Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Lucía Galán, pediatra: «Ez dago modu hoberik zure pazienteak ulertzeko, haien zapata berberekin ibiltzea baino»

 

Pediatra da Lucia Galan. "Bokazioz" aukeratu zuen lanbide hori, eta azken urteetan, kontsultako lau hormetatik kanpora "zabaldu" du bere jarduna. Bloga sortu zuenetik (orain dela hiru urte), hamaika milioi bisita izan ditu. Milaka jarraitzaile ditu sare sozialetan, maiz-maiz parte hartzen du irratiko eta telebistako saioetan, eta arrakasta handia izan duten bi liburu idatzi ditu (hirugarrena ere bidean da). "Lucía, mi pediatra" izena du profesional gazte honen blogak, eta milaka etxetara iristea eta osasunaren inguruko dibulgazioa egitea lortu du, modu argian, kalitatezkoan eta dibertigarrian.

Haurren osasunari eragiten dioten gauza guztien artean, zerk kezkatzen ditu gehien gurasoak?

Haurrek zer-nolako adina duten. Haur jaioberriak dituzten gurasoak, adibidez, larritu egiten dira haurtxoari zerbait gertatuko zaion beldurrez: arnasa hartzeko modua dela, egiten dituen zaratak, elikadura, oinarrizko zainketak... Hazten doazen neurrian, infekzioak izaten dira kezka iturri nagusietakoak, eta haurrak 3 edo 4 urte dituenetik aurrera, haien jokabidea, mugak, kasketaldiak eta gauzak ongi egin nahia.

Zure blogak arrakasta handia du, milaka jarraitzaile dituzu, bi liburu ere argitaratu dituzu... Noiz erabaki zenuen kontsultatik kanpo beste urrats bat egin eta dibulgazioan ere aritzea.

Kasualitatez hasi nintzen, blogekin zaletuta zebilen lagun batek adoretuta. Kafea hartzen ari ginen haren etxean, eta halaxe esan zidan: "Lucia, zergatik ez duzu bat sortzen? Oso ogi idazten eta komunikatzen duzu, eta mesede handia egingo zenieke zu irakurriko zintuzketen amei eta aitei". Eta nik, lehendik ere gutxi behar izaten dudanez, zera pentsatu nuen: "Eta zergatik ez?". Handik astebetera, hantxe ari nintzen nire lehenbiziko posta idazten. Berebiziko ezustea hartu nuen: hilabete gutxiren buruan, milioi bat bisitari baino gehiago nituen, deika ari zitzaizkidan komunikabide guztietatik, eta munduko bazter guztietatik iristen zitzaizkidan mezu elektronikoak. Lanbide berri bat aurkitu nuen, eta, gainera, ikusi nuen egiaz pasioz bizi dudala, suspertu egiten nauela, eta horrek indarra ematen dit egunero zertxobait hobeto egiten saiatzeko.

Zein kanal edo eremu da eraginkorrena osasunaren inguruan informatu eta hezteko?

Zalantzarik gabe, eragin gehien duen komunikabidea telebista da. Niretzat, dena den, bloga -11 milioi bisita izan ditu ia 3 urtean- bozgorailu harrigarria izan da, aukera aparta informazio fidagarri eta independentea emateko eta, aldi berean, irakurtzen duten milaka pertsonen zalantzak argitzeko. Bi liburuak argitaratzeak, berriz (Lo mejor de nuestras vidas eta Eres una madre maravillosa, Gure bizitzetako gauzarik onena eta Ama zoragarria zara), izugarri hurbildu nau irakurleengana: pauso bat eman dut haiengana eta haiek nigana. Harrera bikaina izan da, eta irakurleek bidaltzen dizkidaten gutunak hunkigarriak dira benetan. Une gozoa bizi izaten ari naiz nire lanbidean. Zorionekoa sentitzen naiz oso eta eskertua.

Pediatren betiko kontsultak txiki gelditu al dira Interneten eta sare sozialen garaian?

Ez, ez dut horrela ikusten. Pazienteek asko irakurtzen dute, egia da, eta informatu egiten dira eta iturri batean baino gehiagotan begiratzen dute, baina, azkenean, medikuaren eta pazientearen artean harreman on eta sendoa egoten da. Medikuaren hitza hartzen dute aintzat, eta harekin gelditzen dira lasai, behar duen bezala.

Gaur egun, medikutara joan aurretik, heldu askok eztabaidaguneetan eta web-orrietan begiratzen dituzte beren osasun arazoaren ingurukoak. Pediatrian ere gertatzen al da hori? Pediatrak ere lehian al dabiltza Google doktorearekin?

Ez gabiltza lehian. Pazienteek Google-n begiratzen ote duten? Bai, jakina. Neronek ere egiten dut zerbait ez dakidanean edo zerbaiten inguruan gehiago jakin nahi dudanean. Kontua da, kontsultan daudenean, informazio guztia mahai gainean jartzea eta pazienteei aholkuak ere ematea zein iturrirekin fidatu jakin dezaten eta zeinekin ez. Ezin dugu pentsatu gaur egun ez dutela Internetera joko, guztiok egiten dugu.

Haurren osasunaren inguruan, zein dira gehien zabaldu diren uste okerrak?

Txertoak, antibiotikoak, elikadura... Jendeak jakin behar du Interneten zerbait irakurriagatik, irratian entzun edo telebistan ikusiagatik, horrek ez duela egia bihurtzen. Komunikabideek bereganatu egin behar dute erantzukizun handi hori, hala eskatzen baitu zientziaz eta medikuntzaz hitz egiteak. Eta pazienteei saiatzen naiz azaltzen herri jakinduriak ere batzuetan ez gaituela hurbiltzen egiara. Zalantzaren bat dutenean, medikuari galdetu behar diote.

Hitz egin dezagun txertoei buruz. Nondik sortu zaie gurasoei beldur hori haurrak txertatzeko garaian?

Nagusiki, ezjakintasunetik eta desinformaziotik. Gehiegizko informazioa izateak, inolako bereizketa edo iragazkirik gabe, horrek desinformazioa sortzen du. Beldurra diote entzuten edo irakurtzen dutenari. Seme-alabei zerbait gertatuko zaien beldurra eurek hartu duten erabaki baten erruz.

Zentzuzkoa al da beldur hori?

Beldurra librea da. Zentzuzkoa, kasu honetan ez. Medikuntzaren arloko aurrerapenik handienetakoa ekarri dute txertoek, eta onura eztabaidaezina egiten dute. Txertoek bizitza asko salbatzen dute urtero, bi eta hiru milioi artean. Beldurra senti dezakegu txertorik ez dagoelako. Beldurra gure seme-alabak gaixotu egin daitezkeelako oraindik txertorik edo tratamendurik ez duen gaixotasun batekin. Beldurra berriz agertu daitezkeelako urte askoan ikusi gabeko gaixotasunak. Beldurra senti dezakegu aurre hartzeko modukoak diren epidemiekin. Beldurra heriotzarekin. Baina txertoekin beldurtu, hori ez.

Zer-nolako zeregina dute komunikabideek gai honetan?

Gero eta garrantzitsuagoa. Gure kontsultan egunero gogotik lan egiten dugun milaka medikuren bozgorailuak zarete. Gure ahotsa 20-25 familiatara iristen da goiz batean, zuena milioika lagunengana minutu gutxi batzuetan. Ez al duzue sekulako erantzukizuna?

Zer eman dizu emakume eta ama izateak zure lanbidean jarduteko garaian?

Ez dago modu hoberik zure pazienteak ulertzeko, haien zapata berberekin ibiltzea eta lur bera zapaltzea baino, eta horixe gertatu zitzaidan haurrak ekarri eta ama bihurtu nintzenean. Beldur berak, estutasun berak eta poz berak, hori ere bai. Amatasuna eta aitatasuna sentimendu unibertsalak dira, ez du axola zer-nolako lanbidea dugun. Ama izateak lagundu egiten nau nire pediatra lanbidean, lehen baino hobeto ulertzen ditudalako, haiek bezala sentitzen dudalako eta ez zaidalako batere kostatzen haien lekuan jartzea. Horrek asko errazten dit eguneroko jarduna, eta aberastu egiten du haiekin harremanak izateko modua.

Zure bigarren liburuan, Eres una madre maravillosa izenekoan, apaingarririk gabe kontatzen duzu zer dakarren haur bat izateak, sortzen diren une txarrak, beldurrak eta zalantzak ere azaltzen dituzu. Ohiko kontakizunetan idealizatu egiten al da amatasuna eta aitatasuna?

Bai, zalantzarik gabe. Badirudi hori ere gero eta gutxiago egiten dela, baina oraindik gauza asko desmitifikatu behar dira eta karta asko jarri behar dira mahaiaren gainean. Erditu ostekoa, beldurra, erru sentipena, bakardadea, akidura, bikote arazoak, autoexijentzia handia... argi hitz egitea gustatzen zait. Oso emakume baikorra naiz, indar handikoa eta aurrerantz doana, beti aurrerantz, baina nahi izaten dut gauzak azaltzen ari zaizkidanean, argi eta egiaz diren bezala egitea, nik azaltzen eta sentitzen ditudan modu berean. Beti esaten dut ama izan aurretik irakurri nahi izango nituzkeen liburuak idatzi ditudala.

Badirudi presio handia dagoela gurasoen gain; denek badute aholkuren bat, iritziak, kritikak... Hori sumatzen al da kontsultan?

Bai. Amak eta aitak gaindituta etortzen dira hainbat gauzarekin: entzuten dutena, irakurtzen dutena, besteek haiengandik espero dutena, ustez egin behar omen dutena, egiaz egin nahi dutena... Aski da, ala? Nik, kontu horiekin etortzen zaizkidanean, hauxe esaten diet: "Ongi da, eta honekin guztiarekin, zuk zer egin nahi duzu", eta askotan blokeatuta gelditzen dira. Pentsatzeko tarterik ere ez dute hartzen haiei gorputzak zer eskatzen dien ikusteko.

Ama direnen kasuan, zehazki, iritziak eta kritikak erabaki pertsonaletaraino ere heltzen dira batzuetan, adibidez bularra emateari buruzko kontuetaraino. Nola liteke hain gauza naturalak hainbesteko eztabaida eragitea?

Oraindik ere ez dut ulertzen, benetan. Inor sartzen al zaizu sukaldean afaritarako zer prestatzen ari zaren ikustera? Jendeak egiten al du ilararik supermerkatuetan, erosketa saskian zer daramazun kritikatzeko eta nabarmentzeko? Ez, ezta? Bada, erabaki baduzu zure haurrari bularra emango diozula auskalo zer adin arte, nor da jendea zure etxean sartzeko, zure sukaldean, ohean, eta iritzia emateko? Bizi zaitez eta utzi besteei ere bizitzen. Ikasi behar dugu geure burua baselinaz igurzten etxetik atera aurretik, hartara iritzi eta epai guztiek irrist egin diezaguten eta libre eta zoriontsu bizi gaitezen maite ditugunekin.

Elikadurari helduz orain... Espainian oso zifra kezkagarriak ageri dira haurren artean gehiegizko pisua, gizentasuna, hipertentsioa eta diabetesa dela eta. Nola egiten zaio aurre arazo horri kontsultan bertan?

Lehenbiziko egunetik informazioa emanez; haurra jaio eta lehenbiziko astetik bertatik hasita. Bularra ematearen aldeko jarrera sustatuz hasten da, eta erabaki hori hartu duten ama guztiei lagunduz, eta sekula ez da inor errudun sentiarazten edoskitze artifiziala hautatzeagatik, jakina. Aholkularitza ematen da lehenbiziko ahiekin hastean, eta kontrolatu egiten da pisua, neurria eta haurraren bilakaera. Gainbegiratu egiten da dietari zer eransten zaion haurra handitu ahala. Gailetak direla, gosaritako zerealak, zukuak, flan eta jogurt zapore-anitzak eta estra-azukretsuak, freskagarriak... Azpimarratu egiten da berdura eta fruta freskoak jatea komeni dela, lekaleak, arrain gehiago haragia baino, hegazti haragi gehiago haragi gorria baino, saihestu egin behar direla haragi prozesatuak, adibidez hestebeteak, osoko elikagaien alde egin behar dela (ogiarekin eta pastarekin adibidez), bizimodu osasungarria landu behar dela, kirola eginez, eta familia guztiak gauza bera jan behar duela eta mahaian eserita.

Oso larria al da betidanik helduenak izan diren gaixotasun batzuk gure haurren artean agertzea gaur egun? Zer-nolako etorkizuna dute haur horiek?

Dagoeneko ari gara ikusten etorkizuna: 12-13 urteko haurrak, lehen 40 edo 50 urtetan ikusten ziren gaixotasunekin. Arteria hipertentsioa, gizentasun morbidoa, mellitus diabetesa... Hori nahi al dugu gure seme-alabentzat? Ez. Bada, gure eskuetan dago aldatzea.

Etxeko lanen eta eskolaz kanpoko jardueren inguruan ere bada eztabaida. Presio gehiegi egiten al diegu haurrei? Ikusi al duzu estresak jotako haurrik zure kontsultan?

Bai. Estresa, antsietatea, tentsiozko zefaleak eta migrainak ere bai. Haurrek nahiko denbora ematen dute eskolan, eta ez dugu ibili behar gehiago zamatzen guri bai baina haiei atsegin ez zaizkien jarduerekin. Haiek hautatu behar lukete zer-nolako jarduerak egin, ongi pasatzeko izan dadila, jolas jarduera bat, eta gainera kirola bada, are hobeto. Haurrek behar adina orduko loaldia egin behar dute eta denbora eduki behar dute lasai egoteko eta atseden hartzeko etxean, gurasoen ondoan sofan etzanda, zergatik ez? "Zer egingo dugu orain?", galdetzen didate batzuetan haurrek, minutu bakar batean ere geldirik egon ezinik. Eta nik esaten diet: "Deus ere ez, orain ez dugu deus ere egingo. Sofan etzango gara lasai-lasai, hitz egitera eta atseden hartzera".



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto