Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Eztabaidarako gaia: Makillaje iraunkorra: APETAK GUTXIAGO IRAUTEN DUENEAN LARRUAZALEAN

Hamabi europarretatik batek tatuaje bat darama gutxienez. Eta 2003. urtetik aurrera portzentajea %7 handitu da. Baina ez da larruazala `apaintzeko' modu bakarra. Joera horri beste bat erantsi zaio orain, eta puri-purian dago, gainera: begietako, bekainetako eta ezpainetako makillaje iraunkorra. Iraupen txikiagoa dauka, baina helburu estetikoekin egiten da eta osasun arloko onurak ikusi zaizkio, kirurgia ostekoak. Bi adituk aztertu dituzte gorantz datorren moda horren alde onak eta arriskuak.

 

Tatuajeek, larruazalean koloreetako tintarekin egiten diren irudiek, ukitu artistiko handiagoa edo txikiagoa dutenek eta joan den mendeko gurasoak eta haien millenials seme-alabak aurrez aurre jarri dituzten horiek, eta zer esanik ez Z belaunaldiko gaztetxoak, badute ezaugarri bat bere-berea: betirako izaten dira. Neolitoan baziren, orain dela 5.000 urte: Ötzi-k, Alpeetan momifikatuta azaldu zen elurretako gizonak, futbolari batek bezala zeramatzan bizkarra eta belaunak, tintaz marraztuta. Segur aski, zerikusi handia izango zuten tribuen edo gremioen sinboloekin (hura ehiztaria zen), eta ez zuten edukiko funtzio estetikoa gaur egun bezal..

Zaletasun iraunkor hori asko ugaritu da azken 15 urteetan, eta orain beste bat gehitu zaio, iragankorra dena, iraunkorra ere bai, baina ez betierekoa: makillaje iraunkorra esaten zaio, eta bekainak margotzeko erabiltzen da, ezpain ertzak eta baita begien lerroa ere ( eyeliner ), begirada magnetikoa edukitzeko eguneroegunero makillatzen ibili beharrik gabe. Bere izenak besterik pentsaraz badezake ere, irudi horiek ez dira (erabat) iraunkorrak: desagertu egiten dira denborarekin. Gehienak urtebete edo bi urte igaro ondoren.

Makillaje iraunkorrak larruazala ere marrazten du, baina gainazaleko geruza bakarrik (epidermisa). Erabiltzen diren tintek, gainera, eszipienteak izaten dituzte (glizerina, ura...), eta horri esker, organismoak bereganatu egiten ditu. Koloreen osaera ere aldatu egiten da, eta ez dira izaten tatuajeetan bezain biziak, makillajean erabiltzen diren tonuen antzekoagoak baizik.

Oraingoz ez dago zifra ofizialik arlo horren inguruan, ez dakigu Espainiako Estatuan zenbat zentrok eta profesionalek egiten duten makillaje iraunkorra, baina adituek onartzen dute gorantz doan joera bat dela: eta ez emakumeen artean bakarrik, baita gizonetan ere. Begietarako izaten da eskari gehien, bekainak datoz ondotik (bete egiten dituzte, bolumena handitzeko) eta ezpainak gero. Mikropigmentazioko teknika hau aurpegiko makillaje erdi-iraunkor gisa egin da ospetsu, baina orbainak eta erredurak moldatzeko ere erabiltzen da, eta baita areola berreraikitzeko ere bularreko minbizia izan duten emakumeei. Prezioak ere koloretsu samarrak dira, eta ez daude nornahiren esku: 300 eta 500 euro artean dabiltza. Eta errepaso saioak ere behar izaten dira.

SENDATZEKO BALIO DUEN MAKILLAJEA.

Makillaje iraunkorra erabili izan da metodo lehengoratzaile edo konpontzaile gisa, eta ongintzazko izaera eduki du. Espainiako Mikropigmentazio Estetikoaren, Paramedikoaren eta Onkologikoaren Elkarteak #AreolaSolidaria ekimena sortu du, eta titiburua doan berreraiki izan die mastektomia bat jasan duten pertsona guztiei. Eta ez daude bakarrik: Espainia guztiko tatuatzaileak (tatuaje iraunkorrak egiten dituztenak) plataforma batean bildu dira, Tatuaje solidario con el cáncer de mama izenekoan, gaixo dauden emakumeei laguntzeko, horiek ere doan. Baina 2018. urte honetan albiste on bat iritsi da: apirilaz geroztik, osasun publikoak bere gain hartzen dituen tratamenduen barrenean sartzen da. Espainiako ospitale batzuek dagoeneko eskaintzen dute zerbitzu hori, tartean Ramón y Cajal ospitaleak (Madril) eta Torrejongo Unibertsitate Ospitaleak. Eta gehiago izan daitezke luze gabe.

APETA BAT IZATEN JARRAITZEN DU.

Makillaje iraunkorra egiten duen norbaiten eskuetan jarri aurretik arrazoi estetikoek bultzatuta, ongi pentsatzeko gomendioa ematen dute profesionalek, eta ez uzteko bulkadak eraman gaitzan. Pazienteak erabakia hartu eta egiteko pausoa ematen badu, bolada batez bazterrean utziko du ezpainetakoa, baina emaitza atsegin ez bazaio, pigmentuak bost urte ere iraun dezake guztiz desagertu aurretik, eta denbora horretan, pigmentazioari aldatu egin dakioke hasierako kolorea. Espainiako Osasun Ministerioaren gomendioa da egiaztatzea hautatu den klinikak produktu baimenduak erabiltzen dituela, behar bezala betetzen dituela legezko baldintzak, mikropigmentazioa egiteko prestakuntza daukaten profesionalak dituela eta higiene baldintza egokiak darabiltzala. Bestalde, prozedura estetiko guztietan bezala, makillajea egiten duen pertsonaren esku onak zeresan handia du azken emaitzan: oso naturala geldi daiteke edo, aitzitik, nabarmen artifiziala. Arriskuak oso txikiak dira, baina makillaje iraunkorrean ziztada txikiak egiten dituzte orratz batekin larruazalean, eta gerta daiteke gorputzeko gune hori hanpatzea eta zarakarraren gisako gogortasun bat agertzea. Hori dela eta, profesionalek behin eta berriro azpimarratzen dute: makillatzaile esperientziaduna bilatu behar da, dokumentazioa eskatu eta gutxieneko higiene baldintza batzuk bete ditzatela ere bai.

Aditua: Donís Muñoz, dermatologoa, tatuajeetan eta makillaje iraunkorrean aditua: "Makillaje iraunkor bat egitea ongi pentsatu beharrekoa da: gaizki atera daiteke zerbait".

Dermatologoa da Donis Muñoz, Espainiako Dermatologia eta Benereologia Elkarteko kidea, eta haren bizitzak beste norabide bat hartu zuen orain dela hamar urte. "Paziente pare bat izan nituen, kontrako erreakzioak izan zituztenak tatuajeak egin ondoren, eta orduan sortu zitzaidan interesa gai horren inguruan, eta orain horixe da nire langintza nagusia", adierazi du hizkera arin eta ahots indartsuko valentziar honek, zeinari asko atsegin zaion Asiara bidaiatzea, bereziki Indiara. Interes horri jarraituz, gaur egun aditurik handienetakoa da Espainian tatuajeen arloan ( Tratado sobre los tatuajes liburuaren egilea da, Journal argitaletxearena), eta haren ahizpa txikiaren arloan ere bai: makillaje iraunkorra.

Aukera ona al da makillaje iraunkorra?

Ordezko erraza da ohiko makillajearentzat. Ezpainetan, bekainetan eta begietan erabiltzen da, eta pare bat urte inguru irauten du. Lagungarria da makillajearekiko alergia dutenentzat, ikusmen arazoak dituztenentzat edo aurpegia margotzeko modurik ez dutenentzat eskuetan dardara edo artrosia dutelako edo parkinsona.

Orduan, ez da izenak pentsarazten duen bezain iraunkorra...

Ez, ez da iraunkorra. Egiaz, zehatzagoa litzateke makillaje erdi-iraunkorra esatea. Tatuaje artistikoa ez bezala, makillaje hau berritu egin behar izaten da. Erabiltzen diren tintak degradatzeko sortuak dira, eta horrek irudia aldatzeko aukera ematen du moda aldatu delako edo urteekin aldatu egiten delako aurpegiaren egitura.

Eztabaida sortu izan da tatuajeen tinten inguruan, osasunean daukaten eragina dela eta. Teknika honek ere kolorazio berberak erabiltzen al ditu?

Ez, ez dira berdinak. Tatuaje artistikoak pigmentu sintetiko organikoak erabiltzen ditu, azoiko motakoak biziak sortzen dituzten konposatuekin, eta iraunkorrak, berriz, pigmentu ez-organikoak darabiltza, gatz metalikoak, adibidez burdin oxidoa, titanio dioxidoa eta zink oxidoa. Iraunkorraren tintak, gainera, geruza azalekoagoetan jartzen dira, eta degradatu egiten dira denborarekin.

Eta seguruak al dira pigmentu horiek?

Makillaje iraunkorraren tintak seguruagoak dira, eta arriskurik ez da izaten ia batere. Tatuaje artistikoan erabiltzen diren kolorazioak ez bezala, banakako ontzietan etorri ohi dira, zeinak esterilak diren erabili bitartean.

Orduan, aski al da egiten zaizkien kontrolekin?

Makillaje iraunkorrean eta tatuajeetan erabiltzen diren tinten inguruan Espainiak duen legedia Europako zorrotzenetakoa da, eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren bitartez kontrolatzen dira. Baina Espainian -eta Europako gainerako herrialdeetan - tatuaje artistikoak egiteko erabiltzen diren tinta asko ez daude homologatuta, Ameriketako Estatu Batuetatik baitatoz, eta han sendagaiak arautzen dituen agentziak (Food and Drug Administration, FDA) ez ditu hainbeste kontrolatzen. Eta horri gehitzen badiogu tintak Internet bidez ere erosten direla, zaila gertatzen da tinten merkatua kontrolatzea. Kontua aldatu egiten da makillaje iraunkorrean: Espainia ereduzko herrialdea da mikropigmentaziorako tintak sortzen eta esportatzen, eta horiek behar bezalako segurtasun baldintzak dituzte.

Zure esperientziatik mintzatuz, ba al du osasunarentzat arriskurik makillaje iraunkor bat egiteak?

Arriskuak txikiak dira, makillaje artistikoan izaten direnak baino txikiagoak. Tatuaje kosmetikoek osagai naturalak erabiltzen dituzte, orain dela ehunka urte ezagutzen ditugunak. Arrisku urria izaten da alergia agertzeko, tintak gatz metalikoak direlako funtsean. Dena den, ager daitezke: azkura eta hantura sumatuz gero, dermatologoarengana joan beharra dago, hark esan dezan tintak sortu duen erreakzioa edo orbaintzen laguntzeko kremak.

Azkenaldian, asko aipatzen dira medikuntzan eduki ditzakeen erabilera interesgarriak

Europako ospitale batzuek titiburua eta bularreko areolak lehengoratzen dituzte 3D-ko tatuajeen bidez, eta emaitzak ikusgarriak dira. Makillaje iraunkorrak, gainera, baditu beste erabilera batzuk ere osasun arloan: baliagarria da zenbait orbain zuzentzeko, erbi ezpainaren marra, bitiligoa despigmentatzeak agerrarazten dituen orban zuriak eta baita bekain eta betileetako alopezia edo burukoa ere.

Zer aholku emango zenioke makillaje iraunkorra egin nahi duen norbaiti?

Lehenik eta behin, bildu dezala informazioa eta ongi gogoetatu dezala erabakia. Ez da komeni bulkadei jarraitzea, eta lasaitasunez aukeratu behar da diseinua. Horrekin batean, garrantzitsua da osasun agintariek homologatu duten zentro batera joatea beti, eta sekula ez jartzea osasun kontroletik kanpo dauden afizionatuen, sarkinen edo etxe partikularren eskuetan.

Eta makillatzailea hautatzean, nola jakin fidatzekoa dela?

Oso garrantzitsua da ziurtatzea makillatzaileak behar bezalako prestakuntza profesional eta artistikoa duela guk nahi dugun makillaje iraunkorra egiteko. Eta segurtatzea tinta homologatuak erabiltzen dituela, erabilera bakarreko ontzietan datozenak banaka-banaka. Horretaz guztiaz gain, komeni da mugikorrarekin argazki bat ateratzea tintaren potoari. Etiketan agertu egin behar du ekoizlearen markak, osasun erregistroko zenbakiak, kolorearen indizeak, osaerak eta sorta zenbakiak. Informazio hori garrantzitsua da konplikazioren bat sortuz gero ere, eta oso baliagarria izango da dermatologoarentzat ere.

Kasuren batean, dena den, ager daiteke hantura eta zarakarraren gisako gogortasun bat gorputz atalean...

Hala da, hanturazko erreakzio akutua da. Makillaje iraunkorra egin eta berehala agertzen da. Larruazala gorritu egiten da, puztu eta narritatu. Erreakzioa gogorragoa edo arinagoa izango da, larruazalak nolako sentiberatasuna duen. Hantura hori orratzek edo tintak eragiten dute, baina ez da larria izaten. Medikuaren esku-hartzea eskatzen duten erreakzioak ere arin samarrak izaten dira eta egun batzuetan onbideratzen dira edo, asko jota, bizpahiru astetan.

Eta tatuajearekin gertatzen den bezala, izango da makillaje iraunkorra egin eta damutu denik ere, ezta?

Bai, hori gertatzen da makillatzaileak diseinu txar bat egin duenean edo emaitza ez denean norberak nahi duena. Beste batzuetan, pigmentuak migratu egiten du, mugitu egiten da jatorrizko lekutik, eta emaitza ez da izaten batere estetikoa. Tinduaren mugimendu horrek bereziki hondatzen du alderdi estetikoa begiak nabarmentzeko irudi iraunkorra betazaletarantz mugitzen denean, abaniko itxurako bat sortzen duela. Maiz samar gertatzen da, azkenik, pigmentuaren zati batek bakarrik irautea, gune jakin batean; hori ohikoa izaten da ezpainak nabarmentzean, atal horretan ehun bat baino gehiago izaten delako. Eta emaitza ez da izaten estetikoa.

Halakoetan, ba al da modurik makillaje iraunkorra erraz samar kentzeko?

Egin daiteke, bai. Ezabatze teknikak Q-Switched erako laserrak darabiltza (argi indartsuko pul- tsioekin), tatuaje artistikoak ezabatzeko erabiltzen diren horiek. Oro har, makillajea errazago ezabatzen da, pigmentua azalerago dagoelako: saio bat eta hiru saio artean behar izaten dira osorik desagerrarazteko, tatuaje artistikoa baino dezente gutxiago.

Orduan, zuk gomendatuko al zenuke makillaje iraunkor bat egitea apeta hutsagatik?

Aukera erabat pertsonala da, baina nire aholkua da arduraz jokatzea, ongi gogoetatzea eta ez arinegi ibiltzea. Garrantzitsua da aholkuak entzutea eta lehendik egina duten pertsonei galdetzea. Eta ezinbestekoa da egiaztatzea egingo digun pertsonak badituela ziurtagiriak eta profesional ona dela ikuspegi artistikotik ere. Gainerakoan, negargarria izan daiteke emaitza.

Zifrak larruazalean

  • 2 urte irauten du, batez beste, makillaje iraunkorrak.
  • 2 eta 3 aste arteko epea behar izaten du desagertzeko makillaje iraunkor batek eragindako hantura akutu batek (ez da ohikoa izaten).
  • %80 dira makillaje iraunkorreko tinten artean Europan eginak; gainerakoak AEBetatik eta Asiatik datoz.
  • 5 saio behar dira makillaje iraunkorra kentzeko Q-switched laserrarekin (intentsitate handiko argi pultsioa).
  • 300-500


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto