Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

^

0 KILOMETROKO PRODUKTUAK: BETE EZAZU BILTEGIA HURBIL DAUKAZUNAREKIN

KONTSUMITZEN DIREN LEKUTIK AHALIK ETA GERTUENA SORTU DIREN ELIKAGAIAK DIRA HURBILEKO ELIKAGAIAK. IRAUNKORRAGOAK IZATEN DIRA, ARRASTO EKOLOGIKO TXIKIAGOA UZTEN DUTE, LAGUNDU EGITEN DUTE TOKIKO EKONOMIA ETA BIOANIZTASUNA... ETA, BATZUETAN, MERKEAGOAK IZATEN DIRA.

 

Etxe ondoko supermerkatura joan, eta ez litzateke harritzekoa izango Marokoko laranjekin, Kenyako ilarrekin, Argentinako xerra batekin eta Txinako baratxuriekin itzultzea. Ohiko kontua da ekonomia ireki batean eta banaketa sare globalak izanik. Baina kilometro gutxira abelgorri etxaldeak badaude, baratzeak eta lur landuak inguruko herritarren beharrizanak asetzeko, sasoiak sasoiko produktuekin, normala da auzoko jaki horiek nahiago izatea kanpotik edo herrialdeko beste muturretik heldu direnak baino.

Horrexetan datza ahalik eta produkturik hurbilenekoak erosteko joera. Hurbileko produktutzat hartzen dira saltzen diren tokitik 100 kilometrora baino gutxiagora ekoitzi direnak. Beste izen bat ere ematen zaie horiei, "0 kilometrokoak", eta azpimarratu egiten da zenbat eta ibilbide motzagoa egin orduan eta CO2 gutxiago isuriko dela atmosferara.

Distantziak batzuetan erlatiboak izaten direnez (berdura bat gertuko ustiategi batekoa izan daiteke, baina metodo kutsatzaileekin landua, eta beste bat urrutitik datorrena baina ekologikoa), aditu batzuek zorrotzago jokatzen dute, eta saltzen diren eskualdean bertan ekoitzitakoak bakarrik jotzen dituzte hurbilekotzat edo 0 kilometrokotzat. Kontuan izan behar da Jatorri Izenak eta Adierazpen Geografiko Babestuak beste gauza bat direla; horiek ere babestu egiten dute produktu batzuen kalitatea eta tokian tokiko ekoizpena, baina horiek gertukoak izango dira ekoitzi diren lekutik hurbil merkaturatzen direnean bakarrik.

Datuek diotenez, Europako Batasunean, nekazaritzako sei ustiategitatik batek zuzenean kontsumitzaileei saltzen die ekoizpenaren erdia baino gehiago. Halaxe ageri du Landagunea zure etxean izeneko ikerketak (2015), Pisako Unibertsitateak (Italia) eta Wageningen-ekoak egindakoak (Herbehereak)..

ZER-NOLAKO ABANTAILAK DITUZTE?

Etikoak eta ekologikoak dira.

Hurbileko elikagaiek askoz karbono arrasto txikiagoa uzten dute ehunka edo milaka kilometro egin behar dituztenek baino (gas kaltegarrien isuri gehiago sortzen dira ekoizpen eta banaketa prozesuan). Urtero, ordea, era guztietako produktuak iristen dira hainbat eta hainbat herrialdetatik. Alimentos Kilométricos izeneko txostenaren arabera (Vigoko eta Sevillako unibertsitateek eta Sevillako Pablo Olavide Unibertsitateak egina da Lurraren Lagunak GKEarentzat), 2011. urtean Espainiak 25,5 milioi tona elikagai inportatu zituen, eta, batez beste, 3.827 kilometroko bidea egin behar izan zuten eta 4,2 milioi tona CO2 sortu zituzten.

Elikagaiak multzoka hartuta, zerealak izan ziren 11,3 milioi tona (1,1 milioi tona CO2 eragin zituen horien garraioak); eta fruta, berdura eta lekaleak 3,9 milioi tona (964.000 tona CO2). Europako Batasunaren arabera, salgaien garraioak berak bakarrik berotegi efektuko gas isurien %20 eragiten ditu kontinentean.

Distantzia handiak egin behar direnean, bilgarri gehiago erabiltzen da eta, ondorioz, hondakin gehiago sortzen da. Hara eta hona ibilita, gainera, askoz elikagai gehiago galtzen da alferrik (erakunde ekologista batzuen esanetan, %30 ere bai). Arrisku erantsi bat: beste herrialde eta kontinente batzuetatik nekazaritzako produktuekin datozen edukiontzi handi horietan espezie inbaditzaileak ere etortzea, adibidez Asiako liztorra eta kakalardoa.

Tokian tokikoa zaintzen dute.

 

Etxaldeetan, kooperatibetan edo landaketa eremuetan ari diren ekoizle txikiek sustatu egiten dute enplegua eta ehun ekonomikoa, bereziki populazioa etenik gabe (eta agian modu itzulezinean) galtzen ari diren landa eremuetan. 0 kilometroko produktuak kontsumitzeak lagundu egiten du "landatartasuna mantentzen, eta horrek berekin dakar basoak babestea, bioaniztasuna zaintzea, arraza eta espezie begetal autoktonoei eustea eta erraztu egiten du jende gaztea bertan kokatzea", adierazi du Pedro Burruezok, The Ecologist aldizkariak Espainiarako eta Latinoamerikarako argitaratzen duen argitalpenaren zuzendariak (aldizkari hori orain dela lau hamarkada sortu zuten, Erresuma Batuan).

Europako Batasunean 12 milioi ustiategi daude nekazaritzari lotuak, eta gehienak familien ekimenak dira; horiek guztiek, beren lanarekin, lagundu egiten dute landa eremuen iraunkortasunari eusten, bai ikuspegi sozioekonomikotik eta bai ingurumenaren ikuspegitik ere, eta kate motzeko hornitzaileak izaten dira (nekazariek ia bitartekaririk gabe saltzen dituzte beren produktuak). Landagunea zure etxean izeneko ikerlana egin dutenen esanetan, "aukera horiek eta nekazaritzako beste ustiategi txiki batzuk munduko elikagaien %70 ingururen hornitzaileak dira gaur egun".

Gastronomia.

Nork ez du esan noiz edo behin "fruta honek edo tomate honek ez du ezeren zaporerik"? Segur aski, guztiz heldu baino askoz lehenago bildu dutelako izango da. Hurbileko produktu begetalak, aldiz, unerik egokienean eta beren sasoian bildu daitezke, salgai jarri aurretik ez dituzte izozten edo ez diete ematen beste tratamendurik, eta freskotasun handiagoa izaten dute. Eta hori nabaritu egiten da zaporean eta sukaldean.

Eta prezioa?

Hurbileko ekoizleek nabarmentzen dute, garraioan, bilgarrietan eta bitartekarietan gasturik egiten ez dutenez, eta sasoian sasoiko barazkiak merkaturatzen dituztenez (ugari izaten direnean eta uzta guztiari irtenbide bat eman behar diotenean), beren prezioak merkeagoak izaten direla. Baina hori ez da arau finko bat; izan ere, elikagai industrialek ere, bolumen handian datozenean, prezio lehiakorragoak izaten dituzte. Hurbileko zirkuituek, bestalde, beste arau bat ere izaten dute: prezioak bidezkoa izan behar duela onartzen da. Kontsumitzaileek, dena den, beste irizpide batzuk jartzen ditu prezioaren aurretik, adibidez ingurumenaren gaineko kontzientzia, produktuaren freskotasuna edo jaten dutena nondik datorren jakitea.

Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ere (MAPA) balio horiek nabarmentzen ditu: "Ekoitzi den lekuarekiko hurbiltasunak eta tokiko produktuen salmentak gero eta garrantzi gehiago dute. Gero eta gehiago, kontsumitzaileek zaporea bilatzen dute, tradizioa eta benetakotasuna, eta kalitatezko produktuak eskatzen dituzte, eta hurbilak ere bai, baina ez bakarrik inguru edo eskualde jakin batekoak, Espainiako produktuak ere nahiago izaten dituzte inportatuak baino".

Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Agentziak (AESAN), bestalde, lehentasun gisa jarri du "hurbileko elikagaien kontsumoa sustatzea". Hori lortzeko, bai Espainiako agintariek eta bai Europakoek "malgu jokatzen dute produktu mota horren ekoizpen eta merkaturatze baldintzekin, eta erraztu egiten dute, adibidez, zuzenean kontsumitzaileari saltzea ustiategian bertan edo tokiko merkatuetan. Gainera, produktu freskoak kontsumitzeak sustatu egiten du elikadura osasungarria".

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto