Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Cesar Bona, irakaslea eta 'Las escuelas que cambian en mundo' liburuaren egilea: "Nahi izaten dugu haurrek gauza asko jakin dezatela, baina ematen diezun hori bakarrik eska diezaiekezu"

 

Global Teacher Prize nazioarteko sariketaren finalerako sailkatu zen Cesar Bona 2014. urtean; mundu osoko hezitzaileen lanari aitortza egiten dio, eta milioi bat dolarrekin saritu ere bai. Ospetsu egin zen geroztik, eta "munduko irakaslerik onena" esaten dio hainbatek, baina berak ez du atsegin deitura hori. "Ni irakasle bat naiz eta ez inor baino hobea; milaka irakasle anonimo daude lan zoragarria egiten dutenak", baieztatu du zaragozar honek, zeina Espainiako Estatu osoko ikastetxeetan barrena baitabil azken bi urteetan, jardunbiderik eta esperientziarik onenak ezagutu eta trukatzen. Nabari zaio ongi barneratua duela bere lanaren garrantzia, eta hitz egiteko moduan antzematen zaio hori, haurren heziketaz ari denean, guraso, hezitzaile eta ikasleen harremanaz, hezkuntza erreformaz, etxeko lanez, eskolako jazarpenaz, teknologiaren erabileraz edo genero indarkeriaz. Eta argi esaten du oinarri-oinarrizkoa dela haurrei entzutea eta haiek errespetatzea, eta, azken batean, helduekin ere berdin jokatzea.

Las escuelas que cambian el mundo liburuan, Espainiako adibide aipagarri batzuk ematen dituzu. Zertan dituzte berdintasunak?

Lehenbiziko berdintasuna da Espainian daudela. Bisitatu ditudan ikastetxeetan urteak daramatzate gauza zoragarriak egiten, eta balioa eman behar zaio hemen egiten dugunari ere. Eskola horietan gonbidatu egiten dituzte haurrak beren ikastetxean eta gizartean parte hartzera, entzun egiten diete eta kontuan hartzen dute haien iritzia, aldaketa eragile izaten has daitezen. Helduak garenean, badirudi gauza guztiak gehiago kostatzen zaizkigula; haurrak garenean, aukera dugu gonbita egin diezaguten gure ingurura begiratzera eta hobetzen saiatzera.

Lehen esaten zen irakasleek aginpidea zutela eta, orain, hutsaren hurrengoa direla. Egia al da hori?

Ez dut uste mutur batetik bestera joan garenik, nahiz eta batzuetan gerta daitekeen. Nik ez dut bizi izan, eta nire lankideek ere ez. Nahiz eta ez daitekeen orokortu, lehen nahasi egiten ziren errespetua eta beldurra. Garai batean, baziren irakasle apartak, guztiok izango dugu gogoan arrasto ona utzi digun baten bat. Nabarmendu nahi nuke, halaber, batzuek sortu duten borroka zentzugabea eskola tradizionalaren eta berritzailearen artean. Badira orain dela 40 urteko gauza batzuk lehen funtzionatzen zutenak, orain funtzionatzen dutenak eta hemendik 50 urtera egingo dutenak. Edozein aldaketak hobekuntzak ekarri behar dizkie neska-mutilei norbanako gisa eta gizarte ikuspegitik. Berrikuntza hitza erabili samarra dago.

Zer egin behar luke irakasleak arrasto ona uzteko bere ikasleengan?

Bokazioaren gainetik jarrera dago. Nahi izaten dugu haurrek gauza asko jakitea, errespetuz joka dezatela, beren emozioak kontrola ditzatela, ilusioz etor daitezela... Hori guztia da irakasle izatearen definizioa. Ematen diezuna bakarrik eska diezaiekezu haurrei.

PISA Txostenak urtero leku txarrean uzten du Espainia. Nola hobetu genezake?

Nire iritzia da, eta horretan bat egiten dut pertsona askorekin, emaitzak ateratzen direnean lehiaketa bihurtzen dela hezkuntza. Txostenak konpetentzia oso garrantzitsuak neurtzen ditu, baina beste asko ez ditu neurtzen. Izaki osoak hezi nahi baditugu, pentsatu behar dugu hor sartu behar liratekeela enpatia, inguruarekiko errespetua, gizarte harremanak eta beste, baina ez heziketarekin lehia egiteko, hobetzeko baizik eta batzuek besteengandik ikasteko.

Maila sozioekonomikoa al da faktorerik aipagarriena eskola porrotean?

Gauza guztiek daukate eragina. Aditu batek, John Hattie-k, neurtu egin zuen zer-nolako faktoreek eragiten duten arrakasta akademikoan. Lehenbizi, autokontzeptuak eta besteek zugandik espero dutenak. Nik esango nuke hitzen pisuak eragin handia duela. Gauza asko egin ditut gaizki eta orain ere egingo ditut, baina saiatuko naiz ez errepikatzen. Adibidez, haur bati esatea, eta heldu bati ere bai, "desastra hutsa zara"; ez dakizu nola gelditzen zaien hori barrenean sartuta... Gainera, berdin-berdin esan diezaiokezu "nik badut konfiantza zugan". Familiaren eta eskolaren arteko batasuna funtsezkoa da. Haurrak ikusten badu gurasoak eskuz esku ari direla lanean irakasleekin, zoriontsu sentitzen dira hezkuntzari dagokionez.

Zer esan nahi du zure aurreko liburuaren izenburuak, "Heziketa berria"?

Erne egoteko dei bat da. Ez dut esaten aparteko ezer, ez dut ezer asmatzen, entzuteaz baino ez naiz ari, haurren iritzia kontuan hartzeaz; autoestimua funtsezkoa da hezkuntzan. Eta hori ez da eskolaren edo familiaren kontua bakarrik, gizarte osoarena baizik. Kirolari batek keinu txar bat egin, eta haurrek errepikatu egiten dute hurrengo egunean milaka jolasgaraitan. Eta nabarmentzen dut, halaber, gurasoek eta irakasleek taldean lan egiteko beharrizana, begi bistakoa iruditzen baitzait.

Zer iruditzen zaizu hezkuntza erreforma, LOMCE?

Gizarte guztiak erreakzionatu du, aldatu egin behar du. Politikariek egiaz hitz egin nahi badute hezkuntza arloko hitzarmen batez, har dezatela gogoan gizarte guztiaren ordezkari direla eta hartzen dituzten erabakiek herritar bakoitzari eragiten diotela. Ikuspegi globala eduki behar dute, zeren ideologiek murriztu egiten baitute ikuspegia. Eta gustatuko litzaidake galdetzea ea gizartea prestatua dagoen aldaketa horretarako, zeren gu hezi gintuzten bezala, gure haurrak ere halaxe hezi ditzaten nahi baitugu.

Etxeko lanen inguruan, neurriz kanpo ateratzen ari al da gaia?

Dena ez da zuria edo beltza. Une batzuetan bidaliko da zerbait, eskolan egindakoa sendotzeko edo osatzeko eta, batez ere, haurrek berekin dakarten jakin-mina suspertzeko. Paradoxa da, baina haurrekin liburutegi batera joan nahi duten gurasoek edo, besterik gabe, haiekin ongi pasatu nahi dutenek ez dute modurik izaten, etxeko lanak egin behar dituztelako, eta milaka haurri gertatzen zaie hori. Ez da haien errua curriculuma hain luzea izatea. Zure lantokian bukatzen duzunean, deskonektatu egin nahi izaten duzu eta zure familiari eskaini denbora, zure zaletasunei... Haurrek gozatu egin behar dute haurtzaroa eta gurasoek gozatu egin behar dute haurrekin. Denbora hegan joaten da, eta, ohartzerako, utzi egingo diote haur izateari.

Zein da ikasle ratio egokia ikasgela baterako? Eta lantalde kooperatiboetan, orain hain boladan baitaude?

Ez naiz aditua, irakaslea naiz. Talde handiekin lan egiteak aukera ematen dizu gauza interesgarriak egiteko, baina talde txikiekin, hobeto ezagutzeko modua izaten duzu.

Eskola batzuetan tabletak sartzen ari dira paperezko liburuen lekuan? Zer iruditzen zaizu?

Teknologia beste tresna bat gehiago da. Liburuak ez daitezke ordezkatu antzeko gauzak egiteko, bestelako erabilera bat eman behar zaio teknologia horri, gauza pila bat ikasteko eta partekatzeko. Inbertitu egin behar da teknologian, baina baita kontu humanoan ere. Haurrak ez dira ontzi hutsak, guk bete beharrekoak. Eta orain nik galdetuko dizut: zure lanean gusturago sentitzen al zara norbaitek entzuten dizunean?

Bai, jakina.

Bada, haurrak ere bai. Entzun aditzarekin batean, partekatu ere funtsezkoa da, helduentzat bezalaxe. Parte hartzen baduzu, gusturago sentitzen zara. Eta gisa honetako esaldiak baztertu egin behar ditugu: "Ez duzue bukatu liburua". Informazioa alde guztietan dago, baita haurren buruan ere, eta horregatik aipatzen dut partekatzea. Haurrek ikasi egin dezakete elkarrekin eta nik ere bai haiengandik. Bikaina da haurrei gonbita egitea leihotik begira dezaten eta pentsatu hobetzeko zer egin dezaketen. Horretarako liburu bat beharko du uneren batean, teknologia bat besteren batean...

Haurrek gehiegi erabiltzen al dute mugikorra?

Haurrei esaten diegu, eta gero espaloian joan behar duzu begiak mugikorrera itsatsita dituzten helduak saihesten. Ikasi egin behar da erabilera ona, neurtua eta errespetuzkoa ematen. Pertsonaren luzapena dira telefonoa edo tableta. Norbaiti zerbait esaten badiozu bide horretatik, begietara esatea bezala da.

Zertarako balio du kontzeptuak errepikatzeak, loroek egiten duten bezala?

Urteak daramatzagu horrela. Gonbita egin behar zaie informazio bila dezaten, kontrastatu, partekatu, iritzia eman, gogoeta egin... Bisitatu nuen eskola batean, Madrilgo Padre Piquer ikastetxean, egun bakoitza bukatzen dutenean, paper batean galdetzen diete zer ikasi duten eta zertarako erabiliko duten. Askotan pasatu izan zait haurrei galdetzea eta haiek erantzutea ez dakitela zertarako balio duen. Oso argi eduki behar dute zer ari diren ikasten eta zertarako.

Nola eta zer adinetan bultzatu daiteke irakurzaletasuna haurren artean?

Nik izugarri maite nuen irakurtzea, baina behartzen nindutenean, gorrotatu egiten nuen. Elkarri lotu behar litzaizkioke, lehenbiziko urteetan behintzat, irakurtzea eta plazera hartzea. Istorio batean sartzea, imajinatzea... Haurrek imitatuz ikasten dute. Ikusten badute guk irakurri egiten dugula, haiek ere egingo dute. Eta irakurtzeko gogoa emango duten lekuak sortu behar dira, adibidez kanpin-denda baten barrenean aulki batzuk jarrita liburutegi batean, etxean kartoizko kutxa handi batean, linterna gau bat eginda...

Batzuek iradokitzen dutenez, gauza guztiak dibertigarri eginda, haurrek ez omen dute hartzen erantzukizunik...

Hezi behar dugu haurrak pozik etor daitezen hurrengo egunean, eta horrek ez du esan nahi bolazko igerileku bat egin behar zaienik ikasgelan. Helduekin bezala da: lanera zapuztuta bazoaz, ez duzu zurerik emango. Zoriontasunean heztea bada exijentzian eta autoexijentzian heztea ere, frustrazioan, esker onean, norberarekiko eta besteekiko errespetuan, konpromisoan... Galdera bat egingo dizut: kide baten bila bazabiltza, izan lanerako edo izan bikote harremanerako, gustatuko al litzaizuke zurekin taldean lan egitea, errespetuz jokatzea eta erronkak aurkeztea arazoen ordez?

Bai, gustatuko litzaidake.

Bada, gizarteari opa diozun hori opa behar zaio eskolari ere. Ezagutza oso garrantzitsua da, baina ez da eskolan kontuan hartu behar dugun gauza bakarra. Gonbita egin behar diegu ezagutza hori bila dezaten edo haiekin partekatu behar dugu beren ingurua hobetu dezaten.

Eskolako jazarpena guztien ahotan dabil. Finlandiako KIVa programa aipatzen da, eta eskola batzuetan hasi dira sartzen, baina aditu batzuek esaten dute ez dela panazea. Orduan nola egin dakioke aurre?

Ni saiatzen naiz gauza guztiei alde ona bilatzen. Haurren batentzat balio badu, ongi etorri. Mugimendu asko dago errotik mozteko. Zure seme-alabei egokitzen bazaie, munduko gauzarik garrantzitsuena da. Eskolan lehentasunezko gaia izan behar du. Eta ez bakarrik errotik mozteko, prebentzioa egiteko baizik. Horretarako tresnak eta denbora eman behar dizkigute tutoretzak sortzeko, talde dinamikak, elkar ezagutu dezaten, elkar errespeta dezaten, ezberdintasunetatik ikasi, besteengandik ere ikas daitekeela...

Badirudi atzera egiten ari garela genero berdintasunean. Nola hezi dezakegu arlo horretan?

Aditu ditut haurrek eta nerabeek entzuten dituzten abesti batzuen letrak, eta deigarriak dira. Gizarte erantzukizuna landu behar dugu. Hitz bakoitzak ondorio batzuk ditu zure inguruko pertsonengan, eta are gehiago pertsona ospetsuen hitzek.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto