Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Mercedes Villegas, Adinekoen Lagunak Fundazioko zuzendaria: "Hurbiltasun profesionalak hobetu egin dezake adinekoaren aldartea, autoestimua eta bizi kalitate"

Espainiako Estatuan 65 urtetik gorakoak dira 8 milioi pertsona baino gehiago, populazioaren %18. Eta Adineko pertsonen profila izeneko ikerlanaren arabera (CSIC erakundeak egiten du urtero), 2051. urtean herritarren %35ek gaindituko dute adin hori. Guztioi ematen digu zer pentsatua gaiak: Nola egingo diogu aurre bizitzako aro horri? Zer da hobea, egoitza batean bizitzea edo etxean laguntza jasotzea?

 

Zahartzea prozesu naturala da, norberak bizi beharrekoa, baina guztioi eragiten digu: mende honen erdirako, OCDEko herrialde guztien artean (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea da OCDE) bigarren zaharrena izango da Espainia, Japoniaren atzetik. Medikuntzak egin dituen aurrerapenek eta ongizate sistemak luzatu egin dute bizi itxaropena (egun, 82 urtekoa da Espainiako Estatuan). Gehiago eta hobeto bizi gara. Baina norbanakoen mailan aurrerapen bat dena arazo bat ote da maila kolektiboan? Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, "ez dago adineko pertsona mota bat". Batzuek ongi eusten diete beren gaitasun fisiko eta psikikoei 80 urte bete eta gero ere, eta beste batzuk endekapen egoeran bizi izaten dira, baita adin goiztiarragoetan ere. Adituen esanetan, ordea, bakardadea da zahartzaroko gaitzik handiena, eta hortik etortzen dira depresio egoerak eta gisakoak.

ZAHARTZEA NEGOZIO BIHURTZEN DENEAN.

Munduko herrialderik zahartuenetakoan, adinekoak ere negozio iturri dira, eta gizarte zerbitzuetako enpresak ahalegin betean ari dira merkatua sortzeko horien inguruan. Espainian ia 5.500 egoitza daude. Erkidego hauetan dago egoitza gehien: Katalunia, Gaztela eta Leon, Andaluzia, Madril eta Gaztela Mantxa. Horietan biltzen dira adinekoen egoitzetan dauden lekuen %62. Baina ez da batere merkea kalitatezko zerbitzu bat ordaintzea. Adineko egoitza baten batez besteko prezioa hilean 1.500 eurokoa da Espainiako Estatuan, baina bada aukera adinekoak bere pentsioaren ehuneko bat ordaintzeko (%90erainokoa izan daiteke), bere diru sarreren arabera. Sektore horretako fakturazioa 4.200 milioi euro ingurukoa da urtean, halaxe dio Sectores. Residencias para la tercera edad ikerlanak, DBK aholkularitza etxeak eginak. Adituen ustez, ordea, erronka ez da ekonomikoa bakarrik. Soziala ere bada. Hirurogeita bost urtetik gorako herritarren %4 egoitzetan bizi dira, eta horien artean, hamarretik zazpi emakumeak dira eta %78k 80 urte baino gehiago dituzte. Familiek dauzkaten aukeren artean, egoitza hautatzen dute gehienek, baina 65 urtetik gorako hiru lagunetatik birentzat baino ez da lekua egoten egoitza publiko eta itunduetan.

Itxaron zerrendan daudenek hilabeteek egin behar izaten dituzte zain zenbait erkidegotan (itxaronaldiaren batez besteko orokorrik ez dago Estatu osorako, erkidegoek daukatelako gizarte zerbitzuen eskumena). Beste batzuetan, urteak ere bai: Lugon adibidez, Avós... Felices Plataformak adierazi du adineko batzuek bi urte baino gehiago egon behar izan dutela zain egoitza publiko batean lekua lortzeko. Egoitzen ondotik, zaintzaileak kontratatzea izaten da hurrengo aukera gehienentzat; etxean bertan eskaintzen diete arreta oraindik autonomoak diren pertsonei (laguntza pertsonala eta osasun arlokoa jasotzen dute, beren pribatutasunari uko egin gabe). Estatu osoan 167.000 lagunek egiten dute aukera hori.

NORBAITEK LAGUN EGITEA BILATZEN DENEAN.

Baina aukera gehiago ere badute adinekoek: horien artean, etxeko telelaguntza esaten zaiona, ezin egokiagoa etxean bizi izaten jarraitu nahi duten pertsona autonomoentzat, berehalako laguntza jasotzeko modua baitute behar duten aldiro. Eta beste batzuetan norbaitek lagun egitea baino ez dute behar izaten eguneko ordu batzuetan. Adinekoen Lagunak Fundazioa horrexetan aritzen da hain zuzen; adineko pertsona horiek bakarrik eta isolatuta egon ez daitezen lan egiten du GKE horrek. Horien bizi kalitatea eta autoestimua hobetzea ditu helburu. Horretarako, boluntario sare bat sortu du Madrilen, Galizian eta Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lagun egitera joaten dira etxeetara edo egoitzetara. Horretaz gain, eguneko egoitzak ere badaude, beste norbaitekin bizi diren adinekoentzat pentsatuak, egunean zehar estimulazio kognitiboa edo fisikoa jaso dezaten. Eta egotzen eta pisu tutelatuen ordezko beste aukera bat izan daiteke cohousing delakoa, eta zahartze aktiboa sustatzeko programak ere hor daude. Zahartzea prozesu naturala da, norberak bizi beharrekoa, baina erronka kolektiboa da, eta denoi eragiten digu.

Aditua: Mercedes Villegas, Adinekoen Lagunak Fundazioko zuzendaria: "Hurbiltasun profesionalak hobetu egin dezake adinekoaren aldartea, autoestimua eta bizi kalitate".

Mercedes Villegasek ez du zalantzarik agertzen: bakardadea da adinekoek daukaten arazo nagusia. "Lagun egiteko inor ez izateak tristura egiten die, baina osasun arloko nahasmendu larriak ere sortzen dizkie, adibidez depresioa, arazo kognitiboak eta baita heriotza goiztiarra ere", azaldu du Santanderko kazetari honek, zeinak Adinekoen Lagunak Fundazioko zuzendari diharduen. Boluntario sare bat da (641 dira guztira), eta Madrilen, Galizian eta Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten dute. 2003. urteaz geroztik ari zarete lanean, Frantzian adinekoei lagun egiteko sortu zen sarearen filosofiari jarraituz (Les petits frères des Pauvres izena du, Pobreen senidetxoak). Adinekoei lagun egitea eta adiskidetasuna eskaintzea da zuen egitekoa. Zer iritzi duen egoitzei buruz? "Ez dira egokitzen adineko pertsonek egiaz dituzten beharrizanetara", adierazi du.

Medikuntzako zainketek eta ongizate sistemak handitu egin dute bizi itxaropena (egun, 82 urtekoa da Espainian). Baina dagoeneko 8 milioi pertsona dira 65 urtetik gorakoak. Maila indibidualean lorpen bat den hori izan al daiteke arazo bat maila kolektiboan?

Hala da, bizi itxaropena handitu egin da, eta hori aurrerapen bat da; baina, era berean, gero eta adineko pertsona gehiago bizi da bakar-bakarrik. Eta inguruan maitasun loturarik izan gabe zahartzea arrisku faktore bat da norberak hautatu gabeko bakardadea pairatzeko, eta egoera horrek kalte egin diezaioke osasunari. Gizarte gisa daukagun erronka da kalitatezko zahartzea bermatzea, adinekoek hautatu ez duten bakardadeari aurrea hartzea eta hura arintzea.

Adinekoekin jator jokatzen al du gure herrialdea?

Espainian gaur egun 65 urteko ia 2 milioi pertsona bizi dira ior gabe, bakar-bakarrik (1.960.900, INEren arabera); eta horien arteko gehiengoak bakardadea sentitzen du (%59k diote hori, CISek, Adinekoen Institutuak eta Gizarte Zerbitzuek elkarrekin egindako azterlan batean ageri denez). Bizi erritmo ero honek eta irudiari eta itxurari ematen zaion garrantziak agian eragina edukiko zuten adineko pertsonei bizkarra ematera iritsi izateko: baztertu egiten ditugu gure bizitzetatik gezurreko estereotipoen eraginez, eta ezgauza balira bezala irudikatzen ditugu, triste bizi balira bezala eta eskaintzekorik ez balute bezala, baina egiaz guztiz bestela da. Horregatik dihardugu gizartea sentsibilizatzeko lanean ere, adineko pertsonak berriz ere protagonista senti daitezen.

Ia 300.000 herritar bizi dira Espainian adinekoen- tzat dauden 5.387 egoitzetako batean. Egoitza horiek egokiak al dira adineko pertsona mota guztientzat?

Nire iritziz, ez: egoitza tradizionalak ez daude egokituta, eta ez diete erantzuten hara iristen diren adineko pertsonen beharrizanei. Adinekoek ez dute nahi inork esaterik zer ordutan jan behar duten, noiz joan behar duten komunera, edo ez dute galdu nahi noiz eta zeinekin aterako diren erabakitzeko gaitasuna, zer eta egoitza batean bizi direlako.

Zer-nolako erronkak dituzte arlo horretan?

Aloimendu mota beriak sortzea adineko pertsonentzat. Zorionez, agertu dira cohousing eta gisako beste ekimen batzuk, lankidetzan oinarritzen diren etxebizitzak, non konbinatu egiten diren eremu pribatuak eta erabilera partekatuko guneak; horiek beste aukera bat eskaintzen dute egoitza tradizionalen ordez. Beste aukera bat dira adinekoentzako apartamentuak; horietan, zerbitzuak eta osasun arreta eskaintzen dizkiete. Baina eskaintza hori urria eta garestia da oraindik ere, eta ez dago egokitua adineko pertsonen artean dagoen aniztasunari erantzuteko.

Eroski Consumer aldizkariak egindako ikerketa batek ondorioztatu du egoitza baten lekua eskuratu nahi duten hiru adinekotatik bik bakarrik lortzen dutela. Zuen fundazioak laguntza eman nahi izaten die etxean bakarrik dauden adinekoei?

Adinekoen Lagunak elkartean hurbiltasun afektiboa eskaintzen diegu, boluntarioen laguntzarekin, bai beren etxean bizi diren pertsonei eta bai egoitzetan daudenei. Ez da osasun zaintza bat: boluntario bat joaten zaio eta adineko pertsonak asteroko bisita jasotzen du, hitz egiteko, paseatzeko, kalera ateratzeko... Laguntza hori osatzeko, aisialdiko jarduerak eta sozializazioa errazten dutenak ere antolatzen ditugu haientzat: irteera kulturalak, txangoak, festak, tailerrak... Gure helburua da adineko pertsona ez dadila bakarrik sentitu: lagundu egiten diogu adiskide sendoak egiten eta intereseko gauzei berriz heltzen edo horiek aurkitzen. Errutina aldaketari esker, lortu egiten da adinekoa gizartean txertatuta sentitzea, eta lan hori garrantzitsua da bai bakarrik bizi diren adinekoentzat eta bai egoitza batean daudenentzat ere. Eta osatu egiten du osasun arreta.

Noiz ohartu zinen adinekoei lagun egiteko eta adiskidetasuna eskaintzeko zerbitzuak garrantzitsuak direla?

Horretaz ohartu nintzen zerbitzu hau eskatzen zuten adineko pertsonen kopuruak gora egin zuenean. Iaz 729 adinekorekin izan ginen lagun egiten, Madrilen, Galizian eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Gizarte Zerbitzuek ere gero eta jende gehiago bidaltzen dute gugana, eta horrek behartu egiten gaitu etengabe kanpainak egitera boluntario eske; gero, berariaz horretara bideratua dagoen formazioa eskaintzen diegu. Eta gizartea sentsibilizatzeko ekintzak ere egin behar izaten ditugu.

Nola jakin zaintzaile bat edo lagun egiteko izena eman duen boluntario bat egokia edo desegokia den?

Lehenik eta behin, prestakuntza espezializatua eskatu behar da. Lagun egiten duten boluntarioak, adibidez, kualifikatua egon behar du eta konprometitua. Oinarri horrekin, esperientzia hobea izango du, eta funtsezkoa da, halaber, adineko pertsonari laguntzeko. Ongi asmatzeko beste gako bat da adinekoari egokitzen zaizkion profilak bilatzea: horri esker, adiskidetasuna mamitu egiten da eta iraun egiten du. Egoitzetan lan egiten dugunean, garrantzitsua izaten da hango langile taldeekin koordinatzea ere.

Zer eskatzen dute gehien adinekoek? Zein da haien beharrizanik handiena?

Batez ere, goxotasuna eta ondoan norbait izatea, solasaldi bat egiteko edo paseo bat emateko norbait izatea. Eta guztiok dakigu hori egiten. Gainerakoa berez-berez etortzen da: adineko pertsonak ikusten duenean ondoan norbait duela eta seguru sentitzen denean, atzean uzten du bakardadea, eta ez hori bakarrik: bere gaitasun kognitibo eta fisikoak lantzeko modua izaten du.

Adituen esanetan, bakardadea da zahartzaroko gaitzik handiena, eta horrek depresioa eragiten du.

Adinekoek hautatu ez duten bakardadea fenomeno ikusezina da, baina berriki egin diren ikerketek diotenez, arazo handi bat da eta osasuna arriskuan jartzen duen lehenbiziko faktorea mendebaldeko gizarteetan bizi diren adinekoen artean. Adineko pertsonetan, hauek izaten dira bakardadearen ondorioak: endekapen kognitiboa, depresioa, mugikortasuna galtzea, bihotz-hodietako gaixotasunak eta baita heriotza goiztiarra ere. Eta alderantziz: profesionalak ondoan edukitzeak eta adiskidetasunak lor dezake bakarrik sentitzen den adineko pertsonak, autoestimurik eta kalera ateratzeko gogorik gabe dagoenak, autoestimua hobetzea eta berriz ekitea maite zituen gauzak egiteari, adibidez etxetik ateratzeari eta ilusioa sentitzeari. Horrek guztiak hobetu egiten du haien bizi kalitatea, eta baita osasuna ere.

Hortaz, adinekoen bakardadea eragoztea da erronka kolektibo handia?

Erronkarik handiena da bizi kalitate onarekin zahartzea. Eta horretarako, nahitaezkoa da ondoan norbait duzula egitea. Bakardadea da eta izango da populazio guztiaren erronka nagusietakoa, ez adinekoena bakarrik. Aldaketak, gainera, globala izan behar du, adineko pertsonengan jende baliotsua ikus dezagun, eta guztiok esku hartu behar dugu horretan.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto