Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

^

Erosketa gida: gazpatxoa eta salmorejoa: Saltsa badago udan

Gazpatxoa eta salmorejoa ahaide hurbilak dira, baina hobe ez nahastea: bakoitzak ditu bere zaleak, eta zaletasunekin gertatzen den bezala, nork berearen alde egiten du. bakoitzak dauzka bere errezeta eta bere dohainak. baina badute gauza bat elkarrekin: nutrizio osaera osasungarria dute biek ere.

 

Tradizioaren indarra sumatzen zaie. Gazpatxoa eta salmorejoa historia handiko errezetak dira. Aspalditik datoz biak, baina, gauza guztien gainetik, Mediterraneoko dietaren zati dira. Eta eredurik onenetakoak direla esan daiteke, zeren ezin hobeto konbinatzen baitituzte zaporea, kolorea eta osasuna. Kolore arrosakara edo laranjaxka horrek erakarri egiten ditu gastronomiaren arloan jakin-mina dutenak, ezin gozoagoak daudelako eta, gainera, freskatu eta hidratatu egiten dutelako. Eta, horretaz guztiaz gain, ezin hobeto datozelako modu osasungarrian elikatzeko.

Udan estimu handitan ditu jendeak. Etxe eta jatetxe askotan izaten dituzte bi plater horiek. Baina erne: udan arrakastatsuak izatek ez du esan nahi gainerako urte sasoietan hartu ez daitezkeenik bi zopa hotz horiek. Seguru gaude Andaluziako gazpatxoaren zale handiek hala egiten dutela. Cristina Galiano aditua da nutrizio arloan eta elikagaiak manipulatzeko eta kozinatzeko teknika modernoetan, eta haren etxean beti atsegin handiz hartzen dituztela nabarmendu du: "Alabak mendian bizi dira, eta haiek urte guztian hartzen dute. Nahasketa atsegina da oso", ziurtatu du.

Zenbat buru, hainbat aburu.

Ez dago errezeta bakarra gazpatxoa egiteko. Aukera asko ematen du. Izan ere, baldintza bat baino gehiago sartzen da tartean: inguru geografikoa, urte sasoia eta egilearen gustuak. Eta eztabaidatu ere egin daiteke zein den jatorrizko formula. Guk gauza bakarra esango dugu: zopa hotz bat dela eta tomatea duela osagai nagusia. Zer-nolakoa? Hortxe has daiteke eztabaida. Batzuek udare erakoa edo kanariarra maite dute, gorri kolore bizikoa delako. Beste batzuek ahalik eta tomaterik helduenak erabili nahi izaten dituzte, eta beste batzuek, aldiz, inondik ere ez. Esan bezala, gustu kontua da. Gazpatxoaren errezetak beste barazki batzuk ere izaten ditu, adibidez luzokerra, piperrak, tipula eta baratxuria. Hor berriz ere eztabaida sortuko litzateke: luzokerrik ez zaiola bota behar, baratxuria ere ez askorik edo piperrak berdea izaten behar duela beti. Baina batzuek oso begikoa izaten dute gorria, eta erabili egiten dute, esku artean daukaten tomate motaren arabera. Berdeak baino gozotasun handiagoa izaten du, eta oso kolore polita ematen dio gazpatxoari. Eta, jakina, errezetan leku berezia daukate oliba olioak, ozpinak eta ogiak ere. Baina neurrian, betiere.

Gazpatxoaren errezeta

 
  • Mahaikide kopurua: 4 pertsona.
  • Denbora: 5-10 minutu.
  • Zailtasun-maila: erraza.

OSAGAIAK:

  • 400 g tomate (udare erakoa)
  • 50 g piper berde
  • 50 g luzoker
  • Baratxuri atal 1
  • 50 g ogi mami gogor
  • 40 ml oliba olio birjina estra
  • 10 ml ozpin (Jerezkoa)
  • Gatz pittin bat
  • 20 gramo ogi (zatiak)

NOLA PRESTATU:

Jarri irabiagailuan tomate garbitua (lau zati eginda), piperrak (hazirik gabe eta garbitua), luzokerra (zurituta eta zatietan moztuta) eta baratxuri atala (zurituta eta barreneko zurtoinik gabe). Birrindu minutu batez, abiadura azkartzen dugula 1etik 8ra, iragazi hor sortzen den likidoa eta erantsi ogi mamia ur hotzetan bustita, oliba olioa, ozpina eta gatz pittin bat. Birrindu eta nahasi 5 minutuz abiadurarik handienean, harik eta krema fin bat gelditzen den arte. Trinkoegia baldin badago, ur hotz pittin bat erants dakioke guk nahi dugun trinkotasuna hartzen duen arte. Eman gatza eta sartu pitxer batean hozkailuan, ordubetez edo. Zerbitzatzeko unean, eragin ongi, erantsi oliba olio birjina estraren tanta batzuk eta lagundu ogi zati frijitu batzuekin eta luzoker eta piper berde zatitxo batzuekin (ongi-ongi xehatuta).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto