Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

PAPEREZKO BERTSIOA.
2017ko urtarrila

Nuria Ferres, estimulazio goiztiarrean aditua: "Sekula berriro ez da ikasten bizitzako lehen urteetan bezain erraz"

 

Gure adimena garatzeko adinik onena 0 eta 6 urte bitartekoa da, garai horretan plastikotasun handia izaten du-eta haurren garunak. Halaxe nabarmentzen du Nuria Ferres-ek. Estimulazio goiztiarrean aditua da, eta ikastaro bat sortu du gurasoek ikas dezaten nola handitu haurren gaitasun intelektuala adin horretan. Glenn Doman estatubatuar ikertzailearen metodoan oinarritzen da horretarako, zeinak azpimarratzen baitu oso garrantzitsua dela gurasoek eta haurrek ongi pasatzea zeregin horretan, jolasean bezala. Aditu honek dioenez, gizaki orok jaiotzetik beretik gaitasuna du jenio bat izateko, horretarako behar diren aukerak edukiz gero.

Egungo heziketa sistemak adin bat jartzen du eskolan hasteko. Zer-nolako abantailak eta eragozpenak ditu horrek?

Eskola askotan 3 urtetan jartzen dute sartzeko adina, eta, hortaz, nahitaezkoa ez den arren, haurrak 6 urte bete arte itxaroten baduzu, arriskua duzu lekurik gabe gelditzeko. Arazoa gehiago da gizartea nola dagoen antolatua; pauso gehiago eman behar da familia eta lana bateratzeko bideetan. Finlandian (asko aipatzen da hango eredua, eskolan emaitza onak lortzen dituztelako), gurasoek erakusten diete irakurtzen haurrei, eta 6 edo 7 urterekin sartzen dira eskolan. Han bermatua dago eskolan emaitza onak lortuko dituztela, ongi irakurtzen ikasita baitoaz etxetik.

Zein litzateke adinik onena eskolan hasteko?

Ama batek edo aita batek bere haurraren garapenean lor dezakeena ezin du berdindu ezein profesionalen lanak. Nire gomendioa da haurrak 6 urte bete arte harekin gozatzea eta heztea, edo gutxienez 3 urte egin arte, non garunaren bilakaera handiagoa den geroko edozein garaitan baino.

Heziketa goiztiarraren eta Doman metodoaren aldekoa zara. Zer eskaintzen du?

Garunak plastikotasun handia du, batez ere bizitzako lehen urteetan. Ikasketa leiho batzuk, gainera, itxi egiten dira adin goiztiarretan landu ezean, adibidez atzerriko hizkuntzen azentua. Horregatik da garrantzitsua heziketa edo estimulazio goiztiarra. Glenn Domanek oso ongi zekien hori, eta bazekien, halaber, adin goiztiarretan inork ez ziola haur bati erakutsiko amak baino hobeto. Bi faktore horien konbinazioak eraman zuen ikastaro batzuk sortzera gurasoek laguntza jaso zezaten haurren bilakaera fisiko eta intelektuala lantzeko, eta onura handia lortzen zuten.

Zer egiten duzu arazo neuronalak dituzten haurrei laguntzeko?

Haur guztiek, bai osasuntsuek eta bai arazo neuronalak dituztenek, beharrizan berberak dituzte, ez bakarrik fisiologikoak edo emozionalak, baita neurologikoak ere. Garunak, oinarrizko mantenugaiak ez ezik, estimuluak ere behar ditu funtzionatzeko. Beharrizan neurologiko horri bizitzako lehen urteetan hobeto erantzuten zaio estimulazio goiztiarrarekin, eta hala egiten denean, hobetu egiten da haur guztien gaitasun fisiko eta intelektuala.

Nola handitu daiteke haurren adimena?

Ama eta aita dira haurraren laguntzailerik onenak hori lortzeko, eta edozein familiaren esku dago. Adibidez, haurrari maiz hitz egitea azalpenak emanez eta hizkera aberatsa erabiliz, modu ona da hasteko. Horrekin batean, komeni izaten da egoki gauzatzea haurrari informaziozko estimuluak emango dizkioten jarduerak eta, aldi berean, ongi pasatzea, jolasean bezala. Eta indartu egiten da gurasoen eta haurren arteko maitasun lotura.

Batzuek kritikatu egiten dute metodo hori, eta "erradikala eta oinarri zientifikorik gabea" dela diote.

Askotan kritikatzen da jakin gabe. Domanek beti azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela ongi pasatzea haurra hezten ari garela, haurraganako maitasuna eta errespetua adierazita; gurasoek eta haurrak ongi pasatzen ez bazuten, uztea hobe zela esaten zuen. Erradikala izatea al da hori? Oinarri zientifikoari dagokionez, 60 urte baino gehiago daramate Domanen Institutuek Filadelfian lanean haur osasuntsuekin eta garuneko lesioak dituztenekin. Han joan dira ikasiz zerk funtzionatzen duen hobeto adimena garatzeko. Orain CBCn dihardut ikerketan for Brain and Cognition Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta ari naiz egiaztatzen eta azalpen zientifikoa aurkitzen hark egindako proposamen askorentzat.

Edozein izan al daiteke jenio bat?

Gizaki orok du jaiotzetik beretik jenio bat izateko gaitasuna. Baina horretara iristeko aukerak ez daude denen eskura, zoritxarrez. Gehienbat esperientziak eta hein txikiagoan genetikak osatzen dute pertsona bakoitzaren adimena. Nerbio sistemaren osaeran eta funtzionamenduan parte hartzen duen gene kopurua oso txikia da, neurona multzo normalaren eta konexio neuronalen zati txiki bat zehazteko behar denaren gutxieneko bat baino ez da, zeren gainerakoa, zatirik handiena, inguruaren arabera egokitzeko moduan gelditzen da jaio ostean.

Adin goiztiarrari probetxua ateratzen ez dioten haurrek gero erabil al dezakete beste metodo bat beren gaitasunak hobetzeko?

Neurogenesia sor daiteke, hau da, neurona berriak jaio daitezke bizitza osoan zehar garuneko zenbait gunetan, hipokanpoan adibidez, zeinak lotura baitu ikaskuntzarekin. Hortaz, beti dago hobetzeko aukera. Hala ere, sekula ez da izango bizitzako lehen urteetan bezain erraza eta hain emaitza onekin. Haurtzarotik bertatik estimulu ugariko inguru bat eta ikasteko aukera asko eskaintzea da guraso batek bere haurrarentzat egin dezakeen inbertsiorik onena.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto