Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Ignacio Marco, PlasticsEurope erakundeak Espainian duen zuzendaria: "Plastikoa gehiegi erabiltzen da, eta ondorio ezin txarragoak eragiten ditu itsasoan"

 

Ignacio Marcok 30 urte daramatza plastikoaren munduan. Kimikaria da asturiar hau, eta plastiko ekoizleak biltzen dituen PlasticsEurope erakundeko zuzendaria da Espainian; haren ustez, plastikoak inguruan duen eragina murrizteko, gako nagusia da plastikoari baliabide gisa begiratzea, eta ez hondakin gisa. Horretarako, arduraz kontsumitu behar dela dio, birziklatu eta energia gisa berreskuratu etxeko berokuntzarako.

Urtero, Plastics, the Facts 2016 txostenak dioenez, 269 milioi tona plastiko ekoizten dira, ia 50 milioi Europan bakarrik, hainbat produktu egiteko, hasi tetrabrik-etatik eta plastikozko lastotxoetaraino. Horietatik zortzi milioi tona itsasora heltzen dira. Zergatik?

Herritarren jokabidea da arrazoi nagusia. Gure ekonomia honetan ekoitzi, erabili eta bota egiten da. Plastikoek itsasoan bukatzen dute behar ez den lekuan botatzen dituztelako. Zaborrarekin nahasian botatzen badugu plastikoa, zabortegian bukatuko du. Eta zabortegian hegan egin dezake plastikoak, arrastan joan daiteke eta itsasora heldu. Ezein plastikok ez luke bukatu behar zabortegian. Eta are okerragoa da zuzenean lurrera edo hondartzara botatzen denean. Plastiko guztiak, baita lastotxoak ere, egoki kudeatu behar dira: edukiontzi horira bota behar dira. Eta azpiegitura hobetu egin behar da: edukiontzi gehiago jarri eta maizago hustu.

Plastikoek ozeanoan eta itsasoko bizitzan duten eraginak aztoramendu handia eragin du gizartean. Zer egin daiteke horiek ez diezaieten kalterik egin ozeanoei?

Lurrean dago irtenbidea. Itsasoan dauden plastikoen eta bestelako hondakinen %80 lurretik heldu dira. Lehenbiziko araua da arduraz kontsumitzea: kontsumitu beharrik ez dagoenean, hobe da ez kontsumitzea. Kontsumitu denean, plastikoa ez daiteke berrerabili, edukiontzi horian utzi behar da birziklatu eta beste produktu erabilgarri bat egiteko eraldatu dezaten, eta, azken aukera gisa, energia gisa berreskura dezaten.

Europako herrialdeen artean, Espainia da plastiko gehien kontsumitzen duen laugarren herrialdea: ia lau milioi tona urtean. Zer-nolako erabilera eman dakioke plastikozko hondakin bati ongi kudeatuz gero?

Plastikoak ez dira hondakinak, baliabideak baizik. Gas naturalaren antzeko bero-balioa du. Espainian mendekotasun handia dugu kanpotik inportatzen den energiarekiko, eta plastikoak baliabide bat dira, energia dutelako, eta energia hori bero bihur daiteke. Lastotxo bat edo plastiko bat, gainera, beste produktu asko egiteko erabil daitezke eraldatze mekaniko batekin: lastotxoa birrindu dezakegu eta, adibidez, jaki ontziak egin. Ekonomia zirkularra esaten zaio horri.

Zientzialariek diote, Mediterraneo itsasoan bakarrik, 1.455 tona plastiko dabiltzala igerian. Plastiko hori beroa sortzeko eta neguan etxeak berotzeko erabil al daiteke?

Hori da. Plastikoaren energia berrkuratuta, probetxua atera dakioke haren bero-balioari. Energia hori industriako instalazioetan erabil daiteke, baina etxeak berotzeko ere berreskuratu daiteke, badira moduak horretarako. Vienan egiten dute; hiri hondakinak, baita plastikoak ere, 60.000 etxe berotzeko erabiltzen dituzte.

Plastiko biodegradagarri batzuk, adibidez bipola edo kisotanoa, desegin egin daitezke organismo bizien eta bakterioen bidez. Ez al dago horiek erabiltzerik plastikoak ozeanoetan duen eragina murrizteko?

Plastiko biodegradagarriak edo bio jatorriko plastikoak, produktu begetaletatik datozenak, irtenbidearen zati dira. Zabor poltsa biodegradagarri bat oso gauza zentzuzkoa da, eta berdin nekazaritzan erabiltzeko plastiko biodegradagarriak ere. Baina birziklatze mekanikoak ez du ongi funtzionatzen material bat baino gehiago dugunean elkarrekin: ez du funtzionatzen material biodegradagarria dagoenean material ez-biodegradagarriarekin.

2018. urtean Espainian galarazia egongo da plastikozko poltsak doan ematea. Iritsiko al da lastotxoak ere galarazita egongo diren eguna?

Gure datuen arabera, herritarren %4 bakarrik daude plastikozko produktuak galaraztearen alde, adibidez poltsak, lastotxoak edo jogurt ontziak. Gu debekuaren aurka gaude. Irtenbidea ez da lastotxoa edo poltsa galaraztea, jendeari kontzientzia harraraztea baizik, baliabide bat direla ikusaraztea.

Berriki adostu denez, halaber, 2018. urtetik aurrera, plastikozko platerek, edalontziek, katiluek eta mahai tresnek, eta kotoizko txotxek ere bai, materia organikoetatik datozen substantzia biodegradagarriekin eginak egon beharko dute %50ean gutxienez. Neurri horrek kalte egingo al lioke birziklatzeko eta berreskuratzeko prozesuari?

Hori da. Neurria erabat okerra da, zaildu egiten duelako birziklatzeko prozesua, nekezagoa baita materialak bereiztea. Zentzuzkoa da plastiko %100 biodegradagarriak egitea ahal denean, adibidez kafe kapsulentzat edo zabor poltsentzat.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto