Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Víctor Viñuales, soziologoa, ekologian espezializatu eta Ecología y Desarrollo Fundazioko zuzendaria: "Ordularia aldatzen da eguzkiari probetxu hobea ateratzeko eta argindar gutxiago kontsumitzeko"

Ordularia atzeratu edo aurreratu beharra dagoen aldiro, hortxe azaltzen da eztabaidarako gaia, onuragarria ote den edo kaltegarria. Aldekoek diote murriztu egiten dela energia kontsumoa; kontrakoen esanetan, aldiz, sinbolikotik gehiago du eraginkorretik baino. Orain, Europako Batzordeak behin betiko kentzeko asmoa azaldu du

 

Urtero-urtero, 1974az geroztik, ordulariaren orratzak aldatzen ibili behar izan dugu urtean bitan. Martxoko azken igandean, ordubete aurreratzen dugu, eta urriko azkenean, atzeratu. Petrolioaren krisia gertatu berritan ekin zioten aldaketa hori egiteari, argi naturalari probetxu hobea ateratzeko asmoz; Europako Batasuneko kide diren estatu guztietan ezarri zen neurria, 1984. urteko zuzentarau baten bidez, eta Espainiako Estatuan 2002ko Errege Dekretu batean jaso zuten. Baina ordu aldaketaren inguruan beti bada eztabaida. Neurri horren aldekoek esaten dute dirua eta energia aurrezteko balio duela.

Kontrakoen ustez, aldiz, oso txikiak dira ustezko onura horiek eta, osasunean zer-nolako nahasmenduak eragiten dituen kontuan hartuta, ez du merezi. Erakundeen esanetan, energia kontsumoa murrizteko balio du ordu aldaketak, baina onartzen dute zaila dela hori kuantifikatzea, eta haien esanetan, gainera, "badirudi nahiko mugatua dela". Orain, Europako Batzordeak erabaki du arau hori baliogabetzeko tramiteak egiten hastea, Batzordeak berak sustatuta Europako herritarrei egin dieten inkesta batek erakutsi baitu horren aldekoak direla gehien-gehienak. Europako Parlamentuak ere ildo beretik jo zuen otsailean, eta loteslea ez zen ebazpen batean, Batzordeari eskatu zion zuzentaraua berrikus zezala.

EGIAZ AURREZTEN DA EDO KALKULU HUTSA DA?

 

Argi naturalari probetxu gehiago ateratzeko asmoz ordularia aldatuta, %5 aurrezten da argindar kontsumoa, halaxe dio Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE). Horrek esan nahi du argindarraren faktura 300 milioi euro txikiagoa dela. Diru horretan guztian, etxeetako gastuarenak izango lirateke 90 milioi (sei euro familia bakoitzeko); eta beste 210 milioiak industriak eta zerbitzuen sektoreak eragiten dituenak. Zifra horiek, dena den, kalkuluak baino ez dira; hau da, horietara iristeko, utzi egin beharko litzaioke argindar artifiziala erabiltzeari beharrezkoa ez denean.

Europako Batzordeak sustatu duen aldaketa honek ohiko prozesua pasatu beharko du, eta kide diren estatuek oniritzia eman beharko diote Euroganberak lege berria berretsi aurretik, zeina inola ere ez den iritsiko 2020. edo 2021. urtean baino lehen. Kritikoen ustez (elkarte ekologistak dira bereziki), ordu aldaketa gehiago da neurri sinbolikoa, jendea ohar dadin zein garrantzitsua den energia aurreztea, eta ez egiaz aurrezteko modua. Nabarmentzen dute, gainera, familiek eta enpresek argindar gutxiago erabili arren goizetan, aurrezten duten hori desagertu egiten dela arratsaldeetan, berogailu gehiago erabili behar izaten baitute neguan eta hozteko sistema gehiago udan.

Kritikoen ustez (elkarte ekologistak dira bereziki), ordu aldaketa gehiago da neurri sinbolikoa, jendea ohar dadin zein garrantzitsua den energia aurreztea, eta ez egiaz aurrezteko modua. Nabarmentzen dute, gainera, familiek eta enpresek argindar gutxiago erabili arren goizetan, aurrezten duten hori desagertu egiten dela arratsaldeetan, berogailu gehiago erabili behar izaten baitute neguan eta hozteko sistema gehiago udan. Ingurumenaren aldeko elkarteek neurri eraginkorragoak eskatzen dituzte, adibidez fotozelulak edo sentsoreak erabiltzea, argi naturalaren arabera argia itzali edo doitzeko (eraikin berrietan beharrezkoa da dagoeneko, halaxe agintzen du Eraikingintzaren Kode Tekniko berriak), LED lanparak instalatzea edo eraikinen diseinua gehiago lantzea, probetxu hobea atera diezaioten eguzkiari leihoak alde egokietan jarrita edo argi-zuloak eginda.

Energiaren arloko beste espezialista batzuek eskatzen dute gobernuak bitartekoak jar ditzala Europako araudiak modu orokortuagoan ezar daitezen, haien iritziz horrek energia asko aurreztea ekarriko bailuke: betebehar gisa ezar dezala eraikinetan eta teilatuetan energia berriztagarriak sustatzea edo kontagailu adimendunak ezartzea, berriztagarrietatik datorren energia zein neurritan kontsumitzen den adieraziko dutenak.

NAHASMENDUAK GURE BARNE ORDULARIAN.

Bada gehiago ere. Kritikoenen iritziz, ustezko onurak ez dira iristen herritarrei sortzen dizkien buruhausteak eta osasun arloko nahasmenduak berdintzera. Medikuen esanetan, aldaketak eragina izaten du organismoan, eta logalea eta nekea sortzen ditu, eta haserrekortasun iragankorra ere bai batzuetan. Aldarazi egiten baitu erritmo zirkadianoa; hau da, gure barne ordularia, zeinak egokitu egiten duen organismoaren erritmoa egunaren eta gauaren zikloetara, baina ongi funtzionatzen ez duenean, logale arazoak eragin ditzake.

Baina bihotzak ere sufritzen du ordu aldaketa horrekin. Halaxe frogatu du hainbat ikerketak. Berriena Ferrarako Unibertsitateak argitaratu du urte honetako otsailean European Review for Medical and Pharmacological Sciences aldizkarian, eta ondorio hau atera du: gaiaren inguruan egin diren sei ikerketarik zorrotzenek baieztatu egin dute infartu gehiago izateko joera dagoela udaberriko aldaketa gertatzen denean (%4tik %29ra bitartean igotzen da). Medikuen zenbait txostenek iktus arriskuarekin ere lotzen dute: Ameriketako Neurologia Akademiak 2016. urtean egindako ikerketa batek dioenez, aldaketa egin ondorengo astelehenean eta asteartean %8 kasu gehiago izaten da.

Ordulari aldaketak, zifratan

  • 300 milioi euro, kalkuluen arabera Espainian hori aurrezten da energiatan ordu aldaketarekin.
  • 5%: potentzialki hori aurreztu daiteke argiztapenean ordu aldaketarekin.
  • 1984: urte horretan sartu zen indarrean ordularia urtean bitan aldarazten duen zuzentaraua.
  • 90 milioi euro. Guztira hori aurreztuko lukete Espainiako familiek energiatan.
  • 6 euro: energiatan diru hori aurrezten du familia bakoitzak Espainiako Estatuan.
  • 70 herrialde horiek aldatzen dute ordua. Horien artean, Europako Batasuneko guztiek.

Iturria: Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua (IDAE).

Aditua: Víctor Viñuales, soziologoa, ekologian espezializatu eta Ecología y Desarrollo Fundazioko zuzendaria: "Ordularia aldatzen da eguzkiari probetxu hobea ateratzeko eta argindar gutxiago kontsumitzeko".

 

Soziologoa da, ekologiaren arloan espezializatua, eta Ecología y Desarrollo Fundazioa zuzentzen du. Urtean bitan ordularia aldatzearen aldekoa da, garrantzitsua iruditzen baitzaio Espainian energia aurrezteko. Haren ikuspegiaren arabera, kontua ez da norberak etxean aurrezten duena bakarrik, indarrak batzea baizik: "Energia kontsumoa murriztea eta gas kutsatzaileen isuriak geldiaraztea ezinbestekoa da", adierazi du.

Zergatik aldatzen da ordularia urtean bitan?

Energia aurrezteko neurria da ordu aldaketa. Eguzkiaren argiari probetxu gehiago ateratzea lortzen da, eta horri esker, argindar gutxiago kontsumitzen dugu.

Zer lortzen da, egiaz, neurri horrekin?

Eguzkia badago, ez da argiztapen artifizialik beharko ez fabriketan eta ez etxeetan ere. Aurreztu egiten dute enpresaburuek, herritarrek ere bai beren etxeetan, murriztu egiten da planetara isurtzen den gas kopurua, eta hori ona da klima aldaketa geldiarazteko, eta aurreztu egiten da argindarraren fakturan, inportatu egiten baitugu kontsumitzen dugun energiarik gehiena.

Zer-nolako ondorioak ditu hirietarako?

Adibidez, gutxiago gastatzen dute hiri argiztapenean. Hor ere printzipio berari jarraituz aurrezten da energia: udalek ordubete geroago pizten badute argiteria, murriztu egiten da argindar kontsumoa.

Neurri horrek nola laguntzen du enpresek eta industriek energia gutxiago erabil dezaten?

Dezente gehiago aurrezten dute lan ordutegi luzeenak dituzten enpresek, argi naturalik gabeko orduetan ere lan egiten dutenek. Hortaz, argindarraren faktura gehiago murrizten zaie lehenago hasten diren enpresei edo lan jarduna beranduago bukatzen dutenei.

Zer-nolako onurak ekarriko lituzke kontsumorako eta aisialdirako ordularia urtean bitan aldatzeak?

Arratsaldeetan argi naturalarekin ordu gehiago edukitzeak ugaritu egiten ditu kontsumo orduak saltokietan eta errestaurazioaren arloan, bai turistena eta bai tokiko populazioarena ere.

Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak esaten du (IDAE) familia bakoitzak sei euro txikitzen duela argindarraren faktura ordu aldaketarekin. Ez dirudi hainbeste denik...

IDAEk kalkulatzen du argiztapenean kontsumitzen den argindarraren %5 aurrezteko modua ematen duela ordu aldaketak, eta hortik ateratzen du zifra hori. Familia bakoitzarentzat gutxi da, baina etxe guztietakoa batuta, aurrezten dena oso kontuan hartzekoa da Espainiako Estatuan bizi diren 47 milioi pertsonentzat, bai diruari dagokionez eta bai isuri kutsatzaileei dagokienez ere.

Neurri horren alde ematen den beste argudio bat da lagungarria dela jendeak kontzientzia har dezan eta jabetu dadin zein garrantzitsua den energia aurreztea. Zure ustez, horretan ere laguntzen al du neurri horrek?

Argudio hori ez dut ikusten hain argi. Iruditzen zaidanez, ordutegi aldaketa oso modu burokratikoan egiten da, eta gizartean pedagogia falta da gai horretan. Ordu aldaketa baino askoz zabalagoa da energia eraginkortasunaren erronka, gizarte osoari dei egiten baitio, enpresei, erakundeei eta pertsonei.

Ordu aldaketaz gain, zer beste neurri proposatuko zenituzke argiztapenean aurrezteko?

Modu asko dago. Garrantzitsuenak eraikinen diseinuari lotuta daude, eguzkiaren argiari ahalik eta probetxurik gehiena atera diezaioten. Eguzkia lagun ona dugu; beti borondatez ari da guretzat lanean, eta probetxua atera behar zaio horri. Horretaz gain, beste neurri asko dago teknologia eraginkorraren erabilerari lotuta, adibidez bonbilla zaharren ordez LED argiak jartzea, zeinak energia gutxiago gastatzen duten eta gehiago irauten.

Ordua aurreratzeko eta atzeratzeko ematen den beste arrazoi bat da harmonizatu egiten duela Espainiako ordutegia Europako gainerako herrialdeetakoarekin.

Ordutegia garrantzitsua da energia aurrezteko, baina baita zoriona lortzeko ere. Espainiako lan ordutegiak ez du egiten batere mesederik: berandu afaltzen da, eta hori txarra da digestiorako; arratsaldeetan, berriz, berandu arte lan egiten da, eta horrek eragin izugarria du haurrei arreta eskaintzeko garaian eta pertsonarik ahulenak zaintzeko orduan. Botere publikoek aldatu egin behar lituzkete ordutegiak, eta ongizate handiagoa bilatu. Zoriontsu izatea da politika publikoaren eta bizitzaren helburu nagusia.

Zer-nolako ondorioak ditu ordua aldatzeak gure planetan?

Atmosferara isuri kutsatzaile gutxiago egitea dakarte energia kontsumoa murrizteko neurri guztiek, eta horiek daude klima aldaketaren atzean. Ezinbestekoa da isuriak geldiaraztea.

Zenbaitek dio ordu aldaketak on egiten diola osasunari eta zorionari. Zer diozu zuk?

Argi ordu gehiago edukitzeak lagundu egin dezake bizilagunen artean interakzioa sortzen kalean, eta horrek agian lagundu egingo luke ordu aldaketaren inguruko aurreiritziak gainditzen. Nolanahi ere, ordu aldaketak dakarren onurari begiratzeko garaian, ikuspegi multidimentsionala behar da, eta tartean dauden alderdi guztiak hartu behar dira kontuan. Eta alderdi horien artean, oso garrantzitsua da osasuna, jakina.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto