Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Manuel Chía, Eskolan Arduraz Elikatzearen aldeko Plataformako bozeramaile: "Ez da gauza bera jantoki barneratua izatea edo catering erakoak, lerro hotzekoak alegia, zeinak sukaldea kanpoan duten eta elikagaiak birberotu egiten dituzten"

Ia bi milioi haur eta nerabek eskolako jantokian jaten dute egunero, halaxe dio Espainiako Estatistika Institutuak. Zifra handituz doa urtetik urtera, eta baita elikagaien kalitatearekin kezkatuta dauden gurasoen kopurua ere. Eskoletako menuek badute zer hobetua, egia esan, baina, hala ere, egoki betetzen dituzte nutrizio arloko baldintzak. Askotan, etxean baino gehiago kontrolatzen da haurrek zer, nola eta zenbat jaten duten.

Lasai egon gaitezke haurrek eta nerabeek eskolan jaten dutenarekin: eskoletako jantokiak egoki ari dira egiten beren etxeko lanak. HELENA proiektuak dioenez (haur eta gazteek elikaduraren eta osasunaren arloan dituzten ohiturak ikertzen ditu, eta Europako Batzordearen Esparru Programak finantzatua dago), eskolan jaten duten haur eta nerabeen dieta, oro har, kalitate hobekoa da etxean jaten dutenena baino. Hori bai, betiere nutrizionista aditu batek diseinatu duenean.

Dietistak, hezitzaileak eta osasun arloko arduradun publikoak bat datoz: ikastetxeak funtsezko lekuak dira ohitura osasungarriak hartzeko eta modu osasungarrian jaten ikasteko. Horretaz gain, eskolan jaten duten haurrek arrisku gutxiago dute gizentasuna edo gehiegizko pisua izateko, halaxe dio Espainiako Osasun Ministerioaren Aladino ikerketak. Baina txosten horrek ez du argitzen nutrizio arloko desberdintasunengatik bakarrik gertatzen den hori edo badagoen beste zerbait gehiago, zeren ez baititu aztertzen gehiegizko pisuarekin zerikusia duten faktore sozioekonomikoak, adibidez familia batek eskolako jantokia ordaindu ezin ez izatea.

ESKOLAKO MENUAREN DISEINUA

Lasai egoteko beste arrazoi bat ere bada, adituen esanetan: menuak ez direla, inondik ere, inprobisatuak. 2005. urteaz geroztik, Nutrizioa, Ariketa Fisikoa eta Gizentasunaren Prebentzioa sustatzeko Estrategia lantzen da Espainiako Estatuan, eta 2011. urtean, berriz, Elikadura arloko Segurtasunari buruzko Legeak jarraibide batzuk ezarri zituen administrazioak gainbegiratu zitzan eskoletako menuak -autonomia erkidegoen esku dago eskumen hori-, eta baita dietista eta nutrizionista profesionalek ere. Neurri horrek, dena konpondu ez badu ere, hobetu egin ditu menuak azken urteetan.

DENAK EZ DAUDE HAIN POZIK

Hiru eredu daude eskoletako jantokietan. Lehenengoa, bizitza guztikoa, sukaldea eta sukaldariak eskolan bertan dituena. Beste zenbaitetan kanpoko enpresa batek eramaten ditu bere profesionalak eskolara, eta haiek prestatzen dute otordua. Baina hirugarrena da haserre gehien sortzen duena, batez ere gurasoen artean; eredu horretan, janaria egina eramaten dute eskolara, beroa edo hotza, eta eskolan bukatzen dituzte prestatzeko lanak edo berotu eta zerbitzatu egiten dute. Janari lerro hotza edo cateringa esaten zaio horri.

Guraso elkarte nagusiek ere eredu hori kritikatzen dute gehien, eta salatzen dute lerro hotzak -gero eta gehiago zabaltzen ari da, batez ere ikastetxe berrietan- antz handiagoa duela aurrez kozinatuta dagoen janariarekin eta ez hainbeste etxekoarekin. Erkidego guztietan, dena den, ez daukate egoera bera. Madrilen eta Galizian gehiengoa dira sukaldaria duten ikastetxeak (ikastetxeen %85ek eta %80k beren sukaldeak dauzkate), baina ez da hala gertatzen Andaluzian, Gaztela eta Leonen, eta Euskal Autonomia Erkidegoan.

ZEIN DA EREDU ONENA?

Nutrizioaren Espainiako Fundazioak irudikatu egin du nolakoa izan behar lukeen eskolako jantoki idealak. Lehen platera eta bigarrena eskaini behar ditu, eta postrea ere bai. Menuak txandakatu egin behar ditu haragia, arraina eta arrautzak, eta guarnizioetan, berduren aldeko hautua egin behar du; osatzeko, ogia eta ura eskaini behar ditu. Postrerik orekatuena fruta atal bat da haur eta nerabeentzat, nahiz eta esnez egindako postre bat ere eduki dezakeen menuak astean behin (jogurta, adibidez). Guztira, ikasleek energia arloan dituzten beharrizanen heren bat bete behar du menuak.

Baina jatea ez da elikatzea soilik. Harremanak egitea ere bada, partekatzea, gozatzea eta ikastea; eskolako jantoki idealak aukera eskaini behar die neska-mutilei osagai eta zapore berriak ezagutu ditzaten, eta horrekin batean, ohitura osasungarriak eta bizikidetza sustatu behar ditu.

Ez dezakegu utzi nutrizioaren ardura guztia ikastetxeen gain. Adituek diote, bai jantokian eta bai etxean, hurbileko elikagaiak hautatzen erakutsi behar zaiela, eta helduaroko dieta antolatzerakoan, fruta eta berdura fresko gehiago sartzen, lekale gehiago eta animalia jatorriko produktu gutxiago. Eta erosketak egitera ere haiekin joan behar dela.

(Ia) mundu guztiaren esku dagoen zerbitzua

  • 17.535 ikastetxek daukate, hasi Haur Hezkuntzatik eta Batxilergoraino, jantoki zerbitzua (publikoak dira 10.166. Gainerakoak, pribatuak edo itunpekoak).
  • 4,59
Iturria: CEAPAk eskola jantokien inguruan egindako txostena, 2016koa; MECD Datuak eta zifrak, 2016-2017 ikasturtea; Espainiako Osasun Ministerioa.

Gurasoen ahotsa: Manuel Chía, Eskolan Arduraz Elikatzearen aldeko Plataformako bozeramaile: ?Ez da gauza bera jantoki barneratua izatea edo catering erakoak, lerro hotzekoak alegia, zeinak sukaldea kanpoan duten eta elikagaiak birberotu egiten dituzten?.

  2016. urtean sortu zen Eskolan Arduraz Elikatzearen aldeko Plataforma, eta bertan biltzen dira Guraso Elkarteen Espainiako Konfederazioa (120.000 elkarte inguru ordezkatzen ditu) eta natura zaintzeko kolektiboak, besteak beste Ekologistak Martxan erakundea. Manuel Chia du bozeramailea, eta aukeran, plater egin berriak eskatzen ditu eskolan jaten duten haur eta nerabeentzat, eta ez lerro hotzeko janaria esaten zaiona. Azken eredu horrek catering zerbitzuen gain uzten du eskoletarako otorduak prestatzea, eta hainbat kritika jasotzen ari da Estatu osoko guraso elkarteengandik.

Estatuko eskoletan dauden jantokiek ongi betetzen al dituzte haurrek eta nerabeek nutrizio arloan dituzten helburuak?

Oraindik ere asko dago egiteko, baina baietz iruditzen zait. Eskolako jantokiek zeregin garrantzitsua daukate haurren eta nerabeen elikaduran. Autonomia erkidegoek badituzte programak eskola jantokietako menuak berrikusteko, eta horien bidez aztertzen dute zer-nolako osaera duten eta zenbateko elikagai aukera eskaintzen duten, betiere autonomia erkidegoan bertan edo Estatu mailan landu dituzten gidetan ageri diren gomendioak oinarri hartuta, non zehaztu egiten den, gainera, menuak zer-nolako nutrizio baldintzak bete behar dituen neska-mutilen beharrizanak asetzeko. Otordu nagusiarekin, energia arloan dituzten beharrizanen %30-35 inguru hartu behar dute, eta menua diseinatzeko orduan, dieta osasungarria eta kopuruz neurri egokikoa izan behar du.

Zer-nolako nutrizio baldintzak eskatzen zaizkio janari enpresa bati eskola jantokietako lehiaketa publiko bat gainditu ahal izateko?

Erkidego bakoitzak ezartzen ditu baldintza horiek. Zoritxarrez, eskola jantokiei buruzko araudiak ez dauka esparru bateratu bat; batzuk hobeak dira eta beste batzuk txarragoak. Baina beharrezkoa da irizpideak bateratzea eta dietaren eta nutrizioaren arloko gomendio sorta bat adostea menuetarako.

Baina izango dira, behintzat, gutxieneko nutrizio baldintza batzuk adin tarte bakoitzerako...?

Bai, menuek egokiak izan behar dute ikasleen nutrizio baldintzetarako, adina, generoa eta jarduera fisikoa kontuan hartuta. Horretarako, zenbait erakundek eta ikerketa taldek ezartzen dituzte nutrizio baldintzak adin tarte bakoitzerako. Espainiako Estatuan, Aecosanek, Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak alegia, eta Europan, EFSAk, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak.

Jantokirako menu bat antolatu behar badugu 6 eta 9 urte bitarteko neska-mutilentzat, nondik hasiko gara?

Espainiako Estatuan, Ikastetxeetako Elikaduraren inguruko Adostasun Dokumentuak ezartzen ditu jarraibideak (Aecosanek landua da), eta autonomia erkidego bakoitzak osatu egiten ditu gero. Madrilgo ikastetxe bateko menuak, adibidez, 6 eta 9 urte arteko haurrentzat prestatu denak, 600 eta 700 kcal artean eduki behar lituzke (egunean hartu beharreko energia guztiaren %30 eta %35 artean). Eta energia horren %10 baino ez daiteke izan gantz azido saturatuek emana.

Zer-nolako proportzioetan?

Proteinek osatu behar dute eduki osoaren %12 eta %15 artean, eta karbohidratoek %50etik gora izan behar dute. Lipidoek, bestalde, ez dezakete gainditu %30 eta %35 arteko muga. Eta haurrek komeni adina mineral eta bitamina hartzen dutela ziurtatzeko (mikromantenugaiak alegia), segurtatu egin behar da multzo guztietako elikagaiak jaten dituztela egunero.

Zein dira jantokietan gehien errepikatzen diren gabeziak?

Aukera gutxi dago arrain urdinetan, eta fruta eta barazki errazioak ez dira aski. Aitzitik, gehiegitan jartzen dira haragiak eta haren eratorriak. Eta menuek gatz asko izaten dute, nahiz eta azken urteetan murriztu egin den, zorionez. Emaitza horiek ageri dira zenbait autonomia erkidegotan egin dituzten ikerketetan, adibidez Madrilen, Gaztela eta Leonen, Andaluzian eta Euskal Autonomia Erkidegoan.

Zergatik agertzen dira puntu beltz horiek?

Autonomia erkidego askotan oraindik ere ez da nahitaezkoa dietistanutrizionista bat edukitzea eskolako jantokian, eta pertsona hori garrantzitsua da bertatik bertara egiaztatzeko jantokiak ongi funtzionatzen duela. Haiek diseinatu eta berrikusi behar lituzkete eskoletako menuak, askotarikoak izan daitezen, kontuan har ditzaten ikasleen lehentasunak eta baita dieta bereziak ere alergiak edo intolerantziak egonez gero. Beste puntu garrantzitsu bat ere ez dago orokortua: elikadurarekin, nutrizioarekin eta dastamena hezteko zereginarekin zerikusia duten jolasak eta jarduerak txertatze.

Eskoletako jantokietan lerro hotzeko ereduak erabiltzen dituztela salatzen dute gehien gurasoak; sukalde zentral handiak erabiltzen dituzte, eta handik hozten dituzte Penintsula osora banatzen dituzten platerak. Okerragoa al da?

Ez daiteke orokortu edo esan lerro hotzekoa txarragoa dela eskola jantokiko sukalde tradizionala baino. Biak dira aukera baliagarriak gauzak ongi eginez gero. Ikastetxean bertan ez dagoen sukaldeak ez du zertan txarragoa izan.

Zure ustez, hortaz, Estatuko haur eta nerabeek eskoletan jaten duten janaria osasungarria da?

Autonomia erkidegoak lanean ari dira hala izan dadin, eskola jantokietako programen bidez edo informazio gidak eta dokumentuak landuz. Menuak berrikusteko ardura ere hartzen dute, eta egiaztatu egiten dute egoki betetzen dituztela ikasleek dietaren eta nutrizioaren arloan dituzten beharrizanak. Baina oraindik ere bada zer egina. Eta, horretarako, beharrezkoa da denek horren alde lan egitea, zuzendariek, eskolako eta sukaldeko langileek, guraso elkarteek, giza nutrizioaren eta dietetikaren arloko profesionalek, irakasleek eta administrazioek.

Haur Nutrizioaren Espainiako Liburu Zuriak dio eskolako jantokiak leku atseginagoa izan behar lukeela, dibertigarriagoa eta erakargarriagoa, gisa horretan nutrizio arloko heziketa erraztu dezan.

Ikasgelan ikasitakoa gauzatzeko laborategia izan behar du eskolako jantokiak, tailer praktikoekin eta heziketa jarduera osagarriekin, ohitura batzuk barneratu ditzaten elikadura osasungarriaren inguruan. Baina gaur egun ez da hala gertatzen leku guztietan.

Azter dezagun neska-mutilek etxean jaten dutena: osasungarria dela esango al zenuke?

Batzuetan, familiei denbora, arreta edo inplikazioa falta zaielako, etxeko elikadura ez da izaten behar bezain osasungarria. Nahiz eta 5 eta 11 urte arteko haurrak ez diren izaten apetatsuak elikagaiekin, egia da askatasun handi samarra izaten dutela nutrizioaren ikuspegitik egokiak ez diren elikagaiak lortzeko..

Baina haur askok ez du ikusi ere egin nahi berdura edo arraina...

Ikerketa batzuek diote pasta, patatak, arroza eta haragia maite dutela gehien. Lehentasun horietan badute eragina familiaren ohiturek, eskolako elikadurak, beren kideek jaten dutenak eta baita publizitateak ere. Egia da haurrek higuina agertzen dutela produktu batzuekin; hor sartzen dira, batez ere, arraina, berdurak, barazkiak, fruta eta lekaleak. Hori konpontzeko, animatu egin behar ditugu baztertzen dituzten elikagai horiek jatera, modu erakargarrian aurkeztu behar ditugu, gustagarri zaizkien beste elikagai batzuen ondoan.

Ikerketa batzuek diotenez, etxean jaten duten haurrek arrisku handiagoa dute gehiegizko pisua eta gizentasuna izateko.

Gerta liteke etxean ez izatea ohitura egokirik elikaduraren arloan, agian ezagutza faltagatik, agian maila sozioekonomikoagatik edo, besterik gabe, sukaldean aritzeko denborarik ez dutelako. Familian ez badago ohitura egokirik elikatzeko garaian, oso litekeena da haurraren elikadura ez izatea egokiena. Nahiz eta egunaren buruan beste otordu batzuk ere egiten diren, eskolan jaten duten haurrei gehiago kontrolatzen zaie zer eta zenbat jaten duten.

Orduan, zer da hobea, etxean edo eskolan jatea?

Egokiena litzateke etxean jatea, familiarekin, eta haurrei etxean erakustea zein diren ohitura osasungarriak. Baina lanak, ordutegiak bateratu ezinak eta denbora faltak eskolako jantokira jo beharra dakarte, ezinbestean.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto