Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

PAPEREZKO BERTSIOA.
2017ko ekaina

Victor Domingo, Internauten Elkarteko presidentea: "Telebistak eta Internetek osatu egiten dute elkar: pantaila bakar eta multifuntzional baterantz goaz"

 

Victor Domingok onartzen du Internetek "harrapatuta" daukala, eta egunean zortzi-hamar orduz aritzen dela. Internauten Elkarteko presidenteak utzi egin zuen historialari ibilbidea orain dela urte batzuk, eta marketinari eta komunikazio digitalari heldu zion. 1998. urteaz geroztik, itzal handiko ahotsa da harena Internet librea, segurua eta kalitatezkoa aldarrikatzen dutenen artean: "Interneterako sarbidea eskubide bat da: Sarea komunikabide bat da, eta mundua aldatzen ari da".

Espainiako Estatuko herritarren artean, telebista nagusitzen da informazio eta aisialdiko edukien kontsumoaren sailkapenean: Komunikabideen Azterketa Nagusiaren arabera, herritarren %88,3k egunero ikusten dute. Baina Interneten erabilera oso azkar ari da gora egiten, eta bigarren lekuan ageri da (%66,7), irratiaren aurretik. Sareak lekua kenduko al dio telebistari?

Internet eta telebista elkarri oso estu lotuta dauden bi komunikabide dira: bat ez da ulertzen bestea gabe. Uste dut guztia bilduko duen gailu baterantz goazela: telebista, ordenagailua eta mugikorra. Guztia kabitzen den pantaila bat.

Asko ari da handitzen Interneti eskaintzen diogun denbora: 2000. urtean 5 minutu baino ez ziren batez beste, eta iaz 102 minutu. Zergatik gertatu da gorakada azkar hori?

Espainiako Estatuko herritarren %70 Interneti konektatuta daude une honetan, bai PC baten bidez edo bai mugikorretik. Telefonoak asko lagundu du aurrerabide horretan, aukera ematen baitu nonahitik konektatzeko. Sarerako sarbidearen kostua murrizteak ere lagundu du, tarifa lauak agertzearekin.

Baina oraindik badago zer konpondu. Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindako barometroaren arabera, herritarren %70ek telebista hautatzen dute aisialdirako, eta %42k bakarrik eskaintzen diote beren denbora librea nabigatzeari. Internetek oraindik irabazteko al dauka aisialdiaren bataila?

Internet irabazten ari da denbora librearen bataila hori gu ohartu gabe: sofan eseri eta telebistari begira dagoen gizonak edo andreak aldamenean izaten du mugikorra, eta bere programa kuttunarekin interakzioan ari da. Telebistako saioak ari diren bitartean, jende asko Twuitterren ibili ohi da. Aski da Twitter-eko hashtag edo etiketak berrikustea gauean: %80k zerikusia dute telebistako programekin.

Espainiako haurren %48,4k egunean bi ordu baino gehiago ematen dituzte pantaila aurrean, horixe dio Sedentarismoa Espainiako haur eta nerabeetan izeneko ikerlanak, Espainiako Nutrizio Fundazioak eginak. Zer-nolako arriskuak ditu?

Internetek arrakala bat ireki du: haurrak eta nerabeak mundu birtual batean bizi dira dagoeneko, mundu fisikoarekiko paraleloa den munduan. Adingabeek nahiago dituzte pantaila interaktiboak ohiko telebista pantailak baino. Kezkatzen gaitu Internet erabiltzean haurra babesik gabe dagoela ikusteak; kontrolatu gabeko interakzioak sortzen du arrisku hori. Hori dela eta, guk gomendatzen dugu adingabeetan zaindu egin behar dela Interneten erabilera: ez dut ulertzen 8 urteko haur batek smartphone bat edukitzea beretzat eta kontrolik gabe erabili ahal izatea.

Internet bidezko telebistak utzi egin dio gauza arraro bat izateari, eta halaxe erakusten dute ikus-entzunezko edukiak on-line banatzen dituzten plataformek, adibidez Netflix-ek (100 milioi harpidedun ditu mundu osoan), HBOk edo Movistarrek, zeinak aukera ematen baitute filmak ordenagailuan ikusteko DVD bat alokatu beharrean. Telebista Internetera mugitzen ari al da?

Bai, eta ez du beste aukerarik. Edukiak eta azpiegiturak bateratzea da hurrengo pausoa: pantaila bakar eta multifuntzional horretarantz goaz. Orain ez daiteke esan telebista kutxa ergela denik. Orain kutxa azkarra da, eta guk geuk egiten dugu azkar, erabiltzaileok.

Pompeu Fabra Unibertsitateko Ikus-entzunezko Ekoizpenaren Behatokiak esaten du Espainiako Estatuko haurrek egun denbora gehiago ematen dutela Internet bidezko bideoei begira betiko telebista ikusten baino.

Internet bidezko telebistaren erabiltzaileek zehaztuko dituzte telebistaren etorkizuna eta haren joerak. Erabiltzailea ez dago zain telebista kate batek zer eskainiko: ohitu egin da bere programazioa aukeratzen klik eginez, eta horrek aldatu egiten du mentalitatea eta kontsumitzeko modua. Ohiko telebista eta Internet bidezkoa konbinatu egiten dira, eta bien arteko batasuna gero eta handiagoa izango da.

Beraz, aldaketa historiko bat ikusten ari gara ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko moduan?

Bai, aldaketa historiko betean gaude ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko garaian, eta baita horiek komunikatzeko moduan ere. Aldatzen ari da edukiak komunikatzeko modua. Sareak asko areagotu ditu aukerak eta horien berehalakotasuna. Hori da une honetako iraultza handia, gu ohartu gabe ari zaigu aldatzen bizitza.

Eta unibertso aldakor horretan, zein da Interneten erronka handia?

Internet librea, parte-hartzailea izan dadila lortzea. Internet guztientzat eskubide bat izan dadila; inor ez dadila gelditu gure mundua eraldatzen ari den komunikabide hori erabili ezinean arrazoi ekonomiko edo fisikoengatik, geografiko edo erlijiosoengatik.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto