Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Eduardo Cifrian Yagüe, Eroski Fundazioaren Elikadura Eskolako arduraduna.: "Familia eta eskola dira haurren jokabidea aldatzeko motor nagusiak"

 

Handitu eta handitu ari dira gizentasunaren eta gehiegizko pisuaren zifrak haurren artean. Arazo larri bihurtu dira, eta haurren osasunari kalte egiteaz gain, arazoa bera haurrekin batera haziko da. "Ez badugu lortzen joera hori iraultzea, nabarmen murriztuko da etorkizuneko helduen bizi itxaropena, handitu egingo dira gizarte harremenetako arazoak eta igo egingo da Osasun Publikoaren gastua", ohartarazi du Eduardo Cifrianek. Elikadura Eskolako arduraduna da bera, ikertzailea eta zientzialaria izatez, eta XXI. mendeko arazo nagusietako bati aurre egiteko, garrantzi berezia ematen dio formazioari eta ahaleginetan sinergiak bilatzeari.

Mundu osoko kezka da haurren gizentasuna. Zer lekutan dago Espainia?

Haurretan gizentasun tasa handiena duen herrialdea gara Europako Batasunean, eta modu arriskutsuan ari gara hurbiltzen Ameriketako Estatu Batuetako mailetara. 2013. urtean egindako ikerketa baten arabera, 10 urtez azpiko haurren ia erdiek gizentasuna edo gehiegizko pisua dute Espainian. Eta txarrena zera da: ahaleginak eginda ere, joera goranzkoa dela.

Ba al dago berrikiago egindako ikerketarik?

Eroski Fundazioan, nutrizio arloko inkesta bat egiten hasi ginen duela urtebete, eta haurren gizentasun tasari buruzko datu eguneratua emango digu Espainiarako. Horrek oso informazio adierazgarri emango die osasun arloko profesionalei herritarrek elikatzeko dituzten ohituren inguruan, erraztu egingo du eskumena duten erakunde publikoek ekintza konkretuak abian jartzea eta lagungarria izango da herritarrak jabetu daitezen nutrizioa zein garrantzitsua den osasunarentzat.

Zenbait eragile aipatu dituzu gauzak aldatzeko zereginean. Horietako bakoitzak zer-nolako erantzukizuna du gaur egungo egoera den bezalakoa izan dadin?

Familia eta eskola dira haurren jokabidea aldatzeko motor nagusiak. Familia oinarrizkoa da bizi ohitura osasungarriak transmititzeko eta finkatzeko, baina horretarako, helduek prestakuntza eta informazio asko behar dute. Eta eskolak lankidetzan aritu behar du familiekin balio horiek neska-mutilei txertatzeko garaian. Haurren gizentasuna arazo konplexua da, eta faktore askok eragiten dute elikaduraz gain.

Zer-nolako eragina dute egungo bizi ohiturek eta aisialdi moduek arazo honetan?

Erabatekoa. Azken hamarkadetan, asko aldatu dira gure herrialdeko herritarren bizi ohiturak. Mediterraneoko dieta alboratu eta dentsitate energetiko handiagoa duten dietek hartu dute haren lekua, eta horrek esan nahi du ohiko elikagaiek gantz eta azukre gehiago dutela, eta lehen baino gutxiago jaten direla frutak, berdurak, zerealak eta lekaleak. Aldaketa horiekin batean, gainera, nabarmen murriztu da egunaren buruan egiten den jarduera fisikoa; ondorioz, desoreka handia dago hartzen den energiaren eta erretzen denaren artean. Horretaz gain, haurrek gero eta gutxiago dakite elikagaien jatorriaren inguruan.

Gaur egungo haurrek okerrago jaten al dute?

Oro har, bai. Aski da ikustea zer-nolako gomendioak ematen dituen Nutrizio, Elikadura eta Dietetika Elkarteen Espainiako Federazioak (FESNAD), eta gomendio horiek Espainiako familiek egun duten egoerarekin alderatzea. Adibidez: haurren %5ek baino gutxiagok egiten dute gosari osatua egunero, %15ek baino gutxiagok jaten dituzte berdurak egunean behin -berez, bazkaritan eta afaritan jan behar lituzkete-, eta hamar haurretatik bik baino ez dituzte jaten bi fruta atal baino gehiago egunean, nahiz eta gutxienez hiru jateko gomendatzen duten.

Zer-nolako mugak daude haurrei elikadura osasungarria eskaintzeko?

Espainiako herritarren erdiek baino gehiagok aldatu egin dituzte erosketak egiteko ohiturak krisi ekonomikoaren eraginez. Baina badira beste muga batzuk ere. Gurasoen denbora eta ezagutza falta, poliki-poliki betiko sukaldaritza eredutik urruntzea edo elikadura osasungarria gauza aspergarri samarra dela pentsatzea, horiek dira beste muga batzuk.

Informazioa eta formazioa ezinbestekoak direla dirudi.

Bai, eta Eroki Fundazioak horregatik sortu zuen Elikadura Eskola 2012an. Lagundu egin nahi dugu gizentasunak eta ohitura sedentarioek hartu duten goranzko joera iraultzen. Nutrizionistak, pedagogoak, osasun arloko adituak eta komunikatzaileak bildu, eta "Hazteko Energia" sortu genuen. Heziketa programa bat da, elikadura eta ohitura osasungarrien ingurukoa; Lehen Hezkuntzako neska-mutilekin lantzen da, eta helburua da modu osasungarrian elikatzeko eta ariketa maiz egiteko ohitura sustatzea, betiere ere modu dibertigarrian.

Harrera ona izan al du?

Iaz jarri genuen abian, eta Estatu guztiko 50.000 ikaslek eta 700 ikastetxek baino gehiagok parte hartu dute, bai alderdi teorikoak lantzen eta bai tailerrak egiten, non haurrek erosketa osasungarria egiten ikasten duten produktuen etiketa nutrizionala interpretatuz. Programa osatzeko, "Familiaren Ikasgela" sortuko dugu laster, heziketa osasungarriaren proiektua etxeetaraino eramateko.

Errealista al da helburu gisa %0ko portzentajea jartzea haurren gizentasunean?

Errealistagoa da haurren gizentasunean eta gehiegizko pisuan ageri den goranzko joera nola irauliko dugun aztertzea. Lan handia egin beharko da Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) "XXI. mendeko pandemia" izendatu duena geldiarazteko. Jabetu egin behar dugu gizarte gisa arazo bat dugula eta erronka handia dela horri irtenbidea ematea, zeren aldatzea eskatzen baitu gure jokabidearen oso oinarrizko alderdiak arautzen dituzten jokaerak, adibidez aisialdia eta elikadura.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto