofobia sortzea edo argiarekiko sentiberatasun muturrekoa", adierazi du optikari-optometristak.

Betaurrekoak ez badira onak, hobe ez jartzea (helduekin gertatzen den bezala). Iragazki homologatua eduki behar dute, eta aukera izaten da armazoi organiko bat jartzeko, arinagoa eta sendoagoa. Haurtxoetan, berriz, haien begiek sekula ez lukete jaso behar eguzkiaren argia zuzenean, eta, beraz, txanotxoekin edo eguzkitako babesekin estali behar dira

GARESTIAGOA BETI EZ DA HOBEA.

Leiarren iragazkiak erabakitzen du betaurrekoen kalitatea, ez diseinatzailearen izenak. "100 euroko batzuek ez dute zertan izan hobeak edo gehiago babestu 40 euro kosta diren batzuek baino, zeren askotan armazoiak garestitzen baitu prezioa", nabarmendu du Yuntak. Hori bai: joan zaitez beti optika ofizial batera, eskatu aholkua profesional bati eta aztertu ongi iragazkiaren maila, ez baitu izan behar 3tik beherakoa (ikus 45. orriko koadroa). Horretaz gain, eskuorri bat ere eduki behar du eta hor agertu behar dute haren ezaugarriek eta gordetzeko eta garbitzeko aholkuek (ura, xaboi neutroa eta gamuza erabiliz, leiarra ez dadin marratu).

EZ DAGO "OROTARIKO" BETAURREKORIK.

Nahiz eta tentagarria den, "ez dago betaurreko bakar bat egoera guztietan erabiltzeko", ohartarazi du optikari-optometristak. Gehien hurbiltzen zaion aukera 3. mailako leiar bat erabiltzea da, baina horiek, adibidez, ez dira aski elurretarako edo udan hondartzara eramateko, argia gainazal distiratsuetan islatzen denean handitu egiten delako izpien indarra eta horiek begietan duten eragina. Egoera horietan, 4. mailako iragazki bat behar izaten da. Dena den, gidatzeko nahiko bazenitu, iragazki hori ez litzateke egokia izango, tindua opakuegia baita; askoz hobe da 0tik 3ra bitarteko leiar bat aukeratzea. Laburbilduz: gidatzeko behar badituzu eta, gainera, mendira eta hondartzan bainu bat hartzera joatea maite baduzu, eguzkitako bi betaurreko beharko dituzu gutxienez, 3. mailako leiarrarekin bat eta 4. mailakoarekin bestea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto