Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Mario Arnaldo, Europako Auto-gidarien Elkarteko presidentea: "Gure ama pilotu trebea izan zen 50eko hamarkadan, eta aita, berriz, automobil klub garrantzitsu eta historikoen sortzailea"

Urte berri, auto berri. Dieselaren inguruko araudi berriek eta modelo jasangarri berrien autonomian izandako hobekuntzek aldagai berriak sortu dituzte, eta erabiltzaile asko kontsumoa eta ingurumena ere kontuan hartzen hasi dira erabakitzeko garaian. Laguntza eskatu diegu bi adituri, eta aukera bakoitzaren alde onak eta txarrak zein diren azaldu digute.

 

Autoa aldatzeko asmoz bazabiltza, baliteke zalantza sortu izatea errekuntza bidezko bat aukeratu (gasolina edo diesela) edo auto elektriko bat. Bi horien tartean, dena den, badira bestelako aukera batzuk ere, adibidez auto hibrido bat erostea edo gas bidez dabilena. Hautatu aurretik, adituen gomendioa da kontuan hartzea zer-nolako erabilera emango diogun. Ildo horretan, hirirako auto bat nahi baduzu, aukera onak izan daitezke elektrikoa edo hibridoa. Baina erabilera mistoa emango badiozu, hau da, hirian bai baina errepidean ere bidaiak egingo badituzu, agian hobe izan liteke betiko aukerarekin gelditzea, errekuntza bidezkoarekin alegia.

ELEKTRIKOA, HAZTEN ARI DEN AUTOA.

Auto elektrikoen inguruko eskaria asko handitu da azken urteetan, eta handitzen eta handitzen ari dira ibilgailu mota horien matrikulatzeak. Espainiako Estatuan 40.000 elektriko daude gaur egun, halaxe dio Ibilgailu Elektrikoa Garatu eta Bultzatzeko Enpresa Elkarteak (Aedive). Horien artean, badira erabat elektrikoak, bateria batekin mugitzen direnak (sarearen bidez kargatzen dira); badira entxufe bidezko hibridoak, erregaiarekin dabilen motor bat eta motor elektriko bat dutenak; eta badira maila hedatukoak esaten zaienak ere, erregai bidez dabilen energia sorgailu bat dutenak.

Adituek uste dute 2020. edo 2023. urtetik aurrera etorriko dela auto elektrikoaren edo hibridoaren egiazko booma. Kargalekuak urri samarrak dira, batez ere hiri handi batetik irteten zarenean. Auto markak, dena den, gogor ari dira lanean bateria berriak sortzeko, gero eta autonomia handiagoa izango dutenak (gaur egun 400 kilometroraino iristen dira). Eta azkarrago kargatuko direnak ere bai, orain sei eta zortzi ordu artean behar izaten dituzte eta.

Baina auto elektrikoak bidea egin dezan, eskaria behar du. Eta Espainian oraindik ere aski txikia da. Sartze maila ez da iristen %0,5era, eta zifra horrekin, Europa mendebaldeko herrialdeen azken lekuetan ageri da. Alderatzen hasita, Norvegian, adibidez, elektrikoa da bost autotatik bat.

AUTO TRADIZIONALAREN ALDE.

 

Hori guztia kontuan hartuta, auto ekoizleek diote ohiko erregaiekin dabiltzan autoak ez direla deabrutu behar. Eta gasarekin dabiltzanak ere aintzat hartzea komeni dela diote, merkeagoak izateaz gain, gasolinazkoek edo dieselek baino gutxiago kutsatzen baitute.

Dieselaren beheraldiak, ordea, kezka sortu du sektorean; eta gainbehera horren errua, hein batean, auto zaharren isuri kutsatzaileen ospe txarrari egozten diote. Automobil eta Kamioi Ekoizleen Espainiako Elkarteak (Anfac) egindako kalkuluen arabera, 12 urte baino gehiago dituzten 400.000 diesel desagertuko balira errepideetatik, %80 murriztuko lirateke gas kutsatzaileen isuriak.

Baina eztabaida horren gainetik, arauak daude. Europako Batasunak gehienez ere 168 miligramo nitrogeno oxido (NOX) onartzen ditu kilometro bakoitzeko dieseletan. Ekoizleen esanetan, egun lantegietatik ateratzen diren ibilgailuek betetzen dute muga hori, baina ez ibilgailurik zaharrenek. Dieselak eta gasolinazko autoak bidegurutze batean daude.

Parisko Hitzarmenak dio (klima aldaketaren aurkakoa da) 2050. urterako %80 eta %95 artean murriztu behar direla berotegi efektuko gasen isuriak. Eta gobernuak erregai fosilekin dabiltzan ibilgailuei begira hasi dira. Frantziak 2040. urtean jarri du muga, eta hortik aurrera ezingo dira saldu. Eta beste herrialde batzuek ere bide beretik jo dute, adibidez Norvegiak (2025ean), Indiak (2030) eta Alemaniak. Herrialde horren asmoa da, gainera, milioi bat auto garbi edukitzea zirkulazioan 2020an.

Espainiak, oraingoz, ez du egin halako apusturik. Baina horrek ez du eragotzi zenbait hiritan neurriak hartzen hasi izatea. Madrilek, adibidez, poluzio egoera batzuetan galarazi egin die zirkulazioa 2000. urtea baino lehenagoko gasolina autoei eta 2006a baino lehen matrikulatutako diesel autoei, eta Bartzelonak ere betoa jarri die ibilgailurik kutsatzaileenei egun gris horietan. Valentziak, Murtziak, Kordobak eta Granadak ere badituzte arauak zirkulazio kutsatzaileena arautzeko.

ETA ZER ESAN AUTO HIBRIDOAZ ETA GASAZ?

Auto hibridoen sailean, ia denetarik sartzen da, egia esan: motor teknologia iritsi berrien zati handi bat, auto elektrikoak ere bai, baina baita gas natural konprimatuarekin edo petrolioaren gas likidotuarekin dabiltzanak ere. Teknologiak konbinatzen dituzte. Adibidez, hibrido elektrikoek (entxufe bidezko hibridoak ere esaten zaie) modulu elektriko bat izaten dute pila txikiagoekin, hirian ibiltzeko, eta ohiko motor bat bidaietarako.

Gasarekin dabiltzan ibilgailuak ere aukera bat izan daitezke mugikortasun jasangarrirako, batez ere ibilgailu astunetan (kamioiak eta autobusak). Prezioa dute alderdi on bat: dieselek edo gasolinazkoek baino 1.500 euro gehiago balio dute eta, hortaz, elektrikoak baino askoz merkeagoak dira. Horrekin batean, gutxiago kontsumitzen dute, erregaia merkeagoa da eta murriztu egiten dituzte isuriak. Mugikortasunerako Gas Naturalaren Iberiar Elkartearen arabera, Espainian 8.400 ibilgailu inguru dabiltza gas natural berriztagarriarekin eta 50.000 inguru petrolioaren gas likidotuarekin.

2018AN ESPAINIAN IZANDAKO SALMENTAK*

  • 57% gasolina.
  • 37% diesela
  • 6% hibridoak eta elektrikoak.
  • Ibilgailu kopurua: 40.000 ibilgailu elektriko.
  • 250-400 km autonomia.
  • 12.000 kargaleku daude Parisen / 400 kargaleku daude Madrilen
  • 0,70 €/litro gas likidotua
  • 1,25 €/litro gasolina
  • 20.000 € gutxieneko prezioa ibilgailu elektriko batek

*Irailaren 30eko datuekin landua (ANFAC).

Aditua: Mario Arnaldo, Europako Auto-gidarien Elkarteko presidentea: "Auto elektriko bat erostea errekuntza bidezkoa baino %80 garestiagoa da oraindik ere".

 

Xakea eta musika klasikoa maite dituen madrildar honi etxetik datorkio autoekiko pasioa. "Gure ama pilotu trebea izan zen 50eko hamarkadan, eta aita, berriz, automobil klub garrantzitsu eta historikoen sortzailea", azaldu du Mario Arnaldok, Europako Auto-gidarien Elkarteko presidenteak. Zilindro artean ohituta, ez da harritzeko zortzi urterekin ikastea gidatzen "Jaguar Daimler V8 batean". Autoa erosteko asmotan dabiltzanei, errekuntza bidezkoa gomendatzen die: "Errentagarriagoak dira, eta elektrikoak arazo handiak ditu oraindik, besteak beste kargaleku falta".

Gasolina, gasolioa, elektrikoa... Kalean dago eztabaida. Zuk zer gomendatzen duzu?

Aukerarik onena da gidariaren beharrei, aurrekontuari eta gustuari gehien egoitzen zaiona, eta emango dion erabilera ere kontuan hartu behar da. Gasolinazko auto bat gomendatuko diot urtean 15.000 kilometro baino gehiago egiten ez dituenari, erdiak hirian eta erdiak errepidean. Eta diesel bat edo gasarekin dabilena (natural konprimatua edo petrolio likidotua) 20.000 eta 30.000 kilometro artean egiten dituenari, gehien hirien artean.

Eta batez ere hirian erabiliko badugu?

Orduan, aukera ona izan daiteke elektrikoa. Baina erregaiarekin dabilen autoa oraindik ere askoz errentagarriagoa da ekonomikoki. Eta berria denean, zirkulazioari jarritako mugek ez liokete eragingo, ez behintzat lehenbiziko zortzi edo hamar urteetan, eta hain zuzen hori izaten dute amortizatzeko epea.

Eta bidaia asko egingo baditut, zer-nolako modeloa aukeratuko dut?

Diesel bat (baita zergetan iragarri dituzten igoerekin ere) edo gasarekin dabilen bat (natural konprimatua edo petrolio likidotua) 20.000 eta 30.000 kilometro artean egingo badituzu, gehienbat hirien artean.

Baina erregai bidezko autoen erronka nagusietakoa isuriak murriztea da.

Zalantzarik gabe. Baina murrizketak egiazkoa izan behar du eta, gainera, kontsumitzaileek berriz ere konfiantza hartu behar dute dieselgate izeneko eskandaluen ondotik marka batzuek manipulatu egin dituzte kutsadura neurtzeko gailuak.

Espainian zergatik jaitsi dira dieselen salmentak?

Alde batetik, kontsumitzaileek konfiantza galdu dutelako ibilgailu mota horretan dieselgatearen ondorioz. Bestetik, dieselari zergak asko igoko zaizkiola argitaratu da han eta hemen, eta horrek zalantza eragin du. Baina, batez ere, politikariek adierazpen arduragabeak egin dituztelako eta dieselaren bukaera iragarri dutelako, datarik jarri gabe eta berregituratzeko planik ezarri gabe. Baita zenbait udalek eta erkidegok zirkulazioari jarri nahi dizkioten mugek ere, argitu gabe, gainera, kutsaduraren arazoa ez direla dieselak, baizik eta auto zaharrak eta gaizki mantenduta daudenak.

Hain zuzen, Espainiako eta Europako hiri nagusiek mugatu egin dute autorik kutsatzaileenen erabilera, bereziki gasolinazko eta diesel erako auto zaharrena.

Neurri horien aldekoa naiz, aitzakiarik gabe jo behar delako kutsadura mailak ahalik eta gehiena murriztera eta airearen kalitatea hobetzera. Baina berregituratze plan argiekin lagunduta joan behar dute, kontsumitzaileei gauzak errazte aldera.

Zure ustez, goranzko joeran jarraituko al du elektrikoak eta iritsiko al da gasolinazkoen eta dieselaren lekua hartzera?

Bai, baina urte batzuk beharko ditu oraindik. Oraindik ez dago behar adina baldintza auto elektrikoa erakargarriagoa izan dadin errekuntza bidezkoa baino. Hori gerta dadin, merkeagoa izan behar du. Ibilgailu elektriko bat %80 garestiagoa da errekuntza bidezko baliokide bat baino; erabiltzaileak aparkatzeko leku bat eduki behar du (Espainian %30ek baino ez daukate) eta kargatzeko prozesua ez da eraginkorra. Auto diesel bati minutu batean sartzen zaion erregaiarekin 100 kilometro egin ditzake, eta elektriko batek, berriz, kilometro bakarra egingo luke. Gainera, kargatzeko sare publikoa oso urria da eta kargalekuak instalatzeko inbertsioa ez da aski erakargarria, kargen kudeatzaileak ez duelako lortzen bere kapitala modu egokian itzultzea. Hala ere, auto elektrikoak bere alde dauka 150 urteko teknologia, eta mantentze kostuak %40 txikiagoak dira errekuntza bidezko batenak baino: adibidez, ez dira hausten ez banaketa uhala, eta ezta katalizagailua, partikulen iragazkiak, aldagailu kutxa edo enbragea ere. Eta kilometro bakoitzaren kostua hiru eta sei aldiz merkeagoa da diesel edo gasolinazko batena baino.

Elektrikoaren aldekoek ziurtatzen dute, ibilgailu bat erostea garestiagoa izan arren -ez dira jaisten 20.000 euroetatik -, denborarekin amortizatu egiten dela mantentze lanen eta erregaiaren prezio apala dela eta. Azken batean, baieztatzen dute ohiko autoak inbertsio handiagoa eskatzen duela.

Europako Auto-gidarien Elkarteko zerbitzu ekonomikoek egindako kalkuluetan ez da berresten baieztapen hori, eta frogatu egiten da gasolinazko ibilgailu batek kilometro bakoitzeko duen kostua (amortizatuen kostuak sartuta) errentagarriagoa dela elektriko baliokide batena baino. Eta hori garajean leku bat izateko ordaindu behar dena sartu gabe, hori ere beharrezkoa baita.

Zure ustez, iritsi al da auto elektriko bat erosteko garaia?

Bai, baina merkatuko arlo oso txiki batentzat baino ez: erabat hirian ibiltzen diren gidariak, eta banaketa txikiak egiten dituzten enpresa eta autonomoak.

Zure iritziz, beraz, auto elektrikoa ez dago prestatuta auto tradizionala erabat ordezkatzeko.

Gaur-gaurkoz, ez. Hori gerta dadin, joan den mendean Henry Ford-ek serieko ekoizpenarekin abiarazi zuen fenomeno berak gertatu behar du: 1909. urtean Ford T batek 600 dolar balio zuen; handik hamabost urtera, 250era jaitsi zen prezioa. Gainera, handitu egin behar du baterien iraupenak, kargatzeko guneen sare publikoa ere ugaritu egin behar da, eta bateratu egin behar dira konektore motak.

Gaur egun zer-nolako abantailak ditu erregai bidezko auto tradizional bat hautatzeak, gasolinazkoa edo diesela, auto elektriko baten aldean?

Prezioa, autonomia eta hornidura guneak. Askoz merkeagoak dira, askoz kilometro gehiago egin ditzakete kargatu gabe eta gasolina zerbitzuguneak nonahi aurkituko dituzu Europan.

Autokritika pixka bat eskatuko dizut: gaur egun zein da erregai bidezko auto bat erostearen arazo nagusia elektriko baten ordez?

Zalantzarik gabe, kutsadura, baina baita ezinegona ere, noiz arte erabili ahalko diren ez jakiteak eragin duena. Horrek zera dakar: auto horien balioa inolako arrazoirik gabe gutxitzea bigarren eskuko merkatuan.

Gomendatuko al zenituzke gasarekin dabiltzan autoak?

Bai, 30.000 kilometro inguru egiten dituen erabiltzailearentzat, baldin eta hornigai hori duen zerbitzugune bat gertu badauka. Gasik gabe gelditzen bazara kargatzeko lekurik gertu ez daukazulako, gasolinazko bigarren depositua erabilita moldatuko zinateke.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto