Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

^

Erosketa gida: otarrainxkak: Otarrainxkak: Eguberriak mahai gainean

Akuikulturari esker, urte guztian ditugu eskura, baina zalantzarik gabe, Eguberrietan leku berezi hartzen dute otarrainxkek

 

Festak eta ospakizunak non, hantxe daude otarrainxkak mahaiaren buru-buruan. Krustazeo bat da otarrainxka; 10 zango ditu eta oskola erdi gogorra, 12 eta 15 zentimetroko luzera eta arrosakara izaten da kolorez, marra marroiekin. Atlantiko ekialdean bizi da, hasi Angolatik eta Britainiar uharteetaraino, eta Mediterraneo guztian, batez ere ibaien ahoetako hondo hareatsuetan.

Espainiako Estatuan kopuru aipagarrietan harrapatzen dituzte Ebro eta Guadalquivir ibaien ahoetan. Eta badira ekoizpen gune bikainak ere, Vinarós adibidez, non otarrainxka naturalik onena izaten den.

Bai otarrainxka zuria eta bai tigre erakoa (oskol marraduna izaten du) oso ona gelditzen da egosita, plantxan eginda edo zenbait plater laguntzeko osagai gisa. Neurri ugariko otarraixkak izaten dira eta aurkezpenak ere bat baino gehiago izaten ditu merkatuan: freskoa, izoztua eta hotzean jarria, bai osorik eta bai isatsak garbituta ere.

Junbo otarrainxka edo tigre otarrainxka erraldoia da denetan handiena (Penaeus monodon). Ganba erraldoia edo junbo ganbatxoa ere esaten zaio, eta 33 cm izatera ere irits daiteke. Gehien ekoizten den bigarren espeziea da (munduko ekoizpenaren %17 hartzen du). Batez ere Thailandian, Vietnamen eta Indonesian lantzen dute. Otarrainxka horrek kolore bat baino gehiago izaten du, berdea, kafe kolorea eta gorria, eta zenbaitetan grisa eta urdina ere bai; substratuak, elikagaiak eta uraren uhertasunak baldintzatzen du hori. Kolore zerrenda batzuk ere izaten ditu zeharka, urdinak edo beltzak izan daitezkeenak eta horiak ere bai.

Merkatuan badira beste tigre otarrainxka batzuk ere: tigre otarrainxka marroia (Penaeus esculentus), zeinak kolore zerrenda oso agerikoak izaten dituen eta Indiako ozeanoaren itsasertzean bizi den; tigre otarrainxka berdea (Penaeus semisulcatus), oso hedatua dagoena eta Afrika ekialdetik, Australia iparraldetik, Japoniatik eta Indiatik datorrena (isatsak baino ez dira saltzen horietatik); eta Japoniako tigre otarrainxka (Penaeus japonicus edo Marsupenaeus japonicus), neurriz txikiagoa dena eta Japoniako akuikulturatik datorrena.

Otarrainxka zuriak (Penaeus vannamei edo Litopenaeus vannamei) ez du izaten tigreen erako zerrendarik; kolore zuri zeharrargia izaten du gehienean, baina hori ere aldatu egin daiteke neurriaren edo aurkezpenaren arabera. Akuikulturan ekoizten den otarrainxka mota nagusia da, eta herrialde hauek dira ekoizle nagusiak: Txina, Indonesia, Thailandia, Brasil, Ekuador eta Mexiko. Europako merkatuetan era askotan saltzen da, izoztuta, osorik edo isatsak bakarrik.

Ez dakigu ziur otarrainxka noiz sartu zen sukaldeetan, nahiz eta gauza jakina den orain dela milaka urte hasi zirela jaten. Erromatarren sukaldaritzan, K.o. I mendean ageri dira errezetak, eta halaxe aipatzen du Apiciok bere De re coquinaria liburuan, non esaten duen saltsa mota bat prestatzeko erabiltzen zela otarrainxka. Eta badakigu XVII. mendean ere bazuela leku bat Europako sukaldaritzan arrain eta itsaskien errezetetan, eta halaxe jasotzen dute zenbait liburuk. Erromatarren antzinako kokalekuen inguruko istorioetan dagoeneko aipatzen zen krustazeo hori mahaietako osagai gisa.

Nola harrapatzen da?

Udazkenean eta neguan, itsasontziek arrasteko teknika erabiltzen dute, eta udan eta udaberrian, berriz, tresmailarekin egiten dute. Tresna hori itsas hondoan erabiltzekoa izaten da, eta elkarren gainean jarritako hiru sare mailak osatzen dute. Ilargi beteko gauetan izaten da arrantzarik onena.

Espainian jaten den otarrainxka guztia ez da freskoa, inondik ere. Asko eta asko inportatu egiten da Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako arrain haztegietatik, non klima hobea izaten da espezie hori hazteko. Akuikulturako otarrainxkak pentsua jaten du, eta basatiak, berriz, denetarik. Otarrainxka izoztuen merkatua ere oso handia da: onak izaten dira horiek ere, eta merkeagoak.

1970. urte inguruan hasi zen Espainian otarrainxka inportatzen eta merkaturatzen modu masiboan, enpresa handiak egonkortu zirenean. Nahiz eta orain urte guztian dugun eskura akuikulturari esker, otarrainxka sasoi jakinei oso lotua dagoen elikagaia da.

Merkaturatzea eta kontsumoa

Munduan 3.000 espezie otarrainxka baino gehiago dago, eta horietatik guztietatik, 300 mota inguru merkaturatzen dira. Espainian 20 bakarrik gelditzen dira. Merkatu balioari dagokionez, otarrainxka da arrantzako produktu guztien artean garrantzitsuena. Nazioarteko merkataritzaren balio guztiaren %15 hartzen du.

FAOren arabera, munduan harrapatzen diren lau otarrainxkatatik hiru arrantzatik datoz (horietako %70 ur epeletan harrapatuak izaten dira eta %30 ur hotzetan).

Estatu barreneko kontsumoari dagokionez, eta 2014. urteko datuetan ageri denari begiratuta, era honetan banatzen da ganben eta otarrainxken kontsumo guztia etxeetan:

  • Izoztuak: 54,7 milioi tona.
  • Egosiak: 16,4 milioi tona.
  • Freskoak: 15,4 milioi tona.

Horrek esan nahi du pertsona bakoitzak, hurrenez hurren, 1,2 kilo, 0,4 kilo eta 0,4 kilo jaten dituela, eta gastua 12,5, 3,7 eta 4,4 eurokoa dela hurrenez hurren, pertsona bakoitzeko hori ere.

Ganba eta otarrainxka freskoak batez ere saltoki espezializatuetan saltzen dituzte (arrandegiak, itsaski saltokiak eta elikagai merkatuak), eta egosiak eta izoztuak, berriz, supermerkatuetan.

Eskari handiak eraginda, Atlantikoan eta Mediterraneoan urritu egin da arrantza. Jaten dugun ia otarrainxka guztia ontzi izoztaile industrialetatik dator edo Atlantiko hegoaldetik, Indiako ozeanotik eta Pazifikotik inportatzen da. Horrela, bada, Espainian jaten den otarrainxka ez da artisau eran arrantzatzen eta ez dator Estatuko ontzietatik, oso urrutiko itsasoetatik baizik.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto