Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Luis Francisco Ruiz-Orejón, plastikoak itsasoan sortzen duen kutsaduraren ikertzailea CSIC erakundean: "Plastikoa gehiegi erabiltzen da, eta ondorio ezin txarragoak eragiten ditu itsasoan"

 

Itsasotik urruti jaio zen Luis Francisco Ruiz-Orejon, Ciudad Realen, hain zuzen. "Baina beti maite izan ditut itsasoari buruzko dokumentalak", aitortu du ikertzaile honek. Plastikoak itsasoan eragindako kutsaduraren inguruko ikerketetan espezializatua dago, eta Blanesko Ikerketa Aurreratuen Zentroan dihardu (CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren mendeko erakundea da). Itsasoarekiko zaletasun handi horrek Cadizera eraman zuen Giroko Zientziak eta Itsasoko Zientziak ikastera. Gaur egun, inor gutxik daki berak bezain ongi plastikoek zer-nolako eragina duten ozeanoetan.

Espainiako Estatuan, lau milioi tona plastiko kontsumitzen dira urtero: jogurtak direla, ontziak, zuku eta irabiakien lastotxoak... Bizitza motza izaten dute horiek: erabili eta bota egiten dira gehienak. Zenbat denbora behar izaten du desagertzeko edo desegiteko?

Ia 6.000 plastiko mota daude, eta plastiko motaren arabera eta hark dituen gehigarrien arabera degradatzen da. Lurraren edo itsasoaren gainazalean dagoen plastiko batek, eguzki izpiek jotzen dutela, ehunka urte behar ditu degradatzeko. Baina itsas hondoan bukatzen duenak, ia argirik eta oxigenorik gabe, milaka urte beharko ditu.

NIXE III proiektuak zenbatu duenez, 1.455 tona plastiko dabiltza igerian Mediterraneoan, baina milaka tona daude urperatuta. Itsasora heltzen den plastikoa ez al da desagertzen?

Hori da. Plastikoa gero eta partikula txikiagoetan zatitzen da eta, era horretan, hortxe jarraitzen du milaka urtetan itsasoan eta itsasoko bizitzan. Ikusi ez arren, hortxe dago.

Eta zergatik dira plastikoak hain arriskutsuak?

Zooplaktonaren bidez sartzen dira kate trofikoan, ozeanoan bizi diren organismo txikien bidez. Itsasoko animaliek, gainera, plastikoaren partikula haritsuak irensten dituzte; horrek zauriak eragiten dizkie barrenean eta urratu egiten zaizkie barreneko ehunak. Plastikoak izaten dituen gehigarriak, gainera, osasunarentzako arriskutsuak dira, minbizia eragin dezaketelako, arazo hormonalak eta gaixotasunak nerbio sistema zentralean.

Bideo bat agertu da, plastikozko lastotxo bat muturrean sartu eta zauri larriak izan dituen dortoka batena. Milioika lagunek ikusi eta partekatu dute sare sozialetan, eta biral bihurtu da. Nola azalduko zenuke zalaparta hori?

Plastikozko lastotxoak arriskutsuak dira, gainerako plastiko guztiak bezala, material artifiziala baita, itsasoan sartu behar ez lukeena. Bideo horrek zirrara handia eragiten du, baina plastikoaren biktima izan diren itsas espezieen edozein bideok jarrarazi behar gintuzke erne.

La milioi bat hegazti eta 100.000 ugaztun eta dortoka hiltzen dira plastikoen erruz, adituen esanetan. Eta itsas espezieen %90ek plastikozko produktuak irentsi izan dituzte noizbait. Kezkatuta al zaude?

Egoera oso kezkagarria da. Itsasoko bioaniztasunik gehienari egin dio kalte plastikoak. Plastikoak, gainera, eragin kaltegarria izan dezake epe luzera, horien gehigarriak pilatu egiten baitira animalien gorputzetan eta, azkenerako, gizakiengana ere irits daitezke.

Itsasoko zein animaliari eragiten dio gehien plastikoak?

Itsasoko hegaztiek kalte handiak izan dituzte, plastikoak, zatitzen denean, seinale kimiko bat sortzen baitu, beren elikagaiak sortzen duenaren antzekoa; nahasi egiten dute bat bestearekin, eta irentsi. Zetazeoek ere bai, batez ere iragazte bidez elikatzen diren balea handiek, ur kantitate handiak hartzen baitituzte elikagaiarekin, baina baita plastikoarekin ere, eta horiek buxatu egiten diete urdaila eta bola handi bat sortzen diete; ondorioz, eragotzi egiten die elikatzen jarraitzea eta hil egiten dira.

Urtean zortzi milioi tona plastiko pasatzen dira lurretik itsasora, Georgiako Unibertsitatearen arabera (AEB). Jasan al dezake halakorik ozeanoak?

Urtero milioika tona plastiko sartzen dira ozeanora, 8 eta 12 artean. Hori kopuru txikia da ekoizten denarekin alderatuta, 300 milioi tonatik gorakoa baita ekoizpena. Baina izugarrizko eragina du itsasoko bizitzan. Plastikoak urte asko behar izaten du degradatzeko eta, beraz, metatu egiten da eta urtetik urtera gehiago dago.

Zer esango zenioke plastikoaren industriari?

Zaila da jakitea. Gizarte azeleratu batean bizi gara, eta produktu eskaintza gero eta indibidualizatuagoa da eta gero eta plastiko gehiagorekin; adibide bat izan daitezke plastikozko poltsetan datozen madalenak, esaterako, zeinak plastikozko zorrotxoetan bilduta datozen banaka-banaka. Plastikoaren helburua da elikagaiak ahalik eta gehien irautea, baina murriztu egin behar dugu gehiegikeria hori, beharrezko ez den guztia murriztu.

Ekoizleek zera esaten dute, hondakinak gaizki kudeatzen direlako eta kontsumitzaileak behar ez den lekuan uzten dituelako heltzen direla plastiko asko itsasora.

Erantzukizuna guztiona da: industriarena eta baita kontsumitzailearena ere. Aukeratu dezakegu plastiko gutxiago duten produktuak erostea edo bestelako material batzuekin eginak daudenak, adibidez beirarekin. Baina, horretaz gain, kudeaketa eta legedi hobea ere behar da plastikoarentzat.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto