Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Sara de la Rica, Ekonomiako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean eta Ekonomia Aplikatuko Ikasketen Fundazioko Lan Behatokiko zuzendaria: "Espainiako enpresarik gehienek ikuspegi miopea daukate"

 

Ekonomialari konprometitua da Sara de la Rica: "Beti interesatu zaizkit lan merkatuko kolektibo gutxituak, adibidez emakumeak, etorkinak, kontratu ezegonkorrak dituzten langileak... Modu eraginkorrean funtzionatzen duen lan merkatu bat oinarrizkoa da gizarte aurreratu bat edukitzeko". Ekonomiako katedraduna da egun Euskal Herriko Unibertsitatean eta Ekonomia Aplikatuko Ikasketen Fundazioko Lan Behatokiko zuzendaria, eta 25 urte daramatza lan merkatua aztertzen. Bere ustez, hauxe da lan merkatuaren erronka nagusia Espainian: "Etorkizunari begiratzen jakitea, krisiak utzi dituen orbanak baztertu gabe". Argi du, ordea, ez dela zeregin erraza izango.

Espainiako Estatuan 18.813.300 pertsona ari dira lanean, halaxe dakar Populazio Aktiboaren azken Inkestak. Baina horietatik, 3,2 milioi beren kabuz ari dira. Zein dira lan autonomoaren erronka nagusiak Espainian?

Mundu globalizatuan lehiakorrak izatea, erronka izugarri hori dute aurrez aurre autonomoek, eta oso zeregin nekeza da. Neurriak badu garrantzia lehiakorrak izateko eta, oro har, autonomoek edo ez dute soldatapeko langilerik edo oso gutxi izaten dituzte. Bizirik irauteko, ezinbestekoa da ondasun edo zerbitzu berritzaileak eskaintzea eta munduari nola eskaini jakitea. Ez da erraza ez bata eta ez bestea; hori dela eta, negozio bati ekiten dioten hiru lagunetatik bik itxi egin behar izaten dute bi urte baino lehen.

Europako Batzordearen arabera, enpresa txiki-ertainek eta autonomoek sortzen dute enplegu guztiaren %73,4 Espainian. Bukatzear al dago lan egiteko molde tradizionala eta kontratu mugagabea?

Egia da enpresa txiki-ertainek sortzen dituztela lau enplegutatik hiru, baina logikoa da, txiki-ertainak baitira enpresen %90. Aldatzen ari dira lan arloko beharrizanak, eta langileek eta enpresek aurrea hartu behar dute zaharkituta ez gelditzeko. Lan arloan txandatze edo errotazio gehiago izango da orain arte izan dena baino, baina enpresak jabetu dira talentua erakarri eta atxiki egin behar dutela.

Zenbaitek dio, ekintzailetzaren aldean, nork bere kabuz lan egiteak mugatu egiten dutela esperientzia, lotu egiten duela sormena eta geldiarazi lan arloko garapena. Ados al zaude?

Ikusi egin behar lan hori nolakoa den. Sormenari eta berrikuntzari zabalik dauden enpresetan, egitura horizontalagoekin-eta, langilea izan daiteke sortzailea eta bilakaera egokia eduki lan arloan. Baina enpresa hierarkizatuagoetan baietz esango nuke, langilea zeregin batzuetan sailkatzen da normalki eta zailagoa izaten da sormena lantzea. Zalantzarik gabe, lehenbiziko motako enpresetarantz jotzea eskatzen du etorkizunak.

Lanean diharduten bost lagunetatik ia bat autonomoa da gaur egun (%17). Zer-nolako ondorioak izango ditu aldaketa horrek?

Autonomorik gehienak beharrak bultzatuta ari dira erregimen horretan Espainian, eta ez eurek hala erabaki dutelako. Krisi garaian, kalera joan den langile askok ez du beste aukerarik ikusi autonomo egitea eta negozio txiki bat jartzea baino. Baina negozio horietako gehienak ez dira errentagarriak eta ez dira izango: autonomo gisa arrakasta izateko, kudeaketa gaitasun itzelak behar dira, eta horretaz gain, ausardia, izaera berritzailea eta nazioartearen ezagutza ere bai. Gure gizarteak, ordea, gazteei ez dizkie transmititzen gisa horretako gaitasunak, ez etxean eta ez hezkuntza sisteman ere. Eta horiek gabe, zintzoki esanda, arrakasta izateko aukera gutxi ikusten diet autonomoei.

Zure iritziz, zein da lan arloko arazo nagusia Espainian?

Bi erronka handi ikusten ditut: alde batetik, lan arloko beharrizan aldakorrei erantzun bat ematea oso globalizatua eta digitalizatua dagoen mundu batean, non makinen osagarri izan behar duen langileak. Eta bigarren erronka da ez bazterrean uztea krisi garaiko galtzaile handiak, lana galdu duten horiek eta luzaroan langabezian daudenak, bi milioi badira-eta dagoeneko. Erronka da etorkizunari begiratzea, bazterrean utzi gabe krisiak eragin dituen orbanak. Eta ez da erraza, sinets iezadazu.

Langabezia egoera aldakor honetan, zeina sasoiko lanari lotua dagoen hein handian eta teknologia berrien erritmo erogarriari lotua, abiadura handian ari da aldatzen lan mundua. Lan arloan eta lan jardueran, zer-nolako eredua ari gara sortzen?

Lan arloan bi eredu bizi dira elkarrekin: nazioartera begiratzen duten eta, ondorioz, lehia izugarrian ari diren enpresetan sortzen dena; eta enpresa gehienbat txikiena, oraindik ere tokiko merkatutik bizi direnena. Lehenbizikoak saiatzen dira talentua erakartzen eta atxikitzen, begiak zabal-zabalik dauzkate kanporako eta badakite giza kapitala dela beren arrakastaren sekretu handia. Baina Espainian, zoritxarrez, gutxiengo dira horiek, eta enpresarik gehienek oso ikuspegi miopea daukate. Krisiak aukera eman du oso lan baldintza txarrak ezartzeko, baina benetan uste dut oker dabiltzala.

Krisiaren garairik txarrena pasatu dela iruditzen al zaizu? Berriz enplegua sortzen hasiko al da Espainian?

Krisi garaiko enplegu galtzea pasatu da. Berriz ere jarduera sortzeko fasean gaude nabarmen, baina ez badugu lehiakorrak izateko apustua egiten balio erantsi handiko sektoreetan, I+G+B arloan inbertsioa eginez, enplegu prekarioa ekarriko du jarduera handitzeak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto