Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

GAILETAREN ERRADIOGRAFIA

GUTIZIA BAT DA TXIKIENENTZAT ETA BEKATU BAT NAGUSIENTZAT. BAINA TENTUZ IBILI HAUTATZEKO GARAIAN. ONGI ASMATZEKO, KONTUAN HARTU BEHAR DA ZENBAT AZUKRE DUTEN, LIPIDOEN PROFILA NOLAKOA DEN ETA BESTE ZENBAIT ALDERDI ERE NEURTU BEHAR DIRA, ADIBIDEZ GATZA ETA ZUNTZA.

GANTZA: KANTITATEA ETA KALITATEA.(2)

 

Interesgarria da ikustea ekoizleek landare oliorik erabiltzen ote duten beren errezetetan, adibidez ekilore olioa (oleiko ugarikoa bada, hainbat hobeto), olibarena edo koltza olioa (azken horrek beste izen batzuk izaten ditu, adibidez kanola olioa edo nabina olioa, izan ere laurogeiko hamarkadan hainbat intoxikazio eragin zituen koltza olio faltsutuak, eta orduz geroztik oso izen txarra gelditu zaio). Nutrizioaren ikuspegitik, osagai horiek profil hobea dute beste gantz mota batzuek baino, adibidez palma edo koko olioek baino, zeinak ugari izaten dituzten gantz saturatuak. Hori dela eta, ontzian nabarmenduta agertu ohi dira.

Aztertu ditugun marken artean, bakar batek ere ez du adierazten oliba olioa duenik; ekilore olioari dagokionez, oleiko ugarikoa kopuru aipagarrietan daukate (%13 eta %18 artean) Chiquilínek, Oloz egindako Digestive Txokolatedunek, Marbú 0% Azukre gailetek, Eroskiren Maria Osokoak, Gullón etxeko Active Osokoek, Avenacol Digestive izenekoek, Tosta Ricak, Dinosaurus direlakoek eta Choco Flakes'ek. Koltza olioa, berriz, Príncipe gailetek daramate, txokolatez betetakoek, nahiz eta kopuruz palma gantza gehiago duen; azken hori beste hauetan ere ageri da: Eroskiren Gaileta gorritu biribiletan, La Buena María izenekoetan, Choco Flakesen eta Chips Ahoy markakoetan. Ekoizlerik gehienak lanean ari dira bestelako errezeta batzuk bilatu eta gailetei palma olioa kentzeko, ezaugarriei bere horretan eusten dietela (zaporea, testura, kontserbazioa...). Oraingoz gaileta mota batzuekin baino ez dute lortu (zailtasunik handiena txokolatez estalita daudenekin izaten da).

Azukrea eta gantza dira gailetei zaporea emateko erabiltzen diren bi mantenugai nagusiak, eta zentzuzkoa da, hortaz, biak batera hartuta ateratzea ondorioak. Marka horiek guztiak aztertu ondoren, ikusi dugu elaborazio prozesu handiena dutenak daudela azukrez eta txokolatez hornituenak (beteak, txokolatedunak, estaliak), adibidez Oreo etxekoak, txokolate zuriz estaliak (gaileta bakoitzaren %75 dira azukreak edo gantzak) edo Chips Ahoy direlakoak (%58). Gainerakoetan, nahiko antzekoa da profila, nahiz eta badiren "arinxeago" batzuk ere (horrek ez du esan nahi osasungarriagoak direla, baina bai aukera hobeak): La Buena María da horietako bat, edo Eroski Basic saileko Maria Osokoak (horiek dute gantz sauratu gutxien). Marbú 0% Azukre gailetek eztitzaileekin orekatzen dute azukre falta, ikusi dugun bezala, baina baita gantz kantitate aipagarriekin ere.

GATZA: GOZOAK EZ GAITZALA ENGAINATU

Deigarria da gailetek hainbeste gatz edukitzea, berez elikagai gozoen sailekoak dira eta. Aztertu dugun laginean, badira 0,1 gramo dutenak errazio bakoitzeko (Chiquilín) eta badira, beste muturrean, 0,6 gramo dutenak ere (Dinosaurus), eta azken kopuru horrek gainditu egiten du egunean gehienez hartu behar litzatekeenaren %10a. Oro har, gatz gehiago daukate osoko irinekin eginda daudenek (Eroski Basic saileko Maria osokoak edo Oloz egindako Digestive txokolatedunak) edo azukrerik ez dutenek (Marbú 0% Azukre). Gaileta horiek zuntz gehiago izaten dute edo azukrea falta dute, eta faktore horiek urritu egiten dute zaporea; hortaz, litekeena da ekoizleek ohi baino gatz gehiago erantsiz berdindu nahi izatea gabezia hori. Ez da ahaztu behar, halaber, gatza kontserbatzaile gisa ere erabiltzen dela, eta harrotasuna eta testura hobetzeko ere bai. Baina orokorrean, eta dieta arloko beharrizan berezirik tartean ez badago, nutrizioaren ikuspegitik bigarren mailako ezaugarritzat hartu behar dugu azukreak/gantzak binomioaren aldean.

"EGIAZ" OSOKOAK?

Lehenik eta behin, hitzak zer esan nahi duen jakin behar da. Araudiaren arabera, bi elikagai mota izendatu daitezke "osokoak". Alde batetik, era horretako irinekin eginak daudenak, hau da, zereal baten ale osotik datozenak (hozia eta azala barne) proportzio jakin batean (gutxienez %50ekoa izan ohi da). Bestetik, ale osotik ez datorren irinarekin egindako produktuak ere osokoak dira baldin eta zuntza erantsi badiete (beste osagai bat gehiago balitz bezala). Etorkizuneko araudiak segur aski bereizi egingo ditu bi produktu mota horiek, eta lehenbizikoei bakarrik deitu ahalko zaie osokoak (egia esan, hori albiste bikaina da kontsumitzaileentzat). Hori iristen den arte, "egiaz" osokoa den produktua zein den jakin nahi duenak osagaien zerrendan begiratu beharko du, eta egiaztatu egin beharko du irinik gehiena osokoa dela (gariarena edo beste zereal batena) edo ale osoarekin egindako irina daramala (gariarena edo beste zereal batena).

Aztertu ditugun markei dagokienez, sei erreferentziak iradoki dute osokoak direla. Horien artean, Active osokoak dauka zuntz gehien (7 g baino zertxobait gehiago 50 g bakoitzeko, eta gehiena erantsia: olo eta zekale irin finduak); nahiz eta osagai nagusia osoko gari irina den, landare jatorriko zuntza beste osagai bat gehiago bezala ageri da. Eta, hain zuzen, horrexegatik dauka hainbeste zuntz, erantsi egin diotelako. Bere burua osoko gisa aurkezten duten gainerakoen artean, nabarmendu behar da Avenacol Digestive gaileten zuntz guztia erantsia dela (olo zahia eta gari zahia), baina besteetan ez da berdin gertatzen. Egiaztatu dugu gailetarik sinpleenek daukatela profilik komenigarriena nutrizioaren ikuspegitik. Eta orain ikusten dugu elaboraziorik gutxien dutenak direla merkeenak ere.

Batzuetan badirudi marka ordaintzen ari garela produktua bera baino gehiago. Alderdi guztiak kontuan hartuta emaitza onenak eman dituzten hiru markak hauek izan dira: Gullón etxeko Active osokoa, Cuétara etxeko Avenacol Digestive eta Eroski Basic saileko Maria osokoa. Hiru horiek daukate azukre eta gantz saturatu gutxien, hirurek ekilore olioa baitarabilte, oleiko ugarikoa. Bereziki nabarmentzekoa da Eroski Basic saileko Maria osokoa, beste biak ez bezala, irina osokoa delako gehienbat eta kiloaren prezioa ere beste biena baino hobea. Nolanahi ere, ez dezagun ahaztu gailetak noizbehinka jatekoak direla, eta hautatzen hasita, azukre gutxien dutenak aukeratu behar direla beti, kalitate oneneko gantzak dituztenak eta egiaz osokoak direnak.

GAILETAK EZ DIRA HAURREN KONTUA

Haurrei zuzentzen zaizkien gaileta motak garestiagoak izaten dira, oro har. Ezaugarri hori ez dago osagaiei lotuta, haurrek produktu horiek erosarazteko duten ahalmenari baizik. PAOS kodeak arautu egiten ditu adingabeei zuzentzan zaizkien elikagai eta edarien iragarkiak, eta dei egiten du haurrentzako produktuen iragarkiak zintzoak eta egiazkoak izan daitezela, eta ez daitezela baliatu neska-mutilen xalotasunaz eta sineskortasunaz. Ildo horretan, ez zaio egokia iruditzen sariak eta opariak erabiltzea, ezta marrazki bizidunetako irudiak eta pertsonaia ezagunak ere, marketin tresna horien ondorioa izaten baita mezu horiengatik erosten direla, eta ez produktuagatik beragatik.

Publizitatean edo ontzian ikusten dutenari jarraituz aukeratzen dituzte haurrek gailetak, barrenean zer dagoen jakin ere egin gabe. Eta ekoizleek ematen duten informazioan nabarmendu egiten dute zerealak, bitaminak, burdina, kaltzioa eta fosforoa mantenugai garrantzitsuak direla haurren garapenerako. Horrek guztiak irudi hobea ematen dio produktuari eroslearen begietara, nahiz eta nutrizioaren aldetik berez ez den elementu bereizgarri bat beste gaileten aldean (gainera, ez da kontuan hartzen dieta osasungarri batek lehendik ere ematen dituela haurrek behar dituzten mantenugaiak, eta dieta eredu horretan, gainera, oso noizbehinka jatekoak dira gailetak). Iragarki mota horiek, produktuen alderdi jakinak nabarmentzen dituztenak osasunerako hobeak balira bezala ikus ditzagun, ohikoak eta legezkoak dira. Halakoetan, kontsumitzaile arduratsuen zeregina da informazio hori tentuz hartzea eta kritikotasun zorrotzez jokatzea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto