Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

^

IZOZKIAK: JARRI MUGA TENTALDIARI

ZER DA HOBEA, IZOTZEZKOA EDO ESNEZ EGINA? IZOZKIAK DIRA JAUN ETA JABE UDA GARAIAN, BAINA HAIN OSPETSUAK IZANIK ERE, JENDERIK GEHIENAK EZ DAKI EGIAZ ZER DAUKATEN.

 

Izozkien kontsumoa gero eta gehiago zabaltzen ari da urte sasoi guztietara, nahiz eta oraindik ere oso lotua dagoen urtaro jakin bati. Jakina den bezala, produktu horiek uda garaikoak izaten dira nagusiki, eta jende askok beroari aurre egiteko hautatzen ditu, gehienbat hondartzara, igerilekura eta aire zabaleko beste leku batzuetara joaten direnean. Etxetik kanpo jatea oso ohikoa den arren, etxean bertan egiten da kontsumoaren zatirik handiena, %83a zehazki, halaxe dio Elikagaien Kontsumoari buruzko Txostenak, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2017. urtean egin zuenak.

Ikerketa horretan ageri denez, pertsona bakoitzak 3,9 kilo edo litro izozki hartzen ditu urtean, nahiz eta beste txosten batzuetan 6 kiloko/litroko zifra ematen duten, adibidez Esne Produktuen Nazioarteko Erakundeak egindakoan. Izozkien kontsumoa zenbatekoa den zehazten hasitakoan, ez da erraza izaten balorazio bat egitea eta estatistikak alderatzea, beti ez baitira irizpide berak erabiltzen.

Ikerketa batzuek, esaterako, litrotan ematen dituzte zifrak, eta beste batzuek, berriz, kilotan, eta horrek garrantzi handia du, zeren izozkien dentsitatea asko aldatzen baita osagaien eta egituraren arabera, eta, ondorioz, gerta daiteke produktu batek bolumen handia edukitzea baina pisu gutxi, eta alderantziz ere bai (aurrerago ikusiko dugu hori). Badago beste alderdi bat ere kontuan hartzekoa: izozki mota bat baino gehiago dago, eta beti ez dira guztiak kontuan hartzen kontsumoa neurtzeko garaian.

IZOZKI GUZTIAK EZ DIRA BERDINAK.

 

Puntu honetara iritsita, izozkien artean dagoen sailkapena aurkeztea da hurrengo pausoa, Espainiako legediak ezartzen dituen irizpideak kontuan hartuta. Sei mota bereizten dira, eta bakoitzak zernolako ezaugarriak dituen jakinda, hobeto hautatu ahal izango dugu:

  • Kremazko izozkia. Esne jatorriko koipekiarekin egiten da, adibidez esne- gainarekin edo gurinarekin (%8 gutxienez) eta esnearen proteinekin (%2,5 gutxienez). Sail horretakoak dira Nuii bonboi almendraduna eta Magnum Almond eta HäagenDazs terrinak.
  • Esnezko izozkia. Esnearekin egina da, eta gutxienez %2,5 eduki behar du esne jatorriko koipekia eta %6 esne estraktu lehorra (adibidez, esnearen proteinak).
  • Esnezko izozki gaingabetua. Aurrekoa bezalakoa da, baina esne gaingabetuarekin egina. Gutxienez %0,3 eduki behar du esne jatorriko koipekia, eta esne estraktu lehorra, berriz, %6 gutxienez.
  • Izozkia. Esnearen proteinekin eta koipekiarekin egiten da; azken hori jatorri batekoa baino gehiagotakoa izan daiteke, eta, gutxienez, %5 eduki behar du. Supermerkatuetan dauden izozkirik gehienak sail honetakoak dira, eta baita gida hau egiteko aztertu ditugun gehienak ere.
  • Urezko izozkia. Gutxienez, %12 izaten du estraktu lehorra guztira, edo bestela esanda, ura %78 gehienez. Sail horretan sartzen dira Colajet, Frigo Chuches eta Eroskiren Minipolo laranja-limoia.
  • Sorbetea. Gutxienez %15 izaten ditu frutak eta %20 estraktu lehorra guztira; hau da, asko jota, ura %80 izaten du. Sail horretakoa da Eroskiren limoizko sorbetea.

Zertaz ari garen hobeto ulertzeko, bi multzo handitan sailkatu ditzakegu izozkiak. Lehenbizikoan, urezko izozkiak eta sorbeteak sartuko lirateke. Biek dauzkate osagai hauek, nagusiki: ura, azukrea, glukosa ziropa eta egonkortzaileak, eta sorbeteek zukua edo fruta ere izaten dute. Oinarrizko nahastura horri beste osagai batzuk eransten zaizkio, adibidez lurrinak edo koloratzaileak.

Bigarren multzoan esnez egindako izozkiak sartuko lirateke, eta osagai hauek izaten dituzte nagusiki: esnea, azukrea, glukosa ziropa, koipekia, egonkortzaileak eta emultsionatzaileak. Horiei beste osagai edo elementu batzuk eransten zaizkie, adibidez koloragarriak, lurrinak banillazkoa esaterako), fruitu lehorrak, zukuak, frutak, txokolatea edo gaileta.

ANALISIA

  Gida hau egiteko 24 izozki mota aztertu ditugu, markarik ezagunenetakoak. Zazpi multzo hauetan sailkatu ditugu: familia formatuko terrinak (Carte D'Or banilla eta Carte D'Or jogurta basafruituekin, Frigorenak, eta limoizko sorbetea, Eroskirena); terrina ertainak (Magnum Almond eta Magnum Double Chocolate Deluxe, Frigorenak, eta Häagen-Dazs makadamiako intxaurrekin, General Mills-ena); bonboi erakoak (Magnum Mini askotarikoa eta Magnum Double Chocolate, Frigorenak, Oreo eta Nuii almendraduna, Froneri etxekoak, eta Bonboi almendraduna, Eroskirena); kono erakoak (Chocolate Clásico, Frigorena, Extreme hiru txokolatekoa, Nestlé-rena, eta Esne-gain zaporekoa, Eroskirena); sandwich erakoak (Maxibon, Nestlérena, Oreo, Froneri-rena, eta Esne-gainezkoa, Eroskirena); haurrentzako modukoak (ColaJet eta Pirulo Mikolápiz, Nestlé-renak, FrigoChuches, Frigorena, eta FruitPops laranja eta limoia, Eroskirena); eta azken sailean, osasunarekin zerikusia duten alderdiak kontuan hartzen dituzten produktuak sartu ditugu, adibidez Mini erako bonboi almendradunak azukrerik gabe eta Mini bonboi almendradunak laktosarik gabe, biak Eroskirenak, eta Banillazko mini konoak azukre erantsirik gabe, Nestlé-rena. Izozki horiek aztertzeko garaian, ezaugarri bat baino gehiago hartu dugu kontuan, adibidez zer-nolako osagaiak erabili diren, nolako profila duten nutrizioaren ikuspegitik, zer prezio duten edo nolako informazioa ematen duten etiketan.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto