Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Leticia Mata, ANAR telefonoaren zuzendaria (Arriskuan dauden Haur eta Nerabeak Laguntzea): "Ikastetxe gutxi izango dira neurririk hartzen ez dutenak eskolako jazarpen kasuen aurrean; besterik da egokiak ote diren"

 

Edozein bortizkeriaren biktima diren adingabeek, eta zehazki eskola jazarpenaren biktima direnek, 900 20 20 10 telefonoa dute eskura, urte guztian erantzuten duena eguneko 24 orduetan. Doako zenbakia da, anonimoa eta isilpekoa (ez du arrastorik uzten telefonoaren fakturan), eta gurasoei ere eskaintzen die arreta, baita irakasleei eta bortizkeria kasuak ikusi dituztenei ere. ANAR Fundazioak sortu zuen, 1994. urtean (Arriskuan dauden Haur eta Nerabeak Laguntzea), eta handik hogei urtera, 2014an, 363.000 eskari jaso zituen. Leticia Mata du zuzendaria, eta adierazi du gora egiten ari direla eskola jazarpena salatzeko deiak, batez ere teknologia berrien bidez egiten den jazarpena salatzeko.

Zenbat dei jasotzen dituzue biktimei erantzuteko telefonoan?

2014. urtean 363.183 eskari jaso genituen guztira, mila dei eta mezu elektroniko egunean, batez ere haurrenak. Egiazko 7.100 kasu antzeman genituen, berehalako esku-hartzea eskatzen zutenak, egunean bat edo bi. Gure helburua da txat eta sare sozialetan gure arreta handitzea, betiere isilpekotasunari bermatuta, haurrak erosoago egoten baitira telefonoz baino.

Ugaritu egin al da eskolako jazarpena?

Gero eta dei gehiago izaten ditugu. Izan liteke kasu gehiago daudelako edo lehen baino gehiago deitzen dutelako. Teknologia berrien erabilerak areagotu egin du eskolako jazarpena. Esku artean ditugun jazarpenen erdiak baino zertxobait gehiago ziberjazarpenean sartzen dira Lehen arraroa zen erasotzailea bakarrik joatea, taldean egiteko joera izaten zen. Teknologia berriekin, handitu egin da bakarkako jazarpena. Erasotzaileak ustezko anonimotasunean ikusten du bere burua eta zuzenago ekiten dio, bai bere ikastetxeko haurrekin eta bai beste leku batzuetakoekin, adibidez eskola orduz kanpoko jardueretan aritzen direnekin.

Zer egin daiteke?

Teknologia berriak erabiltzen erakustea da garrantzitsua, mugak jartzea, gurasoen kontrola eta mehatxuen berri ematea. Sare sozialek eurek izaten dituzten babes sistemetan salatu daiteke ziberjazarpena, eta baita Poliziak eta Guardia Zibilak delitu teknologikoentzat dituzten unitate berezietan ere.

Nola jardun behar da jazarpena jasan duen haur betekin?

Haren konfiantza irabazi behar dugu, eta, horregatik, gure telefonoan psikologoak gara denak, eta abokatuen eta gizarte langileen aholkularitza izaten dugu. Denbora behar izaten dute irekitzeko, eta ohikoa izaten da dei bat baino gehiago behar izatea. Haur asko ez dira jabetzen jazartzen ari zaizkiela, genero bortizkeriaren antzeko fenomenoa da, nahiz eta egoera aldatuz doan. Jazarpen kasuak ikusten dituzten haurrek ere deitzen dute; salataritzat joko dituzten beldur izaten dira edo haiek ere biktima bihurtuko ote diren. Gurasoek eta irakasleek ere gero eta gehiago deitzen dute.

Zer egin dezakete gurasoek?

Garrantzitsuena lasaitasunari eustea da. Ez da zuhurra zuzenean beste gurasoengana edo erasotzailearengana joatea. Tutorearekin eta eskolako arduradunekin hitz egin behar da berehalako erantzun bat eman dezaten. Hori eginda, arazoa konpondu egiten da gehien-gehienetan.

Nola lortu daiteke erasotzailerik ez izatea?

Erasotzailea askotan ez da jabetzen bere ekintzek zer-nolako ondorioak dituzten; adibidez, ez daki 14 urterekin zigor erantzukizuna duela. Formazioa ere ezinbestekoa da erasotzaile izan daitezkeenentzat, jabetu daitezela beren ekintzez, izan dezatela besteenganako enpatia. Prebentzioa eta formazioa ezinbestekoak dira.

Komeni al da biktima beste ikastetxe batera aldatzea?

Lehen egiten zen, ikastetxeak gomendatuta batzuetan eta gurasoek erabakita besteetan. Baina konpondu ez bada, ez du balioko, jarraitu egin diezaioketelako, eta are gehiago orain ziberjazarpenarekin.

Nola lagundu jazarpena jasaten ari den haur bat?

Konfiantza eman behar zaio, ez dadila itxi, eta konbentzitu egin behar da ez dela haur bitxi bat. Aztertu egin behar da laguntza psikologikoa eskaintzea. Zenbat eta denbora gehiago pasatzen den, hainbat eta handiagoak izaten dira kalteak, eta iraunkorrak ere izan daitezke. Horrekin batean, onartu egin behar da oso arazo larria dela. Haur batzuek une batean ametsak izaten dituzte, beren burua paretik kentzen dutela amesten dute, eta zoritxarrez ikusten ari gara halakoak.

Zer egin dezakete ikastetxeek?

Formazio espezifikoa eman behar lukete adin txikietatik, eta gurasoei ere bai, adingabeak askotan ez baitu kontatzen. Eskolan orientatzaile bat izatea litzateke gutxienekoa, eta gaur egun hori ez daukate. Jarrera ona izanda ere, baliabideak behar dira, batez ere antzemateko eta berehala ekiteko.

Eta ikastetxeak ez badu egoki erantzuten?

Hezkuntzako ikuskaritzara joan behar da. Jazarpenak marka fisikoak baditu, medikutara joan eta egin dezala txosten bat. Ikastetxeak erantzukizun zibila du ikasleek eskola orduetan jasaten dituzten kalteengatik. Jazarpena dagoela jakinarazi bada eta moztu ez bada, gurasoek aukera dute erantzukizun hori eskatzeko, eta epaiak ere badira kalte-ordainak ematera behartu izan dutenak.

Zure ustez, aurrera egiten ari al da arazo honi aurre egiteko garaian?

Gizartea gero eta gehiago jabetzen da. Ikastetxe gutxi izango dira abisua eman eta neurririk hartzen ez dutenak; besterik da egokiak ote diren. Horretaz gain, Estatuko segurtasun indarrek eta gorputzek gero eta inplikazio handiagoa dute, eta formazioa ere eskaintzen dute ikastetxeetan.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto