Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Ezkondu edo izatezko bikote egin: alde onak eta txarrak: Ezkondu egingo naiz edo elkartu?

Espainiako Estatuan handitzen ari da ezkondu gabe bikote egonkorra osatzen dutenen kopurua, baina bizikidetzarako aukera horrek desabantaila agerikoak ditu oraindik ere legearen arloan eta arlo ekonomikoan.

 

Espainiako Estatuan, bikote ezkonduak askoz gehiago dira izatezko bikoteak baino. Bikotea osatu zuten guztien artetik, %85,4 izan ziren ezkontza bidezkoak eta %14,6 baino ez izatezko bikoteak, datu hori eman du Espainiako Estatistika Institutuak (INE). Nahiz eta krisiak eragina izan zuen ezkontza kopuruan ere (2013. urtean jo zuen behea, eta 156.446 bikote bakarrik ezkondu ziren), ezkontzea boladan jarri da berriz ere, eta gora egiten ari da mantso-mantso: iaz 171.454 ezkontza egin ziren. Eta ezkontzen inguruan ere bada nagusitzen ari den joera bat: 2009. urteaz geroztik, ezkontza zibil gehiago egiten da erlijiosoak baino, eta aldea gero eta handiagoa da. 2016. urtean, lau ezkontzatatik bakarra izan zen elizan; orain dela 10 urte, berriz, erdiak hala izaten ziren, eta 1996. urtean %77a.

Ezkontza zibilak, aldiz, erlijiosoak halako hiru izan ziren. Atzerantz begira jarrita, ohartuko gara 1965. urtetik hona ezkontzak %56 murriztu direla Espainiako Estatuan, datu hori eman du Eurostat-ek. Europako estatistika bulegoaren esanetan, betiko ezkontza ez den beste aukera batzuk legezko bihurtu izanak azaltzen du beherakada hori, adibidez izatezko bikote gisa bizitzeko aukerak eta legeetan egin dituzten aldaketak, horien eskubideak bermatze aldera.

LEGEEN NAHASTE-BORRASTEA.

Izatezko bikoteek osatzen duten familia eredua zabaltzen ari da, eta INEk 2017. urterako emandako datuen arabera, 2.697.028 dira dagoeneko, iaz baino %4,4 gehiago. Baina goranzko joera hori izan arren, Estatuan ez dago horien izaera arautzeko lege bat eta bakarra, han eta hemen onartu diren xedapen batzuk baino ez. Gabezia horri erantzunez, 13 erkidegok beren legeak sortu dituzte izatezko bikoteentzat. Katalunia izan zen gisa horretako lege bat onartu zuen lehen erkidegoa, 1998. urtean.

Handik urtebetera, gauza bera egin zuen Aragoik, eta hurrengo urtean Nafarroak. 2001ean Madrilgo Erkidegoa, Valentziakoa eta Balear uharteak gehitu zitzaizkien. Eta horrela, banaka-banaka, arautzen joan dira ezkontzaren aterkipean sartzen ez diren elkartze mota horiek. Murtzia izan da halako lege bat onartu duen azkena (urte honetako ekainean izan da). Badira, dena den, legerik ez duten erkidegoak ere, nahiz eta bikoteen erregistroak badituzten. Egoera horretan daude Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, eta Errioxa, eta baita Ceuta eta Melillako hiri autonomoak ere.

Espainian gauza bera al da ezkontzea edo izatezko bikotea osatzea? Kasurik gehienetan, ez.

 

1. Zer behar dut ezkontzeko edo izatezko bikotea izateko?

Lehenbizikoari dagokionez, aski da ezkontzeko gaitasuna egiaztatzea, Kode Zibilaren 56. artikuluak esaten duen bezala, eta onespena ematea; ondoren, ezkontza bidezko elkartzea ziurtatzen duen akta eskuratzen da eta Erregistro Zibilera eramaten. Izatezko bikote izateko baldintzak, ordea, desberdinak dira autonomia erkidego bakoitzean. Madrilen, adibidez, elkarrekin bizi beharra dute urtebetez, eta erregistroan izena emanda egon behar dute. Aragoin bi urtekoa da epea, baina txikiagoa ere izan daiteke, baldin eta eskritura publiko batean jasotzen bada elkarrekin bizi direla. Nafarroan urtebetez bizi beharra dago elkarrekin eta dokumentu publiko batean jaso, edo haur bat eduki eta etxea partekatu. Asturiasen denak balio du: urtebetez elkarrekin bizitzea, elkarrekin haur bat eduki eta elkarrekin bizitzea, dokumentu publiko batean jasotzea edo erregistroan izena ematea.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Andaluzian, ordea, Izatezko Bikoteen Erregistroan izena emanda daudenak bakarrik dira izatezko bikoteak. Berariazko legerik ez dagoen lekuetan (Errioxa, Gaztela eta Leon, eta Gaztela-Mantxa), aukera dute Izatezko Bikoteen Erregistroan izena emateko (erkidegokoan edo udalekoan), baina izaera administratiboa bakarrik dauka. Bestela esan: bizikidetzaren inguruan sortzen diren legezko auzi guztiak adostasunez edo epaitegietan konpondu beharko dituzte. Bikotea osatu zuten guztien artetik, %85,4 izan ziren ezkontza bidezkoak eta %14,6 baino ez izatezko bikoteak, datu hori eman du Espainiako Estatistika Institutuak (INE).

Nahiz eta krisiak eragina izan zuen ezkontza kopuruan ere (2013. urtean jo zuen behea, eta 156.446 bikote bakarrik ezkondu ziren), ezkontzea boladan jarri da berriz ere, eta gora egiten ari da mantsomantso: iaz 171.454 ezkontza egin ziren. Ezkontzen inguruan ere bada nagusitzen ari den joera bat: 2009. urteaz geroztik, ezkontza zibil gehiago egiten da erlijiosoak baina, eta aldea gero eta handiagoa da. 2016. urtean, lau ezkontzatatik bakarra izan zen elizan; orain dela 10 urte, berriz, erdiak hala izaten ziren, eta 1996. urtean %77a. Ezkontza zibilak, aldiz, erlijiosoak halako hiru izan ziren. Atzerantz begira jarrita, ohartuko gara 1965. urtetik hona ezkontzak %56 murriztu direla Espainiako Estatuan, datu hori eman du Eurostatek. Europako estatistika bulegoaren esanetan, betiko ezkontza ez den beste aukera batzuk legezko bihurtu izanak azaltzen du beherakada hori, adibidez izatezko bikote gisa bizitzeko aukerak eta, horien eskubideak bermatze aldera, legeetan egin dituzten aldaketak.

2. Ezkontza edo izatezko bikotea: gauza bera al da?

Ez. Legearen ikuspegitik, ez dira gauza bera bikote ezkondua (Estatu mailako araudi batek arautzen du, Kode Zibileko 44 artikuluak) eta izatezko bikotea (erkidegoetako legeek arautzen dute), eta ez dituzte eskubide berak. Bien arteko aldeak, dena den, lekuaren araberakoak dira. Autonomia erkidego bakoitzak bere araudia duenez izateko elkartzeen inguruan, lurralde batzuetan alde txikiak daude bien artean, eta beste batzuetan handi samarrak. Ez ezkontzeak, hortaz, are eta desabantaila handiagoak ekartzen ditu. Izatezko elkartzeek (erregistratuta egon edo ez) murriztuta izaten dituzte eskubide batzuk, traba handiagoak eduki ohi dituzte eskubide horiek gauzatzeko eta, batzuetan, segurtasun juridiko eskasagoa.

3. Zer gertatzen da nire bikotekidea gaixo jartzen bada?

Izatezko bikoteek eta bikote ezkonduek eskubide berberak dituzte. Biek dute eskubidea laneko baimena eskuratzeko bikotekidea larri gaixotu delako edo hil egin delako.

4. Izango al dut amatasun edo aitatasun baimena?

Bai, bientzat berdina da hori ere. Izatezko bikote bateko kideek eta senar-emazte ezkonduek berdin-berdin eskura ditzakete baimen horiek.

5. Izango al dut atseden egun batzuk hartzerik nire elkartzea formalizatu ondoren?

Funtzionarioentzat erantzuna baiezkoa da bi egoeretan: 15 eguneko baimena eskuratuko dute ezkondu ondoren edo erregistro publikoan izatezko bikote gisa izena eman ondoren. Baina enpresa pribatu batean ari bazara, kasuan-kasuan ikusi beharko da. Langileen Estatutuak ez die aitortzen atseden egunik izatezko bikoteei, eta, ondorioz, norberaren arloko Lan Hitzarmenak eskubide hori onartzen duenean bakarrik hartu ahalko da. Zorionez, hitzarmen gehienetan jasoa dago.

6. Egin al dezaket errenta adierazpen bateratua?

Bai, baina ezkonduta egonez gero bakarrik. Zerga kontuetan ez dagoenez izatezko bikoteen aitortzarik, ezkonduta egon ezean ez daiteke egin adierazpen bateraturik.

7. Eskuratu al dezaket diru laguntza bat edo etxebizitza publiko bat.

Bai, bientzat berdina da hori ere. Bikote ezkonduek eta izatezko bikoteek, biek eskuratu ditzakete diru laguntzak eta etxebizitza publikoak, eta berdin laguntzak, bekak eta zerga kenkariak ere beren erkidegoan dagokien baldintzetan.

8. Zer gertatzen da nire bikotekidea hiltzen bada?

Ezkonduta egoteak onurak dakartza automatikoki. Izatezko bikoteek desabantaila dute egoera horretan, ez baitute bermatua izaten zuzenean alargun saria jasotzeko eskubidea. Oro har, sari hori jasotzeko, egiaztatu egin behar da bikotea erregistroan izena emanda zegoela bi urtean baino gehiagoan edo frogatu egin behar da bost urte baino gehiago egin zituztela elkarrekin bizitzen. Horretaz gain, frogatu egin behar da beren diru sarrerek ez dutela gainditzen lurralde bakoitzak ezartzen dituen mugak. Lurralde batzuek, dena den, legeak onartu dituzte elkartze egonkor horiek ezkontzen baldintza beretan jartzeko arlo horretan ere. Horixe egin du Kataluniak, eta orain alargun saria bermatua dago bikotekidea hilez gero.

9. Zer gertatzen da bikotea banatzen denean?

Ezkontzari dagokionez, aukera izaten da ezkondu aurretik ondasunak banatzeko, irabazpidezko sozietatea eratzeko edo partaidetza erregimena hautatzeko. Baina izatezko bikoteentzat ondorioak aldatu egiten dira erkidego batetik bestera. Lurralde batzuetan ez dago inolako alderik, baina beste batzuetan izatezko bikoteek eskubide gutxiago izaten dute edo mugak jartzen dizkiete. Adibidez, mantenu pentsioa jasotzeko eskubidea eduki daiteke, baina epe jakin baterako. Nafarroan, ordea, elkar elikatzeko eskubidea edo betebeharra ezartzen du legeak. Beste erkidego batzuetan, adibidez Kanarietan, banandu ondoren, bikotekideek aurrez adostu dituzten ondorioak bakarrik ezarriko dira (dokumentu ofizialean agertu beharko dute, gainera, sinatu zuten eguneko datarekin). Idazki horretan agertu beharko du bakoitzak zer-nolako eskubideak eta betekizunak dituen, eta zer-nolako ondorio ekonomikoak izango dituen banatzeak. Bereiztea, hori bai, errazagoa da: aski da bietako bat Justizia Sailera joatea eta erregistrotik ken dezatela eskatzea.

10. Zer gertatzen da bien pisua nik erosi banuen edo diru gehiago jarri banuen?

Izatezko bikoteetan, jabeari atxikitzen zaio etxebizitza edo jarritako dirua. Egoera, dena den, aldatu egiten da notarioaren aurrean egindako hitzarmenaren arabera. Bikote ezkonduetan, ezkontza erregimenaren araberakoa izango da banaketa (ondasunak banatu dituzten, irabazpidezko sozietatea eratu duten edo partaidetzazko erregimenean dauden).

11. Zer gertatzen da haurrekin?

Elkarrekin haurrik izanez gero, ez dago desberdintasunik eskubide eta betebeharretan: berdin du gurasoak ezkonduta dauden edo ez, izatezko bikotea diren edo ez, edo elkarrekin bizi diren edo sekula ez diren bizi izan. Konstituzioak eta Kode Zibilak berdintasuna ezartzen du seme-alaben artean, ezkontza barrenean jaio izan edo kanpoan. Hain zuzen, azken horiek gero eta gehiago dira, eta gaur egun jaioberrien %35 izatera iritsi dira.

12. Eta maizago ikusi nahi baditut?

Edozein hitzarmen egiten denean, adingabeen interesak hartzen dira abiapuntutzat. Erabaki egin beharko da nork eskuratuko duen haurren zaintza, non biziko diren, zein izango den bisiten erregimena, zenbat diru jarri beharko den gastuetarako... Eta hori egiteko bideak hiru dira bi kasuetan: eskritura publiko bidez egitea, elkarrekin adostea edo auzibidean erabakitzea.

13. Etxetik kanpo lanik ez badut egin eta haurrak zaintzen gelditu banaiz, jasoko al dut konpentsazio saririk?

Honetan badira aldeak. Diru sarrerarik gabeko ezkontideak eskubidea du konpentsaziozko sari bat eskatzeko banaketa edo dibortzioa gertatuz gero, baina egoera konplikatu egiten da izatezko bikoteentzat. Harremana etetea erabaki bada eta auzitegiei neurriak har ditzala eskatu bazaio haurren zaintza eta familiako etxebizitzaren erabilera arautze aldera, ezingo da eskatu, baldin eta ez badago horren inguruko hitzarmen bat, eta prozedura zibil batera jo beharko da (konplexua, luzea eta garestia izaten da).

14. Iritsiko al zait herentziarik?

Zuzenbide zibil orokorrak abantaila gutxiago eskaintzen ditu izatezko bikoteentzat. Bikote ezkonduetan, bizirik gelditu den kideak beti dauzka eskubideak, baina izatezko bikoteetan ez dago irizpide bateraturik. Erkidego guztiek ez dituzte aitortzen ondoretasunezko eskubide automatikoak, eta, ondorioz, adituen gomendioa da testamentua egitea oinordetzan zerbait utzi nahi denean heriotzaren ondotik. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Balearretan, maila berean daude izatezko bikoteak eta bikote ezkonduak. Beste batzuek eskubide jakin batzuk onartzen dituzte, adibidez Andaluziak, non legeak esaten duen bien etxebizitzan bizi daitekeela urtebetez.

15. Zer gertatzen da alokairuan bizi banaiz?

Hiri Errentamenduei buruzko Legeak esaten du, heriotza kasuan, ezkontideak eskubidea duela etxebizitzaren kontratua luzatzeko. Izatezko bikoteak, berriz, gutxienez bi urtean egon beharra dauka elkarrekin bizitzen (salbu eta seme-alabak badituzte elkarrekin).

Aditua: Luis Enrique Garcia, Garón Abogados bulegoko abokatua, familiako zuzenbidean espezialista: "Alargun saria da trabarik handienetakoa".

 

Zer da hobea, ezkontzea edo izatezko bikote egitea?

Ez dago formula hoberik edo txarragorik, faktore pertsonal, sozial eta erlijiosoak baizik (besteren artean), eta horien arabera jokatzen dute beren harremana formalizatzen dutenek.

Desabantaila gehiago izaten al dute izatezko bikoteek?

Egoera desberdinak dira, zeren bikote ezkondua izateak eta izatezko bikotea izateak ondorio berberak balitu, ez bailuke zentzurik izango biak bereizteak. Baina garrantzitsuena da onartzen hasiak direla izatezko bikoteen izaera juridikoa, eta bikote ezkonduen parera hurbiltzen ari direla. Izatezko elkartzeen helburu bakarra da elkarrekin bizi izatea ezkontideek egiten duten bezala. Egokitu egin behar dira eskubide horiek guztiak.

Ezkontzarekin alderatuta, zein da desabantaila nagusia?

Legezko ondorioei dagokienez, alargun saria da oztoporik handienetakoa, nekezago lortzen baitute urteetan ezkondu gabe elkarrekin bizi izan direnek. Eskubide hori izateko, ia nahitaezkoa da erregistroan izena emanda egotea, diru sarrera txikiak izatea eta elkarrekin urte jakin batzuk bizi izatea, beste zenbait baldintzaren artean (aldatu egiten dira erkidego batetik bestera). Beste desabantaila bat herentziekin gertatzen da, baina hori testamentuaren bidez konpontzen da.

Egoera bat aurkeztuko dizut: "Pisua nik erosi banuen, zer gertatzen da izatezko bikotea banaiz eta bereiztea erabakitzen badut?"

Erkidego batzuek aukera ematen dute izatezko bikoteek eskritura bidez jaso ditzaten elkarrekin biziko diren garaian eta ondoren indarrean egongo diren hitzarmenak. Halakorik egiten ez denean, normalena izaten da bi kideek berdin erantzutea zama guztiei, beren gaitasun ekonomikoa kontuan hartuta. Dena den, ikusi egin behar litzateke bakoitzak zer-nolako ekarpenak egin dituen eta horren arabera zehaztu bestearekiko eduki litzaketen kreditu eskubideak.

Eta ezkonduta egonez gero?

Orduan, ikusi egin beharko da irabazpidezko erregimenean dauden edo ondasunak banatuta dituzten, baina gehienean, Kode Zibilak dioen bezala, "zordun bakoitzak modu pertsonalean erantzuten du bere ondarearekin". Aski izango ez balitz, aukera egongo litzateke irabazpidezkoak bahitu ditzatela eskatzeko.

Elkarren kontuan diru gehiago jarri banuen eta bereizten banaiz, zer-nolako aldeak daude?

Ekarpenak bientzat berdin banatu ahalko lirateke likidatzeko garaian. Gehienean hala izaten da, salbu eta frogatzeko moduan egiaztatzen badugu diru gehiago jarri dugula. Horretarako, oso garrantzitsuak dira bankuko agiriak, horien bidez frogatu egin baitaiteke kapital baten jatorria eta helmuga. Ezkonduta egonez gero, berriz ere ikusi egin beharko litzateke irabazpidezko erregimenean dauden edo ondasunak banatuta dituzten.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto