Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Familien gastua aztertu dugu 17 autonomia erkidegotan, baita zenbateko errenta jasotzen duten batez beste eta etxeetan zer-nolako gabezia materialak dituzten ere: Familien gastua igo egin da zertxobait, azken sei urteetan lehen aldiz

Etxe bakoitzak, batez beste, 27.000 euro gastatu zituen 2014. urtean, eta %59a etxebizitza, elikagaiak eta garraioa ordaintzera bideratu zuen

Zertan inbertitzen da dirua etxeetan?

Hiru eurotik bat, etxebizitza gastuetan

 

Eta zertan gastatzen dute dirua familiek? Aipatu ditugun 27.000 euro pasatxo horiek honako atal hauetara bideratzen dituzte, nagusiki: etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta beste erregai batzuk. Atal horrek gastu guztiaren %32 hartzen du (8.700 euro baino gehiago urtean). Bigarren lekuan, elikagaiak eta edari ez-alkoholdunak ageri dira: aurrekontuaren %15 hartzen dute (4.000 euro pasatxo). Eta gastu gehien eragiten duen hirugarren atala garraioarena da: %12koa da hain zuzen (3.200 euro baino gehiago).

Hortik aurrera, gainerako atalak %1 eta %9 artean dabiltza: hotelak, kafeak eta jatetxeak; aisialdia, ikuskizunak eta kultura; arropa eta oinetakoak; etxeko altzariak eta tresneria eta etxea zaintzeko beste gastu ohiko batzuk; osasuna; komunikazioak, edari alkoholdunak eta tabakoa; irakaskuntza eta beste ondasun eta zerbitzu batzuk.

Oro har, zortzi urtean murriztu egin da atal bakoitzean egindako gastua, baina ez erritmo berean guztietan. Adibidez, etxerako altzarietan eta tresnerian egindako gastua %38 jaitsi da eta arropan eta oinetakoetan egindakoa %33; elikadurakoa, aldiz, %6 baino ez da apaldu. Baina dena ez da jaitsi. Hiru ataletan handitu egin da gastua 2006. urtetik 2014ra: irakaskuntza (%33), etxebizitza eta hornidurak (%16) eta osasuna (%9).

Zenbat eta familia handiagoa, hainbat eta gastu handiagoa

Oro har, bi haur edo gehiago dituzten familiek gastatzen dute diru gehien aurrekontu osoa osatzen duten ataletako bakoitzean. Gutxien, berriz, bakarrik bizi diren pertsonek.

Etxebizitzan eta hornigaietan, ia %37ko aldea dago etxe mota baten eta bestearen artean. Gainerako ataletan, ordea, askoz alde handiagoak ageri dira: osasunean bi aldiz handiagoak dira gastuak, garraioan zortzi aldiz handiagoak eta irakaskuntzan ehun aldiz handiagoak.

Osasunean, adibidez, 65 urte baino gutxiago izan eta bakarrik bizi diren pertsonek, batez beste, 526 euro gastatu dute 2014. urtean, eta hiru haur edo gehiago dituzten bikoteek 1.168 euro. Garraioan, pertsona bakarreko familien gastua (65 urte edo gehiagokoak) 587 eurokoa izan da, eta bi seme-alaba dituzten bikoteena 4.823 eurokoa. Irakaskuntzan, berriz, 10 euro baino ez dute gastatu 65 urtetik gora izan eta bakarrik bizi diren pertsonek, eta hiru haur edo gehiago dituzten bikoteek, aldiz, 1.235 euro.

Autonomia erkidegoei erreparatuta, eta aurrekontuan pisu gehien duten hiru atalak hartuta, EAEko familiak dira etxean eta hornigaietan gehien gastatu dutenak, eta Kanarietakoak gutxien. Alde handi samarra ageri da bi mutur horien artean, %64koa hain zuzen: EAEn 11.100 euro baino gehiago eraman ditu atal horrek, eta Kanarietan 6.800 euro.

Elikaduran, Galiziako eta EAEko etxeek %27 gehiago gastatu dute Extremadurakoek bainoa: 4.400 euro baino gehiago lehenbizikoek eta 3.500 euro bigarrenek. Azkenik, garraioan, Madrilgo Erkidegoko familiena izan da gasturik handiena, eta Aragoikoena txikiena (%41eko aldea dago bien artean): 3.700 euro gastatu dute Madrilgoek eta 2.680 euro Aragoikoek.

Gastuen podiuma: etxebizitza, elikadura eta garraioa

 

Familien aurrekontuan sartzen diren gastu guztiak zenbatzeko, 115 gastu mota aztertu ditugu guztira, hamabi taldetan banatuta. Euro gehien eramaten duten 20 gastu motetatik, %39 etxebizitzari lotuta daude, %18 elikagaiei eta edari ez-alkoholdunei, %14 garraioei eta %11 hotel eta kafetegiei.

Horrela, honako hauek izan dira hiru gasturik aipagarrienak: etxebizitza jabetzan hartzeari lotutako alokairua (familiek 5.400 euro gastatu dituzte 2014. urtean, jatetxeak eta kafetegiak (2.000 euro baino gehiago) eta erregaiak eta lubrikatzaileak (ia 1.300 euro). Hauxe da zerrenda:

  1. Etxebizitza jabetzan hartzeari lotutako alokairuak: 5.446,16 euro
  2. Jatetxea eta kafetegiak: 2.075,27 euro
  3. Erregaiak eta lubrikatzaileak: 1.296,29 euro
  4. Arropa: 986,67 euro
  5. Haragia: 982,67 euro
  6. Alokairu errealak (etxebizitza nagusia) : 762,76 euro
  7. Telefono, telegrafo eta fax zerbitzuak: 733,11 euro
  8. Ibilgailuak: 729,56 euro
  9. Elektrizitatea: 701,44 euro
  10. Ogia eta zerealak: 621,60 euro
  11. Mantentze eta konponketa lanak: 610,38 euro
  12. Esnea, gazta eta arrautzak: 501,87 euro
  13. Arraina: 473,91 euro
  14. Garraioari lotutako aseguruak: 441,64 euro
  15. Etxeari, garajeei eta trastelekuei lotutako zerbitzuak (komunitate gastuak, eskailera garbitzea, argiteria, atezainak, lorategia, igogailuak mantentzea, etab.) : 436,76 euro
  16. Dentisten zerbitzuak: 427,01 euro
  17. Medikuntzako produktuak, tresnak eta ekipoak: 400,13 euro
  18. Zainketa pertsonaletarako tresnak, gauzak eta produktuak: 398,96 euro
  19. Barazkiak, patata eta beste tuberkulu batzuk sartuta: 386,22 euro
  20. Frutak: 373,55 euro

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto