Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

ETIKETA BERRIAREN EGIAK ETA MITOAK

NUTRI-SCORE IZENEKO ETIKETA SISTEMAK BOST KOLORE ETA BOST LETRA DARABILTZA, ETA ZALANTZAK SORTZEN DITU: NAHITAEZKOA AL DA? ELIKAGAI GUZTIEI EZARRIKO AL ZAIE? JORDI SALAS DOKTOREARI GALDETU DIOGU, LAN HANDIA EGIN BAITU METODOA EZARRI AURREKO IKERKETA FASEAN.

Ekoizleen trikimailuak

 

Etiketa hori ezartzeak zenbait zalantza sortu du, eta batek baino gehiagok adierazi du azukre asko duten produktu batzuek -adibidez, gosaritako zerealek - puntuazio hobea lortuko luketela zuntzarekin aberastuz gero edo fruta erantsiko baliete. Salasen iritziz, okerreko argudioa da hori. "NutriScore kalkulatzeko moduak bermatu egiten du azukretsuegia, gantzatsuegia, gaziegia edo kaloria gehiegikoa den elikagai batek ez diela etekinik aterako alderdi positiboei. Azukre eta/edo gantz gehiegi duten gosaritako zerealek ez dezakete emaitza hobetu zuntz dietetikoa edukitzeagatik, eta frutak, berdurak, fruitu lehorrak eta lekadunak puntuaziorako kontuan hartzekotan, eduki guztiaren %40 hatu beharko dute, gutxienez. Muga horretatik aurrera, sistema horrek proportzionalki ematen ditu puntuak", argitu du aditu horrek.

Elementu horiek eduki osoaren %80rainoko portzentajean dituzten produktuek etiketa horrek ematen duen bonu handiena eskuratu ahalko dute, baina jatorrizko elikagaiak ez du gainditu beharko azukreen, gantzen edo gatzaren muga. Era horretan, Nutri-Score sistemak bermatu egingo du osagai kaltegarriak kopuru handietan dituen ezein elikagaik ez duela bere sailkapena hobetuko osagai on batzuekin, izan berezkoak edo erantsiak.

FRUTA ETA BERDURA FRESKOAK, BAI EDO EZ.

Nutri-Score sistemaren kolore berdeak kezka eragin du elikadura arloan; izan ere, produktu industrialei ezarri zaienez, gerta daiteke erosleek produktu freskoak baztertu eta A edo B etiketa ageri dutenak hautatzea haien ordez. "Frantziako on-line supermerkatuetan edo ohikoetan egindako azterlanek azaltzen dute erosketa saskia osasungarriagoa dela, leku gutxiago hartzen dutela D eta E saileko produktuek (desegokienek), eta leku handiagoa frutek eta berdurek. Frantzian etiketa hori produktu horietara zabaltzeko asmoa dute, eta A gisa sailkatuko dituzte", azaldu du Salasek.

MANIPULATU AL DAITEKE ALGORITMO BAT?

Nutri-Score sistemaren inguruan sare sozialetan zabaldu den gezur batek esaten du Frantziak, zeina aitzindaria izan den neurri hori ezartzen, moldatu egin duela algoritmoaren kalkulua gazten sailerako (hango gastronomiaren produktu izarretako bat da), haren irudia hobetzeko. Salasek dio gezurra dela hori: "Segurtasun Sanitarioko Frantziar Agentziak egindako analisiaren ondoren, egokitzapen txiki batzuk egin ziren gaztentzat, koipekientzat eta edarientzat, baina horiek ez zituzten aldatu oinarrizko puntuazioa erabakitzen duten elementuak. Kalkuluaren elementu ezkorrak edo negatiboak nutrizio arloko informazio taulan ageri dira (kaloriak, guztizko gantzak, gantz saturatuak eta sodioa); ontziaren atzealdean egoten da, eta nahitaez eman beharrekoa da Europan. Sail horietako elikagaiek arazo espezifiko batzuk sortu zituzten, baina ez dute kolokan jarri algoritmoak nutrizio arloan egiten duen sailkapena", adierazi du adituak.

Gaztarik gehienak E sailean daude, nahiz eta denek ez dituzten kopuru beretan izaten gantzak, gatza eta kaltzioa. Kalkulu moldatuak bereizi egiten ditu gantz saturatu eta gatz gutxien dutenak (D sailean daude) eta gantzatsuenak eta gazienak (E sailean). Koipeki erantsiei dagokienez, NutriScorek bi multzo bereizten ditu: animalia jatorriko gantzak (krema, gurina), non gantz saturatu gehiago izaten den (E gisa sailkatzen dira); eta landare jatorriko gantzak (olioak eta margarinak), gantz saturatu gutxiago izaten dutenak (salbu eta koko eta palma olioak). Edarientzat, egokitzapenak bereizi egin nahi izan ditu produktu likidoak eta solidoak. "Horretaz gain, nahi izan zen ura izan zedila A gisa sailkatuko den edari bakarra, saihestu egin nahi baitzen eztitzaileak dituzten edariak eta fruta zukuak sail horretan bertan egotea", adierazi du adituak.

Nutri-Score sistemak 2015ean ezarri zuen bere kalkulua, eta ez dago hori aldatzerik, baina agintariek atea zabalik utzi dute urte batzuen buruan berriz zehaztu dadin, aurrerapen zientifikoen ekarpenetara egokitzeko. "Hobetzeko puntu batzuei erantzutea da horren helburua, adibidez azukre erantsiak hartzea kontuan eta ez guztizko azukreak, baina horrek Europako legedia ere aldatzea ekarriko luke eta behartu egingo luke nahitaezkoa den etiketan datu hori ematera", azaldu du Jordi Salasek.

NAHITAEZKOA IZAN BEHAR AL DU?

"Europako Batasuneko legediaren eraginez, nahi duten enpresek bakarrik ezar dezakete neurria", azaldu du Salasek. Oliba olioaren ekoizleek, adibidez (produktu horren inguruan sortu da eztabaida handienetakoa), uko egin diezaiokete Nutri-Score sistemaren semaforoa erabiltzeari, eta inork ez die leporatuko legea urratzen ari direla. Beste aukera bat litzateke dekretuan ez sartzea osagai bakarrarekin eginda dauden produktuak, adibidez oliba olioa. Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN) berak aipatu du aukera hori.

ETIKETA TRADIZIONALA ETA NUTRI-SCORE, AURREZ AURRE

Etiketa tradizionala

  • Bost osagairen inguruko informazioa ematen du: kilokaloriak, gantzak, gantz saturatuak, azukreak eta gatza. Horiek gehiegizko kopuruan hartzea arriskutsua da osasunerako.
  • Ekoizleak ezarritako errazioa kontuan hartuz egiten du kalkulua.
  • Kontsumitzaileak bere kabuz ondorioztatu behar du elikagaiak zer-nolako nutrizio kalitatea duen.

Nutri-Score

  • Zazpi parametro hartzen ditu kontuan: 4 negatiboak (kilokaloriak, gantz saturatuak, azukrea eta gatza) eta 3 positiboak (zuntza, proteina eta zein neurritan dauzkan fruta, berdura, fruitu lehorrak eta lekaleak).
  • Kalkulua 100 gramo bakoitzeko eginda, erraztu egiten ditu konparazioak; errazioaren neurria darabilen sistema baino objektiboagoa da, neurri hori ez baitago arautua eta aldeak izaten dira marka batzuetatik besteetara.
  • Sistemak esan egiten dio kontsumitzaileari elikagaiak nolako nutrizio kalitatea duen modu bisualean eta erraz ulertzeko eran (letra eta koloreekin).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto