Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

^

ELTZEKARIEN MUINA, TETRABRIK BATEAN

HARTZEKO PREST IRISTEN ZAIZKIGU, EZ DIGUTE DENBORARIK KENTZEN SUKALDEAN ETA LUZE IRAUN DEZAKETE GIROKO TENPERATURAN, PASTEURIZATUTA BAITATOZ. ONTZIRATUTA DATOZEN SALDEK HIDRATATU EGITEN GAITUZTE ETA OSASUNGARRIAK DIRA, ETXEAN EGINAK BEZAINBESTE, BAINA OSO GUTXITAN HARTZEN DIRA SALDA GISA. OINARRI MODUAN ERABILTZEN DIRA ZOPAK, ARROZAK EDO GUARNIZIOAK PRESTATZEKO, ETA ERREZETA HORIEN ARABERAKO PROFILA HARTZEN DUTE NUTRIZIOAREN IKUSPEGITIK. IKAS EZAZU NOLA HAUTATU.

 

Zazpi dohainek osatzen dute zopa: elikatu egiten du, egarririk ez du ematen, lo eginarazten du, digestioa errazten, zapore ona du, ez du inor haserrearazten eta masailak gorritzen dizkigu". Hitz horiek erabili zituen Francisco Rodriguez Marin akademikoak, XIX. mendean, salda zer den azaltzeko. Elikagai gutxi dira hain moldakorrak, plater nagusi izateko bezala osagai gisa erabiltzeko ere balio dutenak. Horri esker, urte osoko otorduetan aurkitzen du bere lekua. Neguko egun hotzetan, plater osasungarri eta suspergarria izan daiteke salda, eta gainerako urte sasoietan, paellak eta era guztietako gisatuak aberasteko erabil daiteke.

Orain dela urte batzuk, hauts erako estraktuak edo "koskortxoak" baino ezin ziren erosi saltokietan, baina orain askotariko salda likido ontziratuak ere badaude, eta, horri esker, nahi duen orok goza dezake produktu horrekin edozein garaitan, sukaldean denborarik pasatu gabe. Datuak aski adierazgarriak dira: Kantar Worldpanel aholkularitza etxeak berriki egindako ikerketa baten arabera, produktu horien salmenta %10 handitu da 2018. urteko bigarren erdian, eta urtean 164 milioi eurorainokoa izatera iritsi da.

 

Kremak ere ugari daude merkatuan, baina horiek ez dira salden eta zopen taldekoak. Azalpen erraza du horrek: azken biak estraktuak dira, eta kremak, aldiz, zenbait osagai birrindurekin egiten dira. Nutrizio osaera, hortaz, oso desberdina izaten dute. Baina zer da zehazki salda bat eta nola eginak daude supermerkatuan erosten ditugunak? Ikuspegi gastronomikotik, elikagairen bat -gehienetan haragiak, arrainak edo begetalak- egosteko erabili den urari esaten zaio 'salda', elikagai horien zaporea eta mantenugaiak bereganatu dituenari (definizio horrek berdin balio du etxeko saldarentzat eta ontziratuta datorrenarentzat).

Prestatzeko prozesua ez dute hain desberdina salda ontziratuek eta etxekoak. Lehenbiziko horiek eskala handian egiten direla, horixe baino ez. Gemma del Caño adituak azaldu digu nolakoa izaten den prozesua (Farmaziako lizentziaduna da, eta Berrikuntza, Bioteknologia eta Elikadura arloko Segurtasunaren Masterra egina dauka). Osagaiak zati txikietan mozten direla dio, zaporeak eta substantziak erraz ateratzeko, eta ondoren saski batzuetan jartzen dituztela: "Saski horiek eltzeen barrenean sartzen dituzte (800 eta 3.000 litro artekoak izaten dira), eta tenperatura handietan egostera uzten dituzte hiru orduz, gutxi gorabehera". Osagairen bat frijitu beharra dagoenean, pauso hori egiten da hurrena, eta ohiko jatetxeetan gertatzen den bezala, elementuen kantitateak erabakiko du azken emaitzaren aberastasuna zentzumenei dagokienez.

"Egin denean, salda hoztu egiten dute azkar-azkar, eta ondoren homogeneizatu egiten dute, gantza kendu eta pasteurizatu", azaldu du Del Cañok. Horixe izaten da azken pausoa ontziratu aurretik, eta "bermatu egiten du desagerrarazi egingo direla egon litezkeen bakterio patogeno guztiak". Bero bidezko tratamendua da pasteurizazioa, eta gutxienez 70 ºC-ko tenperatura ematen zaie 15 segundoz, eta 150 ºC-raino ere irits daitezke UHT erako tratamenduan. Brik-ean ontziratu eta estrilizatu aurretik ematen zaie, eta bermatu egiten du "desagerrarazi" egindo direla egon litezkeen bakterio patogeno guztiak.

ZOPA ON BAT HARTZEKO BOST ARRAZOI

  1. Osasungarria da eta erraz digeritzen da, eta, beraz, ezin hobea da digestioa arazoak izaten dituztenentzat, adibidez haizeak edo urdaileko astuntasuna.
  2. Ura izaten dute osagai nagusia, eta horrexegatik hidratatzen gaituzte.
  3. Zopek kaloria gutxi izaten dute, baina asetzeko gaitasun handia. Elikagai solidoak dituztenean, atzeratu egiten da urdaila husteko prozesua, eta asetasun irudipen handiagoa eragiten dute hartu ostean.
  4. Negu garaian, beroa eta goxotasun irudipena ematen digute, nahiz eta zenbait kulturatan zopak ohiko elikagaiak diren urtarorik beroenetan ere.
  5. Azkar prestatzen da, erraz eta merke. Zoparik sinpleena egiteko, aski duzu osagaiak uretan egosi eta ongailuak eranstea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto