Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

^

ZIZKA-MIZKAK: MOKADUTXO GISA HARTZEKO BAINO EZ

OTORDU ARTEAN GOSEA ARINTZEKO ERABILTZEN DIRA, BAINA ZIZKA-MIZKA GUZTIAK EZ DIRA BERDINAK. KOMENI DA JAKITEA NOLAKO EZAUGARRIAK DITUZTEN ETA HORREN ARABERA AUKERARIK ONENA HAUTATZEA, BEREZIKI OSAGAIEI DAGOKIENEZ ETA EMATEN DUTEN KALORIA ETA GATZ KOPURUARI DAGOKIONEZ

 

Kontsumo ohiturei buruzko ikerketek diotenez, herritarrek gero eta ohitura gehiago dute otordu artean zerbait jateko. Jokabide horrek gizendu egiten duela esaten da eta ez dela ona osasunerako, baina, egiaz, jaten dugun elikagaiak nutrizioaren ikuspegitik daukan profilaren araberakoa da hori, hau da, elikagaia bera osasungarria den edo ez. Une horietarako aukeratzen ditugun mokaduen artean, batez ere zizka-mizkak egoten dira, gida honetan aztertu ditugunak bezalakoak, eta horrek azaltzen du azken urteetan zergatik igo diren hainbeste salmentak (bereziki deigarria da nacho esaten zaienen kasua, boladan jarri baitira saltsak eta beste prestaera batzuk laguntzeko: humusa, guakamolea...).

Baina produktu osasungarriak al dira? Galdera horri erantzuteko, dietaren arloko gidetan begiratu dezakegu. Espainiako Estatuan, elikagaien piramidea da ezagunena, zalantzarik gabe, Eroskirena adibidez, zeinak goiko muturrean kokatzen baititu, oso noizbehinka jan behar diren elikagaien multzoan alegia. Babes zientifiko handiagoa duten beste eredu batzuk aztertzen baditugu -adibidez, Modu osasungarrian jateko platera, Harvardeko Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolarena, edo Australiako Nutrizio Fundazioaren piramidea -, ikusiko dugu aperitibo horiek agertu ere ez direla egiten, eta hortik ondorioztatu dezakegu hobe dela ez jatea.

Hori argi edukita, kontuan hartu behar da beste gauza bat ere: zizka-mizka guztiak ez direla berdinak. Alde handiak daude horien artean, eta ongi aukeratzeko, komeni da alde horiek zein diren jakitea.

OSAGAI NAGUSIAK.

Kokatzen hasteko: esan liteke aperitibo horien osagai nagusia irin erako elementu bat izaten dela (patata izan daiteke, artoa edo beste zerealen bat), eta horri olioa eta gatza eransten zaizkiola. Formulazio erraz hori izaten dute, adibidez, Doritos Dippas, Nachos Veritas eta Chips EROSKI Sannia izenekoek. Oinarrizko formula horri beste osagai batzuk eranstea izaten da ohikoena, adibidez azukreak, lurrinak, koloragarriak eta bestelako gehigarri batzuk (halaxe gertatzen da guk aztertu ditugun produktuekin).

Aperitibo horiek zerekin eginak dauden jakiteko, etiketan bi alderdiri begiratu behar diegu. Lehenbizikoa produktuaren izena da, zeinak azalpen labur bat ematen duen; ontziaren atzeko aldean agertzen da gehienean, kontuan hartu behar den beste alderdiaren aurretik: osagaien zerrenda da beste alderdi hori. Errezeta nolako lehengaiekin egin den adierazten digu, eta bakoitza zenbateko kopuruetan daukan ere esaten du, bai gutxi gorabehera adierazita (gehien duenetik gutxien duenera agertzen dira), edo bai zehatz esanda ere (ontzian osagairen bat nabarmentzen bada moduren batean edo bestean, esan egin behar da zer kopurutan daukan).

Hortik ondoriozta dezakegu, adibidez, aztertu ditugun zizka-mizkarik gehienetan, osagai nagusia %60 eta %85 arteko proportzioan ageri dela; halaxe gertatzen da, adibidez, Cheetos Pandilla eta Cheetos Gustosines aperitiboekin, hurrenez hurren. Osagai nagusia nolako den (artoa, patata, garia, arroza, ilarra...) eta zenbateko proportzioan daukan, horren araberakoa izango da produktuaren itxura eta testura, eta baita zaporea eta nutrizio arloko ezaugarriak ere. Osoko zerealen irina kopuru aipagarrietan edukiko balu, produktu horrek zuntz kantitate adierazgarria izango luke. Horixe gertatzen da, adibidez, Sunbites Multicereales direlakoekin, non zuntza %6,6 den.

BETI EZ DA TOMATEA EDO GAZTA

Kasu batzuetan oso tentuz ibili behar dugu, batzuetan ontzian ageri diren irudi edo hitzek pentsaraz dezaketelako osagai bat nagusi dela (adibidez, "tomatea" edo "gazta" jartzen duenean), baina, egiaz, oso kopuru txikietan izaten du. Hori gertatzen da, adibidez, bi hauekin: Snatt's Natuchips tomatea, gazta eta oreganoa eta Snatt's Guisante snacs gazta eta aneta. Produktuaren izenari begiratzen badiogu, ikusiko dugu "zapore jakineko..." zizka-mizkak direla, eta osagaien zerrenda aztertzen badugu, ohartuko gara tomatea %0,8 dutela eta gazta %0,3. Hau da, zaporea edo lurrina emateko bakarrik erabiltzen dituzte.

ANALISIA

  Gida hau egiteko, 29 eratako aperitiboak aztertu ditugu, markarik ezagunenetakoak: Sunbites Multicereales itsas gatz ukituarekin, Doritos TexMex, Doritos Dippas Original, Lay's 3D's Bugles, Fritos BBQ, Cheetos Pelotazos, Cheetos Gustosines, Cheetos Pandilla, Lay's Poppables itsas gatza eta Lay's labean, Pepsico etxearenak: Snatt's Guisante gazta eta aneta, Glublins Barbacoa eta Papadelta Original, Grefusa etxearenak: Mios! Chips artoa eta tipula, Triskys original, Risketos original eta Palomitinas, Risi etxearenak; Palomitinas gurin zaporekoak, Guspitos, Pajitos patatarekin eginak eta Fantasinis, EROSKIrenak; Tejas eta Chips light, EROSKI Sanniarenak: Nachos natural, Veritas etxearena; Jumpers gurin zaporekoak, SYC Diversificación etxearena; Pringles original, Pringlesena; Chaskis, Facundorena, eta Superaspitos, Aspil etxearena.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto