Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

^

Erosketa gida: patatak: Patatak: gastronomiaren oinarrian

Urtearen buruan Espainian kontsumitzen diren barazki freskoen laurdena patatak dira; elikagai umil eta merkea da, baina dohain handiak ditu eta sukaldean aukera asko ematen du

 

Tuberkulu bat da patata, eta sustrai baten muturrean hazten da, almidoia eta ura pilatzean. Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan du jatorria papak edo patatak, eta oso aspaldi landatu zuten lehenengoz (K.a 8000. eta 5000. urte artean izan zela esaten dute). Espainiar kolonizatzaileek ekarri zuten Europara, 1570. urte inguruan, eta ordutik aurrera, mundu osoan hedatu da.

Hasieran bitxikeria botaniko gisa hartu zuten, eta loreontzietan landatzen zuten, baina europarrei gustatu egin zitzaien, eta kantitate handietan pilatzen zuten itzulerako bidaian zer jan edukitzeko. Zenbait belaunaldi igaro ondoren, funtsezko elikagai bihurtu zen Europan: arazo nagusietako bat zen basa patatak iluntasun aldi bat behar izaten zuela. Europako baldintza klimatologikoen eta argi baldintzen eraginez (udan egunak luzeagoak izaten dira), tuberkulu txikiagoak eskuratzen zituzten jatorrizko inguruetan baino, klima ekuatorialagoa baita hangoa.

Landatze baldintzak egokitu zituztenean, ordea, herrialde askotako elikaduraren oinarri bihurtu zen patata (merkea, sendoa eta erraz landatzekoa zen), garai hartan gosete handiak pairatzen zituzten eta. XVII. mendeko Irlandan, esaterako, elikaduraren oinarria ez ezik, elikagai bakarra izan zela ere esan daiteke. Hala ere, patata landatzeko kulturak XIX. mendean izan zuen goraldirik handiena. Gaur egun, 200 patata mota baino gehiago dago, eta irizpide bat baino gehiago erabiltzen dira horiek sailkatzeko.

Kontsumoa Espainian

Igo egin da patata kontsumoa. Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak (MAPAMA) emandako datuen arabera, 2016ko apirilaren eta 2017ko martxoaren artean, Espainiako Estatuko etxeek 1.326 milioi kilo patata erosi zituzten, aurreko urteko tarte berean baino 6,3 tona gehiago.

Dirutan neurtuta, familiek 1.123 milioi euro gastatu zituzten, aurreko urtean baino 87,06 milioi euro gehiago. Datu horien argitan, Estatuko etxeek bere aurrekontuaren %1,67 inbertitzen dute patata erosteko.

Lehentasunak oso argi daude: familiek patata freskoa nahi dute gehienbat, zeinak kontsumo guztiaren %74,4 hartzen duen eta familiako menuan ere gero eta leku gehiago hartzen ari den: pertsona bakoitzak, batez beste, 22,47 kilo jaten du urtean. Esan beharra dago, dena den, eredutzat hartu dugun denbora tarte horretan handitu egin dela patata izoztuaren merkatua ere: %0,2 igo da kontsumoa, eta horrek esan nahi du pertsona bakoitzak, batez beste, 0,95 kilo jaten duela urtean.

Etxe motari begiratuta, patata gehien jaten dutenak bikote batek eta seme-alaba handi edo ertainek osatzen dituztenak dira, baita adineko bikote haurrik gabeek ere eta guraso bakarreko etxeek, populazio gutxiko inguruetan bizi direnek hain zuzen (2.000 lagunetik beherakoetan). Etxe horietan guztietan, gehienetan 50 eta 64 urte arteko pertsona bat arduratzen da erosketa egiteaz, MAPAMAren arabera.

Gazte independenteen kontsumoa nabarmentzen da gehien, %8,4 handitu baita, eta guraso bakarreko etxeetakoa ere bai, %5eko igoerarekin. Baina patata gehien, zalantzarik gabe, adineko pertsonak eta erretiratuak bizi diren etxeetan jaten da. Horietan, hurrenez hurren, 41,68 eta 43,26 kilokoa da kontsumoa pertsona eta urte bakoitzeko. Erosteko orduan, berriz, familiarik gehienek hipermerkatuetara, supermerkatuetara eta deskontuko saltokietara jotzen dute: merkatuko kuotaren %58,5 biltzen dute horiek, eta %1,9ko hazkundea izan dute.

Ezagutu eta bereizi

Azalaren koloretik eta mamitik bereizten dira patatak, besteak beste, eta beste zenbait alderdi ere aldatu egiten dira batzuetatik besteetara: neurria eta itxura, zimurtasuna, begien sakontasuna (azalean izaten dituzten zulotxoak dira) eta, neurri handian, heltze eta biltze zikloa. Azken irizpide horren arabera (gehienean adierazi egiten da salgai jarritakoan), patatak berriak edo goiztiarrak izan daitezke, erdiberandukoak edo zaharrak.

Patata, biltzeko unearen arabera:

  • Patata berriak edo goiztiarrak. Martxotik ekainera bitarte biltzen dira, erabat heldu aurretik. Patata txikiak izaten dira, azal leun fin-fina eta laua izaten dutenak; mamiak kolore argi eta uniformea izaten du. Patata berri horiek zapore leuna izaten dute, eta gozo puntu arin bat ere bai batzuetan. Gainerako patata motek baino ur gehiago eduki ohi dute, eta patata helduek baino almidoi gehiago. Testura sendoa izaten dute, eta horregatik eusten diote trinkotasunari egosi ondoren ere. Ur gehiago izaki, iraupen aldi motzagoa izaten dute. Oro har, kaloria gutxiago ematen dute eta C bitamina gehiago.
  • Erdiberanduko patatak (sasoiko patatak). Ongi-ongi helduta daudenean biltzen dituzte, ekainetik uda bukaera bitartean. Horiek ematen dute aukera gehien, almidoi eta hezetasun kantitateak orekatu samarrak izaten dituzte eta. Zertxobait handiagoak eta lehorragoak dira patata berriak baino, eta hobeto irauten dute.
  • Patata zaharrak edo berandukoak. Tradizionalki, udazkenean bildu izan dira patata horiek, hainbat astetan lurpean utzi ondoren azala gogortu zekien. Gisa horretan, hilabeteetan eduki zitezkeen gordeta, neguan zehar jateko. Handiak dira, azal lodi, ilun eta zertxobait zimurrekoak, eta gehienean lur pixka batekin estalita egoten dira, argitik babesteko. Mamia kolore horikoa izaten da, eta zapore gehiago eduki ohi du. Patata horiek kopuru handiagoetan izaten dute almidoia, eta, horregatik, ezin hobeak dira gisatuak eta eltzekariak egiteko, loditu egiten dituztelako saltsak eta hobeto xurgatzen platereko zaporeak. Pureak eta kremak egiteko ere hobeak dira.

Patata motak

Nahiz eta dozenaka patata mota dagoen, saltokiek ez dute zehazten salgai dutena zer eratakoa den zehazki, kontsumitzaileek ere ez dakite-eta zer-nolako aldeak dauden batzuen eta besteen artean. Hori dela eta, hautatzeko garaian, itxurari edo prezioari begiratzen diote gehienean. Denborarekin, patata berezi batzuk ere agertu dira merkatuan, bitxi samarrak egia esan, adibidez moreak edo urdinak, zeinak oso egokiak diren plater jakin batzuk prestatzeko eta, oro har, ikusgarriagoak eta apaintzeko egokiagoak.

Bleue de la Manche esaten zaion patata, adibidez (Frantziatik dator, baina Gaztela eta Leongo sailetan landatzen da), estimu handitan dute goi sukaldaritzan, ezaugarri erakargarriak dituelako gastronomiaren eta nutrizioaren ikuspegitik. Patata mota horiek joko handia ematen dute, ezaugarri berezi-bereziak dituzte eta. Patata moreek, adibidez, kolore ukitu bat ematen diote plater bakoitzari, oso zapore atsegina dute eta ugari izaten dituzte antozianinak (pigmentu bat da, kolore berezi hori ematen diona hain zuzen, eta osasunarentzat onuragarria den ezaugarri bat du: herdoilaren aurka egiteko gaitasun handia).

Patata horiek aukera asko ematen dute sukaldean, platerak apaintzeko izan dezaketen baliotik harago. Egosita, hobeto mantentzen dituzte beren ezaugarriak, eta, gainera, mami sendoa dutenak ez dira desegiten egosaldian eta apurtu ere ez zatitzerakoan. Frijituta, chip eran, kurruskatsuak eta oso gustagarriak izaten dira. Txikienak asko erabiltzen dira lurrunetan edo mikrouhinean egiteko.

Nolakoa da pataten etiketa?

 

Patata freskoak, handizka ez ezik, paperezko zakuetan edo plastikozko sareetan ere eros daitezke. Ez dute etiketa bera izaten ontziratuta datozen patatek eta handizka saltzen direnek. Bi kasuetan ere, 31/2009 Errege Dekretuak arautzen du salmenta, eta horrek ezartzen du kalitate arau komertziala Espainiako merkatuan jaten diren patatentzat.

Patata ontziratuak.

Honako ohar hauek eduki behar ditu ontziak:

  • Identifikazioa. Ontziratzailearen izena, egoitza soziala edo izendapena, igorlearena edo saltzailearena, eta beti haren helbidea.
  • Produktuaren izaera. «Primor patata», «Patata berria», «Kontserbazioko patatak», zer dagokion. Horretaz gain, patata motaren izena ere jarri behar da, kalibratuta edo kalibratu gabe dauden, eta gutxieneko kalibrerik ez duten patatetan, salmenta izen espezifikoa. Patata mota bat baino gehiago nahasten duten ontzietan, hauxe agertu behar du: «Patata nahasketa» Era berean, barrenean zer dagoen ikusterik ez dagoenean, zehaztu egin behar da ontziak zer-nolako patata motak dituen eta bakoitzetik zenbat zehazki.
  • Produktuaren jatorri. Zein herrialdetatik datorren eta, aukera gisa, zein eskualdetan edo ingurutan ekoitzi den edo zer-nolako izendapen nazionala duen.
  • Ezaugarri komertzialak: saila, pisu garbia, sortaren azalpena, kalibrea... Sukaldean zer-nolako erabilera ematea komeni den, azalaren kolorea, mamiaren kolorea, tuberkuluaren itxura, ekoizpen baldintza bereziak, biltegiratzeko eta kontserbatzeko baldintzen inguruko oharrak, eta abar.

Handizkako patatak.

Handizka datozen patatetan, aipatu berri ditugun ohar horiek guztiak dokumentu batean jarri behar dira, eta dokumentu horrek argi ikusteko moduan azaldu beharko du patata garraiatzeko gailuen barrenean edo ontzietan. Salgai jartzen dutenean, txikizkako merkatariek ageriko lekuan jarri beharko dute patataren izaera, jatorri eta ezaugarri komertzialak azaltzen dituen informazioa. Agerian dauden salgaiek sorta osoaren erakusgarri izan beharko dute.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto