Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Erosketa gida: tomate saltsa: Tomate saltsa: arrakasta gastronomikoa

Munduan gehien hedatu den saltsetako bat da, eta aukera asko eskaintzen duenez, edozein plateri kolorea eta zaporea ematen erabiltzen da

 

Tomate freskoekin egiten da tomate saltsa. Sutan edukitzen dira trinkotasun lodi bat lortu arte, eta hortik aurrera, saltsa motaren eta herrialdearen arabera, barazkiak eta espeziak eransten zaizkio. Saltsa, Salda eta Zopa Ekoizleen Espainiako Elkarteak (AEFSCS) dioenez, tomatea Europan agertu zenean (Ameriketatik zetorren) hasi ziren etxeetan tomate saltsa egiten.

Nahiz eta tomate saltsa bera ez den agertzen XVII. mendea arte, oinarrizko osagaia Hernan Cortesen eskutik heldu zen Espainiara, zeinak Mexikotik ekarri baitzuen. Tomatea landare apaingarri gisa erabili zen hasieran, eta gero ekin zioten elikagai gisa erabiltzeari.

Solanazeoen familiakoa da tomate landarea (Solanaceae), Ameriketakoa jatorriz eta mundu guztian landatzen dena, fruitu jangarria ematen baitu. Argi dago landare landatua Mexikotik datorrela, baina espezie hori Peruko Andeetan sortu zen. Espainiarrak Ameriketako lurretara iritsi zirenerako, amerikar haiek mendeak zeramatzaten fruitu hori landatzen eta jaten.

Lehenbiziko haziak XVI. mendean iritsi ziren konkistatzaileen eskuetara. Petrus Matthiolus farmazeutiko eta botanikoak sailkatu zuen tomatea produktu jangarri gisa, eta barazki hura azkar batean bihurtu zen ezinbesteko sukaldean. Espainiako Estatuko hizkuntzetan, tomatea, tomate, tomàquet deitu zioten (tomatl zuen jatorrizko izena); Europako beste herrialde batzuetara iritsi zen ondoren, eta italiarrek, esaterako, poma dóro izena eman zioten, segur aski iritsi ziren lehenbiziko tomateak horiak zirelako.

Tomate saltsa aipatzen duen lehenbizikoetako liburua L'Apicio moderno izan zen, 1790. urtean Francesco Leonardi italiar sukaldariak idatzia. Tomatearen jatorria Ameriketan dagoen arren, tomate saltsaren historia Espainian hasi zen, eta handik iritsi zen Italiara, Frantziara eta beste herrialde batzuetara.

Ondoren, saltsa hori modu industrialean ekoizten hasi ziren 1876an, Ameriketako Estatu Batuetan, eta osagai ezinbesteko bihurtu zen ez bakarrik pasta laguntzeko, baita bestelako elikagai batzuk ere. Espainiako Estatuan, XX. mendearen erdialdean hasi ziren tomate saltsa modu industrialean egiten, halaxe dio AEFSCS erakundeak, eta garai hartan agertu zen merkatuan lehenbizikoz izen hori zeraman saltsa.

Aukera asko

Sukaldaritzaren munduan arrakasta gehien duten saltsen artean dago tomatearena. Osagai bat gehiago izan daiteke edo laguntzaile gisa erabil daiteke hainbat errezeta eta plateretan: pastak, arrainak, arrautzak kazola eran, itsaskia, haragi bolak, zopak, pureak, pizzak, patatak...

Hala ere, tomate saltsa munduan dagoen saltsarik ezagunenetakoa izan arren, leku guztietan ez da berdin egiten. Mexikon, adibidez, beste zenbait osagai eransten dizkiote, txile gorriak, martorria, tipula, ozpina, limoia eta gatza; Espainian eta Italian, berriz, tipulak, albaka, gatza, olioa, baratxuria eta zenbait espezie gehitzen dizkiote, aurrez frijituta.

Munduko gastronomia batzuetan erruz erabiltzen dute tomate saltsa, Greziako sukaldaritzan adibidez, non kanelarekin eta beste zenbait espezierekin ontzen duten. Beste herrialde batzuetan, esaterako Australian, Zeelanda Berrian, Indian, Venezuelan eta Erresuma Batuan, tomate saltsa esaten dutenean (tomato sauce) ketchupari buruz ari dira, hau da, tomatearekin egindako saltsa azukredunari buruz.

Ezaugarriak

Saltsa egiteko erabiltzen diren tomateak hautatzeko orduan, tomate mota eta heldutasun egoera hartzen dituzte kontuan nagusiki, behar bezala helduta egon behar baitute emaitza ona izan dadin.

Neurria ezaugarri garrantzitsua da tomateak osorik edo laukitxoetan moztuta aurkezten direnean, adibidez tomate naturalez egindako kontserbetan, baina kalitatearen inguruko ezaugarriak are garrantzitsuagoak dira, adibidez azidotasuna, azukre kantitatea eta materia lehorra.

Hori dela eta, entsaladako tomateak eta udare tomateak erabiltzen dira gehien saltsa egiteko, mamitsuagoak direlako eta ur gutxiago dutelako; horri esker, probetxu gehiago ateratzen zaie.

Elaborazioa

Tomate saltsa (edo tomate pasta) barazki horren mamiarekin egiten da nagusiki, eta zapore sakon eta gozoa izaten du, mikaztasunik eta azidotasunik gabea, eta gozotasun handi-handirik ere ez du izaten. Saltsak berekin izaten ditu elaborazio prozesuan erabiltzen diren espezien lurrinak, eta beste saltsa batzuk baino lakatzagoa da, testura horrek iraun egiten baitu tomateak birrindu ondoren ere.

Elikaduraren Espainiako Kodeak ematen duen definizioaren arabera, tomate saltsa nahasketa bat da, tomate mamia, landare olio jangarria eta gatza dituena, eta sutan prestatua. Tomate saltsa ontziratua egiteko, legeak ezartzen dituen baldintza zorrotzak zaindu behar dira. Mahaiko saltsei ezartzen zaie araudi tekniko-sanitarioak eskatzen du, besteak beste, saltsaren trinkotasuna "homogeneoa eta pikorrik gabea" izan dadila, eta Bostwick neurgailu batekin aztertzen da alderdi hori (trinkotasuna neurtzeko izaten da).

Tomate saltsaren eta tomate frijituaren arteko aldea da lehenbizikoa frijituz lortzen dela bigarrena. Prozesu horretan olioa erabiltzen da, eta lurrundu egin behar izaten da ahalik eta ur gehiena.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto