Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

PAPEREZKO BERTSIOA.
2017ko ekaina

Alejandro Perales, Telebista Erabiltzaileen Elkarteko aholkularia: "Telebistak, iraungo badu, berrasmatu egin behar du bere burua"

 

Kazetaria da Alejandro Perales, eta telebistaren zale amorratua: familia osoa egongelan bildu eta sofan eserita ikustea maite du. Komunikabide horrek, hala ere, erronka handiak ditu aurretik Internet gora eta gora ari den garaiotan. "Telebistak gaurkotasunaren eta berehalako edukien alde egin behar du apustu bizirik iraun nahi badu", onartu du Telebista Erabiltzaileen Elkarteko aholkulari ere badenak. Perales, ororen gainetik, interes publikoa duen telebista publikoaren defendatzailea da. "Irekian ematen den kalitatezko telebistak bermatu egiten du gizarte kohesioa", adierazi du.

Espainiako Estatuko herritarrek egunean 7 ordu, 39 minutu eta 30 segundo eskaintzen dizkiote komunikabideen kontsumoari. Telebistak jarraitzen du nagusi izaten, ia 4 ordurekin, baina Internet abiadura handian ari da aurrera egiten: hirugarren lekuan ageri da gehien kontsumitzen diren komunikabideen artean (irratia oso gertu du), egunean 1 ordu eta 42 minuturekin, datu horiek ageri dira Komunikabideen Ikerketa Nagusian. Sareak lekua kenduko al dio telebistari?

Ikus-entzunezko edukien kontsumoa aldatzen ari da. Baina Internet ez da komunikabide bat, ingurune bat da, komunikabide guztiak biltzen dituena hain zuzen: edukietara iristeko beste modu bat da. Gero eta bideo gehiago dagoen arren propio Sarerako sortuak, kontua da jende askok telebistako edukiak ikusten dituela Interneten, telebistarako sortuak. Ikus-entzunezko edukietara iristeko aukera ematen duen plataforma den heinean, Internet irits daiteke, bai, gaur egun ezagutzen dugun telebista ordezkatzera.

Telebista nahieran, on-line telebista, ordenagailuak, smartphoneak, tabletak... Gero eta aukera gehiago dago telebista ikusteko. Hala ere, sofan eserita ikusten den telebistak, programazio jakina duenak, jarraitzen du izaten herritarren gustukoena. Nola azaltzen da nagusitasun hori?

Oraindik ere badago telebista ikusteko kultura bat. Pertsona askorentzat aisialdiaren zati da, estimatzen dute-eta ahalegin txikiagoa egin behar izatea horretarako. Programa batzuk, gainera, oso telebistakoak dira, adibidez albistegiak, lehiaketak eta magazinak. Genero horiek ez dute ongi funtzionatzen nahieran hautatzen den telebistan edo on-line telebistan.

Ordainpeko telebistaren irabaziak %33,2 handitu dira azken urtean, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak emandako datuen arabera. Harpidedun kopurua ere handitzen ari da, eta 5,84 milioi dira dagoeneko. Telebista eredu horretarantz al goaz?

Eta gehiago ere badira: horiei gehitu behar zaie Internet bidez edukiak banatzen dituzten plataformak, adibidez Netflix. Ikusle mota guztientzako eskaintzak biltzen dituen eredurantz ari gara mugitzen. Eskaintza bat baino gehiago duena, gutako bakoitzak une jakin batean osatzen duen ikus-entzule mota bakoitza ere aseko duena. Norbaitek Internetetik jaits dezake telesail baten denboraldi osoa eta telebista jar dezake albistegiak edo magazin bat ikusteko. Hala ere, kezkatu egiten nau irekian ematen den telebistak, zerbitzu publikoa den telebistak, ez gaitasunik izatea bizirik irauteko. Zerbitzu publikoari lotuta dagoen telebistak bermatu egiten du gizarte kohesioa, kulturarako, informaziorako eta aisialdirako sarbidea.

Baina IP telebista, Internet bidezkoa, gora egiten ari da: azken urtean 1,1 milioi harpidedun berri egitea lortu du, kable bidezko telebistarekin batean.

Gaur-gaurkoz, plataforma digitalen eskaintzak ez du ordezkatzen irekian ematen den telebista: fikziozko edukien banatzaile handiak dira plataforma horiek (telesailak, zinema...). Baina ikus-entzunezko eduki masiboetarako, adibidez albistegi, lehiaketa eta ekitaldietarako, ohiko telebistaren beharra dute. Hori bai: telebistak, luzera iraun nahi badu, berrasmatu egin behar du bere burua, edukiak etengabe espezializatu beharra baitauka.

Hamar adingabetatik bederatzik etxeko leku komunetan ikusten dute telebista. Oraindik ere familia biltzeko bitartekoa al da telebista?

Bai. Familien aisialdirako edukiak, entzuleria masiboak dituztenak, oso zailak dira lurreko telebista digitala ez den beste eredu batean. Plataforma digitalak ez daitezke lehiatu familian kontsumitzen den telebistarekin.

Baina Espainiako Estatuko haurrek egun denbora gehiago ematen dute Internet bidezko bideoei begira telebista ikusten baino, halaxe baieztatu du Pompeu Fabra Unibertsitateko Ikus-entzunezko Ekoizpenaren Behatokiak. Zer dauka Internetek telebistak eskaintzen ez diena?

Internetek interakzioa eta eskuragarritasuna dauzka: aukera ematen die nahi dutena ikusteko, noiznahi eta nonahi, eta tableta baten edo smartphone baten formatu txikiak eskaintzen duen erosotasunarekin.

Orduan, aldaketa historiko bat ikusten ari gara ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko moduan?

Erabatekoa. Nira alabak bideo gehiago ikusten du smartphonearen bidez telebistan baino. Gailu berrien noranahikotasunak aukera ematen du telebista ikusteko lehen pentsaezina zen leku eta uneetan. Baina alde txarra ere badu horrek adingabeez ari garenean. Interneten ez da hain erraza edukiak kontrolatzea. Sareak oraindik konpontzeko dauka edukiak sailkatzeari eta etiketaz bereizteari dagokion arazoa, eta hori funtsezkoa da guraso kontrola ezartzeko sistemek ongi funtziona dezaten.

Zein da telebistaren erronka handia?

Telebistaren erronka da bere edukia berrasmatzea: apustu egin behar du berehalakotasunaren alde, gaurkotasunaren alde eta fikziotik urruti dauden aisialdiko edukien alde. Eduki mota horrek lagundu dezake telebistak iraun dezan, horiek ez baitute ongi funtzionatzen plataforma digitaletan.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto