Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

PRODUKTU HARTZITUAK: BAKTERIOAK ELIKAGAI

ASPALDIKO GARAIETAN ELIKAGAIAK LUZAROAGO KONTSERBATZEKO METODO GISA ERABILTZEN ZENA JOERA BIHURTU DA GAUR EGUN, ETA GERO ETA LEKU GEHIAGO HARTZEN ARI DA MODAKO JATETXEETAN ETA GOURMET ERAKO MERKATUETAN. ELIKAGAI HARTZITUAK OSO PREZIATUAK DIRA BEREN ZAPOREAGATIK BEZALA OSASUNARI EGITEN DIOTEN MESEDEAGATIK ERE. BAINA PROZESUA BEHAR BEZALA OSATZEN EZ BADA, PRODUKTUA USTELDU EGIN DAITEKE.

Digestio aparatua zainduz.

 

Zenbait mikroorganismok (adibidez, onddoek), eskabetxean dauden elikagaiekin elkartuta, areagotu egin dezakete konposatu N-nitrosoen ekoizpena, eta Journal of Physiological Anthropology aldizkariak 2014an azaldu zuenez, baliteke konposatu horiek propietate kartzinogenoak edukitzea. Hala ere, ikertzaileek diotenez, gerta liteke onurak ekartzea buru osasunaren arloan. Oro har, Juana Maria Gonzalezek dioen gisan, "produktu horiek ezaugarri espezifikoak dituzte. Batzuek bakterio bizi gehiago izaten dute, eta horiek onuragarriak izan daitezke osasunerako". Eta jogurta jarri du adibide gisa: "Elikagai hartzitua da, eta ugari izaten ditu probiotiko gisa jokatzen duten bakterioak, zeinak ezaugarri onuragarriak dituzten; adibidez, arautu egiten dute hesteetako igarotze prozesua, lehengoratu egiten dute hesteetako flora nahasia eta areagotu egiten dute kate motzeko gantz azidoen ekoizpena".

 

Probiotikoak bakterio bizi onuragarriak dira, batez ere digestio sistemarako, lagundu egiten baitute hestea osasuntsu egon dadin. 2013. urtean Meat Science aldizkarian argitaratu zen beste ikerketa batean ageri denez (espainiar zientzialariek egin zuten), "fuet-a bitarteko egokia izan daiteke organismoa bakterio probiotikoekin hornitzeko".

Prozesu bat baino gehiago erabil daiteke elikagaiak modu seguruan ontzeko. Haragia, esaterako, lehorrean egiten da. Abelgorri pieza handiak asteetan eduki ohi dituzte ia izozteko tenperaturan; giharraren hezetasuna lurrundu egiten da mantso-mantso, eta kontzentratu egiten dira zaporea eta gustua; aldi berean, haragiaren berezko entzimek desegin egiten dituzte ehunak eta samurragoa gelditzen da. Kalitate handiko haragiekin erabiltzen dute metodo hori, eta gourmet erako jatetxe eta harategietan eskaintzen dituzte gero. Hezetan ere egin daiteke, hau da, haragiaren zukuak bilduta (hutsean ontziratzen da berehala).

Metodo hori azkarragoa da eta merkeagoa. Gazta zahartzeko prozesuak --afinatzea ere esaten zaio -- antz handiagoa du ardoarenarekin. "Konbinatu egiten dira teknologia, ezagutza eta zentzumenak", adierazi du Jose Luis Martin gazta afinatzaileak. "Ekoizleen jatorrizko gaztak hartzen ditugu eta, sotora eraman ondoren, gazta motaren arabera, zaindu egiten dugu, buelta eman, eskuilatu... Bakoitzak flora bat izaten du azala inguratuz. Azalean sortzen denak zehaztuko du barreneko pasta nolako izango den. Gazta txikiak oso denbora gutxian afinatzen dira; bi eta lau aste artean iraun dezake prozesuak. Gazta handiak hiru hilabetetik urtebeteraino egon daitezke". Etxean modu seguruan hartzitu daitezke berdurak (azenario, piper eta errefau makilatxoak) eta frutak (mangoa, papaia). Gatzunetan ontziratzen dira (20 g gatz ur litro bakoitzeko) eta ziape haziak, piperbeltza, anisa, eta abar eransten ahal zaie lurrina emateko.

USTELA EZ DA OSASUNGARRIA.

Argi samar dago, beraz, produktua ondua dagoenean zenbait onura lor daitezkeela, bai zaporeari dagokionez eta bai osasunari dagokionez ere. Baina gisa horretan ontzeko, usteltze bidean jarri behar da produktua eta, bistan da, elikagai ustelduak ez dira osasungarriak. Hartzitze maila egokia lortzea ezinbestekoa da mokadu gustagarri eta osasungarri bat eskuratzeko; bestela, jateko baino pasatuagoa dagoen elikagai bat geldituko zaigu. "Tenperaturak, hartzitzaile kantitateak eta denborak kontrolatuta egon behar dute hartzidura egokia lortzeko. Elikagaia gaizki kontserbatuta badago, degradatu egin daitezke proteinak, bakterio berriak sortu direlako, ez hain justu hartzitze prozesuan sortu behar luketenak, eta horrek kalte bakteriologikoa eragiten du, eta hondatu egiten du alderdi organoleptikoa eta zentzumenei dagokien alderdia, eta intoxikazio bat eragin dezake", ohartarazi du Juana Maria Gonzalezek.

Jose Luis Martin gazta afinatzaileak oroitarazten duenez, elikagaia erosi ondoren, hartzitze prozesuak jarraitu egiten du modu naturalean, eta horregatik da garrantzitsua berehala jatea. "Ontze prozesua gaizki egiten denean, produktua hondatu egin daiteke. Amoniako eta pikante ukitu desatseginak agertzen dira", adierazi du. Xehetasun batzuek adieraziko dute produktua modu egokian hartzitu den edo ez. Saltoki espezializatu batean erostean, higieneari erreparatu behar diogu. "Saltokiek garbiak egon behar dute, gainazalak ongi garbituta, eta profesionalek ere esku garbiekin ibili behar dute", nabarmendu du Gonzalezek. Bestalde, produktu horiek sekula ez dute egon behar elikagai freskoetatik hurbil. "Elkar ukitzen badute, kutsadura gurutzatuak ager daitezke", erantsi du adituak.

OMEk oroitarazten duen bezala, kuantifikatzeko zailak diren faktoreen araberakoa da hartzidura; adibidez, kontuan hartu behar da zenbateko kutsadura maila dagoen hasieran, eta hori, era berean, beste baldintza batzuen mende dago: tokian tokiko ezaugarriak, higiene eta saneamendu mailak, eta gelditu zaion azidotasun maila. Hortaz, hartzitzeak ez ditu desagerrarazten "elikagaiek osasunerako izaten dituzten arrisku guztiak, eta ez da pentsatu behar ordezkatu egiten dituela higiene arloko jardunbide oinarrizkoak".

MUNDUARI ITZULITXO BAT, 'ZOMORROTXO' BIZIAK DITUZTEN 5 ELIKAGAIREKIN

  • Misoa. Japoniako pasta bat da, soja haziekin, zerealekin eta itsasoko gatzarekin egina eta koji onddoarekin hartzitua. Ongailu gisa erabiltzen da era guztietako plateretan. Kaloriak: 199. Grasas: 6 g. Carbohidratos: 26,5 g. Proteínas: 11,7 g.
  • Kefirra. Jogurtaren baliokidea da, eta onddo eta bakterioekin hartzitua dago. Kaukasotik heldu da jatorrian. Kaloriak: 64 Gantzak: 3,5 g. Karbohidratoak: 4,8 g. Proteinak: 3,3 g.
  • Kimchia. . Koreako elikagairik ezagunenetakoa da; zenbait begetal ditu oinarrian, eta espeziak eransten dizkiete ontzeko. Kaloriak: 33 Gantzak: 0 g. Karbohidratoak: 6,7 g. Proteinak: 3,3 g.
  • Chucruta. Aza orri hartzituak dira, Alemanian, Alsazian eta Europa erdialdeko beste herrialde batzuetan ohikoak direnak. Kaloriak: 23 Gantzak: 0,1 g. Karbohidratoak: 3 g. Proteinak: 1,8 g.
  • Kombucha. Te hartzitua da, eta "hilezkortasunaren onddoak" izeneko mikroorganismoak erabiltzen dira horretarako. Txinatik dator, Mantxuria eskualdetik. Kaloriak: 13,6 Gantzak: 0,2 g. Karbohidratoak: 2,3 Proteinak: 1,2 g.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto