Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Arturo Perez de Lucia, Ibilgailu Elektrikoa Garatu eta Bultzatzeko Enpresa Elkarteko zuzendari nagusia (Aedive): "Urteak daramatzat auto elektrikoak bakarrik gidatzen, eta ohiko erregaia erabiltzen duenarekin baino hamar aldiz gutxiago gastatzen dut"

Urte berri, auto berri. Dieselaren inguruko araudi berriek eta modelo jasangarri berrien autonomian izandako hobekuntzek aldagai berriak sortu dituzte, eta erabiltzaile asko kontsumoa eta ingurumena ere kontuan hartzen hasi dira erabakitzeko garaian. Laguntza eskatu diegu bi adituri, eta aukera bakoitzaren alde onak eta txarrak zein diren azaldu digute.

 

Autoa aldatzeko asmoz bazabiltza, baliteke zalantza sortu izatea errekuntza bidezko bat aukeratu (gasolina edo diesela) edo auto elektriko bat. Bi horien tartean, dena den, badira bestelako aukera batzuk ere, adibidez auto hibrido bat erostea edo gas bidez dabilena. Hautatu aurretik, adituen gomendioa da kontuan hartzea zer-nolako erabilera emango diogun. Ildo horretan, hirirako auto bat nahi baduzu, aukera onak izan daitezke elektrikoa edo hibridoa. Baina erabilera mistoa emango badiozu, hau da, hirian bai baina errepidean ere bidaiak egingo badituzu, agian hobe izan liteke betiko aukerarekin gelditzea, errekuntza bidezkoarekin alegia.

ELEKTRIKOA, HAZTEN ARI DEN AUTOA.

Auto elektrikoen inguruko eskaria asko handitu da azken urteetan, eta handitzen eta handitzen ari dira ibilgailu mota horien matrikulatzeak. Espainiako Estatuan 40.000 elektriko daude gaur egun, halaxe dio Ibilgailu Elektrikoa Garatu eta Bultzatzeko Enpresa Elkarteak (Aedive). Horien artean, badira erabat elektrikoak, bateria batekin mugitzen direnak (sarearen bidez kargatzen dira); badira entxufe bidezko hibridoak, erregaiarekin dabilen motor bat eta motor elektriko bat dutenak; eta badira maila hedatukoak esaten zaienak ere, erregai bidez dabilen energia sorgailu bat dutenak.

Adituek uste dute 2020. edo 2023. urtetik aurrera etorriko dela auto elektrikoaren edo hibridoaren egiazko booma. Kargalekuak urri samarrak dira, batez ere hiri handi batetik irteten zarenean. Auto markak, dena den, gogor ari dira lanean bateria berriak sortzeko, gero eta autonomia handiagoa izango dutenak (gaur egun 400 kilometroraino iristen dira). Eta azkarrago kargatuko direnak ere bai, orain sei eta zortzi ordu artean behar izaten dituzte eta.

Baina auto elektrikoak bidea egin dezan, eskaria behar du. Eta Espainian oraindik ere aski txikia da. Sartze maila ez da iristen %0,5era, eta zifra horrekin, Europa mendebaldeko herrialdeen azken lekuetan ageri da. Alderatzen hasita, Norvegian, adibidez, elektrikoa da bost autotatik bat.

AUTO TRADIZIONALAREN ALDE.

 

Hori guztia kontuan hartuta, auto ekoizleek diote ohiko erregaiekin dabiltzan autoak ez direla deabrutu behar. Eta gasarekin dabiltzanak ere aintzat hartzea komeni dela diote, merkeagoak izateaz gain, gasolinazkoek edo dieselek baino gutxiago kutsatzen baitute.

Dieselaren beheraldiak, ordea, kezka sortu du sektorean; eta gainbehera horren errua, hein batean, auto zaharren isuri kutsatzaileen ospe txarrari egozten diote. Automobil eta Kamioi Ekoizleen Espainiako Elkarteak (Anfac) egindako kalkuluen arabera, 12 urte baino gehiago dituzten 400.000 diesel desagertuko balira errepideetatik, %80 murriztuko lirateke gas kutsatzaileen isuriak.

Baina eztabaida horren gainetik, arauak daude. Europako Batasunak gehienez ere 168 miligramo nitrogeno oxido (NOX) onartzen ditu kilometro bakoitzeko dieseletan. Ekoizleen esanetan, egun lantegietatik ateratzen diren ibilgailuek betetzen dute muga hori, baina ez ibilgailurik zaharrenek. Dieselak eta gasolinazko autoak bidegurutze batean daude.

Parisko Hitzarmenak dio (klima aldaketaren aurkakoa da) 2050. urterako %80 eta %95 artean murriztu behar direla berotegi efektuko gasen isuriak. Eta gobernuak erregai fosilekin dabiltzan ibilgailuei begira hasi dira. Frantziak 2040. urtean jarri du muga, eta hortik aurrera ezingo dira saldu. Eta beste herrialde batzuek ere bide beretik jo dute, adibidez Norvegiak (2025ean), Indiak (2030) eta Alemaniak. Herrialde horren asmoa da, gainera, milioi bat auto garbi edukitzea zirkulazioan 2020an.

Espainiak, oraingoz, ez du egin halako apusturik. Baina horrek ez du eragotzi zenbait hiritan neurriak hartzen hasi izatea. Madrilek, adibidez, poluzio egoera batzuetan galarazi egin die zirkulazioa 2000. urtea baino lehenagoko gasolina autoei eta 2006a baino lehen matrikulatutako diesel autoei, eta Bartzelonak ere betoa jarri die ibilgailurik kutsatzaileenei egun gris horietan. Valentziak, Murtziak, Kordobak eta Granadak ere badituzte arauak zirkulazio kutsatzaileena arautzeko.

ETA ZER ESAN AUTO HIBRIDOAZ ETA GASAZ?

Auto hibridoen sailean, ia denetarik sartzen da, egia esan: motor teknologia iritsi berrien zati handi bat, auto elektrikoak ere bai, baina baita gas natural konprimatuarekin edo petrolioaren gas likidotuarekin dabiltzanak ere. Teknologiak konbinatzen dituzte. Adibidez, hibrido elektrikoek (entxufe bidezko hibridoak ere esaten zaie) modulu elektriko bat izaten dute pila txikiagoekin, hirian ibiltzeko, eta ohiko motor bat bidaietarako.

Gasarekin dabiltzan ibilgailuak ere aukera bat izan daitezke mugikortasun jasangarrirako, batez ere ibilgailu astunetan (kamioiak eta autobusak). Prezioa dute alderdi on bat: dieselek edo gasolinazkoek baino 1.500 euro gehiago balio dute eta, hortaz, elektrikoak baino askoz merkeagoak dira. Horrekin batean, gutxiago kontsumitzen dute, erregaia merkeagoa da eta murriztu egiten dituzte isuriak. Mugikortasunerako Gas Naturalaren Iberiar Elkartearen arabera, Espainian 8.400 ibilgailu inguru dabiltza gas natural berriztagarriarekin eta 50.000 inguru petrolioaren gas likidotuarekin.

2018AN ESPAINIAN IZANDAKO SALMENTAK*

  • 57% gasolina.
  • 37% diesela
  • 6% hibridoak eta elektrikoak.
  • Ibilgailu kopurua: 40.000 ibilgailu elektriko.
  • 250-400 km autonomia.
  • 12.000 kargaleku daude Parisen / 400 kargaleku daude Madrilen
  • 0,70 €/litro gas likidotua
  • 1,25 €/litro gasolina
  • 20.000 € gutxieneko prezioa ibilgailu elektriko batek

*Irailaren 30eko datuekin landua (ANFAC).

El experto: Arturo Perez de Lucia, Ibilgailu Elektrikoa Garatu eta Bultzatzeko Enpresa Elkarteko zuzendari nagusia (Aedive): "Planeta zaintzeaz gain, auto elektrikoak aurrezteko aukera ere ematen du egun".

 

Kazetaria da eta aditua ere bai mugikortasun jasangarriaren eremuan. Auto elektrikoaren defendatzaile handia da, Espainiako Estatuan dagoen handienetakoa. "Urteak daramatzat auto elektrikoak bakarrik gidatzen, eta ohiko erregaia erabiltzen duenarekin baino hamar aldiz gutxiago gastatzen dut", adierazi du. Ibilgailu Elektrikoa Garatu eta Bultzatzeko Enpresa Elkarteko zuzendaria da lanbidez New Yorken jaiotako gizon hau, eta denbora librean, itsaspekaritzan eta boxeoan aritzen da. Elkarrizketa honetan, gogoeta egin du auto elektrikoak dituen abantailen eta, hori ere onartu du, erronka handien inguruan, eta haren zabalkundea zerk moteltzen duen ere azaldu du.

Norbait autoa erosi ez erosi zalantzan badabil (elektrikoa edo tradizionala), zer-nolako aholkua emango zenioke?

Autoa erabiliko badu, bereziki hirian, lehenbiziko gauza da aztertzea inguruan zer-nolako aukerak dituen mugikortasunerako, eta egiaz erosi behar ote duen pentsatzea. Garraio publiko kolektiboak gero eta aukera gehiago ematen du. Horien artean daude metroa, autobusa, aldirietakoak eta metro arina, baina baita taxiak eta ibilgailu gidaridunak ere, eta beste irtenbide batzuk, bizikleten, motorren eta autoen sharinga adibidez partekatuak. Eta patinete bat ere erabil daiteke. Ez da ahaztu behar, errekuntzak ingurumenean duen eraginak sortzen duen kezka ez ezik, beste arazo handi batzuk ere izaten direla hiri inguruetan, auto pilaketak adibidez, eta horiei ere jarri behar zaie konponbidea.

Eta egiaz behar badut, baina autoa batez ere hirian erabiliko badut, zer-nolako ibilgailua erosi behar nuke?

Hori guztia aztertu eta, hala ere, autoa erosi beharra dugula ondorioztatuz gero, ikusi egin behar da zenbat kilometro egiten ditugun egunean. Baina aukerarik onena, ia ziur, auto elektrikoa izango da. Merkatuan dagoeneko badaude 400 kilometroko autonomia eskaintzen duten ibilgailuak. Nahikoa eta gehiago da hori, herritarren %85ek egunean 50 kilometro baino gutxiago egiten dituzte eta.

Auto elektrikoak, baina, baditu arazo batzuk. Lehenengoa, prezioa.

Jendeak uste du auto baten kostua erostean ordaintzen den hori dela, baina kontzesionariotik ateratzen denean, alde bateko eta besteko kostuak hasten dira etortzen ia etenik gabe, eta horiek gehituta, auto tradizional baten hasierako prezioa bikoiztera irits daiteke. Auto elektrikoak ia ez du izaten gisa horretako kosturik, mantentze lanik ia ez baitzaio egin behar, kargatzeko gastua erregaiarena baino hamar aldiz merkeagoa ere izaten da, eta baditu beste abantaila gehigarri batzuk ere, adibidez doan aparkatu daitekeela leku arautu batzuetan eta autobideko ordainlekuak doakoak izaten direla.

Teknologiak lortu du 400 kilometroko autonomia ematea ibilgailuei, baina zenbaitek uste du oraindik ere gutxi dela.

Komeni da kontuan hartzea karga nagusia etxean edo lantokian egiten dela, eta horrek erantzuna ematen dio beharrizanen %80ri. Hori nekez ulertzen du errekuntza bidezko ibilgailu bat duenak, hark nahitaez zerbitzugune batera joan beharra baitu ibilgailuak funtzionatuko badu.

Zure ustez, lortuko al da kargalekuekin sare trinko bat egitea, Espainian barrena arazorik gabe bidaiatzeko modua izan dadin?

Horretan ari gara. Badago proiektu bat karga azkarrerako sare bat zabaltzeko, zeinak aukera emango duen edozein ibilgailu elektrikok distantzia ertain eta luzeak egin ditzan arazorik gabe. Dena ongi badoa, 2019. urte amaierarako oinarrizko azpiegitura sare bat edukiko dugu errepide eta autobide nagusietan azkar kargatzeko.

Orduan, zein da gaur egun auto elektriko bat erostearen abantaila handia?

Asko ditu. Horien artean, murriztu egiten direla isuri kutsatzaileak eta akustikoak, gidatzeko erosotasuna, azeleratzeko eta erantzuteko garaian eskaintzen dituen prestazioak. Baina, guztien artean, aurrezkia nabarmenduko nuke: erosteko garaian zertxobait garestiagoa da, baina mantentze lanak eta ondorengo erabilera askoz merkeagoak dira.

Eta arazoen artean, zein da eragozpenik handiena Espainian auto elektriko bat erosteko?

Agian, garrantzitsuena da, norberak aparkatzeko leku bat eduki ezean han kargatzeko gunea jartzeko, zailagoa dela auto elektriko bat edukitzea. Zorionez, badira txandakako aparkalekuak, eta saltoki handiak eta hirugarren sektoreko beste eraikin batzuk hasiak dira kargalekuak jartzen beren aparkalekuetan, eta horrek aukera ematen die berentzat lekurik ez duten gidariei autoa kargatzeko.

Eta isuriak kontuan hartzen baditugu, teknologia elektrikoa al da modu bakarra Parisko Hitzarmenak isurientzat ezartzen dituen mugak betetzeko?

Garraiorako jarri diren helburuak hain dira handinahiak, elektrifikazioa da horietara iristeko bide bakarra. Merkatu azterketa batzuen arabera, 2030. urtean bi milioi ibilgailu eduki behar genituzke matrikulatuta, eta 2050ean, sei milioi. Gaur egun 40.000 ibilgailu elektriko daude. Esprinta jo behar dugu urte hauetan.

Baten batek esango du hor ere badagoela tranpa. Auto elektrikoak gutxiago kutsatzen du bidean dabilela, baina argindarraren zati handi bat oraindik ere erregai fosiletatik lortzen da Espainian.

Desinformazio handia dago horren inguruan: Espainiako argindarraren %70 libre dago CO2 isurietatik, berriztagarriak eta energia nuklearra gehituta. Eta kontuan hartu behar da Espainian aurreikusia dagoela energia berriztagarriak ugaritzea.

Orduan, zer-nolako neurriak proposatzen dituzu elektrikoa egiaz izan dadin aukera jasangarri bat eta planeta kontuan hartzen duena?

Errepideko mugikortasunean, ibilgailu elektrikoa da oraintxe aukerarik jasangarriena ingurumenari dagokionez; eta %90etik gorako eraginkortasunak eskaintzen ditu errekuntza bidezkoen aldean, zeintzuen eraginkortasuna %25aren inguruan dabilen.

Oraintxe al da unea ibilgailu elektriko bat erosteko edo hobe da urte batzuetan zain egotea?

Urte batzuk badira nik ibilgailu elektrikoak bakarrik erosten eta gidatzen ditudala. Eta aurreztu egiten dut errekuntza bidezko autoa ibiltzen nuen garaiarekin alderatuta. Hilean 1.500 kilometro egiten ditut, batez beste, eta argindarrean 20 eta 23 euro artean ordaintzen dut hilean, erregai fosiletarako beharko nukeena baino hamar aldiz gutxiago. Zalantzarik gabe, jarraitu egingo du ibilgailu elektrikoen bilakaerak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto