Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Maira Bes-Rastrollo doktorea, Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko Saileko zuzendariordea Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean: "Nutrizio arloko piramide berria hobetu egin liteke azpimarratuko balitz zein garrantzitsua den kalitatezko elikagaiak jatea, sasoikoak eta gertukoak"

 

Maira Bes-Rastrollo aditua da Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan, eta irakasle titularra Nafarroako Unibertsitatean. Kezkagarriak iruditzen zaizkio azkenaldiko zenbait zifra eta joera, adibidez Mediterraneoko Dieta bazterrean gelditzen aritzea edo Estatuko hamar pertsonatatik ia zazpik telebistari begira bazkaltzea edo afaltzea ia egunik gehienetan. Bere iritziz, dieta osasungarri baten jarraibideak emateko grafikorik argienetakoa da nutrizio arloko piramidea, baina iruditzen zaio beste alderdi batzuk gehiago nabarmendu litezkeela, adibidez osoko elikagaiak jatearen garrantzia. Eta besterik ere eransten du Espainiako Epidemiologia Elkartearen saria eta Gizentasuna Ikertzeko Europako Elkartearena jaso dituen aditu honek: "Gastronomia osasungarriari lotutako formazioa sustatu behar litzateke eskoletan".

 

Espainiako Estatuan urruti al gaude dieta eredu osasungarri batetik?

Egin diren ikerlanen arabera, herritarrak bazterrean uzten ari dira Mediterraneoko Dieta, batez ere pertsonarik gazteenak. ENRICA ikerlanaren datuek esaten dutenez (Espainiako herritarren lagin adierazgarri batekin egin da), 0tik 9rako eskalan, Espainiako herritarrek 3,7ko atxikimendua agertu diote Mediterraneoko Dietari. Esan liteke, oro har, Mediterraneoko Dieta moldatua jarraitzen duela jendeak, eta txertatu egin dituela azken hamarkadetako joera batzuk, haragia eta haragi produktu asko jatekoa eta azukre ugariko elikagaiak ere bai.

Zer egin behar genuke hobeto jateko?

ENRICA ikerlanak berak ageri duenez, herritar guztien artean oso gutxi iristen dira gomendatutako kopuruetan jatera frutak, berdurak, barazkiak, esnea eta esnearen eratorriak. Eta lekaleak ere oso ahaztuta ditu jendeak. Aitzitik, animalia jatorriko proteina gehiegi jaten dugu, hau da, haragi eta haragi produktu gehiegi jaten dugu, hestebeteak esaterako. Nabarmen hobetu daitekeen beste alderdi bat gatz kontsumoa murriztea izango litzateke. Kontuan hartu behar da aurrez prestatuta eta prozesatuta dauden elikagai askok erruz izaten dutela gatza.

Nutrizioaren arloko piramideari aldaketa batzuk egin zaizkio 2015. urteko argitalpenean. Zergatik zen beharrezkoa berrikusi eta eguneratzea?

Beharrezkoa da aldian behin gomendioak berrikusi eta eguneratzea, nutrizio arloko ezagutza nahiko azkar ari delako aurrera egiten eta, horretaz gain, gure bizimodua ere aldatzen ari delako. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuetan dieta arlorako atera dituzten gida berrietan, 2015. urtekoetan, adierazi dute kafea neurrian hartzea, hau da, gehienez 400 mg kafeina edo lau katilukada hartzea, dieta eredu osasungarriaren barnean sar daitekeela helduentzat.

Zein dira egungo piramidearen indarguneak?

Gozoak, haragiak eta haragi produktuak aukerakoen, noizbehinka jatekoen edo neurrian hartzekoen multzoan sartu izana. Oso ontzat jotzekoa da, halaber, bizimodu osasungarria egitearen aldeko mezuak txertatzea, eta horien artean, adibidez, oroitaraztea ura edatea dela hidratatzeko modurik onena herritarrentzat.

Eta zerealen eta horien eratorrien barrenean, osokoak izan daitezela iradokitzen da. Osoko elikagaiak onuragarriagoak al dira finduak baino?

Bai. Halaxe frogatzen dute azken ebidentzia zientifikoek. Fintzeko prozesurik izan ez duten zerealak dira osokoak, hau da, alearen kanpoko zatiak kendu gabe dituztenak. Ondorioz, ugariago ematen dituzte mineralak, bitaminak eta zuntza, eta horrexegatik dira hobeak osasunarentzat.

Nola hobetu liteke nutrizio arloko piramidea?

Piramide berriaren dokumentu teknikoan eta aurkezpenean, esaten da karbohidrato iturriek, adibidez pastak eta arrozak, osokoak izan behar luketela. Hobekuntza interesgarri bat izango litzateke informazio hori piramidean bertan txertatzea. Horretaz gain, azpimarratu egin daiteke zein garrantzitsua den kalitatezko elikagaiak jatea, sasoikoak eta gertukoak.

Berrikuntzetako bat sukaldean erabiltzeko teknika osasungarrien ingurukoa da. Indar gehiago egin behar ote litzateke alderdi horretan eta, adibidez, gastronomia osasungarriaren inguruko formazioa sustatu haurtzarotik bertatik?

Ados nago erabat. Haurtzaroan finkatzen dira elikadura arloko ohiturak eta orduan izaten da ikasteko gaitasunik handiena. Hori dela eta, gastronomia osasungarriaren inguruko formazioa eman behar litzateke eskoletan.

Piramide berriak nutrizioari lotuta ez dauden alderdiak ere barneratzen ditu, adibidez, ariketa fisikoa eta oreka emozionala. Elikagai onak jatea baino zerbait gehiago al da dieta osasungarria egitea?

Bai. Bizimodu osasungarriaren testuinguruan sartua egon behar luke dieta osasungarriak. Elikadurarekin zerikusia duten ohitura batzuk, izan ere, oso kaltegarriak suerta daitezke, eta horregatik, nutrizio arloko piramideak kontuan hartzen du oreka emozionala, gure elikadura nolakoa den konturatzea. Espainiako Estatuko herritarren %66k, ordea, telebistari begira bazkaltzen edo afaltzen dute asteko bost egunetan edo gehiagotan.

Badira beste eredu batzuk ere elikadura osasungarria sustatzeko, adibidez platera irudia erabiltzea piramidearen ordez. Elkarren kontrakoak dira edo izan daitezke osagarriak?

Elkar osatzen dute ereduak. Nik neuk nahiago dut nutrizio arloko piramidea plateraren sistema baino, mezua argiagoa eta ulerterrazagoa delako.

Komunikatzeko garaian, zer-nolako alderdietan jarri behar da indar gehiago elikadura osasungarria sustatzeko?

Gauzak kontatzeko moduan. Mezuak argia eta zuzena izan behar du, jendearentzat ulergarria eta gogoan hartzeko erraza.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto