Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

LANALDI JARRAITUA EDO ETENA: José Luis Casero, Espainian Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzordeko presidentea

"Lanaldi amaiezinak ez dira onak ez langileentzat eta ez enpresarentzat"

 

Lanerako eskubidea bezain eztabaida zaharra da. Lanaldi etenak geldialdi bat izaten du eguerdian bazkaltzeko; ordubetekoa izaten da gutxienez, nahiz eta bi ordukoa edo gehiagokoa ere izan ohi den askotan. Lanaldi jarraituak, berriz, atsedenerako tarte labur bat baino ez du izaten, 30 edo 45 minutukoa.

EZ GELDITZEAREN ALDE.

Nafarroako Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera (Lanaren eta Familiaren Nazioarteko Zentroak landu da), lanaldi jarraituan handitu egiten da gure produktibitatea, motibazioa eta ongizatea. Hogeita hiru herrialdetan egin dute ikerlan hori, 30.000 pertsonarekin baino gehiagorekin, eta esaten duenez, malgutasuna sustatu eta ohiko lanaldi jarraitua ezartzen denean %19 handitzen da errendimendua (denbora jakin batean ekoizten dena). Eta, gainera, absentismoa %30 gutxitzen da.

Aldekoen esanetan, modu jarraituan lan egiteak eta egunaren buruan ordu libre gehiago izateak hainbat abantaila dauka. Hain zuzen, Langileen ongizatea eta motibazioa Europan izeneko txostenaren arabera (Edenred eta Ipsos etxeek egina da), inkestari erantzun dioten hamar herritarretatik bederatzik diote, enpresa hautatzeko garaian, lan bizitza eta bizitza pertsonala bateratzeko aukera izaten dela faktorerik garrantzitsuenetakoa. Enpresek energia aurrezteko ere balio duela nabarmentzen dute, gastu txikiagoa egiten baitute argitan, berogailutan eta aire girotutan. Eta osasunari ere on egin omen diezaioke urte osoan lanaldi jarraitua edukitzeak; besteak beste, estres gutxiagorekin bizitze ko modua emango liguke eta kirola egiteko erraztasuna. Arlo pertsonalari ere eragiten dio lan ordutegiak: Denboraren inkesta izeneko lanak dio (INEk egina da) lanaldi etenak kalte egiten diola familia bizitzari. Lanaldi jarraitua duten gurasoek egunean 90 minutu eskaintzen dizkiete familiako jarduerei, eta lanaldi etena dutenek, berriz, 30 minutu.

Lan gehiegi egiteak baditu arriskuak osasunerako. Bulegoan astean 55 ordu baino gehiago emateak kalte egin diezaieke arteriei, eta %33 handitu dezake iktus bat izateko arriskua (garun-hodietako istripua), halaxe dio The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Geure burua gutxiago zaintzeko eta okerrago elikatzeko joera ere berekin dakar, estresaren eraginez gehiago jan baitezakegu eta kalitate txarragoko elikagaiak hartu.

BAZKALTZEKO GELDITU.

 

Baina lanaldi etenak ere baditu aldekoak. Horien esanetan, zenbait arlotan beharrezkoa da lanaldi etena mantentzea bezeroei, pazienteei eta hornitzaileei erantzuteko, adibidez saltokietan, osasun zerbitzuetan, salgaien eta bidaiarien garraioan, komunikabideetan eta herritarrei zuzenean zerbitzu bat eskaintzen dietenetan. Horretaz gain, zenbaitek dio bazkaltzeko tarte hori une aproposa izaten dela beste kide batzuekin harremanak sendotzeko, osasuna zaintzeko, gimnasiora joateko (langileekin beteak egoten dira 14:00etatik 16:00etara), irakurtzeko, aisialdiko jarduera bat egiteko edo parkean paseo bat emateko. Lanak uzten duen tarte horretan ez bada, zaila izan daiteke horietarako denbora ateratzea egunaren bukaeran.

ESPAINIA 'VERSUS' EUROPA.

Estatuko herritarrek ordu gehiago lan egiten dute alemanek, frantziarrek, norvegiarrek eta danimarkarrek baino. Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundearen arabera (OCDE, 2018ko datuak), urtean batez beste 1.687 ordu ematen ditugu lanean. Horretan ia berdinduta gaude Erresuma Batuko langileekin (1.681 ordu urtean), baina beste herrialde batzuetan askoz denbora gutxiago ematen dute lanean: Alemanian (1.356 ordu, ia 300 gutxiago), Frantzian (1.514 ordu, 200 gutxiago) eta Norvegian (1.419). Badira, dena den, lanaldi luzeagoak dituztenak ere; Grezia (2.018 ordu) eta Polonia (1.863) esaterako.

Espainiako Estatuko ordutegia aski berezia da. Langileak, batez beste, 19:00etan ateratzen dira lanetik, Europako bizilagunak baino ordubete edo bi ordu geroago, datu hori eman du Espainian Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzordeak (116 erakunde eta elkartek osatzen dute, ministerioek, autonomia erkidegoek, enpresaburuek eta unibertsitateek). Lanaldi etena gauza bitxia da Europan, eta atsedenerako tartea 30 eta 60 minutu artekoa izaten da. Bulegoko aulkian eseri eta nagusia handik atera arte inor ez mugitzea ohikoa izaten da Espainian -eta ongi ikusia dago, gainera-, baina zenbait herrialdetan eraginkortasunik ezarekin lotzen da, adibidez Erresuma Batuan eta Herbehereetan.

ZENBAT LAN EGITEN DUGUN... ETA EGITEN DUTEN

Langileen ordutegia finkatzen duten enpresak

  • Letonia: %95,3
  • España: %88,2
  • Finlandia: %44,8

Lanean etekin gehien ateratzen den ordua

  • 9.30

Istripu gehien izaten den ordua

  • 18.30

Orduak/urtean

  • Mexiko: 2.257
  • Hego Korea: 2.024
  • Espainia: 1.687
  • Norvegia: 1.419
  • Alemania: 1.356

18:00etan lanean edo ikasten ari den pertsona kopurua

  • Norvegia: %9
  • Espainia: %24

Arratsaldean langile gehien pilatzen duen ordu tartea

  • Erresuma Batua: 14.00
  • Frantzia: 14.30
  • Italia: 16.00
  • Espainia: 16.45

Bazkaltzeko garaian jende gehien gelditzen den ordua

  • Alemania: 12.15
  • Espainia: 14.15
  • Frantzia: 12.15

Iturria: Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua (IDAE).

Aditua: José Luis Casero, Espainian Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzordeko presidentea: "Lanaldi amaiezinak ez dira onak ez langileentzat eta ez enpresarentzat"

 

Zuzenbideko lizentziaduna da. Bere garaian utzi egin zuen abokatutza, eta bere bideari ekin zion. Enpresa munduan izan duen esperientziak argi erakutsi dio batzuetan ez zela balioesten "gaitasuna edo talentua, presentismoa baizik". Hori ikusita, laneko ordutegien inguruko interesa piztu zitzaion madrildar honi, eta lanaldi eten eta amaiezinen aurka hasi zen borrokan, aulkia berotzen egoteko ohitura "kaltegarria" gainditzeko asmoz (nagusia atetik atera arte bulegotik ez ateratzeko ohitura alegia). Gaur egun, Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzordeko presidentea da, eta erakunde horretatik, lanaldi malguen, kontzentratuen eta eraginkorren alde ari da. Eredu horrek, Caseroren esanetan, "guztioi egiten digu mesede".

Zer da lan ordutegi arrazionala?

Laneko zereginak gauzatzera bideratua dagoen denbora antolatzeko modua da, non langilea eta enpresa biak dauden pozik. Baina errespetatu egin behar da pertsonen eta enpresen berezitasuna, ordutegi malguagoekin. Gakoa da ordutegi ireki samarra uztea lanera sartzeko (adibidez, 07:00etatik 10:00etara), eta beranduenez ateratzeko ordu bat finkatzea, adibidez 18:00etan. Arlo produktibo guztiak ez dira berdinak, eta, ondorioz, malgutasuna eduki behar da zenbait arlotako berezitasunak kontuan hartzeko, adibidez saltokietakoa eta ostalaritzakoa.

Zuen erakundeak egindako ikerlan batek esaten du lanaldi kontzentratuak, tartean geldialditxo bat egiten duenak mokadutxo bat hartzeko, %11 eta %15 artean handitzen duela produktibitatea.

Langilearen errendimendu kurba jaitsi egiten da egunak aurrera egin ahala. Ondorioz, lanaldia kontzentratzen denean, errendimendu produktiboagoak lortzen dira, eta, aldiz, gehiegizko lanaldietan edo bitan zatituta dudenetan, ez daiteke saihestu langilearen buruak une jakin batean deskonektatzea. Horretaz gain, ordutegi arrazionala eta zentzuzkoa duen enpresa batek kontuan hartzen ditu giza baliabideak, giza kapitala; eta lan giroari buruzko inkestetan, modu harrigarrian hobetzen dira asetasun adierazleak. Eta horrekin beste gauza bat ere lortzen da: talentua bertan gelditzea eta erakartzea.

Lanaldi jarraituak erraztu egiten al du bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratzeko zeregina?

Erraztu egiten du, naturalagoa eta logikoagoa da. Gure lanaldia kontzentratzeak eragin egiten dio alderdi horiek bateratzeko denborari, familia izan edo ez, eta enpresaren jarrera zein den ikusarazten du, badagoela langilearen bizitza errespetatu eta kontuan hartzeko nahia.

Lanaldi kontzentratua onuragarria izan al daiteke langileen osasunerako?

Goiz erdian mokadu bat egiteko tarte egokia uztea eta lana bukatu ondoren ere bere denbora hartzeko aukera ematea da enpresa batek har dezakeen neurririk onena langileen osasuna hobetzeko. Denbora eduki behar da lanerako, baina baita bizitzeko ere.

Baina izango du hain ona ez den alderdiren bat, ezta?

Arau argiekin ez jokatzea, adibidez. Etorkizuneko antolaerak dagoeneko ez die erantzuten joan den mendeko arau orokorrei: zortzi ordu lanerako, zortzi bizitzeko eta zortzi atsedenerako. Heldu diren ereduetan, batzuetan ez da nahitaezkoa lanera joatea, batez ere teknologia berriak kontuan hartuta, horiek laguntza paregabea eman baitezakete. Edo denboraren etsai ere bihur daitezke, baldin eta helburutzat hartzen badira, eta ez operatibitatea errazteko tresna gisa. Gakoa da jokaleku argiak sortzea, non arauak agerikoak izango diren eta, batez ere, guztiek errespetatuzko dituzten

Espainian, lanaldi etena eta ordutegi luzeak dauzkate langileen erdiek, eta 19:00ak aldera bukatzen dute. Guztiek geldialdi luzeak egiten dituzte bazkaltzeko.

Bistan da, hori ez da ona inorentzat, ez langilearentzat eta ez enpresarentzat. Enpresek talentua eta berrikuntza bilatu behar dute, ez aulki berotzaileak. Ez gara makinak, eta denbora pasatu ahala gure barne mekanismoek ez dute erantzuten ez lanean eta ez handik kanpo ere.

Eta zergatik uste duzu nagusiak alde egin arte aulkia berotzen egoteko ohitura hori hain sustraitua dagoela Espainian?

Ohitura txar bat da, gauzak oker ulertzeagatik sortu dena, uste izan baitugu lana dela gure bizitzako ardatza. Eta, ondorioz, zera pentsatzen dugu: "Zenbat eta ordu gehiago eskaini, hainbat hobeto ariko naiz egiten". Beldurra dago ohiturak aldatzeko edo zalantzan jartzeko nagusiak hala eginagatik ongi egina ote dagoen. Heldu da garaia zuzendaritzetako kideak aldaketaren buruan jar daitezen, zeren paradigma negargarri hori ez baita ona ez erakundeentzat eta ez pertsonentzat ere. Zintzoak izan beharra dago eta, izan enpresaburua edo izan langilea, eraginkorragoak izaten saiatu behar da denboraren erabileran. Bizitzeko eta atseden hartzeko denbora izatea da horren guztiaren helburua.

Hortaz, ez duzu uste lanaldi etena eta lanean ordu gehiago ematea ona denik enpresarentzat?

Ez. Kontua ez da lantokian egotea, gure zerbitzua modu eraginkorrean ematea baizik. Eraginkorrak izateari uzten diogunean, buruko absentismoa agertzen zaigu, eta horrek ez die onik egiten erakundeei.

Bada ikerketa bat Jose Maria FernandezCrehuet Ekonomiako doktoreak egina, Laneko bizitza, familiakoa eta pertsonala bateratzea. Espainia Europako testuinguruan izena du, eta ondorio hau ateratzen du: Espainian ordu gehiago ematen ditugu lanean inguruko herrialdeetan baino, baina emaitza kaskarragoekin.

Ordutegien malgutasuna da horren aurkako errezeta, telelan partzialarekin eta smart working delakoarekin konbinatuta adimenduna da, eta darabilen metodologia da langileari behar dituen tresnak ematea errendimendu gorena lor dezan edozein lekutatik. Horri gehitu behar zaio goiz erdian mokadutxo bat egiteko denbora, 30 minutu eta ordubete artekoa. Eta, jakina, neurriak hartu behar dira gizonek lana eta familia bateratzeko eta erakuntzukidetasunez jokatzeko, horiei kosta egiten baitzaie laneko eremutik ateratzea eta etxekoan sartzea beren betebeharrei heltzeko.

ETA ESKOLAN?

Lanaldi jarraitua orokortu egin da ikastetxe publikoetan, eta aukerarik zabalduena da Asturiasen, Andaluzian, Madrilen, Murtzian, bi Gazteletan, Extremaduran, Kantabrian, Kanarietan, Galizian eta Errioxan, eta berdin Bigarren Hezkuntzako institutu publikoetan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ere. Beste erkidego batzuetan, aldiz, ez da aukera nagusia oraingoz, adibidez Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Aragoin eta Valentziako Erkidegoan. Ikastetxe pribatuetan eta itunpekoetan, ordea, lanaldi etena erabiliz jarraitzen dute gehiengehienek. Ikastetxeetan lanaldi jarraitua ezartzea ez da guztien begikoa. Guraso Elkarteek lanaldi etenaren alde egiten dute nagusiki, familia askok ez duelako arratsaldea libre seme-alabekin egoteko. Lanaldi jarraituak, gainera, murriztu egiten ditu jolas garaiko orduak, eta horrek kalte egiten dio sozializazioari.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto