Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Dokumentu azterketa egin dugu jakiteko zenbateko prebalentzia duten elikadura arloko jokabide nahasmenduek (EJN) eta zer-nolako lekua hartzen duten Interneten: EJN: elikadura etsai bihurtzen denean

Espainiako Estatuan, %4,1aren eta %6,4aren artean dabil nahasmendu horren prebalentzia, eta emakume nerabeei eragiten die nagusiki

Google bilatzailean, anorexia eta bulimia sustatzen dituzten 500.000 orri inguru agertu daitezke segundo batean baino gutxiagoan

 

2007. urtean, zirrara eragin zuen Isabelle Caro frantziar modeloak egindako iragarki batek; emakume horrek anorexia zuen 13 urtetatik, eta izugarri argal ageri zen irudi haietan, edertasun eredu artifizial batera asko ohitua zegoen jendeari ezinegona eragiteraino. Zirrara eta ezinegon haiek berritu egin ziren handik hiru urtera, Isabelle Caro hil egin zela jakin zenean.

Anorexia eta bulimia ez dira gaixotasun ezezagunak. Hamarkada batzuk badira horien eragina sumatzen hasi ginela, eta gaur egun ere oso hedatuta daude tamalez; gainera, gero eta jende gazteagoari eragiten diote. Elikadura, izan ere, elikatzeko beharrizanak asetzen dizkigun bitarteko hori, arazo ere bihur daiteke atzean jokabide patologiko bat dagoenean.

Vicente Jose Turon Gil mediku psikiatrak eta Laia Turon Viñas pediatrak eskuliburu bat atera dute gai horren inguruan, Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduei buruzko eskuliburua izenekoa (AEETCA Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduak Ikertzeko Espainiako Elkarteak argitaratua da), eta hor azaltzen dutenez, "elikadura funtsezkoa da bilakaera psikologikoan" eta "janariarekiko sentipen erosoen eta deserosoen arteko harremanak bizi osoan irauten du, eta, hortaz, ez da harritzekoa antsietateak, depresioak edo poztasunak eragin erabakigarria izatea elikatzeko prozesuetan".

EROSKI CONSUMERek leku bat eskaini nahi izan die elikadurari lotuta dauden patologia horiei, jakin egin nahi baitu zenbateko prebalentzia duten Estatuan eta zer-nolako lekua hartzen duten Interneten. Izan ere, Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduei buruzko Praktika Klinikoen Gida Praktikoak nabarmentzen duen bezala (nahasmendu horiei lotuta dauden profesional batzuek landu zuten 2009an, eta Espainiako Osasun Sistema Nazionalak argitaratu), "EJNek garrantzi soziosanitario handia hartu dute, larriak direlako, konplexuak eta zaila delako diagnostiko bat egitea gaitzak hartzen dituen esparru guztientzat, eta zaila delako, halaber, tratamendu espezifiko bat ezartzea".

Azterlan hori egiteko, hainbat erakundek argitaratu dituzten dokumentuak erabili ditugu esku artean, honako hauek besteak beste: Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduak Ikertzeko Espainiako Elkartea (AEETCA), Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Elkartea (ACAB), Buru Osasunaren aldeko Kantabriako Elkartea (ASCASAM), Gurutze Gorria, Interneteko Kalitate Agentzia (IQUA) eta Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduetan Espezializatutako Zerbitzua (SETCA).

EJNak

 

Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Elkarteak (ACAB) honela definitzen ditu Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduak edo EJNak: "Buru nahasmenduak dira, eta jokabide patologikoak eragiten dituzte elikagaiak jateko orduan eta obsesio bat ere bai pisua kontrolatu nahi izateko". Eta esaten du pertsonen osasun fisikoari kalte egiten dioten gaixotasunak direla, baina baita buru osasunari ere.

Anorexia urduria eta bulimia urduria dira EJNrik ezagunenak, baina badira beste batzuk ere, eta horiek ere zabaldu dira herritarren artean. ACABek beste hauek ere nabarmentzen ditu: betekaden nahasmendua (modu konpultsiboan jateko joera errepikakorra) eta Elikadura arloko Jokabide Nahasmendu Ez-Espezifikoak (EJNEE). Azken horietan, elikadura arloko jokabideekin lotuta dauden sintomak ageri dira, baina ez dituzte betetzen anorexia urduri gisa edo bulimia urduri gisa izendatzeko irizpide guztiak.

Era berean, ACABek beste batzuk ere aipatzen ditu, adibidez Pica esaten zaiona (elikagarriak ez diren substantziak jatea da, harea edo igeltsua adibidez, eta ohikoagoa izaten da autismoa edo buru atzerapena duten haurretan), hausnartzeagatiko nahasmenduak (elikagaiak etengabe berrahoratzea, hau da, urdailetik ahora etortzea berriz ere murtxikatzeko), eta elikagaiak saihesteko/murrizteko nahasmendua, haurtzaro hasierakoa (elikagaiak baztertzea dakar, eta apetagatik izugarri urruntzea elikadura arloko jokabide normaltzat joko litzatekeen horretatik).

Nahasmendu horiek zer-nolako garrantzia hartu duten ikusteko, oso adierazgarria da 2012. urtean Madrilgo Epidemiologia Zerbitzuak argitaratu zuen ikerlan batek esaten duena (Madrilgo Erkidegoko Epidemiologia Buletina): "Osasun Publikoko arazo handi bat da herrialde aurreratuetan, prebalentzia handia duelako, tratamendu espezializatua behar duelako, kroniko bihurtzeko joera duelako eta larria delako".

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto