Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

GAILETAREN ERRADIOGRAFIA

GUTIZIA BAT DA TXIKIENENTZAT ETA BEKATU BAT NAGUSIENTZAT. BAINA TENTUZ IBILI HAUTATZEKO GARAIAN. ONGI ASMATZEKO, KONTUAN HARTU BEHAR DA ZENBAT AZUKRE DUTEN, LIPIDOEN PROFILA NOLAKOA DEN ETA BESTE ZENBAIT ALDERDI ERE NEURTU BEHAR DIRA, ADIBIDEZ GATZA ETA ZUNTZA.

 

Pertsona bakoitzak urtean 5,8 kilo gaileta jaten ditu Espainiako Estatuan, datu hori eman du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak (MAPA). Ia etxe guztietan izaten dira, bai haurrak daudenetan eta bai haurrik ez denetan ere. Askotarikoak daude, prezio ona dute (kiloak, batez beste, 3,49 euro balio du), eta horrek oso erakargarri egiten ditu. Hori dela eta, edozein herritako edozein etxetan sartu eta sukaldeko armairuren bat ausaz irekiko bagenu, gaileta kaxa bat aurkituko genuke. Seguru. Gosaritarakoak ez badira, askaritarakoak, edo noizbehinka mokadutxo bat egiteko balio duten horietakoak.

Baina Elikadura Osasungarriaren Piramideari begiratzen badiogu (Mediterraneoko dietan oinarritua dago, eta hor ageri da elikagai mota bakoitza zein kopurutan eta zer-nolako maiztasunarekin jatea komeni den), ikusiko dugu gailetak gorengo aldean daudela. Horrek esan nahi du, beraz, oso noizbehinka jatekoak direla, ugari ematen dituztelako azukreak (baita erantsiak ere, denetan kaltegarrienak) eta gantzak ere bai (askotan, gainera, kalitate apalekoak izaten dira); gainera, irin finduekin eginak izaten dira gehienean (oso gutxitan izaten dira osokoak). Eta nagusiki produktu gozoa den arren, gatzari ere erreparatu behar zaio, uste baino gehiago izaten du eta.

Nutrizio arloko ezaugarri horiek edukita, opilen pare-parean jartzekoak dira gailetak, nahiz eta ohiko kontsumitzaile batek pentsa dezakeen oso bestelakoak direla bata eta bestea. Eredugarritzat jotzen diren erakundeek diote, adibidez Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (Aecosan) eta beste zientzia elkarte batzuek, berdin-berdinak direla nutrizioaren ikuspegitik. Erosketa Gida hau egiteko, erosketa saskian ohikoenak izaten diren 15 gaileta mota hautatu ditugu, merkatuan aurki daitezkeen guztien adierazgarritzat hartuta. Honako hauek dira: Chiquilín, Marbú 0% Azukre eta Dinosaurus, Artiach etxearenak; Gaileta Gorritu Biribila eta Maria Osokoa, Eroskirenak; Oloz egindako Digestive gaileta txokolateduna eta Active Osokoa, Gullón etxearenak; La Buena María, Fontanedarena; Avenacol Digestive, Tosta Rica eta Choco Flakes, Cuétararenak; Txokolate zuriz estalitako gailetak eta Mini erakoak, Oreorenak; Príncipe Txokolatez Betea, LUrena; eta Chips Ahoy, izen bereko etxearena. Guztietan aztertu dugu zer-nolako kopuruetan ematen dituzten azukreak, gatza eta zuntza, nolako gantza darabilten, osoko zerealarekin eginak dauden edo ez, eta zenbat balio duten.

ERRAZIOAN DAGO KOSKA.

Arduraz aukeratzeko garaian, errazioarena izaten da gainditu beharreko lehenbiziko koska. Ez dago ongi aukeratzerik batzuk eta besteak alderatu gabe, eta ez dago datuak zehaztasunez alderatzerik ekoizle bakoitzak kontsumo errazio desberdin bat gomendatzen badu. Datua 100 gramo bakoitzeko eman behar dela agintzen du legeak, baina beti ez da erraz aurkitzen (letra txikia dute, ontziaren atzealdean dago...). Gainera, Espainiako Estatuan batez beste jaten den kopurua oso urruti gelditzen da 100 gramoetatik, halaxe dio Nutrizioko eta Dietetikako Goi Ikastegiak (Cesnid).

Hain zuzen, adostasun zientifikoak dio 50 gramo ingurukoa dela kopuru eredugarria gailetetarako, eta gida honetan horixe erabili dugu alderatzeak errazago egiteko. Marka batzuek nutrizio arloko informazioa emateko darabilten moduak nahasi egin ditzake kontsumitzaileak eta ondorio okerrak atera ditzakete produktu horrek egiaz beren dietan daukan eraginaren inguruan. Adibidez, bai Chiquilín gailetak eta bai La Buena María izenekoak, Fontaneda etxearenak, aurreko aldean honako aipu hau dakarte: "Sugerencia de consumo" (kontsumo gomendioa), eta ale batek nutrizioaren ikuspegitik zer dakarren adierazten dute. Chiquilín gaileta batek (8,8 gramo) 42 kcal dauzka (Erreferentziazko Kopuruaren %2). La Buena Maríak, berriz (6,1 gramo), 27 kcal ematen ditu (EK-ren %1).

Baina nork uste du, behin hasita, gaileta bakarra jaten dela? Adituek emandako errazioa (batez bestekoa) 50 gramo ingurukoa da; hau da, Chiquilín gailetetan bost eta sei arteko, eta La Buena Marían zortzi ingurukoa. Zifra errealistago horiekin, EK-ren %12ra eta %11ra iritsiko ginateke hurrenez hurren, eta horrek ez du zerikusirik ontziek kontsumitzaileei aditzera ematen dietenarekin. Beste gaileta batzuek, adibidez Marbú 0% delakoak eta Tosta Ricak askoz datu hurbilagoak ematen dituzte errazio errealista horretatik (6 eta 7 gailetari dagozkionak, hurrenez hurren).

ENERGIAZ BETETA... EDO KALORIAZ?

 

Gailetak oso produktu energetikoak dira, hau da, kaloria askokoak. Kontuz ibili behar da, hortaz, zenbat jaten den, eta beste produktu batzuekin txandakatzea komeni da: adibidez, gosaritan 50 gramo ogi eta banana bat janda kaloria gutxiago hartzen da aztertu diren marka gehienetatik 50 gramo gaileta hartuta baino. Baina gailetazaleek ere badituzte kaloria gehiago edo gutxiago ematen duten aukerak. Alde nabarmena dago marka batzuetatik besteetara: kaloria gehien eta gutxien ematen dutenen artean 38 kcal-eko aldea dago (mandarina batek ematen duen kaloria kopurua da hori).

Baina kalorien auzian, ez da kontuan hartu behar kopurua bakarrik. Kaloria horiek zer-nolako osagaietatik datozen ere aztertu behar da. Adibide bat: oliba olioak eta palma olioak kaloria kopuru bera daukate, baina lehenbizikoa askoz osasungarriagoa da bigarrena baino. Gaileten kasuan, osaerari begira jartzen garenean, beste oztopo bat sortzen da: nola jakin osagai bakoitza zein kopurutan ematen duen guk hautatu dugun gailetak. Araudiak dioen bezala, osagaiak kantitatearen arabera ordenatuta azaltzen dira etiketan (gehien duenetik gutxien duenera). Egokiena litzateke bakoitzaren ehunekoa ere adieraztea, baina hori ez da nahitaezkoa legez.

Informazio hori nahi duen eran ematen du marka bakoitzak, bere interesen mesedetan.

Adibidez, Mini Oreo gailetek esaten digute osagaien artean %4,5 daramatela kakao giharraren hautsa (kakaoz egindako gailetak izaki, aipatzeko moduko datua da hori), baina ez dute zehazten zenbateko portzentajean daukaten palma gantza edo nabina olioa. Bigarrena askoz osasungarriagoa da, baina ontzian ageri diren datuekin, gutxiago duela baino ez dezakegu jakin, baina ez zenbat zehazki. Aldiz, Oloz egindako Digestive gaileta Txokolatedunetan (Gullón etxekoak dira), nahitaez eman beharreko nutrizio taularekin batean, osagai jakin batzuei buruzko informazio gehigarria ere ageri da. Horri esker, badakigu olo malutak %34 direna, osoko gari irina %22, txokolate beltzaren tantak %15 eta oleiko ugariko ekilore olioa %14,5. Badirudi markek gardentasun gehiagorekin jokatzen dutela osagaiak osasungarriak direnean.

Kalorien sailkapena

  • Oreo, txokolate zuriz estalia: 255
  • Chips Ahoy: 250
  • Chiquilín: 244
  • Gaileta gorritu biribila, Eroski: 240
  • Mini Oreo: 239
  • Oloz egindako Digestive txokolateduna: 238
  • Dinosaurus: 238
  • Tosta Rica: 232
  • Príncipe, txokolatez betea: 232
  • Active Osokoa: 227
  • Choco Flakes: 225
  • Marbú 0%: 224
  • Avenacol Digestive: 222
  • La Buena María: 220
  • Maria osokoa, Eroski: 217

Kaloriak 50 g bakoitzeko.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto