Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Haurren makillaje: Koloreteak badu zerbait ezkutuan

Ama edo aita imitatzeko edo spiderman-en antza izateko. Haurrek izugarri maite dute mozorrotzea eta beste norbait direlako itxurak egitea, baina kontuz ibiltzea komeni da kosmetikoak ematean, eta ongi hautatu behar dira produktuak. Adinez zenbat eta gazteagoak izan, larruazala orduan eta sentiberagoa izaten da kanpoko eraginetara.

 

Illinoisko neskato bat da Lydia Craven, eta hiru urte zituenean, haurrentzako makillaje sorta bat opari egin zioten gurasoek. Eman zuen aurpegian, eta 24 ordu igaro baino lehenago ospitalera eraman behar izan zuten, erreakzio alergiko larri baten erruz. Haren familiak Facebook-en jarri zituen argazkiak martxoan, jendeari ikusarazteko zein garrantzitsua den etiketak ongi irakurtzea.

Neskatoaren irudiak zirrara eragiteko modukoak dira: begiak puztu-puztuak ditu, eta ia ez ditzake ireki ere egin. Ezpainak zauriz eta negelez beteta ageri zaizkio, eta larruazalak hainbeste erretzen zion, ezen konpresa hotzak jarri behar izaten baitzizkioten 30 minututik behin. Bi aste behar izan zituen bere onera etortzeko. Produktu sorta hark sei substantzia kimiko arriskutsu zituen, larruazal sentiberetan erreakzio alergiko larriak eragiteko gai direnak.

Makillajeekin eta margoekin jolasean aritzea ez da arriskurik gabeko jarduera. Neska-mutilei liluragarria iruditzen zaie superheroien antza hartzea, marrazki bizidunetako pertsonaiena bestela, edo gehien maite dituzten animaliena. Edozein festatan, mozorrotzera iritsi ez arren, gutxienez aurpegia marrazteko joera izaten dute haien antza eduki nahian. Horrexegatik hartzen dituzte jostailuzko beren kosmetikoak eta makillatu egiten dira, azazkalak margotzen dituzte eta aldi baterako tatuajeak egitera ere ausartzen dira. Ez dute arriskurik ikusten jolas horietan, eta haurrentzat izanik, gurasoek ere nekez pentsatuko dute arriskutsuak direla; gainera, kosmetikoen eta jostailuen Espainiako legedia betetzen duten produktuk dira...

"Margo horiek oso erraz kentzeko modukoak izaten dira eta hipoalergenikoak izan behar dute, haurren larruazalean ematekoak dira eta", adierazi du Francisco Javier del Boz dermatologoak. Baina zer esan nahi du hipoalergenikoak? Espainiako Lurringintza eta Kosmetika Elkarteak (Stanpa) azaltzen duenez, esan nahi du erreakzio alergikoak eragiteko ahalmen urria duela. Eta ekoizleak arreta gehiago jarri duela bai osagaiak hautatzeko garaian eta bai kontrol probetan ere, okerreko erreakzioak sortzeko arriskua are gehiago murrizteko egiten direnetan. Litekeena da makillaje horiek larruazaleko arazo batzuk sorraraztea, adibidez ukipenezko dermatitisa (alergikoa edo narritadurazkoa), batez ere larruazal sentibera duten haurretan (atopikoak).

Halakoetan, honako hauek izaten dira sintomarik ohikoenak: ekzemak edo gorritasunak larruazalean, pusla txikiak, hanturak eta azkura. Zenbait produktuk substantzia kimikoak izaten dituzte, adibidez azazkaletako lakek eta ezpainak margotzekoek (koloratzaileak, kontserbagarriak, lurrinak edo disolbatzaileak), eta alergenikoak eta /edo narritatzaileak izan daitezke, halaxe dio Del Boz-ek: "Haurrekin ez dira erabili behar, batez ere oso txikiak direnean". Aldi baterako tatuajeek ere gehigarriak izaten dituzte erantsita, hennak luzaroago iraun dezan (batez ere parafenilendiamina), eta horiekin ere ohikoa izaten da erreakzio alergikoak agertzea. Eta arrisku larria eragin dezakete, erreakzio horien ondorioz "gerora beste arazo batzuk sor daitezkeelako ehunetan edo ilerako produktuetan erabiltzen diren tinduekin", erantsi du espezialistak.

SEI URTE EGIN ARTE, KONTUZ.

Haur txikienekin hobe da ez erabiltzea gisa horretako produkturik, eta etiketa askok ere halaxe ohartarazten dute. Hiru urtetik beherako adingabeen larruazala oso zaurgarria da kanpoko edozein eragileren aurrean, epidermis fina izaten baitute eta oso gantz gutxi larruazalaren azpian. Oso iragazkorra izaten da; izan ere, gorputzaren pisuarekin alderatuta, larruazaleko ehunaren gainazala hiru aldiz handiagoa da helduena baino. Hori dela eta, askoz arrisku handiagoa izaten dute intoxikatzeko.

Haur horien pH-a, gainera, neutroa izaten da (7), eta, hortaz, heldu batenak baino (5) azidotasun txikiago eduki ohi du; ondorioz, sentiberagoa izan ohi da narritaduren eta infekzioen aurrean. Gainerako haurrekin, berriz, neurriak hartu beharra dago, bai produktu horiek erostean eta bai ematean ere. Kontuan hartu behar da horien larruazala ez dela izaten heldu batena bezalakoa sei urte betetzen dituzten arte (eta pubertaroa heldu arte sebo guruinak ez direla egoten erabat aktibo).

Ohikoa ez den arren, gerta daiteke segurtasun kontrolek huts egitea. Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN) 2013. urteaz geroztik ez du jakinarazpenik jaso ezaugarri horiek dituzten produktuek haurrengan sor ditzaketen arriskuen inguruan. Joan den abuztuan, ordea, Alerta Azkarreko Europako Sistemak (RAPEX) agindua eman zuen haurrentzako makillajea zeukaten kutxatila batzuk merkatutik atera zitzatela Txekiar Errepublikan, Espainian eta Portugalen, amianto arrastoak zeuzkatelako (material horrek minbizia eragiten du).

Eman aurretik, irakurri

 

Jostailu Ekoizleen Espainiako Elkartearen iritziz (AEFJ), etiketa irakurtzea da modurik onena kosmetiko bat segurua den edo ez jakiteko. Har itzazu gogoan aholku hauek: Ziurtatu ezazu etiketan ageri den informazio guztia irakurri duzula:

  • Har itzazu kontuan segurtasunari eta adinari dagozkion gomendioak. Eta egin kasu. Ez erosi CE ikurra ez daukaten jostailuak (bilgarrian edo jostailuan bertan agertuko da), ezta ekoizlearen helbidea ageri ez dutenak ere.
  • Aztertu ezazu osagaien zerrenda etiketan, bereziki zure haurrak alergia baldin badu substantzia eta lurrinen batekiko. Osagaien zerrendarik ez badu, ez erosi produktua. Gorde ezazu ontzia edo etiketaren euskarria, erreakzio alergikoren bat gertatu eta haren osaeraren berri eman behar baduzu ere.
  • Eros ezazu konfiantzazko saltokietan eta gorde ezazu erosketa tiketa, beharrezkoa izango baituzu erreklamazioren bat egin behar izanez gero.
  • Azaldu egin behar dute zer-nolako neurriak hartu behar diren erabiltzeko, eta erabilera oharrak ere eman behar dituzte, berariaz agertzen dela "Advertencia" hitza (ohartarazpena), ekoizpen sortaren zenbakia eta jatorrizko herrialdea (EB-tik kanpokoa denean). Jarraibide horiei erantsi egin behar litzaizkieke medikuntzako profesionalen aholkuak, adibidez kalitatezko produktuak erabiltzea makillatzeko, ahal dela botiketan erosiak, eta test dermatologikoen bidez probatuak edo hipoalergenikoak izan daitezela.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto