Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Elisa Medina, Mammaliaren sortzaileetako bat (Bularra Ematea Normalizatzearen aldeko Elkartea da): "Bularra ematea eskubide bat da"

 

"Bularra, amak eta haurrak nahi duten arte, haien bien arteko kontua da eta". Elisa Medina abokatua eta bi neskatoren ama da, eta modu aktiboan jarduten du bularra ematearen alde. Mammalia elkartearen sortzaileetako bat da (bularra ematearen aldeko elkartea da, egoitza Valentzian duena), eta Bularra Ematearen aldeko Elkarteen Espainiako Federazioko kide ere bai. 2012. urtean sortu zen Mammalia, eta urtero-urtero dozenaka hardun, familia eta ama berri laguntzen ditu, haurtxoei bularra eman diezaieten zailtasunak dituztenean. Medinak oso jarrera argia du edoskitzearen inguruan: "Gizakiok ugaztunak gara eta, beraz, bularra da gure haurtxoei jaten emateko modu naturala".

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen du, haurtxoek sei hilabete egin arte, amaren esnearekin bakarrik elikatzea eta bularra ematen jarraitzea, beste elikagai batzuk sartuta, bi urte egiten dituen arte. Ados al zaude?

Mammalian, OMEk eta Espainiako Pediatria Elkarteko Edoskitze Batzordeak egiten dituzten gomendioekin bat datorren informazioa ematen dugu. OMEk bularra bakarrik emateko gomendioa egiten duenean, bi ikerketatan oinarrituta egiten du, non alderatu egiten diren lau hilabetez eta sei hilabetez bularra baino hartu ez dutenen emaitzak. Ondorioztatu zuten lau hilabeteko edoskitzealdia okerragoa zela, haurrek mantenugai gutxiago hartzen zutelako eta defentsa gutxiago zituztelako. Horretaz gain, edoskitzealdiaren iraupena ez da "bi urte artekoa", amak eta haurrak nahi duten artekoa baizik, bi urtetik aurrera ere.

Gastroenterologia Pediatrikoko, Hepatologiako eta Nutrizioko Europako Elkarteak (ESPGHAN siglak ditu ingelesez) aholkatzen du haurtxoak 17 eta 26 aste artean dituenean hasteko elikadura osagarriarekin.

Gomendio hori ez dator bat OMEk dioenarekin, eta ezta haurren elikaduran eredutzat hartzen diren nazioarteko erakunde gehienek diotenatekin ere; horiek guztiek bularra baino ez dute gomendatzen sei hilabetez, eta beste elikagai batzuekin osatu daitekeela diote bi urtez edo gehiagoz. Ildo horretan, nahitaezkoa da 2002. urtean Cochranek egindako berrikustea aipatzea, "Bularra bakarrik: iraupen egokiena" izenekoa (osasun arloko ikertzaile, profesional, paziente eta interesatuen sarea da Cochrane). Gainera, Espainiako Pediatria Elkartearen iritziz, Europako elkarteak egiten dituen gomendio batzuk ez dira egokitzen ebidentzia zientifikorik berrienetara eta gerta liteke horien eraginez pediatrak okerreko aholkuak ematea eta arazoak sortzea haurrari bularra eman nahi dioten amei.

Eta zer diozu ahiei buruz?

Ahiak ez dira ez beharrezkoak eta ez komenigarriak ere. Hobe da haurrari jaki normalak ematea, mantso-mantso eta haren adinari egokituta.

Espainiako Pediatria Elkarteak esaten du, ospitaletik irtetean amen %80k eman arren bularra haurrari, hiru hilabeteko haurren %52 baino ez direla elikatzen amaren esne hutsez, eta zifra hori %36ra jaisten da haurrak sei hilabete egiten dituenean. Zer arrazoi dago horren atzean?

Informazio eta babes falta. Biberoiaren kulturan bizi gara, gaur egungo amek ia ez dute ikusi inor bularra ematen. Ez dago konfiantzarik bularra ematea naturaren mekanismo sendoa dela sinesteko. Eta, gainera, batzuetan ebidentzia zientifikoaren eta gai horretan aginpidea duten erakundeek emandako gomendioen aurkako informazioa zabaltzen da. Bularra ematea fenomeno "biokulturala" da: ez du lotura espeziearen biologiarekin bakarrik, bularra ematearen kultura bat ere behar du, eta hori erdeinatu egin da urteetan.

Bularra emateari uzteko erabakia hartu duen emakume bat edo aukera hori egiaz aztertzen ari dena Mammaliara joaten bada, nola jokatzen du edoskitzearen aldeko taldeak?

Mammalian informazioa eta laguntza emango genioke bularra eman nahiko balu. Baina ez ginateke saiatuko konbentzitzen, ez ematea erabaki badu.

Zein dira bularra ematearen onura nagusiak eta zergatik da garrantzitsua amek haurrei bularra ematea?

Bularra ematea eskubide bat da, garrantzitsua da amek bularra ematea haientzat garrantzitsua bada. Edoskitzea da gure espeziearen elikadura eredu normala. Haurren artean, biberoiak lotura du meningitisa izateko eta bat-batean hiltzeko arrisku handiagoarekin, beste zenbait gaixotasunen artean. Amarentzat, gainera, bularra ematearen abantailarik handiena bularreko eta obulutegiko minbiziaren prebentzioa da. Onura horiek gizarte osora zabaltzen dira, guztioi interesatzen zaigu bularra ematen duen gizarte batean bizitzea.

Oraindik gaizki ikusia al dago bularra ematea?

Batzuetan bai, egoera jakin batzuetan; adibidez maiztasunaren edo haurraren adinaren arabera. Ez dago erabat onartua edoskitzearen funtzionamendu normala.

Presioak al daude bularraren eta biberoiaren artean aukeratzeko?

Bai. Biberoiaren kulturak eta haren interes ekonomikoek azaltzen dute zergatik uzten zaion hain goiz bularra emateari.

Laura Rojas-Marcos psikologoak adierazi du edoskitzealdia bi urtez baino gehiagoz luzatzeko egungo joerak gehiegizko mendekotasuna eragin dezakeela, eta "esklabotza" modu bat ere izan daitekeela emakumearentzat. Ados al zaude?

Okerreko abiapuntua darabil. Kontua ez da orain edoskitzealdia luzatu egiten dela, baizik eta aurreko hamarkadetan izugarri laburtu zela. Ikerketa antropologikoek esaten dutenez, bularra kentzeko adin naturala bi urte eta erdi eta zazpi urte artekoa da. Bularra eman edo ez eta zenbat denboran eman, erabaki librea eta pertsonala izan behar du, eta hori ez da bateragarria esklabotzaren kontzeptuarekin.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto