Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Intsektuak: etorkizuneko proteina

Modu jasangarrian ekoizten dituzte, eta betiko biltegian dauden elikagaiak bezain osasungarriak dira. Jateko balio duten intsektuak irtenbide bat izan litezke 2030. Urterako ingurumenak izango duen erronkari erantzuteko: munduan biziko diren 9.000 milioi pertsonak elikatzea.

 

Txinako esaera zahar ospetsu batek dioen bezala, hegan, igerian, arrastaka edo oinez dabilen guztia jan daiteke. Mendebaldean, jakin-mina eta arbuioa eragiten ditu entomofagiak, hau da, intsektuak eta araknidoak osorik jatearen arteak, beren zango, antena eta hegalekin; izan ere, Asiako sukaldaritzako exotismo gisa ikusten du jendeak. Baina dietan intsektuak sartzeko ohitura ez da kontu berria.

Badakigu gure antzinako arbasoak izan ziren hominidoek jaten zituztela, eta Erroma klasikoan, Plinio Zaharrak Naturalis Historia izeneko lanean azaldu zuenez, Erromako patrizioak zoratu egiten ziren irinetan eta ardotan hazitako intsektuen larbak jan nahian. Gau egun, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO), besteak beste, aukera gisa ikusten du entomofagia etorkizun hurbilari begira, irtenbide jasangarria izan daitekeelakoan elikadura arloko eskariak asetzeko.

Ildo horretan, joan den urtarrilaren 1etik aurrera, Europako Batzordeko araudiak baimendu egiten du gizakiok jateko balio duten intsektuak saltzea. Europako herrialderik gehienetan lehenago hasi ziren saltzen, eta Espainian baimena ematearekin batean, asko samar handitu dira intsektuekin egindako elikagai batzuen salmentak: gehienbat, irinekin egindako gailetak, barratxoak eta baita txokolate eta pastak ere. Horiek, izan ere, biltegian ohikoak diren elikagaiek baino kopuru handiagoetan ematen dituzte proteinak, zuntzak eta gantz osasungarriak.

DIETA OSATZEKO.

Europako Batzordeak Novel Foods (elikagai berriak) direlakoen zerrendan bildu ditu intsektuak, baina beste zenbait herrialdetan ez dira hain berriak: 2.000 milioi lagunen ohiko dietaren zati dira, eta osotara 1.900 mota inguru jaten dituzte, halaxe dio FAOk eta Wageningen-go Unibertsitateak (Herbehereak) egindako ikerketa batek. Eskari handiena dutenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: kakalardoak (%31), beldarrak (%18), erleak, liztorrak eta inurriak (%14), eta matxinsaltoak, otiak eta kilkerrak (%13). Ontziratuta eros daitezke, handizka, deshidratatuta, gozo ukituarekin... Nahiz eta oraintsu hasiberria den jateko balio duten intsektuen inguruko ikerketa, nutrizionistarik gehienek osagarri gisa hartzen dituzte, eta ez beste elikagai batzuen ordezko gisa.

UR IRAKINETAN EGINDA, LABEAN EDO FRIJITUTA.

Entomofagian barneratzen hasteko, nutrizionisten eta ekoizleen gomendioa da irinaren harrarekin edo beldarrarekin hastea (Tenebrio molitor delakoa). Txigortu eta ondu ondoren, aperitibo baten antza izaten dute exoeskeletoari esker (intsektuen, araknidoen eta beste ornogabe batzuen gorputza estaltzen duen ehun gogor eta zurruna da). Kurruskatsuak izaten dira eta ahoan ateratzen duen hotsak gailetek edo pretzel direlakoek ateratzen dutena oroitarazten dute.

Jakin beharrekoa da, dena den, jateko balio duten intsektuek ere badituztela beren aroak bizitzan, eta beti ez direla egoten gizakiok jateko moduan. Pupak, larbak eta ninfak, esaterako (lehenbiziko faseak), denetan egokienak dira jateko, kopuru txikiagoetan izaten baitute kitina -onddoen eta artropodoen gorputz sendoak izaten duen karbohidrato bat da -, eta horrek samurragoak eta errazago digeritzeko modukoak egiten ditu.

Lurrinari dagokionez, intsekturik ia gehienak usainik gabeak izaten dira, hori ere exoeskeletoari esker. Eta itxura? Espezialistek ohartarazten dute kolore atsegina edukitzeak beti ez duela esan nahi intsektu bat gustagarria izango denik. Hain zuzen, egosten ari direla, aldatu egiten zaie jatorrizko kolorea (grisa, urdina edo berdea) eta gorrirantz egiten dute. Gantz herdoildu asko duten intsektuak edo modu desegokian lehortu direnak beltzak izan daitezke, baina egoki lehortuz gero, kolore urrekara edo marroia hartzen dute, eta oso erraz birrindu daitezke eskuekin.

Herrialde askotan, bizirik daudela jaten dituzte intsektuak. Baina kozinatu egingo badira (Bizitzaren Zientzien Txekiako Unibertsitateak 2016an egindako ikerketa baten arabera, horixe da gomendagarriena), ur berotan irakitea da onena, bizpahiru egunez janaririk eman gabe eduki ondoren. Egosi ere egin daitezke, labean erre, frijitu edo lehortu. Zaporea eta erretrozaporea askotarikoa izan ohi dute, eta horretan eragina eduki ohi dute feromonek (intsektuen organismoaren gainazalean sortzen dira), bizi diren giroak eta elikadurak. Ur irakinetan egiten direnean, ia ez dute zaporerik izaten, desagerrarazi egiten baitzaizkie feromonak. Egosten direnean, berriz, erantsi zaizkien osagaien zaporea bereganatzen dute.

Zeren zaporea dauka kakalardo batek?

  Eta zer-nolako zaporea izaten dute intsektuek? Creepy Crawly Cuisine: The Gourmet Guide to Edible Insects izeneko liburua izan daiteke galdera horri erantzuteko gida egokia (Zomorroen sukaldaritza izugarria: jateko intsektuen gourmet gida). Julieta Ramos-Elorduy irakasleak egina da, eta espezie eta zapore batzuen arteko lotura bitxien berri azaltzen du (Mexikoko Unibertsitate Autonomoan aritzen da, Biologia Institutuan). Inurrien eta termiten gozotasunak, adibidez, intxaurrena oroitarazten du; tenebrionido kakalardoen larbek osoko ogia ekartzen dute gogora; zura hondatzen duten labezomorroen larbek, bularki gantzatsua, azal eta guzti dagoena; sorgin-orratzak eta uretako beste intsektu batzuek, arrainarena; labezomorroak txanpiñoiena; italiar intsektu marradunak edo trobadoreak, sagarrena; liztorrek, pinaziena; Mythimna impura izeneko sitsen larbek, arto gordinarena; kotxinillak, patata frijituena; uretako txalupariak, kabiarrarena; eta Erebidae sitsaren beldarrek, sardinzarrarena.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto