Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

PAPEREZKO BERTSIOA.
2017ko maiatza

Carlos Gonzalez, pediatra: "Haurrei denbora falta zaie jolas librean aritzeko eta aspertzeko"

 

Pediatra ezaguna eta ezagutua da Carlos Gonzalez, eta haren esanetan, bere lanbidean atsegin gehien eman diona haurrak ikustea da. "Grazia handia dute, atseginak dira, dibertigarriak... Haurrekin egoteak alaitu egiten dizu eguna", adierazi du Zaragozako mediku, irakasle eta dibulgatzaile honek, zeinak liburu batzuk ere idatzi dituen haurren osasunaren, elikaduraren eta heziketaren inguruan. Edoskitzearen aldeko Kataluniako Elkartea sortu zuen orain dela 25 urte baino gehiago, eta lehendakaria da ordudanik. Gonzalezek berebiziko garrantzia ematen dio jolasari, helduek kontrolatzen ez duten jolasari hain zuzen: "Lehen jolaserako zen denbora jan egin dute telebistak, kontsolak eta ordenagailuak alde batetik; eta, bestetik, helduek antolatzen dituzten jolasek", azpimarratu du.

Zein dira gurasoei kezka gehien sortzen dieten gaiak gaur egun?

Pediatrarengana joaten dira haurrak sukarra duelako, eztula, mukiak, ez duelako jaten edo lo egiten... Baina pentsatzen dut medikuaren eremukoak ez diren beste kezka asko ere izango dituztela: heziketa, gastuak, etorkizuna...

Zertan huts egiten dugu haur osasungarriak eta zoriontsuak hazteko garaian?

Denbora falta zaigu haurrentzat. Sekula ez da izan hainbeste haur eskolan hain goiz hasi denik

Informazioa ere erruz dago eskura... Amatasunaren "profesionalizazioa" gertatzen ari al da?

Horrelako zerbait. Sekula ez da izan hainbeste liburu, tailer, erakunde edo gurasoentzako bilera. Badirudi garai batean jendeak bazuela konfiantza gehiago, haurrak izandakoan asmatuko zuela nola hazi.

Ahaztu egiten al ditugu oinarrizko gauzak eta lehentasuna modako teoriei ematen al diegu?

Oro har, guraso berriek joera dute garrantzi gehiegi emateko kontu hutsal eta iragankorrei. Haurrak lo egiten duen edo ez, denbora gehixeago behar izan duen oinez hasteko, pikortxo bat duen edo ez, korrokada egiten duen edo ez... Urteek ematen duten eskarmentuarekin ohartzen zara horiek ez zirela arazoak; anekdota izatera iristen ziren doi-doi.

Eztabaida handia sortzen duen gaia da seme-alabekin ohe berean lo egitea. Zein da zure iritzia?

Familia bakoitzak erabaki behar du nola antolatuko den lo egiteko, eta antolaera horrek funtzionatzeari uzten dionean, eskubidea du aldatzeko.

Zein litzateke une egokia haurrak bakarrik lo egin dezan?

Norberari iruditzen zaiona. Eta, bai, haurrak edo gurasoek zehaztu behar dute unea, ez medikuak, erizainak, aitona-amonek edo bizilagunek.

Seme-alabekin ohe berean lo egitearen aurka daudenek esaten dute horrek kalte egiten diola bikote harremanari...

Txorakeriak. Bikote harremanaren etsai handia (hori bai eufemismo polita!) telebista da.

Haurrei gehiegi eskatzen al diegu eskolaz kanpoko zereginekin eta ardurekin?

Badirudi etxeko lanak murrizteko joera dagoela. Baina, aldi berean, asko ugaritzen ari dira eskolaz kanpoko jarduerak, batzuetan hezteko asmoarekin eta beste batzuetan besterik gabe haurrak nonbait edukitzeko modu gisa gurasoak lanetik irteten diren bitartean. Jarduera horietako batzuetan oso handia izan daiteke eskakizuna. Gogoan dut zer-nolako ustekabea hartu nuen nire haurren izena eman nuenean kirol jardueretan, eskatu egiten zutelako, pentsatzen bainuen astean pare bat orduz lagunekin jolasean aritzea izango zela... Bada, kontua da entrenatzailea zeukatela, kamiseta, federazioa, epaileak, epaileei irainka aritzen ziren gurasoek eta beste guraso batzuekin borrokatzen zirenak...

Haurrei denbora falta al zaie jolasean aritzeko?

Bai, zalantzarik gabe. Jolas librean aritzeko denbora falta zaie, taldean edo bakarka. Denbora falta zaie aspertzeko, hori ere jolasteko modu bat baita: gogoan dut zeinen ordu zoriontsuak pasatzen nituen haurtzaroan tanta bat nola erortzen zen edo hosto bat nola mugitzen zen begira. Lehen jolaserako zer denbora jan egin dute telebistak, kontsolak eta ordenagailuak; eta, bestetik, helduek antolatzen ditugun jolasek, entrenatzailearekin eta epailearekin, lehen esan dudan bezala, edo begiraleek gidatutako jarduerek. Ez da gauza bera. Haurrek jolas librea behar dute, helduek kontrolatu gabea. Gimnastikako saioa eta jolasgaraia ez dira gauza bera.

Helduok eskaintzen al diegu behar adina denbora, edo jostailuekin eta beste jarduera batzuekin ordezkatzen dugu?

Helduok denbora gutxi pasatzen dugu gure haurrekin, eta bitxia badirudi ere, batzuetan denbora gehiegi eskaintzan diegu. Hau da, konbentzitu egin gaituzte "kalitatezko denboraren" kontuarekin, eta guraso batzuek uste dute behartuta daudela elkarrekin ematen duten minutu bakoitzean gauzak egitera haurrekin edo haurrei gauzak egitera. Eta haurrek behar dute, jakina, guk denbora bat eskaintzea, ipuinak kontatzea eta abestiak kantatzea eta haien marrazkiak mirestea, baina behar dute, halaber, askoz denbora gehiagoan, han egon gaitezela, besterik gabe, gure gauzak egiten haiek jolasten (edo aspertzen) diren bitartean, haien eskura behar izanez gero, baina bakean utzita.

Zer iruditzen zaizkizu jostailu elektronikoak (tableta gisakoak) edo telebista haur txikietan?

Ameriketako Pediatria Akademiak gomendatzen du haurrak ez daitezela egon pantailek aurrean (ordenagailua, tableta, mugikorra) bi urte betetzen dituzten arte, arrazoi medikuengatik, besterik gabe: ikusmenaren bilakaerari kalte egin diezaiokeela uste da. Jaioberriek ikusi egiten dute, baina ikasi egin behar dute ikusten dutena interpretatzen. Eskuetara iristen zaien edozein objektu aztertu egiten dute, mugitu, angelu guztietatik begiratzen diote, miazkatu egiten dute, egiaztatu egiten dute itxura hainbat angelutatik, sendotasuna, erortzean ateratzen duen hotsa... Pantaila batekin, ordea, ezinezkoa da ikaskuntza hori, pantailan naturako legeei jarraitu gabe aldatzen baitira objektuak lekuz edo neurriz, eszenak desagertu egiten dira eta logikarik gabe aldatu. Bi urteak bete ondoren, arazoak beste batzuk izaten dira: denbora (pantailari begira dagoen bitartean, ez da ari beste gauza batzuk egiten, adibidez lasterka, jolasean, lagunekin hizketan...) eta programa batzuen kalitate negargarria.

Haurren otorduak zergatik bihurtzen dira sufrikario gurasoentzat? Zertan huts egiten dugu helduok?

Sufrikarioa gurasoentzat dela pentsatzean, horretan huts egiten dugu. Ez dezagun geure burua engaina: sufritu haurrak egiten du gehien. Bere burua behartua ikusten du, distraitu egiten dute, xantaia egiten diote, mehatxu... Hari janarazten diote goitika egin arte. Irtenbidea aski erraza da: haurra ez da behartu behar jatera. Sekula ez, inoiz ez, ezein arrazoirengatik, ezein metodorekin. Ez sari, ez distrakzio, ez estimulu eta etengabeko ahalegin, ez mehatxu, oihu, azpijoko, xantaia eta zigor. Eta argi gelditu behar du hori ez dela haurrak jateko estrategia bat. Guraso askok esaten dute: "Saiatu gara ez behartzen, baina alferrik da, jan gabe jarraitzen du". Jakina jan gabe jarraitzen duela! Pisu normala duelako, eta horrek adierazten du ari dela behar adina jaten.

Zer-nolako onurak ditu bularra emateak haurtxoentzat eta amentzat?

Bularra ematea erraza da, erosoa, merkea. Noranahi joan zaitezke zure haurrarekin, ez duzu gogoan hartu behar esne hautsa eta biberoia aldean daramatzazun, ez duzu ibili behar ura berotzeko leku baten bila. Bularra hartzen duten haurren kakatxoek ez dute hain usain txarrik. Baina horrek guztiak zer garrantzi dauka? Zergatik tematzen gara bularra ematearen onuren inguruan galdetzen, bularra ematea onuraren bat bilatzeko egingo balitz bezala? Sekula inork ez du galdetzen zer-nolako onurak dituen sexuak, lagunekin ateratzeak, liburu bat irakurtzeak edo dantza egiteak. Gauza horiek nahi direlako egiten dira, eta norbaitek maite ez badu, ez dezala egin. Onurak eta etekinak bankuak ematen ditu, nik doan zaintzen ditut nire seme-alabak.

Zer gertatu da bularra ematea bezain gauza naturala eztabaida eta polemika iturri bihur dadin?

Bueno, polemika ere ez nuke esango. Muin-muinean, adostasun erabatekoa dago, eta denek esaten dute bularra ematea dela haurrak elikatzeko modurik onena: gauza bera esaten dute nazioarteko erakunde denek, munduko herrialde guztietako osasun ministerioek, osasunaren arloko profesionalen elkarte guztiek, unibertsitate guztiek, Medikuntzako ikasliburu guztiek. Beste kontzeptu batzuek ez dute halako babesik mundu zabalean, adibidez 'demokraziak' edo 'prentsa askatasunak'. Gertatzen dena da ama batzuek zailtasunak izaten dituztela bularra emateko haiek nahi luketen denbora guztian. Batzuetan informazio eta babes faltagatik, batzuetan profesionalen laguntzarik izaten ez dutelako zailtasun jakin baten aurrean, batzuetan legedi desegoki baten erruz. Lehenbiziko bi arazoak hobetzen ari dira: Espainian gero eta errazagoa da edoskitzearen inguruko informazioa eta ongi informatuta dauden profesionalak aurkitzea sor daitezkeen arazoak tratatzeko, adibidez mastitisa edo bularretako artesiak. Legedia, ordea, ez da hobetzen zoritxarrez; hamarkadak daramatzagu 16 asteko amatasun baimenean ainguratuta, eta beste herrialde batzuk urtebetetik gorakoa ematen hasiak dira.

Asko hitz egiten da atxikimenduzko hazieraz, baina ez beti zuzen eta egoki. Azaldu zenezake zer den "atxikimendu segurua" eta zer "atxikimendu ez-segurua"?

Hala da, ez da termino egoki-egokia, zeren atxikimendua (maitasun lotura luze, indartsu eta adierazgarria) gizakiaren oinarrizko beharrizana baita, eta haur guztiek dute atxikimenduzko lehen harremana pertsona batekin, gehienean amarekin. Atxikimenduzko harremana lehenbiziko urtean joan ohi da eratzen. Haurtxoak ikusten badu zerbait eskatu eta kasu egiten diotela eta negarrez hastean kontsolatu egiten dutela, atxikimendu segurua garatzen du. Urte eta erdi egindakoan, atxikimendu segurua duten haurrek negar egiten dute amak bakarrik uzten dituenean, eta ama itzultzen denean handik minutu batzuetara, besoetan nahi izaten dute, azkar kontsolatzen dira eta berriz hartzen dute gauzak aztertzeko jarrera (jolasa). Ia inoiz jaramonik egiten ez zaien haurrek atxikimendu ez-seguru "iheskorra" garatzen dute: hain da gogorra amari zerbait eskatu eta hark kasurik ez egitea, hobe baita deus ere ez eskatzea. Haur horiek ez dute negarrik egiten amarengandik bereiztean, eta ez dute besorik eskatzen ama berriz ikustean. Batzuetan kasu egiten dietela eta beste batzuetan kasurik ez dietela egiten ikusten duten haurrek atxikimendu ez-seguru erresistentea garatzen dute. Aldi labur batez bereizi ondoren, besoetan har ditzatela eskatzen dute eta negar eta negar egiten dute... eta ez dute uzten kontsola ditzaten, erresistentzia jartzen dute. Zerbait eskatu eta erdietan bakarrik egiten badizute kasu, hobe da bi aldiz negar gehiago egitea.

Nahasi egiten dira atxikimendua eta haurrari eskaintzen zaion arreta...

Jende askok uste du atxikimendua dela haurra besoetan eramatea, bularra ematea edo ohe berean elkarrekin lo egitea. Hiru gauza horiek oso ongi daude, baina ez dira atxikimendua. Orain dela berrogeita hamar urte, Ameriketako Estatu Batuetan, ia haur bakar batek ere ez zuenean hartzen bularra aste batzuetan baino gehiagoan, "galarazita" zegoenean zure ohean sartzea edo besoetan hartzea, haurren %60k atxikimendu segurua zeukaten. Eta Afrikako herrialdeetan, haurrak amaren bizkarretik zintzilik zihoazen eta urteetan hartzen zuten bularra, baina haurren %30 zeuden atxikimendu ez-seguruarekin. Argi gelditu behar du "negarrez ari den edo zerbait eskatzen duen haur bati arreta jartzea" ez dela "eskatzen duena ematea". Haur batek gozoki bat eskatzen badu, gurasoek erabakiko dute eman edo ez. Gozokia eman diezaiokete kasu eginez ("hartu, laztana, eskatu duzun gozokia") edo kasurik egin gabe ("apetatsu hutsa zara, beti gozoki eske; hartu eta egon isilik!). Uko egin diezaiokete gozokia emateari kasu eginez ("ez, laztana, gozokirik ez, badakizu-eta txarrak direla hortzetarako") edo kasurik egin gabe ("nazkatuta naukazu, berriz eskatzen baduzu, ikusiko duzu!"). Jakina, beti ez zaie eman behar eskatzen dutena, baina beti egin diezaiekegu kasu, beti hitz egin diezaiekegu maitasunez eta errespetuz.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto