Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

AZUKREAREN MUGA GUZTIAK TRAGO BAKARREAN GAINDITZEN DIRENEAN

BEROAREKIN, NEURRIRIK GABE HANDITZEN DA EDARI AZUKRETSUEN KONTSUMOA. FRESKAGARRI LATA ASKOK AZUKRE KANTITATE HANDIAK IZATEN DITUZTE, OSASUNAREN MUNDU ERAKUNDEAK GOMENDATZEN DUENA HALAKO BI. HORI DELA ETA, EDARI HORIEK MAIZ HARTZEA DIABETESARI ETA BIHOTZ-HODIETAKO GAIXOTASUNEI LOTUA AGERI DA. ETA MITO BAT KANPORATU BEHARRA ERE BADAGO UDAKO DESHIDRATAZIOAZ ARI GARELARIK: BETI EZ DA AUKERARIK ONENA EDARI ISOTONIKOAK ERABILTZEA. ESPEZIALISTEN GOMENDIOA DA DIETATIK ERABAT BAZTERTZEA ETA EGARRIA ASETZEKO URA EDATEA.

 

Pertsona batek lata bat ireki eta freskagarri azukretsu bat edaten duen aldiro zazpi-zortzi azukre koskor hartzen ditu, markaren arabera. Egunean bi hartuz gero (nahiko ohikoa izaten da), urtearen buruan 5.475 azukre koskor metatu izango ditu gorputzak, 22 kilo azukre ia. Epe ertain eta luzean ondorio hondagarriak eragiten ditu ohitura horrek osasunean (milioika pertsonatan gainera). Medikuntzak ebidentzia argiak ematen ditu oso.

"Ikusi da karbohidrato sinple asko hartzeko joera duten pertsonak gizenagoak daudela, hipertentsioa eta hipertriglizeridemia izaten dutela, intsulinarekiko erresistentzia agertzen zaiela eta jaitsi egiten zaizkiela HDL mailak (kolesterol ona). Horrek guztiak izen bat dauka: sindrome metabolikoa, 2 motako diabetesa agertu aurreko fasea alegia", azaldu du Jose Lopez Mirandak, Ikerkuntza Biomedikuko Maimonides Institutuko zuzendariorde zientifikoak (Imibic), Kordobako Reina Sofía Ospitalekoak.

ONURARIK EZ.

Horixe gertatzen da gorputzean edari horiek maiz samar hartuta, baina pertsona baten osasuna arriskuan ote dago noizbehinka freskagarri azukretsu bat hartzeagatik? Medikuntzak horri erantzun bat eman ahal izateko, zehaztu egin beharko litzateke zer den "noizbehinka" hartzea, eta hori ezinezkoa da ia, zeren adituek dioten bezala, batere osasungarriak ez diren ohiturak zuritzeko erabiltzen baita, eta, egiaz, esaten den baino askoz handiagoa izaten da kontsumo maiztasuna.

Medikuntzak frogatu du, dena den, lata bat irekitzeak ez dakarrela inolako onurarik. Egia da kolazko edari batek zertxobait igo dezakeela arteria tentsioa, kafeinatik datozen suspergarriak dituelako, nahiz eta inondik ere ez den erabili behar tratamendu gisa; profesional batek esan behar du zer egin hipotentsioarekin. Era berean, edari isotonikoak ez dira komenigarriak beherako akutua tratatzeko, nahiz eta jende artean entzuten diren halakoak.

Egoera horietan, gorputzak ura eta potasioa galtzen ditu nagusiki, eta produktu mota horrek ia ez du izaten konposatu hori. Are gehiago, edari horiek hartuta, larritu egin daiteke arazoa. Hainbeste azukre daukatenez (4,4 gramo 100 gramo bakoitzeko), organismoak ura askatu behar izaten du, eta horrek gehiago okertu dezake beherakoa. Gaitz horiek agertzean, ahotik hartzeko gazurak dira aukerarik onena gorputza berriz hidratatzeko.

ESPAINIAN EDAN EGITEN DA AZUKREA.

Azken 20 urteetan, %8tik %14ra igo da diabetesa herritarren artean Espainiako Estatuan, eta horrek argi erakusten du edari azukretsuek eta gisako produktuek zer-nolako eragina daukaten osasun publikoan. Anibes izeneko ikerketak ondorioztatu zuenez (FEN Espainiako Nutrizio Fundazioak koordinatu zuen), "egunero hartzen ditugun edariek ematen digute guk barneratzen dugun azukrearen heren bat".

Herritarrek nolako kontsumo ohiturak eta bizi estiloak dituzten aztertzeko egin da ikerketa hori, eta zenbat makromantenugai eta mikromantenugai hartzen duten ikusteko (Espainian arlo horietan egin den handiena da), eta faktore bat nabarmentzen du besteen gainetik, Osasunaren Mundu Erakundeak egiten duen bezala: edari azukretsuen kontsumoa handitzea lotuta dago gero eta kalitate apalagoko dieta egitearekin, non bazterrean gelditzen ari diren osasunerako funtsezkoak diren elikagai batzuk, adibidez esnea. OMEk bere jarraibideetan dioenez, emaitza hau ekarri du joera horrek: "2 eta 18 urte arteko haurrak pisua hartzen ari dira".

ZENBAT AZUKRE EDATEN DUZU LATA BATEAN?

 

Ia freskagarri guztiek lata bakarrean daukaten azukreak gainditu egiten du Osasunaren Mundu Erakundeak egun osorako gomendatzen duen gehienezko kopurua. Azukre libreek ez lukete eman behar egunaren buruan hartzen ditugun kaloria guztien %10 baino gehiago, halaxe dio munduko osasun erakunde nagusiak. Horrek esan nahi du egunean 25 gramo baino gutxiago hartu behar lituzkeela 2.000 kaloria erretzen dituen heldu batek. Azukre koskorretara ekarrita (4 g azukre bakoitzak), egunean ez lirateke hartu behar sei baino gehiago. Ikus ezazu zenbat azukre daukaten edaririk ezagunenetako batzuek.

  • Red Bull (473 ml): 52 g
  • Coca Cola (330 ml): 35 g
  • Pepsi (330 ml): 35 g
  • TriNa (330 ml): 29,4 g
  • Fanta (330 ml): 28 g
  • Tónica Schweppes (330 ml): 27,7 g
  • Aquarius (330 ml): 26 g
  • Nestea (330 ml): 25,4 g
  • Shandy Cruzcampo (330 ml): 24 g
  • Alkoholik gabeko garagardoa (330 ml): 10,2 g

Egunean zenbat azukre hartzea komeni den gehienez (25 g). Iturria: Sinazucar.org

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto