Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

^

Lekaleak: Altxorra aztergai

IKUS EZAZU ZERGATIK DEN ONA HORIEK JATEA, IKAS EZAZU NOLA HAUTATU BEHAR DIREN ETA ATERA IEZAIOZU ETEKIN GUZTIA ZURE EROSKETARI: MERKEAK DIRA, ZUNTZ ETA PROTEINA ASKO DUTE ETA OSO GANTZ GUTXI. SINESTEA ERE KOSTA EGITEN DA HORIEN KONTSUMOA NOLA JAITSI DEN AZKEN HAMARKADETAN.

LEHORRAK ALA EGOSIAK.

 

Lehorrak erosi eta etxean prestatzeko asmoa izanez gero, eskaintza harrigarria aurkituko duzu: pardina dilista edo gaztelarra; babarrun nabarra edo morea; leka zuri luzea, riñon motakoa, leka handia (judiones esaten zaie gaztelaniaz) edo fabea; garbantzu gaztelarra, esnekara, pedrosillano motakoa... 20.000raino luzatzen da zerrenda! Eta lekaleak handizka erosi nahi izanez gero (erraz aurkitzen dira merkatuetan eta saltoki txikietan), Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren gomendioa da usainari arreta jartzea (freskoa izan behar du), eta garbi eta osasuntsu dauden aleak hautatzea, osoak eta neurri eta kolore uniformea dutenak, guztiak berdin egin daitezen eltzean.

Babarrunek, mota batekoak edo bestekoak izan, azal laua eduki behar dute, leuna, distiratsua eta zimurrik gabea, eta dilistek osorik egon behar dute, eta usain freskoa eduki, intxaur ukitu batekin. Nolanahi ere, edozein saltokitan aurkituko ditugun lekaleak hiru mailatakoak izango dira: estra (gorenak), I. mailakoak (kalitate ona) eta II. mailakoak (ongi betetzen dituzte salgai jartzeko baldintzak). Eguneroko martxak ez badigu tarte handirik uzten sukaldean aritzeko, badugu beste aukera on bat ere: egosita saltzen direnak, gehienetan beirazko potoetan (400 gramo izaten dituzte, bi errazio, gutxi gorabehera). Horiekin, ez dugu ibili beharko lekaleak zenbait orduz beratzen.

Prezioan, dena den, alde handiak daude batzuetatik besteetara. Lekale lehorren errazio batek, batez beste, 26 euro zentimo balio du, eta egosien errazioak, berriz, 60 zentimo. Aukera guztien artean osasungarriena hautatzeko, garrantzitsua da osagaien zerrendari begiratzea. Ahalik eta soilena izan beharko du: lekaleak, ura eta gatza (eta itsasokoa bada, hainbat hobeto). Erosketa gida honetarako aztertu ditugun marka guztien artean, Pedro Luis etxekoak bakarrik betetzen ditu baldintza horiek; gainerakoek kontserbagarriak eta antioxidatzaileak daramatzate.

Guztiek ere sodio asko izaten dute eta, hortaz, ez dira egokienak gatz gutxiko dietak egiteko; alderdi horrek, hala ere, badu konponbidea: aski da potoan datorren likidoa baztertzea eta lekaleak uretan pasatzea prestatu aurretik. Gutxien daukatenak Luengo etxekoak dira, gatz gutxikoak hain zuzen (0 g), eta gehien dutenak Pedro Luis etxekoak (0,9); gainerako guztiek, batez beste, 0,6 g dituzte. Inola ere ez lukete gainditu beharko 1,5 gramoko gatz kopurua 100 gramo bakoitzeko, eta hobe azukre erantsirik ere ez badaramate. Gida honetan aztertu ditugun lekale mota guztiek betetzen dituzte bi baldintza horiek.

Azkenik, lekale egosien beste bitxikeria bat ere oso kontuan hartzekoa da: oso erabilgarriak gertatzen dira hain tradizionalak ez diren plateretan erabiltzeko, adibidez entsaladak, humusa edo hanburgesak egiteko. Prestaera horiek, gainera, modua ematen dute lekaleekin plater erakargarriagoak egiteko, familia guztiak goza dezan.

PLATER PRESTATUAK.

Aurrez prestatuta heldu diren errezetetan, lekaleak laguntzeko erabiltzen diren osagaien araberakoa izaten da nutrizio balioa: kaloria gutxien ematen duen aukera Litoral etxekoa da, dilistak berdurarekin (67 kaloria eta 2,7 gramo gantz 100 gramo bakoitzeko); beste muturrean, berriz, Carretilla etxeko madrildar eltzekaria dago (190 kaloria eta 12,5 gramo gantz). Gatza ere, azken horrek dauka gehien. Gantz saturatuen atalean, hiru aukerak ez dute gainditzen egunaren buruan hartu behar litzatekeen kopuruaren %6: Litoral etxeko Hoy Legumbres garbantzuek (4,5), eta etxe bereko dilistek, berdurekin datozenak (6). Aitzitik, horietako sei %35aren gainetik dabiltza: Eroskiren madrildar eltzekaria (36) eta Litoral etxekoa (39), Eroskiren dilistak errioxar eran (40,5), eta Asturiasko hiru fabada, Litoral etxekoa (46,5), Carretilla markakoa (48) eta Eroskirena (54).

Nutrizioaren ikuspegitik, ez da gauza bera eltzekari horiek prestatuta erosi edo norberak egin (albo batera utziko dugu zaporea eta gehigarrien inguruko kontua). Adibidez, Litoral etxeko asturiar fabadak 427 kaloria ditu, 25 gramo gantz eta ia 24 gramo karbohidrato; etxean prestatzen den babarrun platerkada batek, 50 gramo txorizorekin, 70 gramo odolkirekin eta berdurekin, 657 kaloria izango lituzke, 38 gramo gantz eta 49 gramo karbohidrato. Kontuan hartu behar da, dena den, lekale eta haragi kopuruak ez direla berdinak izango, segur aski. Etxeko eltzekaria begetalekin bakarrik lagunduko bagenu, 161 kaloria emango lituzke, 2,5 gramo gantz eta 47 gramo karbohidrato.

ZUNTZ KOPURUA 100 GRAMO BAKOITZEKO

  • Dilistak: 11,7 g
  • Garbantzuak: 15 g
  • Soja: 15,7 g
  • Babarrunak: 25,4 g

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto