Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

^

Crossfit-a mugak jarri behar modako kirolean

Asmo onekin ekiten diogu urtarrilari, eta horietako askok zerikusia izaten du gorputza puntuan jartzeko nahiarekin. Batzuek crossfita hautatzen dute horretarako, diziplina benetan gogorra, orain dela hogei urte kalifornian (aeb) sortu zena marineak eta suhiltzaileak entrenatzeko. Intentsitate handian egitekoak izaten dira ariketak, eta sasoi onean jartzen dute gorputza, baina komeni izaten da egoki egitea, lesiorik ez dadin sortu.

 

Sokasaltoan aritu, baloi medizinala altxatu, 20 eserialdi edo sentadilla egin (squats), uztaietara igo (muscle-up), pisua goratu, buruz beherakoa egin 10 aldiz, barrara igo eta 15 pull-up egin... Nekatuta? Har ezazu atseden. Intentsitate handiko entrenamendu funtzionala egitea proposatzen du crossfitak, eta horri esker, gai izango zara kutxa bat erraz-erraz altxatzeko, armairu baten goialdetik pisua erraz asko jaisteko zure sorbalden gainean eta bost solairu oinez igotzeko batere nekatu gabe.

Gimnasioko ariketak, indarra lantzekoak eta aerobikoagoak eginarazten ditu kirol horrek, eta hainbat alderdi lantzeko bidea ematen du: iraupena, potentzia, teknika, abiadura, zalutasuna, malgutasuna eta, jakina, indarra ere bai, denbora tarte jakinetan eta errepikapen kopuru batekin. Horretarako, modu koordinatuan dihardute gihar multzo batzuek, eta corea ere beti lantzen da (gorputzaren erdialdea, sabelaldea, gerrialdea...).

"Crossfita da sasoian jartzeko modurik onena. Gogorra da, menderatu egin behar delako teknika, eta beti bada zer hobetua, helburu hau edo bestea lortu nahia... baina zuk erabakitzen duzu ariketak zenbateko intentsitatez egin", azaldu du Mikel Izquierdok, CrossFit Zurriola gimnasioko entrenatzaile nagusiak (Donostian dago). Hantxe entrenatzen da eta han lan egiten du Alexander Anasagastik ere, Espainiako Estatuan diziplina horretan dagoen kirolari trebeenak. Kirolari bakoitzak bere helburuak jartzen ditu, zer-nolako indarra, ezagutza teknikoak eta osasuna duen kontuan hartuta, eta batzuek osagarri gisa darabilte beste kirol batzuetarako, adibidez lasterka egiteko, saskibaloia, karatea, curlina... Greg Glassman iparramerikarrak asmatu zuen entrenamendu sistema, orain dela bi hamarkada, Kaliforniako suhiltzailea eta marineak sasoian jartzeko hain zuzen, eta gaur egun milioika pertsonak egiten dute munduan. Europan, Erresuma Batuaren eta Italiaren ondotik, Espainian ari da hazten gehien, eta CrossFit kateak dagoeneko 440 gimnasio zabaldu ditu.

Ongi da medikuari galdetzea.

Kirol horretan hasi aurretik, beste gauza bat ere gomendatzen dute: mediku azterketa egitea. Ez da nahitaezkoa, pentsatzen baita intentsitatea mantso-mantso igoko dela eta pertsonaren gaitasunari egokituko zaiola. "Noraino irits zaitezkeen jakiteko gidarik onena norberaren pertzepzioa da, zenbateko ahalegina eskatzen dizun ohartzea. Norberak jakiten du noiz ari zaion asko kostatzen", azaldu du Izquierdok. Horregatik dauka berebiziko garrantzia coacharen zereginak eta erantzukizunak (gutxienez, egina eduki behar du CrossFit-ek eskatzen duen ikastaroa), egokitu egiten baitu ariketa bakoitza bezeroarengan ikusten duenaren eta hark esaten dionaren neurrira.

Hala ere, diziplina horretan ohikoenak diren lesioak artatzen dituzten kirol medikuak bat datoz, eta "gomendatu" egiten dute mediku azterketa egitea. Halaxe dio Sergi Sastrek, Belaun eta Artroskopia Saileko koordinatzaileak Bartzelonako Hospital Clínic-en. Traumatologo hau crossfit zalea da bera ere (duela urtebete pasatxo hasi zen), eta komenigarria iruditzen zaio "adin jakin batean edo aurretik lesioak izan badira, zeren une batzuetan bihotzak maiztasun handian lan egiten baitu, eta jakin egin behar da zein diren norberaren mugak".

Antzeko iritzia dauka Luis Serratosak ere, Kirolaren Kardiologia taldeko koordinatzaileak (SEC Espainiako Kardiologia Elkartearen mendekoa da): "Eskatu egin behar lukete". Eta eskatzen hasita, mediku azterketak gutxienez eduki behar luke historia kliniko bat, non azalduko den familian izan ote duen ondoretasunezko bihotz gaixotasunik edo bat-bateko heriotzarik; azterketa fisiko bat ere bai, alarma sintomak bilatuko dituena, adibidez normala ez den murmurio bat edo kardiopatia baten zantzuak izan daitezkeen nahasmenduak; eta elektrokardiograma bat, geldian egina. "Normala ez den zerbait aurkitzen dugunean, ekokardiograma bat edo esfortzu proba bat egin beharko dugu. Hogeita hamabost urte baino gehiago edukita, erretzailea izanda eta kolesterol maila handia edo bihotzeko arazoen aurrekariak edukita, nahitaez egin beharko dira", ziurtatu du Serratosak, eta ohar garrantzitsua egin du horren harira: "Espezialista batek egin behar luke, kirolariei azterketak egiten aditua denak".

Datu guztiekin, medikuak esango du zein den gehienezko bihotz maiztasuna edo gehienez zenbateko pisu portzentajea altxa dezakeen. Crossfita, berez, pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitzen den kirola baita. "Ez du berdin aurreratuko lehen ere kirola egin duen 20 urteko batek eta 40rekin crossfitean hasi den batek. Norberak jakin behar du zer-nolako mugak dituen, eta ez du ibili behar horien gainetik. Adin pixka batekin kirola egiten hasi nahi duten pertsonek hobe dute crossfitarekin ez egin", aholkatu du Sastrek.

Kontuz belaun, sorbalda eta bizkarrezurrarekin.

Crossfitean ere izaten dira lesioak, baina ez beste kirol batzuetan baino gehiago. Datuen arabera, 3,1 lesio izaten dira entrenamenduetan emandako 1.000 ordu bakoitzeko, eta runningean, berriz, 2,5 eta 12,1 artekoa da lesio kopurua lasterka egindako 1.000 ordu bakoitzeko.

Bizkarrezurrak, sorbaldek eta belaunek sufritzen dute gehien, "jarrera desegokian aritzeagatik, pisu gehiegi altxatu nahi izateagatik edo lehendik ere lesioak eduki izanagatik", azaldu du traumatologoak. Arazoak agertzen dira gerrialdean, tendinitisa, gainzama tendoietan eta hausturak ere bai belaun eta sorbaldetan. "Gorputz jarrera zuzenduta eta ohi baino pisu gutxiagorekin arituta, hobekuntza sumatzen da bizkarreko kasuetan; belauneko eta sorbaldako arazoekin, berriz, batzuetan zailagoa izaten da %100ean berrekitea. Gertatu izan da kirola egiteari utzi behar izatea ere", aitortu du Sastrek.

Beste lesio batzuk indar jarduerei lotuak egoten dira, adibidez halterofiliari. Horien artean, errabdomiolisia; gihar endekapenarekin eta giltzurrunetako nahasmenduekin zerikusia duen sindromea da, odolera proteinak modu masiboan irtetearen ondorioz agertzen dena. Arteria presioaren igoerari lotuta, arriskua izaten da erretina askatzeko edo zerbikaletako arteria karotida eteteko, eta horrek zefalea bizia eta garuneko infartua eragin ditzake.

Zer behar dugu?

  • Materialari dagokionez, honako hau baino ez: galtza motzak, kamiseta eta kirol oinetakoak.
  • Presta ezazu diru zorroa: astean bi edo hiru entrenamendu egitea hilean 60 edo 65 euro inguru ordaintzen da gimnasioan.
  • Nolanahi ere, etxean egitea baino merkeago ateratzen da. "Materiala beharko zenuke (pisuak, barrak, uztaiak, lasterka egiteko lekua...), entrenatzailea eta kide batzuk. Taldeka egiteko ariketak izaki, psikologiaren eta motibazioaren atalak leku handia hartzen du. Gainera, egun bakoitzean WOD bat zuzentzen dugu (eguneko lana). Dibertigarria da", azaldu du espezialistak.
  • Ohi baino proteina gehixeago hartzea komeni izaten da (haragia, arraina eta esnekiak), elikadura osasungarriaren barrenean.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto