Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Conchita García, gerontologiako medikua eta Osasun Asistentziaren Ataleko idazkaria Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartean: "Egoitza pribatuaren prezioa garestia izan daiteke pentsioekin alderatzen bada"

Espainiako Estatuan 65 urtetik gorakoak dira 8 milioi pertsona baino gehiago, populazioaren %18. Eta Adineko pertsonen profila izeneko ikerlanaren arabera (CSIC erakundeak egiten du urtero), 2051. urtean herritarren %35ek gaindituko dute adin hori. Guztioi ematen digu zer pentsatua gaiak: Nola egingo diogu aurre bizitzako aro horri? Zer da hobea, egoitza batean bizitzea edo etxean laguntza jasotzea?

 

Zahartzea prozesu naturala da, norberak bizi beharrekoa, baina guztioi eragiten digu: mende honen erdirako, OCDEko herrialde guztien artean (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea da OCDE) bigarren zaharrena izango da Espainia, Japoniaren atzetik. Medikuntzak egin dituen aurrerapenek eta ongizate sistemak luzatu egin dute bizi itxaropena (egun, 82 urtekoa da Espainiako Estatuan). Gehiago eta hobeto bizi gara. Baina norbanakoen mailan aurrerapen bat dena arazo bat ote da maila kolektiboan? Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, "ez dago adineko pertsona mota bat". Batzuek ongi eusten diete beren gaitasun fisiko eta psikikoei 80 urte bete eta gero ere, eta beste batzuk endekapen egoeran bizi izaten dira, baita adin goiztiarragoetan ere. Adituen esanetan, ordea, bakardadea da zahartzaroko gaitzik handiena, eta hortik etortzen dira depresio egoerak eta gisakoak.

ZAHARTZEA NEGOZIO BIHURTZEN DENEAN.

Munduko herrialderik zahartuenetakoan, adinekoak ere negozio iturri dira, eta gizarte zerbitzuetako enpresak ahalegin betean ari dira merkatua sortzeko horien inguruan. Espainian ia 5.500 egoitza daude. Erkidego hauetan dago egoitza gehien: Katalunia, Gaztela eta Leon, Andaluzia, Madril eta Gaztela Mantxa. Horietan biltzen dira adinekoen egoitzetan dauden lekuen %62. Baina ez da batere merkea kalitatezko zerbitzu bat ordaintzea. Adineko egoitza baten batez besteko prezioa hilean 1.500 eurokoa da Espainiako Estatuan, baina bada aukera adinekoak bere pentsioaren ehuneko bat ordaintzeko (%90erainokoa izan daiteke), bere diru sarreren arabera. Sektore horretako fakturazioa 4.200 milioi euro ingurukoa da urtean, halaxe dio Sectores. Residencias para la tercera edad ikerlanak, DBK aholkularitza etxeak eginak. Adituen ustez, ordea, erronka ez da ekonomikoa bakarrik. Soziala ere bada. Hirurogeita bost urtetik gorako herritarren %4 egoitzetan bizi dira, eta horien artean, hamarretik zazpi emakumeak dira eta %78k 80 urte baino gehiago dituzte. Familiek dauzkaten aukeren artean, egoitza hautatzen dute gehienek, baina 65 urtetik gorako hiru lagunetatik birentzat baino ez da lekua egoten egoitza publiko eta itunduetan.

Itxaron zerrendan daudenek hilabeteek egin behar izaten dituzte zain zenbait erkidegotan (itxaronaldiaren batez besteko orokorrik ez dago Estatu osorako, erkidegoek daukatelako gizarte zerbitzuen eskumena). Beste batzuetan, urteak ere bai: Lugon adibidez, Avós... Felices Plataformak adierazi du adineko batzuek bi urte baino gehiago egon behar izan dutela zain egoitza publiko batean lekua lortzeko. Egoitzen ondotik, zaintzaileak kontratatzea izaten da hurrengo aukera gehienentzat; etxean bertan eskaintzen diete arreta oraindik autonomoak diren pertsonei (laguntza pertsonala eta osasun arlokoa jasotzen dute, beren pribatutasunari uko egin gabe). Estatu osoan 167.000 lagunek egiten dute aukera hori.

NORBAITEK LAGUN EGITEA BILATZEN DENEAN.

Baina aukera gehiago ere badute adinekoek: horien artean, etxeko telelaguntza esaten zaiona, ezin egokiagoa etxean bizi izaten jarraitu nahi duten pertsona autonomoentzat, berehalako laguntza jasotzeko modua baitute behar duten aldiro. Eta beste batzuetan norbaitek lagun egitea baino ez dute behar izaten eguneko ordu batzuetan. Adinekoen Lagunak Fundazioa horrexetan aritzen da hain zuzen; adineko pertsona horiek bakarrik eta isolatuta egon ez daitezen lan egiten du GKE horrek. Horien bizi kalitatea eta autoestimua hobetzea ditu helburu. Horretarako, boluntario sare bat sortu du Madrilen, Galizian eta Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lagun egitera joaten dira etxeetara edo egoitzetara. Horretaz gain, eguneko egoitzak ere badaude, beste norbaitekin bizi diren adinekoentzat pentsatuak, egunean zehar estimulazio kognitiboa edo fisikoa jaso dezaten. Eta egotzen eta pisu tutelatuen ordezko beste aukera bat izan daiteke cohousing delakoa, eta zahartze aktiboa sustatzeko programak ere hor daude. Zahartzea prozesu naturala da, norberak bizi beharrekoa, baina erronka kolektiboa da, eta denoi eragiten digu.

Aditua: Conchita García, gerontologiako medikua eta Osasun Asistentziaren Ataleko idazkaria Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartean: "Egoitza pribatuaren prezioa garestia izan daiteke pentsioekin alderatzen bada"

Conchita Garcia madrildarrak bokazio eta erronka gisa bizi du adinekoei mediku arreta eskaintzeko zeregina: "Beti maite izan dut adinekoekin lan egitea egoitzen eremuan, gozatu egiten dut egunerokoaren hurbiltasunarekin", adierazi du gerontologiako doktore honek, zeina idazkaria ere baden Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartean, Egoitzetako Osasun Asistentziaren atalean. Liburuen eta bidaien maitale honek onartzen du egoitza guztiak ez direla berdinak, beti ez dela erraza zentro publiko batean lekua lortzea, eta egoitza pribatuetako prezioak "garestiak" izan daitezkeela familia asko eta askorentzat.

Hirurogeita bost urtetik gorakoak dira ehun herritarretatik ia 20. Zer-nolako erronkak dakartza gero eta adineko pertsona gehiago izateak?

Erronka nagusia da horien guztien bizi kalitatea hobetzea.

Espainiako Estatuan adinekoentzat dauden 5.387 egoitzetatik %24 baino ez dira publikoak. Nola funtzionatzen dute egoitzek Espainian? Berdinak al dira guztiak?

Zentro horietan, medikuak eta geriatriako eta gerontologiako beste espezialista batzuk aritzen gara adinekoak zaintzen, arreta eskaintzen, eta saiatzen gara haien bizi kalitatea hobetzen. Oso ongi funtzionatzen dutela iruditzen zait. Baina, jakina, guztiak ez dira berdinak: zentro bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu. Hori dela eta, familiei gomendatuko nieke ongi bila dezatela, ziurta dezaten hautatu duten zentroak ongi betetzen dituela pertsonak dituen beharrizanak.

Jar dezagun adibide jakin bat: 85 urteko gizonezko bat, bakarrik bizitzeko gauza ez dena. Familiak zalantza dauka egoitza batera eraman edo etxerako zaintzaile bat kontratatu. Nondik hasi behar lukete informazio bila?

Familiak geriatrian espezialista den mediku bati galdetu behar lioke. Beti komeni da pauso hori ematea, hark informazioa eta jarraibideak emango baitizkie beren senitartekoak dituen beharrizanen eta eskakizunen inguruan. Hortik aurrera, aukera eta zentro egokia aurkitu behar da.

Batez besteko pentsioa hilean 926 eurokoa da Espainian, eta egoitza baten prezioa bi halako izan daiteke, nahiz eta adinekoak bere pentsioaren ehuneko bat ordaintzen duen, hileko diru sarreren arabera. Nola jakin pentsioarekin iritsiko ote den?

Zuk diozun bezala, badira diru laguntzak egoitza publikoak ordaintzeko. Egoitza pribatuetan, berriz, egia da prezioa handia izan daitekeela, bereziki egungo pentsioekin alderatuta.

Zergatik dira egoitzak hain garestiak?

Pentsa liteke kostu handia dutela, baina kontuan hartu behar da zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dituzten. Egunetik egunera hobetu egiten dute arreta espezializatua, zaintza talde osatua izaten dute, non medikuak dauden, erizainak, ospitaleetako bideokontsultak osasun arazoei aurrea hartzeko, terapia okupazionaleko jarduerak, fisioterapia, psikologia, podologia; hori guztia, eta, gainera, oinarrizko zerbitzuak.

Aski baliabide bideratzen al da egoitzetara?

[Barreak] Ez, jakina. Baliabideak beti dira gutxi; non inbertitu asko dago hobetzeko.

Edozein adinekok eskuratu al dezake kalitatezko leku bat?

Egoitza publiko batean sartzeko puntuazioa ematen dutenean, kontuan hartzen da nolako pentsioa duen, zenbat higiezin dituen eta zein den familiaren egoera. Baina balorazio hori autonomia erkidegoetan egiten dute, gizarte laneko atalean.

Adinekoak zaintzen aritzen diren elkarte batzuek diote egoitza publiko edo itundu batean sartzeko itxaronaldia bi urte arterainokoa ere badela erkidego batzuetan.

Ez da izaten urtebetetik gorakoa, baina egia da itxaronaldia aldatu egiten dela autonomia erkidegoaren arabera.

Beste aukera bat da egoitza pribatuetara jotzea; hilean, batez beste, 1.829 euro kostatzen da, eta hori ez dago familia askoren eskura.

Halakoetan, seme-alabek edo senitartekoek jartzen dute pentsioari falta zaion dirua egoitza pribatu bateko sarbidea ordaintzeko, gu txienez egoitza publiko batean sartzeko lekua lortu bitartean. Beste egoitza pribatu batzuek aukera ematen dute leku bat eskuratzeko ondasun higiezin baten truke, baina ez dakit nola funtzionatzen duen azken aukera horrek.

Nola jakin zentro egokia hautatzen ari garela? Zeri begiratu behar zaio?

Geriatrari galdetzeak lagundu egiten du horretan. Adibidez, adinekoak aldaka hautsi duelako ari bagara egoitza bat bilatzen, fisiologia zerbitzu on bat duena aukeratu beharko dugu. Baina jokabide gorabeherak dituelako nahi badugu egoitzara eraman, horretan espezializatuta dauden langileak eta instalazio egokiak dituena aukeratu behar dugu. Hori litzateke, adibidez, dementzia hasi berri zaion adineko baten kasua, zeinak entrenamendu psikologikoa eta memoria lantzeko jarduerak beharko dituen. Dementzia aurreratuagoa dagoenean, autonomia sustatzeko unitateak dituen zentro bat beharko da.

Zer-nolako seinaleek esaten dute adineko batek etxeko zaintzaile bat behar duela edo egoitza batera joatea komeni zaiola?

Erabakia hartzeko seinale orokorra izaten da etxean eman ezin zaizkion zaintza batzuk behar dituela ikustea. Orduan, beharrezkoa izango da egoitzara eramatea.

Noiz hartu behar da egoitzara eramateko erabakia eta noiz izaten da aski etxeko zaintzaile batekin?

Zaila da asmatzea, kontua ez da hobea zer den eta okerragoa zer den erabakitzea. Lekurik onena bere etxea da edozein adinekorentzat, eta, horregatik, lehen aukera izan liteke zaintzaile bat kontratatzea, arreta indibidualizatua emango diona. Aukera horrek ez badu funtzionatzen edo ez bada bideragarria, egoitza izan daiteke irtenbidea.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto