Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Ascension Marcos Sanchez, zientzia arloko ikertzailea eta FESNADeko lehendakaria: "Desiragarria litzateke elikagaiak dakarren informazioa ahalik eta laburrena, informatiboena eta argiena izatea"

 

Ascension Marcos Sanchezen curriculuma hain da zabala eta aipagarria, kosta egiten da hitz gutxitan laburtzen. Doktorea da Farmazian eta aditua immunonutrizioan -immunitate sistemaren funtzionamenduan eta bilakaeran eragiten duten nutrizio-alderdiak ikertzen ditu diziplina horrek-, eta hainbat proiektu eta ikerlanetan parte hartu du azken bi hamarkadetan, bai ikertzaile nagusi gisa eta bai laguntzaile gisa ere. Bere ibilbide luze eta emankorrean dozenaka sari jaso ditu -orain dela hilabete batzuk azkena-, eta horrek argi erakusten du zer-nolako garrantzia izan duen bere lanak nutrizioaren arloan. Zientziaren arloko zenbait elkartetako kide da eta erakunde ospetsuen zuzendaritza batzordeetan ere parte hartzen du, eta ikerkuntza irakasle ere aritzen da Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian (CSIC); horretaz gain, Nutrizio, Elikadura eta Dietetikako Elkarteen Espainiako Federazioko lehendakari ere bada (FESNAD). Zuk diozunez, arazo nagusietakoa da herritarrek, oro har, ez dutela eskura informazio onik nutrizioaren arloan.

Zenbaterainoko eragina du elikadurak osasunean?

Bai elikadura eta bai jaten dugun horrek eragiten digun nutrizio-egoera oso estu lotuta daude osasunarekin.

Jabetzen al gara kontsumitzaileok harreman horretaz?

Bide asko dago egiteko. Horixe pentsatzen dut aldiro, norbaitek esaten didanean ongi jaten duela baina 20 kilo dituela soberan... Nahiko ohikoa izaten da hori.

Askotan ikusten dugu elikagai jakin batzuei sendatzeko ahalmena -ia miragarria- atxikitzen zaiela. Zu aditua zara immunonutrizioan; zer iritzi duzu horren inguruan?

Astakeria bat dela, baina zaila da Internet gisako munstro baten aurka jotzen, non, zoritxarrez, ageri den guztia ez baita egia. Merkataritza arloari lotutako interesak ere asko izaten dira tartean, eta beharrezkoa iruditzen bazaie, gai dira produktu jakin bat goratzeko edo zaborretara botatzeko, nahiz eta ez batean eta ez bestean ez egon hori egiteko arrazoirik.

Nutrizio arloko etiketak xehe-xehe azaldu behar luke elikagaiak zer-nolako osagaiak dituen. Egoki betetzen al da hori?

Askotan ez da betetzen. Hori eragozpen bat da, garrantzitsua baita jakitea norberak zer jango duen, horren arabera neurtzeko maiztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin jan dezakeen.

Badirudi iluntasun gisako bat dagoela, adibidez nahita eufemismoak edo sinonimoak erabiltzea zenbait mantenugai ezkutatzeko.

Bai, hala da tamalez.

Zer deritzozu tresna grafikoak erabiltzeari, adibidez nutrizio arloko semaforoa? Nutrizio arloko informazioa ikusgarriagoa eta interpretatzen errazagoa balitz, lagunduko al liguke hobeto jaten?

Gauza guztien gainetik, nutrizio arloko heziketa on bat behar litzateke. Ez naiz ari ikastetxeez bakarrik -hori funtsezkoa da-, herritar guztiei heziketa emateaz ere ari naiz. Jende askok gustatzen zaiona bakarrik jaten du, baina ez daki zer neurritan har dezakeen maiztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin. Hautatzen ari den elikagai motaren arabera, noizbehinka jatekoa izango da edo egunero hartzekoa, ondorio metaboliko batzuk dakartzalako, baina herritar asko ez dira jabetzen horretaz.

Azkenaldi honetan, eztabaida handia dago azukrearen inguruan. Neurriz kanpokoa da edo bazegoen premia hori ere mahai gainean jartzeko?

Neurri bateraino. Nire ustez, eta nutrizioaren arloko lankide askoren iritziz ere bai, beharrezkoa da Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arauei jarraitzea, baina ez da ezein elikagai deabrutzen ibili beharrik. Kontrolatu bai, egin behar da, zenbateko maiztasunez hartzen den, ez dezan sortu gaixotasun arriskurik.

Elikagai azukretsuei zergak jartzea lagungarria izan al daiteke, zure ustez, horiek bakanago hartzeko?

Garrantzitsuena da herritarrek jakitea zer den ona eta zer ez den hain ona. Elikagai azukretsuei zergak jartzen hastea bide bat izan liteke horiek bakanago hartzeko, baina ikusi egin beharko da neurri horrek arrakastarik baduen. Gauza bera egin beharko litzateke gantz saturatuak dituzten elikagai guztiekin, zeinak askotan landare jatorriko gantz gisa izendatzen baitira etiketan; erabilera anbiguoa da hori, eta inondik ere ez du argitzen zein den horien osaera. Guztiok dakigun bezala, gantz saturatuak kopuru handietan hartzea ez da ona osasunarentzat, azukre gehiegi hartzea ez den bezala.

Arlo farmazeutikoaren antzera arautu behar al litzateke elikadurarena, non ontziek informazio zehatza eta fidagarria ematen duten edukiari buruz?

Desiragarria litzateke elikagaiak dakarren informazioa ahalik eta laburrena, informatiboena eta argiena izatea.

Azken hamarkadan borroka egin izan da osasunari kalte egiten dioten gauza jakinen aurka: tabakoa, gatza, orain azukrea... Zer izango da hurrengoa?

Gauza asko ditugu egiteko, baina batez ere azpimarratuko nuke ez dela deus ere deabrutu behar. Elikagaiak zenbateko maiztasunez hartzen diren, hori da kontua, eta gure dieta askotarikoa eta neurritsua den. Tabakoa bai, nahitaez kentzearen aldekoa naiz, erabat argi baitago zer-nolako kalteak eta arriskuak dakartzan.

Akrilamida, nitritoak, nitratoak... Zein neurritan dira arriskutsuak osasunarentzat?

Oso kaltegarriak izan daitezke, nahiz eta, beti bezala, patologia jakin bat sorraraz dezaketen edo ez esateko, ikusi egin behar den zer-nolako elikagaiak hartzen ari garen, zer kopurutan eta zenbateko maiztasunarekin.

Elikaduraren eta nutrizioaren inguruan gero eta informazio gehiago dago pertsonen eskura. Hala ere, dieta miragarriek arrakasta dute oraindik ere. Zergatik gertatzen da hori?

Horrek huts egiten du nutrizio arloan heziketa falta delako. Zoritxarrez, gure herrialdean heziketaz arduratzen diren agintariek ez dute nahi izan nutrizioari eta ohitura onei buruzko ikasgai bat egotea txiki-txikitatik, eta ez naiz ari elikadura arloko ohitura onez bakarrik, baita bizimoduarekin zerikusia dutenez ere. Ezagutza falta handia dago irakasleen artean, eta gurasoen artean ere bai. Ez dezagun ahaztu haurrak etxean ikusten duena hartuko duela adibidetzat egunerokoan.

Elikadurak gero eta leku gehiago hartzen du komunikabideetan. Kazetariok espezializatu egin behar ote genuke nutrizioaren arloan, elikadurari buruzko kazetaritan, gero herritarrei informazio hobea emateko?

Jakina, ez legoke soberan, nahiz eta argi dagoen nutrizio arloko ezagutza barneratzeak eta ezagutza hori hedatzeko moduak egingo duela mezua behar bezala irits dadin herritar guztiengana.

FESNADetik egiten al diozue jarraipenik komunikabideetan zabaltzen den informazioari?

Bai, ari gara egiten. Bereziki jakin nahi dugu zer-nolako albisteak ari diren ematen, zenbateko zabalkundea duten eta nola eten bidea nahi baino maiztasun handiagoarekin zabaltzen diren albiste okerrei.

Ugaritzen ari dira nutrizioarekin zerikusia duten blogak. Batzuek bisita asko izaten dituzte eta galderei erantzuten diete; informazio eta iritzi iturri dira, nahiz eta beti ez duten argitaratzen informazio egiazkoa eta egiaztatua. Intrusismo profesionala dela iruditzen al zaizu?

Hor, beren ustez ex catedra hitz egiten duen jendearen aldetik, zera dago egiaz: arduragabekeria handi-handia, ez baitira jabetzen zenbateko kaltea ari zaizkion egiten, inolako justifikaziorik ez duten kontzeptuak nahasten baitira, eta oso informazio engainagarria ere ematen dute. Uste dut beren buruari ere ez diotela mesede handirik egiten horrela jolastuz herritarrek nutrizioaren arloan duen formazio faltarekin; badirudi, izan ere, gai horretaz denok hitz egin dezakegula jakintza horretan sakondu bagenu bezala.

Zer egin dezake pertsona batek antzemateko dieta edo nutrizio arloko proposamen bat ez dela fidagarria?

Zaila da, hain zuzen, herritarrek oro har ez dutelako heziketarik nutrizioaren inguruan.

Zein dira uneotan lehentasunezko gaiak FESNADentzat?

FESNADen aztertzen ari gara nola lagundu pertsonei ezein suge-liluratzailek ez diezaien ziririk sartu hilabetean pisu pila bat galduko duela aginduz horrek dakartzan arrisku metabolikoen berri eman gabe. Proiektu bat lantzen ere ari gara Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziarekin (AECOSAN) eta Lehen mailako Arretako Espainiako Pediatria Elkartearekin (AEPap), haurren gizentasunak eta gehiegizko pisuak gure herrialdean izan duten gorakada geldiarazteko. Horretaz gain, 2003. urteaz geroztik, Nutrizioaren Egun Nazionala ospatzen du FESNADek AECOSANekin lankidetzan. Informazioa eta mezuak bidaltzen ditugu elikagai talde jakinen inguruan, edo osasun arlora bideratuak, profesionalen kolektiboetara eta herritar guztiengana.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto